Etxe ikusezinean
Etxe ikusezinean
Sarai Robles

ONDARROA-BERRIATUA
 

 

Heltzear

 

        Lehengusua Gasteizko tren geltokiaren kanpoaldean zegoen zain, bizkarra autoaren kontra jarria. Farola baten argiak zuloz betetzen zion aurpegia, eta hala ere Ametsek haren begiak igarri zituen lurretik zigarrorako eta zigarrotik bereganako bidea egiten. Irribarrez hartu zuen.

        —Azkenean egin duzu, e? Itzuli zara.

        Maletak autoan sartu, Andonik zigarroa lurrera bota, eta nor zegokion tokian eseri zen: Andoni gidariaren eserlekuan, eta Amets kopilotuarenean. Lehengusuaren kotxe zaharra ongi ezagutzen zuen, eta ilunpean ere botoiak non zeuden asmatzeko gai zen oraindik. Irratiaren doinu hautsien gainetik hizketan hasi ziren berehala, elkarren hitzen egarri.

        —Gogoan duzu? Abestien koadernoa eskatu nizun, talde berria sortu dugulako Ondarroan. Denbora daramagu entseatzen, baina ez dugu ordubetez luzatzeko adina kantu propiorik. Zure koadernoko abesti batzuen bertsioak egingo ditugu: Esuri, Delirium Tremens… halako bi edo hiru. Astebete barru lehenbiziko kontzertua dugu Portuko Ranpan. Sekulako gogoak ditugu. Etorri beharko duzu, behin herrian egonda…

        —Noski baietz, zu tontoarena egiten ikusteko aukerarik ez dut galduko! Pena bakarra daukat: ez duzuela Otsozulon joko… hori bai sekulakoa litzatekeela.

        —Aiii, Otsozulo! Oxala!

        Gainbeherez mintzatu zen orduan: zenbait gauza aldatu dira Berriatutik alde egin zenuenetik. Egun badaude mugimenduak, baina ez da lehengo eszena punkiaren parekorik. Otsozulo Gaztetxeko zoru eta paretek ez dute dar-dar egiten entzule eta musikarien etengabeko jauziekin, itxita dagoelako aspaldian. Hala ere, herria bizi-bizi topatuko duzu; poteoan, jardueretan… badabil jendea. Badakizu, txinparta pizteko aitzakiarik ematen diozunean, sutzen den herria da zurea.

        Bazekien, bai.

        —A! Semaforo berriak ere baditu herriak! Semaforo hori berria da, ezta?!

        Barrezka hasi ziren. Hautsa ederki pilatua zeukan koadernoak, eta pozten zen lehengusuak hura zabaldu izanaz. Haurtzaroan hasi zen gitarra jotzen, Berriatuko kultur etxean jasotako klaseei esker. Beti maite izan zuen eraikin hori: kanpoalde gorrixka eta itxuragabea zuen, itsasontzi baten kamarotearenak bezalako leihoekin. Izan egun euritsuetan, azterketa garaietan zein musika klaseetan, haur zela arratsalde bukaezinak eman zituen bere pisuetan barrena. Mendi artean egonda ere, Berriatua itsasotik zeinen gertu dagoen ez ahazteko moduko tokia zen hura: itsasontzi bat lurretan. Eta berak hantxe ikasi zuen gitarra jotzen, unibertsitatea hastean zaletasuna albo batera utzi bazuen ere. Ondarroako lehengusuaren eta bere arteko loturetako bat hura izatea saihetsezina zen, beraz.

        Tar-tarrak lasai ederrean segitu zuen, harik eta Ametsen itzuleraren gaiak zentraltasuna hartu zuen arte, harekin batera galdera errenkada zetorren eta: zer egingo duzu lanarekin? Eta lagunak, zer? Eta abokatutza? Eta Madril?

        Tira, denbora batez behintzat, pozik zegoen izebaren liburu-dendan lan eginda. Bai, Madrileko abokatu-bulegotik Ondarroako liburu-dendara koxka nabarmena zegoen, baina horrek ez zuen kezkatzen, moldatuko zen eta. Lagunak, uff, lagunak… Madrilekoekin topatuko zuen elkarren berri izateko modurik. Lea-Artibain, ordea, jada ez zeukan apenas halakorik. Ahozabala zara, gero! Ez, ez. Harremana aspaldi moztu zuen nerabezaroko kuadrillakoekin.

        —Baita Igonerekin ere?

        —Igonerekin batez ere, egia esan.

        Eta Madril? Faltan botako zuen, baina han egonda Berriatua eta Ondarroaren mira ere egiten zuen… zaila da oreka topatzea. Batzuetan egunei datozen moduan igarotzen utzi behar zaie.

        —Zintzoa banaiz, zur eta lur utzi ninduzun bueltatuko zinela esan zenidanean. Zeharo hiritartua zeundela uste genuen denok.

        —Egiatik ere badu horrek.

        Hiritartua baino, ez-herritartua esango luke berak. Baina hori ez zion Andoniri esan. Berriatua eta Ondarroa erloju baten barrualdea balira bezala sentitu izan zituen beti: orratzek biraka segi zezaten, engranaje ongi koordinatua izan behar zen norbera, kuadrillaren, familiaren eta ingurukoen engranajeei katigatuta funtzionatu behar zuena, egokia den erritmoan biratuz. Ertz bat kamustu edo abiadura motelduz gero, kate osoa gelditzen zenaren irudipena sortzen zitzaizun. Orduan, ingurukoak gertuago eta gertuago sentitzen hasiko zinen, behar bezala mugitzeko tarterik ere utzi gabe, harik eta engranaje katetik puf! eginda atera arte, ustekabean ia. Eta kateek zera dute: katebegi guztiak enteratzen dira zure ihesaldiaz, ez soilik zeure inguruan daudenak. Horregatik zekiten denek zeharo hiritartua zegoela.

        Durango atzean utzita zuten gurasoen gaia atera zenerako.

        —Zer giro topatu zenuen etxean, koadernoaren bila joan zinenean?

        Andonik ez zion espero bezalako erantzunik eman. Ba… betiko giroa, ez dakit. Labearen pasadizoa aipatu zuen beste behin ere, baina ez zion aparteko garrantzirik eman, etxe osoa hankaz gora omen zegoelako; urtaro aldaketarekin batera, etxea sakonki garbitu eta berrantolatzeko ohitura zuten gurasoek, eta horrek halako egoera xelebreak sortzen omen zituen. Orduan erabaki zuen Ametsek bere kezken kaxoia pixka bat zabaltzea, eta gurasoak zaintzearren bueltatu zela aitortzea.

        —Serio ari zara? Amets, hain gaizki ez daude, e…

        —Niri hala iruditu zait.

        Lehengusuaren erantzunak nahastuta utzi zuen. Hala ere, egoera erlatibizatzen ahalegindu zen: Andonik ez zuen apenas denborarik pasatzen Ametsen gurasoekin. Bera konturatu ez izana normala zen, beraz.

        Erdizkako isiltasunean igaro ziren hurrengo minutuak, erdizkako isiltasunik existitzen baldin bada: irratiak piztuta jarraitzen zuen, haize boladen modura soinuak ekartzen eta eramaten. Ametsek, mintzagaiak topatzeko ahaleginean, bere tabernako lanaren inguruan galdetu zion Andoniri. Bitartean, izebaren eta amaren arteko adin tartea kalkulatu zuen mentalki: Kontxi, Andoniren ama, lau urte gazteagoa zen. Jubilatzeko garaia ongi pasata zuen berak ere. Denak ari ziren oharkabean zahartzen.

        Markinako seinaleak etxera heltzear zirela jakinarazi zien. Bihurgune eta aldapa pare bat pasa, eta hantxe azaldu zen, euren begien parean, Berriatua. Lehengusuak etxeraino gidatu zuen kotxea, herriaren erdiguneko baserri egiturako eraikinaren atari-atariraino.

        —Kamińazpiko etxean gela libre bat daukat. Nahi baduzu, nirekin bizitzera etorri zaitezke.

        —Ez, oraingoz ez… gurasoenean egon nahi dut. Hala ere, eskerrik asko.

        —Beno, egoerak itotzen bazaitu, esadazu.

        Gau betea zen kotxetik jaitsi zenean. Maleta hartu, Andoni buruaren keinu batez agurtu, eta ingurura begira geratu zen tarte batez. Etxe berriak eraiki zituzten haien auzoaren ondoan, baita iturri eta estatua batzuk ere; herri inguruko zuhaitz asko moztuta zeudela ikusi zuen, baita mendietan pinudiak lehen baino ugariagoak zirela ere; auzokideen etxeek pintura zartatua zuten leihoen eta ateen markoetan; ezezaguna zitzaion jendea zebilen herriko kale nagusian oinez, poteotik bueltan; gaztetxea zenaren paretak eguzkiak koloregabeturik zeuden; eta etxeko bigarren solairuko balkoian ez zegoen inor.

        Barrura sartu zen. Gurasoak egongelan zeuden, sofaren alde banatan eserita. Bere zain egonak ziren, haien postura eta itxuragatik hala zirudien behintzat, baina biak lo seko topatu zituen, burua atzerantz eroria eta ahoa erdi zabalik. Ez esnatzea hobe zelakoan, sofaren ertz batean tolestutako mantarekin estali zituen bien gorputzak, haien arnasa zaratatsuek irratiaren soinu hautsien zenbateko antza zuten pentsatzen zuen bitartean. Ilea aspaldi urdindua zuten. Amaren masailak nabarmen eroriak zeuden, eta aitaren bekainetako ileak luzeegi.

        Zaratarik egin gabe zabaldu zuen bere logelako atea. Leihoko errezelak itxi zituen, herriko etxeetako argiak pixkanaka itzaltzen zihoazen aldi berean. Hain zen gau lasaia, erlojuen orratzak ere lo geratu zitezkeela baitzirudien. Baina gauzak nabarmenki aldatuak zeudela igarri zezakeen. Erlojuari engranajeak kenduta ere, denbora ez da inoiz gelditzen.