Etxe ikusezinean
Etxe ikusezinean
Sarai Robles

ONDARROA-BERRIATUA
 

 

Denboran atzera I

 

        Lehenengo klase eguna zen Ondarroako ikastolan. Amets ezin urduriago zegoen, ordura arte Berriatuko ikastetxean ibilia zelako. Gurasoen laneko ordutegiak gorabehera, ordea, ikasturte hartan Ondarroan matrikulatzea erabaki zuten, bazkalorduetan izebarenera joan ahal izateko. Autobusa hartuta bost minututan helduko zen Berriatutik Ondarroara, eta seigarren minuturako jada ikastolan egongo zen, geltokia sarrera parean baitzegoen; klaseak bukatzean, bi urte zaharragoa zen Andonirekin batera joango zen bazkaltzera. Denentzat errazagoa zen horrela, Ametsentzat izan ezik, lagun berriak topatu beharko zituelako jada elkar ezagutzen zuten ikaskideengan. Ikastolako korridoreak pauso motelez zeharkatu bitartean, arratsaldeko futbol entrenamendua baino ez zerabilen buruan.

        Ikasgelara sartzear zela, eserlekuak irakasleak berak esleitu zituela ikusi eta hasperen txikia egin zuen. Zegokion mahaia topatu orduko eseri zen bertan, ikaskideen udaren osteko elkartzeei entzungor. Liburuak eta estutxea motxilatik ateratzen ari zela hurbildu zen Igone beregana:

        —Kaixo! Elkarren ondoan esertzea tokatu zaigu. Berria zara, ezta? Igone dut izena.

        —Kaixo! Nik Amets. Berria naiz, bai, berriatuarra. Aurten aldatu naiz ikastolaz.

        Orduantxe sartu zen irakaslea gelara, eta denak eseri ziren esanekotasun adostu gabean. Ametsek begi ertzetik begiratu zion ikaskide izango zuen neskari: ile kizkur luzea zeukan, sudur zuta, eta etengabe txoko batetik bestera zihoan begirada azkarra. Begiak, marroi argiak ala berde ilunak; ez zegoen guztiz seguru.

        Berehala sortu eta sendotu zen haien arteko harremana. Amets bisitari kuxkuxero baten moduan sartu zen Igoneren mundura, eta halaxe jakin zuen herriko arraun taldean zebilela, aitak kotxean jarri ohi zituen abesti guztiak buruz zekizkiela eta bere urtarorik gogokoena negua zela; arrantzale familia batetik zetorrela, bere iritzia azaltzeko erraztasun harrigarria zeukala eta esne beroa hartzen zuela gauero lotara joan aurretik. Ondarroa ikusteko modu berezia zuen Igonek, eta Ametsek astiro ikasi zuen haren begiekin begiratzen ordura arte lehengusuaren bidez ezagututako kale eta bazterrei.

        Arratsaldeak elkarrekin igarotzen hasi ziren, gitarra klaseek, futbolak eta arraun entrenamenduek libre utzitako egunetan. Bata eta bestearen herria txandakatzen zituzten. Biak irudimen handikoak zirenez, istorioak, abenturak eta misterioak asmatzen zituzten inguruko plaza eta ezkutaleku guztietan.

        Ibaiertzeko farolen kableatuan zintzilik agertzen ziren objektuei esanahia bilatzen zieten: banderak agertzen baziren, gaueko pirata ontzien arteko guda baten aztarnatzat hartzen zituzten. Zapatilak agertzen zirenean, oreka galdu zuen funanbulista batenak zirela adostu eta bere bila abiatzen ziren. Mezuak uzten zituzten Ondarroa eta Berriatua batzen zituen mendiko bidexkan, astebetera itzuli eta zeintzuk desagertu ote ziren ikusteko. Bi herrietako elizen kanpandorretara igotzeko plana bururatu zitzaien, bietan altuena zein ote zen jakiteko, baina apaizek harrapatu eta aitona-amonei kontatzearen beldurrez bertan behera geratu zen.

        Pixkanaka, inguruarekiko jakin-minak lekua ostu zion fikzioari. Behin, Berriatura joatea erabaki zuten egun batean, herriko mendietan gora abiatu eta Madalena auzoraino heldu ziren. Goi xamar zegoenez, bertako begiralekutik inguruko basoak, mendi tontorrak eta kortak ikusi zitezkeen, eta hantxe eseri ziren bokata bana jan bitartean. Ametsen familiaren korta ere begi bistan zuten, basoz inguratutako lur zati borobila, erdi-erdian ukuilua zuela. Azienda lasai bazkatzen ari zen, gutxi gorabehera haiek egiten zebiltzan gisara. Kortaren forma konpas bat etxetxoan iltzatu eta zirkulu bat marraztea bezalakoxea begitandu zitzaion Igoneri. Ez, ez; itsasontzi batetik kanabera hartu eta bueltaka hastea bezalaxe.

        —Eta hori itsasontzia bada, mendiak olatuak dira.

        —Denborale ederrak harrapatu gaitu ba!

        Beste batean, Ondarroako portuan bueltaka zebiltzala, mutur handiaren atzeko aldean dagoen txoko batera joan ziren. Palet pilatuen artetik pasa beharra zegoen hara iristeko; eraikin ziplatu baten aterpea gurutzatzean baranda herdoildu bat agertzen zen, hain herdoildua ezen hezur zaharren antza ere bazuen. Portuko jendearen eta makinen etengabeko joan-etorrien oso bestelakoa zen txoko hori, gehienetan hutsik baitzegoen. Handik gora begiratuta Arta Punta ikusi zitekeen, margoz betetako gurutze erraldoia zeukan mendi magaleko zati laua. Igonek azaldu zuen gurutze hura ondarrutarren aurka borrokan aritutako ondarrutarren omenez egina zela eta, beraz, ez zela ia inoren gustukoa. Barandatik behera begiratuta, haitzak eta itsasoaren bagak baino ez zeuden.

        Eguraldi kaxkarreko eguna zen, eta itsasoa aztoratua zegoen. Halako egunetan olatuek eztanda egiten zuten tokitik hain gertu egoteak beldurra ematen zion Ametsi. Igone, ordea, lasai ederrean zegoen, haizeak kizkurrak dantzan jartzen zizkiola. Ametsen ezinegonak hauspotuta edo, beldurrezko istorio bat kontatzen hasi zen:

        —Aspaldi, Bermeoko, Ondarroako eta inguruko herrietako dozenaka, ehundaka gizon zeramatzan itsasontzi bat ur handitara abiatu zen, atuna arrantzatzeko egun egokia zelakoan. Lanean hasi ziren tarra-tarra, baina bat-batean, lehen oskarbi zegoen zerua ilundu eta haizea altxatu zen. Itsasoa erabat harrotu zen berehala, gutxitan bezalako enbata hasi baitzen… Ekaitza azkar pasako zelakoan, itsasoan geratzea erabaki zuten… eta hantxe geratu ziren, betiko.

        —… hori benetan gertatu zen?

        Irribarre maltzurrak ihes egin zion buruari gora eta behera eragin bitartean.

        —Eta, aita arrantzalea izanda, halakoek ez zaituzte beldurtzen? Ez duzu pentsatzen itsasora joan eta ez dela itzuliko?

        Ezetz berak. Txikitatik halakoak entzuten hazi izan zela, eta jakin bazekiela itsasoa bezain arriskutsua izan daitekeela lur lehorra. Amets mutu geratu zen, zer esan ez zekiela. Lagunaren moduko ausardiarik ez zion inori sumatu ordura arte. Igoneri begira egon zen une batez, harik eta berak soa aldendu zuen arte; begi berdeak zituen, zalantzarik gabe.

        Ametsek pentsatu zuen bera ere ausartagoa litzatekeela Igonerena bezalako familia batean jaio balitz. Aita etxeratzea ospakizun bihurtzen zen haienean, lasaitzeko eta deskantsurako egunak, eta Igonek ia edozer egiteko baimena lortzen zuen horren aitzakiarekin. Hamaika abentura eta pasadizo bizitakoa zen, oinak itsasoan eta burua hodeietan edukitzera ohituta zegoen. Ametsen gurasoak, aldiz, lurrari ongi lotuta bizi ziren, eta zuhaitz enborren gogortasuna berezkoa zitzaiela zirudien zenbaitetan. Zurrunagoak, zorrotzagoak ziren. Ametsek, batzuetan, mendiak olatuak izatea desiratzen zuen.