Etxe ikusezinean
Etxe ikusezinean
Sarai Robles

ONDARROA-BERRIATUA
 

 

Portuko Ranpa

 

        Andoniren kontzertuaren eguna zen. Amets inor ikusteko gogorik gabe esnatu zen, eta hurrengo goizera arte ohe barruan egoteko gai izango zela pentsatu zuen. Mesanotxean, bezperan dendatik ekarritako koadernoen ondoan, Igone eta bien argazkia zegoen oraindik. Hotzikara batek zeharkatu zion bizkarrezurra. Izerdi lehorra zabaldu zitzaion gorputzean, burua bulegoan ikusitako desagertze kasuekin bete bitartean, eta talde zein erakunde ezberdinetan sartu izan diren ezkutuko polizien deklarazioak errepasatu zituen banan-banan. Bere burua madarikatu zuen Igoneren azken gutunak irakurri ez izanagatik, edo, itxita bazen ere, gorde ez izanagatik. Joder! Auskalo zer esango zion haietan. Ez zekien hau dena bere paranoia bat ote zen, baina zin egin zuen deskubrituko zuela.

        Kasu zehatz batekin oroitu zen orduan, haur izanda desagertutako neskatila batenarekin hain zuzen ere. Hamaika urteren ostean berragertu ei zen eta, bera ote zen ziurtatzeko, belarrien formari erreparatu zioten adituek. Antza, sudurrak edota ileak ez bezala, belarriek ez zuten sekula haien forma galtzen.

        Mesanotxeko argazkiari erreparatu zion berriz ere; Igoneren ezkerreko belarria ederki erakusten zuen. Ohetik altxatzean egin zuen lehenengo gauza, argazkia egun hartan jantziko zituen praken poltsikoan sartzea izan zen.

        Euria ari zuen. Gurasoak ortura eta kortara joan ezinik egon beharko ziren, beraz, etxe barruko goxotasunean gordeta. Egongelako sofa banatan eserita topatu zituen, aita irakurtzen eta ama erdi lotan. Haiei begira geratu zen sukaldeko atetik; lotan, amak inoiz baino helduagoa zirudien. Goizeko bederatziak baino ez ziren.

        Gosaldu ostean haien ondoan eseri zen. Aitak esku artean zuen liburua itxi zuen, eta amak begiak pixkanaka zabaldu zituen. Urruneko trumoi hotsen arteko isiluneak kafe usaineko hitzez bete zituen Ametsek, burutik pasa gabe ahoratzen zitzaizkionak: liburu-dendaz mintzatu zen, baita iluntzean ikusiko zuen Andoniren kontzertuaz ere. Abestien koadernoa horregatik eskatu zuela azaldu zien. Aitak esan zion bere gitarra zaharra ganbaran gordea egongo zela oraindik ere.

        —Akorde guztiak ahaztu ditut dagoeneko. Zerotik hasi beharko nintzen… pena da!

        Gurasoek ez zuten inoiz musika instrumenturik jo. Kantuan, baina, askotan aritu izan ziren, lanean, familia-bazkarietan zein lagunekin tabernan. Ahots goxoa zuten biek: amak fina eta egonkorra, aitak grabea eta hauskorra.

        Txikitako abestiren bat kanta zezaten eskatu zien Ametsek. Elkar begiratu zuten, zer erantzun edo zein abestiri heldu telepatiaz erabakitzen ariko balira bezala. Amak makarrak garbitu zituen eta, pixka bat tenteago esertzen zen bitartean, esan zuen:

        —Aztanen portalean gogoan duzu?

        Noski. Irribarre egin zuen.

        —Hasi zuek.

        Afinatu gabeko bi ahots-hari korapilatzen hasi ziren, lerroz lerro indarra hartuz pixkanaka:

 

                Aztanen portalean

                arbola eder bi

                bata da laranjea,

                bestea madari…

 

        Txikitan abestu ohi zioten abestia zen hura. Hitzak ezin hobeki zituzten gogoan, inolako esfortzurik gabe irteten ziren haien ahoetatik. Ametsek ez zuen abestu; gustura zegoen gurasoei begira eta haiek entzuten. Zenbait gauza aldatzea uste baino zailagoa dela erakusten zuen egoera horrek. Sofako kuxinetan bizkarra hondoratu eta ordu luzez bertan geratzeko gogoa sortzen zitzaion. Baina gogoari eutsi zion, halabeharrez.

 

                Larrosatxuak bost orri daukaz

                krabelineak amabi

                gure umea gure dabenak

                eskau bekio Amari…

 

        Kantua ezpainetan zuela abiatu zen Ondarroara, bazkalostean. Eguraldia medio, jende gutxi zebilen herriko kaleetan, eta dendan ere arratsalde lasaia joan zen.

        Iluntzean batu zen Izaro, Endika eta Igonerekin, Zubi Zaharrean. Zubi sendoa zen hura, harritzar marroiekin eraikia. Eguzkia mendiaren atzean ezkutatzen ari zen eta, azken argi izpiek euren bidea egin arren, egun osoan zehar presente egondako hodeiek zerua hartzeko mehatxuan ziharduten. Porturantz abiatu ziren, kontzertua bertako lokal batean egingo zelako. Astiro zihoazen; Igone eta Amets mutu, eta Endika eta Izaro hitz eta pitz.

        Portuan langile gutxi batzuk zebiltzan hara eta hona, arrainez beteriko kutxen garraioan. Kontzertuaren lokala bertako eraikinetako baten lehenengo pisuan zegoen, eta eskailera estu batzuetan gora egin behar zen hara heltzeko. Haren leihoak zabalik zeuden, eta lau lagunek musika leuna aditu zezaketen handik. Kontzertua hasteko minutu batzuk falta zirenez, portuan beste pixka batez egotea erabaki zuten. Endikak eta Igonek zigarro bana piztu zuten.

        Saturraranerantz begiratuta, mendi tontorreko baserri bat zen eguzki izpiek argiztatutako azken txokoa. Herria, itsasoa eta basoak gauaren iluntasunean sartzen ari ziren pixkanaka. Edo gaua zen herrian, itsasoan eta basoan sartzen zebilena. Giro hezea eta hotza zebilen, eta noizbehinkako euri lanbroak tanto distiratsuz blaitzen zituen lauren berokiak.

        Aspaldiko lagunak elkartzen direnetan sarri gertatzen den gisan, gaztaroko eta haurtzaroko kontuez hizketan hasi ziren. Klaseko ateraldi, udako parranda eta gaueko ihesaldiak gogoan, orduko argazkirik apenas ez edukitzeak penatzen zituela esan zuten.

        —Jo, aurrekoan, gurasoen argazki zaharrei begira egon nintzen. Izugarria da nola itzartu daitezkeen gogoan ez zenituen oroitzapenak. Argazkietako batean gure amaren ileko urkila agertzen zen, zuk eta biok lurperatu genuena, Igone. Gogoan duzu?

        Igonek bere begi marroi ilunekin begiratu zion, baina ez zuen ahorik zabaldu. Portuko langileek hara eta hona garraiatutako kutxaren batetik, arrain ustel usaina zekarren haizeak.

        —Argazkia ikusi beharko zenuen. Antiguako Eliza pareko zuhaixkaren sustraietan lurperatu genuen, elkar ezagutu genuen urtean bertan, ziurrenik. Zure gurasoak tabernan utzita igo ginen.

        Endikak barre txikia egin zuen. Hiruak zeuden Ametsi begira. Urduri jarri zen, eta masailak gorritzen sumatu zituen.

        —Igone, ziur naiz gogoan duzula. Eliza zaintzen zuen emakumearen beldur ginen, eta bat-batean azaldu zen. Ziztu bizian abiatu ginen aldapan behera, urkila ere bertan utzita. Bidean erori eta orkatila bihurritu zenuen. Hori ezin izan duzu ahaztu, aste batzuk entrenatu gabe eman behar izan zenituen-eta. Neure sorbalden gainean eraman zintudan gurasoengana.

        —Ez dut hala gertatu zenik uste.

        Ametsek begiak zabal-zabalik zituen. Ez zekien gorputzaren dardara giroak ala hizketaldiak eraginda ote zen.

        —Nik ere ez dut gogoan Igonek inoiz orkatila bihurritu zuenik.

        Izaroren ahotsa gogaikarria iruditu zitzaion Ametsi, haren belarritara sasi-psikologo baten erruki tonuarekin bota baitzituen hitzok. Esandakoak, baina, zeharo nahastu zuen. Ahoa erdi zabalik zeukan eta ez zekien begiak non pausatu.

        Endikak zigarroa lurrera bota eta zapatarekin zapaldu zuen.

        —Zer, sartuko gara?

        Txintik esan gabe gailendu zen baiezkoa taldean. Lokalerainoko eskailerak igo eta barrura abiatu ziren. Ezkerretara jo zuten berehala, tabernako barra txiki batean trago bana eskatzeko. Jende dezente zegoen jada bertan, ez ordea estu sentitzeko adina. Eszenatokia hutsik baina ongi atondua zegoen, instrumentuak eta mikrofonoak musikariak noiz helduko zain.

        Amets ingurura begira egon zen une batez. Pareten zentimetro guztiak apaingarriz beteak zeuden: posterrak, argazkiak, oihal zatiak, talde eta musikarien sinadurak, pegatinak, diskoak, koadroak, horma-irudiak eta estatua txiki zein handiak ikusten zituen nonahi. Kolorez betetako zulo iluna zen hura, erreferentzia musikal eta kulturalen jauretxea. Aspaldiko eszena punkiaren alderik goxoena metro karratu gutxi batzuetan kontserbatua, izerdiaren zapore geza giroan. Madrilen ere halako tokirik egongo ote zen galdegin zion bere buruari.

        Pixka bat lasaiago zegoela ohartu zen, zerbeza hartu eta eskuak ez baitzion dardararik egin. Kontzertua nondik ikusiko zuten erabaki eta harantz abiatu ziren; gazte garaiak atzean utzitako gehienen gisan, aretoaren atzeko aldea hautatu zuten. Ametsek begi ertzetik begiratu zion Igoneri, edo haren irudiak argiaren kontra sortzen zuen siluetari, hobeki esanda. Garagardoa ondoko mahai batean utzi zuen, komunera joateko kontzertua hasi aurretik.

        Taldetik metro batzuk urrundu eta komun gela estuan sartuta zegoela, Igone eta bien argazkia atera zuen praken poltsikotik. Begiak bere belarrian iltzatu zituen segituan. Irudia ahal bezain garbi eta zehatz gogoratzen entseatu zen, detaileak buruan iltzatzen.

        Lagunengana itzuli zenean, Igoneren beste aldean kokatu zen nahita. Hala, fokuak bete-betean ematen zion haren ezkerretik. Aurpegirantz erortzen zen ile lisoak belarria ongi ikustea eragozten zion ordea. Pazientzia eduki beharko zuen, irudiaren zenbateko antza zuen ikusi nahi bazuen. Argazkiko belarria gogoan izaten ahalegindu zen, zerbezari trago txikiak eman bitartean.

        Andoni eta bere taldekideak oholtzara igo ziren, entzuleen txalo zaparrada, animo oihu eta festa gogoz betetako algaren artean. Nabaria zen gehienak herriko lagunak zirela. Argiek behera eta musikak gora egin zuten. Ordu batzuk lehenago aitak aipatutako gitarra zaharra berriz jotzeko desira piztu zitzaion sabelean, Andoniren eskuen mugimendu azkarrei so. Ametsi, baina, oholtzak ez zitzaizkion inoiz gustatu. Bigarren plano batean egotera ohitu zen herri hartan, baita musika kontutan ere. Andoni oso bestelakoa zen; igar zitekeen eszenatoki gainean guztiz disfrutatzen ari zela, talde osatu berriaren babesean. Haien abesti propioekin hasi ziren. Erabaki ona.

        Endikaren ahotsa aditu zuen Ametsek, esandakoa ongi ulertu ez bazuen ere. Igoneri, antza, berdina gertatu zitzaion, pixka bat makurtu eta eskuaz ilea belarriaren atzean jarri baitzuen, Endikari “zer, zer?” galdetzen ziolarik.

        Orduantxe ikusi zuen. Bere belarri-hegalari begira jarri zen lehenbizi: kartilagoaren forma, tolesturen angelua, erdiko barrunbearen tamaina. Belarritakoek eragindako zulo eta orbanei erreparatu zien gero. Ez zuen argazkiko belarriaren inolako antzik. Eta bazekien horrek zer esan nahi zuen.

        Jotzen ari ziren abestiaren bukaerak isilune bati eman zion bide. Ametsek txistu desatsegina entzuten zuen belarrietan. Zorabio lauso batek hartu zion burua, eta hurrengo abestia hasi zenerako foku itsugarriei forma topatzeko ahaleginean ari zen.

        Izarok besotik heldu zion, eror ez zedin. Honek zerbezari trago bat emateko gomendatu zion, beroagatik zorabiatuko zela eta. Sasimediku tonu hori, beste behin ere. Baina esan bezala egin zuen.

        Bere onera etorri zenean, Izaroren besoa askatu eta haren belarrira gerturatu zen. Espero ez zuen galdera bota zion:

        —Antiguako eliza zaintzen zuen emakumea han al dabil oraindik ere?

        Izaro zentimetro batzuk aldendu eta lagunari begira erantzun zuen:

        —Bixenta? Ez, hil zen ta… zergatik galdetu duzu hori?