Etxe ikusezinean
Etxe ikusezinean
Sarai Robles

ONDARROA-BERRIATUA
 

 

Memoria akordatzea bada

ni herrira noa

baina badiot beldurra

hainbat hitzorduri

hainbat ispiluren islari

hainbat ispilu isili…

Jose Luis Otamendi
Kapital publikoa

 

Bidean

 

        Begiratu azkarra bota zion treneko bagoiaren barrualdeari: hiru lagun baino ez zihoazen berarekin batera Gasteizerantz, beste bidaiariak Miranda Ebroko geltokian jaitsi baitziren. Ordura arteko mar-mar hotsari isiltasun eroso batek hartu zion lekua, elkarrengandik ahal bezain urrun eseritako lau ezezaguni zegokien modukoa. Trenaren gurpilen etengabeko zaratari isiltasun deitzerik baldin bazegoen, jakina.

        Hiru bidaiarietako batek bidaia osoa zeraman lo. Ametsek bere itxurazko patxadaren inbidia zuen, bere gihar tenkatu gabeena, berak lo hartu nahi eta ezinean zeramalako Madriletik irten eta ordurainoko tartea. Bulegorako jantzi ohi zituen praka urdin ilunak zeramatzan soinean, treneko eserlekuan etzateko zurrunegiak zirenak; haiek begiratu eta Madrileko lankide ohiren bati oparitzen ahal zizkiola pentsatu zuen, Lea-Artibain maizegi jantziko ez zituela igarrita. Hortzak estutzen ari zela ohartu zen, ezkerreko eskuaren erdiko hatzean zeraman eraztunari bueltaka eragin bitartean. Bulegoak berak oparitutako eraztuna zen, abokatu bekadun gisa aritzetik langile finkoa izatera pasa zeneko egunaren data grabatua zeukana. Urteetako lana eskainitako enpresarekin lotzen zuen azken zirritua zen eraztun hura.

        Bulegoa burutik kendu ezinik zebilen. Berari zegozkion kasuak itxi izanaren lasaitasuna behintzat bazuen, baina lana utziko zuela esan zienean denek jarritako harridura aurpegiak ikusten zituen trenaren leihoko kristalean. Bere irudiak behar lukeen tokian, jakin-minaz zabal-zabal egindako begiak zituen so, aldiro ezberdinak, erantzun eske: nolatan, baina? Ez al zenuke hobe opor egun batzuk hartzea? Ez, ez, etxera bueltan noa. Herrimina astebetean sendatzen da baina! Ez da hori. Orduan, zer? Etxeko kontuak.

        Etxeko kontuak. Bere ohiko sekretismoari eutsi zion gai horretan ere, inori alde egitearen arrazoien berri eman gabe. Halaxe gertatu ohi da erabakia garunarekin baino, sabelarekin hartua denean: zeure buruan garatu gabeko arrazoiketarik ezin diozula inori azaldu. Edo agian arazoa zen ez zekiela zehazki zer topatuko zuen etxean. Beldur zen erraiak baretzean eta buruak zegokion tokia berreskuratzean ez ote zen hartutako erabakiaz damutuko. Baina nahiago zuen oraingoz buelta gehiegirik ez ematea; etxera heltzean hartuko zion neurria etorkizunari.

        Artean guztiz jabetu gabea zen gainera zetorkionaz. Eta hala ere gorputzeko tentsio hori. Burua atzera bota eta leihotik begira egotea erabaki zuen. Gehiegitan ikusi izanagatik edo, ez zuen Burgos aldeko paisaia bereziki maite, lautada amaigabeen segida hura... Baina iluntze hartan inoiz sumatu gabeko edertasuna nabaritu zion, halako kutsu nostalgikoak blaitu balu bezala; auskalo noiz egingo zuen bide hori kontrako noranzkoan berriz. Eguzkia ezkutatzen ari zen eta Ondarroako itsasertza irudikatu zuen lautaden amaierako ortzi-mugarekin bat egiten. Begiak katu loti baten antzera itxi zituen, soro horixken beste aldean, Euskal Herrira gerturatu ahala berdetzen zihoazen lautaden beste aldean, bere herria ikusteko gai izango zelakoan: Berriatua, euren etxea eta, bigarren solairuko balkoian eserita, gurasoak.

        Ai, gurasoak…

        —Bai?

        —Ama, egun on.

        —…

        —Amets naiz.

        —A, Amets. Bai. Ondo?

        —Bai, zeu ere? Aizu, eman al zenion Andoniri koadernoa?

        —Han edo zer? Madrilez ari zara?

        —Ama, ea lehengusuari abestien koadernoa eman zenion. An do ni.

        —A. Bai, bai, emango diot.

        —Ados, eskerrik asko.

        —Zein liburu esan zenidan?

        Hizketaldiak barruak mugitu zizkion. Baziren hilabete batzuk gurasoen osasun egoerak kezkatzen zuela. Edo haien egoerak, oro har. Gauzak nahasten eta gauzak ahazten ari zirela iruditzen zitzaion. Ez ote ziren bera ohartu ere egin gabe zahartu; gehiegi, eta azkarregi, eta okerregi zahartu. Andoniri mezua bidali zion pare bat egun beranduago, koadernoa jaso zuenetz galdezka. Baietz berak, gurasoenera joan zela haren bila.

        —Etxea goitik behera garbitzen ari zirela zirudien, eta, joe, koadernoa labe barruan sartua zegoen. Niri emateko atera eta, nolabait, zartaginen azpiko erretiluarekin batera sartu zuen bertan zeuen amak. Grazia egin zigun, baina normal-normala ere ez da, e?

        Andonik barre egin zuen. Ametsek ez. “Alzheimerraren lehen zantzuak” Interneten bilatu, eta ordubete eman zuen webgune batetik bestera jauzika, bakar batekin ere ez fidatu arren denek sabeleko korapiloa handituko ziotela jakitun. Denbora luzeegia zeraman gurasoekin egon gabe, urrunegi hutsunerik bazen ere jakiteko, eta ai... Une hartan hartu zuen herrira itzultzeko erabakia, eta horrek kabestru bat jarri zion buruaren alde banatan.

        Laster jabetuko zen gainera zetorkionaz. Hogei minutu exkax falta ziren Gasteizera iristeko; gaueko hamarrak ziren eta zerua gorritasun eder batek hartua zuen. Masailezurra erlaxatzen eta aulkian eroso jartzen ahalegindu zen. Azken hogei minutuok luzatzearren, lo hartzeko gai izango zela iruditu zitzaion.