Nahasketak II.
Hizkera
Ahots berria
Nire parean horrelako berbarik ez dut aurretik entzun. Berak azaldu dit txokoa sortu nahi didala:
“Habia josi...
Harria hain da handia, hain da indartsua, hain da sendoa… Ezen, askotan, norbaiten kabi ere izan den.
Harria hain da pisutsua, hain da ikusgarria, hain da ahaltsua … Ezen, askotan, norbaiten arma ere izan den”.
Jaso dut mezua eta, nolabait, poztu naiz. Harro nago ahots honek esandakoarekin.
“Baina...
Batzuetan, xumea, apala, makala da harria. Agian, nire eskean?
Batzuetan, iluna, hotza, hauskorra da harria. Agian, nire beharrean?”.
Oraingoan, urduritasuna nabaritu dut nire barnean. Nire harrizko oskola apurtuko den beldur naiz, are gehiago, hura apurtu eta askatutako harri kozkorrek eman dezaketen minak beldurtu nau.
“Zu...
Ez zara nire jainko, eta ez duzu zertan izan,
eta horregatik, hain zuzen, usaindu zaitut;
eta horregatik, hain zuzen, laztandu zaitut;
eta horregatik, hain zuzen, ezagutu zaitut”.
Ondoan zaitut, beraz. Nolabait ezagutu dut hitz egiten nauenaren beroa. Nolabait, nabaritu dut haren artilezko narrazioa.
“Zaitut.
Belaunaldiz belaunaldi, maitasunez sortutako txokoan ikasi zaitut. Zu ulertu, zutaz babestu eta zure aurpegi guztiak ikusi ditut.
Horregatik, indartsua zarelako zure indarra bildu dut.
Horregatik, makala zarelako zure ahultasuna kulunkatu dut”.
Ahots horren ideiek oihal anitzeko zurrunbiloa sortu dute, ni barnean sartu eta estutu naute. Tentsioak, indarrak, hemen eta orain egotera behartu naute. Ez naiz eroriko, ez naiz apurtuko.
“Etxea...
Denboran zehar zu zaren Harria, askotan, lagungarri izan zaitut.
Denboran zehar zu zaren Harria, maiz, ikusgarri izan zaitut.
Denboran zehar zu zaren Harria, batzuetan, beldurgarri izan zaitut.
Eta belaunaldiz belaunaldi, zu, izan nauzu hobi”.
Hitzen eta harien mataza horretan gozo-gozo geratu naiz. Amesteko zain.
Jostunak harilkatuko dizkidan ipuin berriak janzteko, irriketan.