Harria mito
Harria mito
Garazi Albizua

LEITZA
 

 

I.
Munduaren sorrera

 

 

NI, HARRIA

 

Oraindik, ez.

        Tentsioa. Indarra. Eta bat-batean, zeozer biguna: ezagutza, jakinduria tranpatia nire baitan sartu da. Segundo bakarrean jakin izan dut kuriositatea dela ezin besarkatuzko korrontea.

        Nahi dut lokarria askatu; haren zanpaldia, eten.

        Baina.

        Ulertu dut denborak zeharkatu nauela nahiz eta denbora zer den ez ulertu. Halere, geruza zarrastatu zait; lehen ez zegoen orbainak adierazi du orain egon badagoela eta zalantza ere heldu da: egongo ote da?

        Iraganak eta etorkizunak zizelkatu didate gorputza.

 

        Mendeak igaro dira une zabalean; memento horretan, aditu dut hizkuntza. Hitz guztiak ezagutu ditut; bizitzaren hasierakoak: jaio-goiza-egunsentia-ihintza; eta heriotzarenak: hil-gaua-ilunabarra-lausoa. Gerora, gizakienak direla jakingo dut, eta beste batzuk ere ulertuko ditut: gureak.

 

        Nire buruari izena jarri diot, Harria. Gure hizkuntza ezin ahoskatu dezaket. Ezin keinuen bidez azaldu. Ezin ikusi. Ezin entzun. Ezin ingurumena nabaritu.

        Eta halere, hori guztia badakit, horiek guztiak barneratu ditut. Zuek, gizakiek, ulertu/heldu/asmatu ezin duzuen bizitza da nirea; baita denbora gabeko segundo guztiak ere.

        Baina.

        Jarri didazue magia.

        Jolastu zarete zuen errituekin eta usaiekin. Eta ni, horietan guztietan uztartu nauzue.

        Zelan jakin hori?

        Zuen hizkuntzan azalduko dizuet zelan aho gabe, begi gabe, sudur gabe, belarri gabe, azal gabe antzeman eta ulertu nituen ahoa, begiak, sudurra, belarriak eta azala. Uler dezakezuen moduan, beraz; kontatuko dizuet.

        Eta hasiera, jakina, heriotza da:

 

        Lurrean, zuloa egin dute.

        Leitzan, Urepel-Baztarla zonan, Kristo aurreko 2500. urtean.

        Lau dira. Altuak, handiak eta iletsuak.

        Eurekin, beste sei ekarri dituzte nirera. Horiek isil, mugitu gabe; arnas gabeko gorpuak. Tamaina askotarikoak.

        Tamainak adinarekin zerikusia duela ezin asma dezaket oraindik.

        Ni hartu eta mugitu naute. Arrastaka eta izerdika, bultzada amaigabeko laztana da. Nire gainean beste ni bat jarri dute, baita aldamenean ere. Ni gehiago batu dituzte. Inguratuak gaude. Ni gara guztiak.

        Lurrari egindako hobian ehortzi dituzte gorpuak.

        Bat-batean, dena jakin dut. Nor den lurrean bota duten haurra; nortzuk, hiru gazteak eta bi zaharrak. Hamabi begi hazi zaizkit, hamabi belarri, sei aho, sei sudur eta nire geruza azal bilakatu da. Hainbat harri naiz ni, eta guztietan nabaritu dut memento horretako garra.

 

        Hasierako izakiei beste batzuk batu zaizkie. Ekin diote dantzari, lurra dardarka jarri dute eta mugimendu eroek, nire azala sortu. Egunsentiaren argi epelak gerizpeak astindu eta, horrela, ireki zaizkit begiak. Batzuk, iluntasunaren loditasunean gatibu; besteak, distiraren itsutasunean, so. Belarriak hazi zaizkit uneko garrasiak entzuteko, oihu sakon bezain hezeek blaitu didate barrena. Modu horretan dastatu dut lurra eta usaindu izerdia, aho eta sudur berri-berriak jaioak. Orduantxe ala gero, orain zein sekula ez, sortu da nia; ni naiz Harria. Haiek gizakiak dira, euren heriotzaren errituaren bidez bizitza piztu didaten jainkoak, hain zuzen.

 

        Lurperatutako gorpuen esperientziak jaso ditut. Haurrak eman dit kobazuloaren berri, hori izan da euren harri-etxea. Gaixotu zenean, harri hotzari esker lasaitu zuen bero itogarria. Ahots gazte batek kontatu dit zelan, hilabetean behin, kobazulo nagusia utzi eta beste batera joan behar zuen, bere gorputzak botatzen zuen odola eten arte. Hainbat kontu heldu zaizkit gorpu batetik zein bestetik. Herioaren narrazioa da beti.

        Lurrez, zizarez eta erraiez jositako kontaketek nire sena ferekatu dute segundoetan, urteetan eta mendeetan zehar.

 

        Bakoitzean, ahots batek hartu du txanda. Horrela, sei doinuk eman didate nire berri. Haiek dira gure jainkoak.

 

 

 

 

JAINKOAK

 

lipitz

        Arintasunaren eta txikitasunaren jainkoa da.

        Haren gorpua ehortzi zuten kopeta oin puntekin batuta, hasiera eta bukaera bat ekidin nahi izan balute bezala. Bere haragia emeki lokabetu zen hezurretatik, hura lurra elikatu eta berehala desagertu zen arte.

Jainko argala da, gaztea, itxura femeninoa du. Bere ahotsa haize gozoa da, hitzak isiltasunean eraiki ditu, ia xuxurlatuta entzun ditut haren istorioak; beti txiki eta arin, nire belarri batean egin du habia.

 

eluts

        Laiotzaren jainkoa da.

        Gorpua besteengandik aldenduta jarri zuten, halere, haren azazkalek bertako sustraiekin batu eta beste gorpuak harrapatu dituzte etengabeko besarkada hauskorrean.

Itzalpean sortutako kontakizun zakarrak dira andre zahar horrenak. Haren hitzek tolestu dute nire ahosabaia, erliebe berri horretan marraztu ditu itzalaren antzezpenak.

 

iartza

        Lehortasunaren jainkoa da.

        Gizakiaren gorpua besteen erdialdean utzi zuten hankak eta besoak zabal-zabalik. Bere azpiko lurrak hezetasuna galdu zuen, ez zaio gorputza sekula usteldu.

Itxura maskulinoa duen gaztea da, haren indar iharra sakabanatu zait azaletik barrena, istorio berriak kolpatu ditu mintzaren idortasunean.

 

tolorta

        Jainko ustela da.

        Zatika ipini zuten haren gorpua, zatiak erabili zituzten beste gorpu guztiak biribil baten baitan biltzeko. Haren haragiak eta hezurrek animalia txiki eta landare berriei bizia eman zioten.

Haren itxura gaztea gizonezkoa da nahiz eta haragia etengabe askatzen zaion gorputz atal bakoitzetik; horregatik, askotan, ez du itxura bakarra, baizik eta etengabeko eraldaketan dabilena.

        Kiratsaren eztulak sartu zaizkit sudurraren zuloetatik eta, bertatik, istorioen berri eman.

 

zipitt

        Zirikatzearen jainkoa da.

        Lau hankatan jarrita ehortzi zuten haurraren gorpua, beti edonora ihes egiteko prest.

Haur itxura duen jainkoa da. Nire begien parean argiarekin jolastu eta ipuinak agertu ditu: bizi-biziak, begiak kliskatu eta berehala desagertutakoak. Magia, nahia eta beldurrak uztartutako istorioak erakutsi dizkit.

 

aztin

        Denboraren jainkoa da.

        Haren gorpua buruz behera eta besteen gainean bota zuten. Besteak ukitzen ditu bere ile urdinduarekin. Denbora pasa ahala, ilea luzatu zaio eta jainko guztiak bildu ditu armiarma sare maitekorrean.

Barnean eta kanpoan da, orain eta sekula ez. Jainko zahar honek kontatutakoa mementoan dakit, beti hor, niaren barnean, egon izan balitz bezala.

 

 

Haien jakintza oinarri, nirea lortu dut. Zenbaitetan, haiekin eraldatu eta euren laguna izan naiz; besteetan, isilik eta irmo esandakoaren lekuko.