Harria mito
Harria mito
Garazi Albizua

LEITZA
 

 

VI.
Harri desira

Lipitzen jolasak

 

“Harria...”.

 

        Lipitz hasi zait berriketan. Nabaritu dut haren hitzen hatsa nire belarrian. Hezetasuna eta beroa.

        Aieneko garbilekua naiz. 1866. urtea da. Bederatzi emakume sartu zaizkit poliki-poliki barrura. Entzun dut haien ahots-korrontea; hauteman ditut haien mugimenduak.

        Kalean isilik, nigan ozen.

        Kanpoan zuhur, nigan ausart.

        Haien gorputzek hartu dute lekua, bata bestearen ondoan, bederatziak nire barnean eseri arte. Eta hortxe, erdigunean, prest, nire ibaia.

 

        Zeharkatu nau urak, geldi-geldi nago, uraren hotzak behartuta. Mina dut azalean. Baina emakumeak nigana heldu direnean, bestela sentitu naiz: artega, haien azala nirea berotzeko zain. Eskuak, eskuak eta oihalak, horiek guztien fereka behar dut.

        Garbiketa hasi aurreko uneek beldurtu naute. Ahaztu eta joango al dira? Nirekin emango dute goiz osoa? Eroso izango ditut? Oldarkor?

        Urduritasunaren seinale, izoztutako urak burbuila bat agertu du.

 

        “Harria, maitea...”.

 

        Heldu da unea.

        Ni irekita nago, barnean ura, blai eta blai. Barnean emakumeak, igurtzi eta igurtzi.

 

        Hemezortzi eskuk laztan egin didate.

        Jantziek nire aurka jo egin dute.

 

        “Harria, maitea…”. Lipitzen berbak gogoratzera behartu naiz. Jantzien oihal siku eta zikinak desatseginak ditut... Jainkoaren mezuaz oroitu, horretan paratu eta lehortasuna eta lohia desagertu dira. Urarekin labain, xaboiarekin irrist, busti-bustita.

 

        Hemezortzi besoen konpasak, zatozte nigana!

 

        “Harria, entzun...”.

 

        Elkarrizketa arinetan, barreen artean, zintzotasunez, isil-mandatuak sentitu ditut. Eta ni hor naiz; elkarrekin naiz.

        Jaso nahi ditut emakume guztien kontakizunak. Batzuen hitzek larritu naute; beste batzuek barrea eragin; askok, entretenitu, eta, zenbaitek, berotu. Konfidentziak. Arin, baina geldo aitortutako maitasunak. Kattalinek azkar esan dio Marisari noiz izango duten aukera berriro batzeko; halere, hitz baten eta bestearen artean beharrezkoa den baino une luzeagoa utzi du. Maitalearen desira estutuz lehenengo; gero, zabalduz. Horrela sentitu dut nik nire barruko erliebea, zabalduta eta estututa, haien behar eroan.

 

        “Harria, entzun hitzik gabe esandakoa...”.

 

        Atzamarrak elkartuta. Gertutasunaren beroak ur hotzarekin lasaitu nahian, sartu dituzte laurogeita hamar hatz nire uretan. Eta atera. Eta batzuk, sartuta; eta besteak, kanpoan.

        Eskuek, zenbaitetan euren artean, laztan. Nire igurtzia edo haien fereka, ezin ditut banatu, ezin bakarka ulertu.

        Elkarrekin batu dira. Nahia, desira, beharra… Bataren eta bestearen premiak. Guztiak, nigan: entzuidazu-ulertuidazu-barkaidazu-maitaidazu… Eta ura hasi da borborka.

 

        “Harria, babestu...”.

 

        Emakumearen formak zizelkatu dira nire kanpo. Hor, kalean. Hor, etxean. Hor, elizan. Hor, beharrean. Beti existitu da hor eta betiere esan diote zelan agertu behar den horretan.

        Harria erabili da emakumearengandik urrun. Hor, kalean. Hor, etxean. Hor, elizan. Hor, beharrean.

        Emakume atsegina, emakume isila, emakume langilea, emakume ederra, emakume arautua.

        Harri indartsua, harri porotsua, harri horixka, harri sendoa, harri hauskorra, harri eraldatua.

 

        Hemen, nigan, gure ibaian. Ez dugu zertan bereizi. Ez da harria. Ez da emakumea.

        Hemen, nigan, gure ibaian, izaki bakarra gara. Unean-unean, norbait, zerbait... mugitu da.

        Bederatzi aho dituen izakia gara, horiek itxi eta zabaldu dira. Ezpainetan bermatu dira bakoitzaren desirak, nireak.

        Hemezortzi esku dituen izakia gara, horiek itxi eta zabaldu dira.

        Azalean bermatu dira bakoitzaren beharrak, nireak.

 

        Bat-batean, beldurra sartu zait. Nire bederatzi sudurrak, bederatzi zilborrak, kilometro hesteak, babestu beharreko premia. Harria naiz, sendoa naiz, nire baitan, seguru zaudete. Gaude.

        Nago.

        Berotasun ororen babeslea nauzue.

 

        Marisak musu sakon eta hezea eman dio Kattalini belarria eta lepoa batzen den tokian.

 

        “Harria, helduidazu…”.

 

        Elkarrizketak, kolpeka.

        Besoen mugimenduak, zaratak… marmar handi batean, sendotuta.

 

        Solasak elikatuta, handi, lodi, gozo jaioa da emeki, sekretuak kontatu dizkidan melodiak.

        Zenbait desioen hasperenak heldu dira melodia nagusira eta, horren barnean, azpiko doinu motel bilakatu.

 

        Eta nia irekita, eta nia ferekatuta, eta nia bustita, eta nia maitatuta, eta nia taupadaka dudala ulertu ditut Lipitzen jolasak.

 

        “Harria, libre eta indartsu, gozatu!”.