Harria mito
Harria mito
Garazi Albizua

LEITZA
 

 

IV.
Errota harriaren izerdia

Elutsen etsipena

 

Nahiz eta harria izan, bidaiatu naiz; asko, gainera.

 

        “Dastatu, dastatu emakume baztertuaren narrazioa, Harria. Dastatu, dastatu nire hitz bustiak. Dastatu, dastatu irinaren eta harriaren arteko harremana…”.

 

        Elutsen berbak beti dira hezeak. Berak kontatutako istorioak sortu dit beroaren eta hotzaren arteko zaporea. Nire izerdiarekin bat egin du haren arnasak.

 

        Erasote ibaiak, ura baino, bizitza ere eraman du arrastaka, Harria. Erasotek batu gintuen, maitea.

        Behin, zu nire tokira heldu zinen. Ai, Harria, ai! Hain nengoen pozik. Gure errota zen memento hartan; beste familia batzuek ekoitzi zuten lehenago; eta beste batzuek, geroago. Herriaren errota zen”.

 

        Kilima egin dit bere mingainak aho sabaian.

 

        “Zu etorri zinen, Harria, sendo eta berri, ni hara heldu nintzen moduan: emakume aske eta langilea. Dastatu, dastatu, Harria, emakume baztertuaren narrazioa”.

 

        Elutsen hitzek ibaira eraman naute.

        Itzalean naiz. Elutsekin batera, zelatari.

 

        xv. mendean gara, harrobitik atera naute. Bertan utzi dut hobia, baina pozik naiz, bidaiatzeko prest, lan egiteko prest. Nire narratzailea ere hala da.

 

        Emakume gaztea eta, dagoeneko, alarguna. Bost ume ditu haren kargu eta ni, errota, haren bizimodu.

        Argiek eta itzalek eman didate denboraren berri. Goizeko abestiak eta gaualdeko kontuak dira nire erloju.

 

        —Atzo, Jose Javier harginarekin joan zen, ikasle hartu du! —kontatu dit.

        —Maria Felisak patatak ekarrik dizkit; gero, eramango diot zakutxo bat irin, ezta? —galdetu dit.

        —Apaiz berria etorri da, bitxi begiratu nau… Eta arrosario gehiago esatera behartu! Nork al du denbora horretarako? —aitortu dit.

 

        Apenas ez dugu lasaitzeko unerik, lan eta lan beti. Badatoz lagunak, euren garia eman eta guk irina bilakatu; gero, laka guretzat geratu da.

 

        “Eskuak, Harria; eskuak hain izan daitezke samurrak…”.

 

        Bai.

        Zelan hartu garia, zelan ipini, zelan lortutako irina atzamar artean pasatzen utzi. Memento honetan, gure bizitza eskuekin helduta dugu, eta beharretik tiraka heldu gara une batetik bestera.

 

        Hasi da apaiz berria bisitan. Galdera asko egin ditu. Ziztu bizian heldu dira haren hitzak. Aurreko galdera erantzun aurretik, bigarren bat, eta hirugarren bat ere bai.

        Apaiza joan denerako, emakumea guztiz ahituta dago: errotarrian bota da, eseri eta begiak itxi. Une honetan, bere kanpo nago. Urrun. Minutu batzuk beharrezkoak ditu. Gero, jaiki eta, berriro irribarretsu, ekin dio lanari. Berriro ere, lagun.

 

        “Harria, eskuek ere badute bestelako jarrera. Dastatu, dastatu horietan dagoen lur aztarna; dastatu, dastatu haien izerdi zikina…”.

 

        Jainkoaren hitzek gainezka egingo dute nire aho barrenean.

        Hiru dira: gizonak.

        Abadearen baimena omen dute. Emakume alargun eta langilea da, nonbait, zirikatzaile hutsa.

        Haietako bat aukeratu behar du, hori da-eta abadearen gomendio sutsua.

        Emakumeak barre egin die.

 

        “Harria, laztana, nire harri kuttuna… Dastatu, dastatu istorioa”.

 

        Elutsen hitzak mingotsak dira. Askatu nahi ditut nire barnetik, bota, goitika egin, kendu. Ezin dut, ordea, eta hark dioen moduan, istorioa irentsi dut.

 

        Aurretik inoiz ez naiz lotuta sentitu, baina emakumearen oihu beldurtuak entzun ditudanean, orduan ulertu dut ezin izango nuela lankidea lagundu.

        Nire gainera heldu dira arropa zartatuak; zenbaitek emakumearen ilea ere badute. Nire ondora heldu dira haren gorputzaren dar-dar behartuak; ni mugiarazteko indarrik ez dutenak, baina barnea irakiten jarri didatenak.

        Eta itzala ez da piztu, ezta argia itzali ere. Denbora gelditu da.

        Saiatu naiz garrasien artean hitzak asmatzen, marmarren artean esanahia topatzen. Eta ezin, ezin entzun, ezin ulertu, ezin nire oihua harenera gehitu.

 

        “Ez, Harria, ez. Ez duzu zertan entzun. Dastatu, dastatu ipuina”.

 

        Memento batean, emakumearen gorputza antzeman dut; nola hala, nire gainera bota du bere burua. Orain bai, orain dastatu ditut emakumearen malkoak eta odola, nire mugiezinezko gorputzak ezin aska dezakeen izerdi madarikatua.