V.
Zezengorri
Zipitten iruzurra
Gizakiek mugak jarri dituzte lurrean. Askotan, ni erabili naute lur eremua mugatzeko edota horri izena jartzeko.
Leitzalarreko lurrak komunak dira. Horiek markatu eta banatu dituzte zenbait familien artean. xviii. mendean gara. Unaien erreinuan.
“Eta berde-berdeak dira larreak, eta lainotuta dago eguna, eta maite ditut animaliak; idia, batez ere. Hura da handia, hura da arriskutsua. Ni ez naiz haren beldur, ordea.
Ikusi, Harria! Hor zaude. Eta hor. Eta hor ere bai. Selea zara”.
Zipittekin ezin asmatu. Gustuko du ipuinaren protagonista izatea, baina gustuko du ni ere hor, haren aldamenean, jartzea.
Haren istorioak beti izaten dira laburrak, iheskorrak… Detaile askotarikoak, batzuetan; sentimendu bakarra, besteetan.
“Begiratu, begiratu, Harria. Zuk eta zuk eta beste zu horrek bi landa horiek banatu dituzue. Horretan, familia Graziarena idiekin ibiliko da; beste horretan, ordea, garia jarriko dute zubeldiarrek”.
Bai, hor naiz. Familien arteko harremanen lekuko.
Gariak badu maitasunerako joera. Fereka urretsua da berea. Nahiz eta emakume horren laztana ezin nigan hauteman, sentitu dut gariarekiko duen konplizitate gozoa. Emakumeak ez du umerik izan. Bere aukera izan zen hori, haren maitasuna beste moduan partekatu du andreak.
“Andrearen bizitza aspergarria da, Harria. Ez dut gogoko. Baina umeak eta idiak elkar maite dute. Ikusi! Idi handiena da hori eta umea du lagun!”.
Zipittek behartuta, begiratu dut larrearen beste aldera.
Ikusitako irudia ezin osotasunean antzeman. Idiak eta umeak askatutako botere korrontea ni baino mila aldiz handiagoa da. Blaitu nau, bai; osorik, gainera. Eta halere, ezin hura hauteman. Zalantza izpirik gabe, ordea, sua ikusi dut, bai umearen begietan, bai idiaren begietan ere.
Andrearen ahotsa da trantzetik atera nauena.
—Antton! Gaur ere hemen, ala?
Emakumea gerturatu da. Umeak buelta eman eta irri egin dio. Haren sugarra pixka bat amatatu du; andrearekin, gozo.
Ni haien erdian naiz.
Neskaren atzean garia, haizearekin dantzan.
Umearen atzean idia, gu zelatan.
—Bai! Aitak esan dit laguntzaile izango naizela! Berak irakatsiko dit ofizioa!
—Gustura, beraz.
—Bai! Agur, Maria!
Umea berriro idi ondora joan da. Emakumeak bitxi begiratu die. Antton gaztea da, indarrez eta ametsez beteriko haurra. Idia, handia; sekula ikusitako animaliarik erraldoiena eta boteretsuena. Elkarrekin daudenean, giro laranja eta potoloa sortzen dute.
Emakumeak ezpainean egin du koska, kezkatuta.
“Xelebreak dira helduen kezkak. Niri ez zaizkit axola. Ez dakite errealitatea ulertzen etorkizunean pentsatu gabe. Baina guk bai!”.
Mariaren begirada jarraitu du Anttonen aitak. Ez du emakumearen ikara ulertu, ordea, harrotasuez keinu egin dio. Bere umea ausarta da. Idi handienaren lagun.
“Idia izugarria da, Harria. Gorri ditu begiak. Eta, badakizu zer? Idiak hitz egin du. Kontatu dizkio umeari ipuin asko. Nik zuri kontatzen dizkizudan bezala.
Baina idi gaixoa. Helduak ez dira fidagarriak. Badakizu zertarako hazi duen animalia Anttonen aitak? Gizonen nahiak hain dira ilun eta beldurgarriak...”.
Bai, badakit. Helduko da unea: zorigaitza umearentzat eta amaiera idiarentzat. Mariak ere badaki, eta saiatu da Anttoni kontatzen zertarako bizi diren animalia horiek. Zelan gizakiek animalien bizitzaren kargu egin eta haien nahietara egokitu duten.
—Antton, txiki, badakizu helduko dela eguna zeinean idiak prest egongo diren eta hemendik bidaliko dituzten... Beste batzuk izango dituzu orduan lagun. Ezta?
—Idiak joango dira, Maria. Baina ez nire zezena.
Haurraren ahotsa ikusi dut. Berak askatutako hitz bakoitzak hura eta idia bildu ditu. Alegiazko hesi batez inguratuta, biek ala biek so egin diote Mariari.
“Harria, zu ez zara gizakia, zuk ez nauzu sekula zure desiren arabera ulertuko”.
Mariak garia ferekatu duen moduan, Anttonek eskua jarri dio hankan idiari. Gero, haren ondoan eseri da. Eta animalia, geldi-geldi, umearekin bat niri begira geratu da.
Hotzikara batek bortizki astindu nau.
—Ez zaituzte eramango,idi. Ez diet utziko —zin egin dio Anttonek.
Idiaren begietatik sua dario.
“Harria, zenbaitetan, helduek ere badakizkite hainbat kontu interesgarri...”.
—Antton! Nondik atera dituzu belar horiek? Agiña da! Pozoitsua da, kontuz horrekin!
Ikaratuta, oihu egin dio emakumeak. Normalean, atsedena elkarrekin egiten dute. Nire ondora datoz biak eta Mariak eramandako ogi apurra partekatzen dute. Askotan, Mariaren esku ahurrek, gariaz laztandutako azalak, umearen ile luzeak ferekatu dituzte. Oraingoan, ordea, Mariak ez dio gozotasunez begiratu. Umeak, serio, bueltatu egin dio suzko begirada.
—Maria… Idia gaixorik jarriz gero, ezin izango dute saldu, ezta? Ezin izango dute hiltegira eraman!
Emakumeak ikusi du Anttonen esperantza txikia. Arnasa hartu eta isilean aholkatu dio:
—Oso gutxi eman, bestela, hil egingo duzu.
Umeak baietz egin dio buruarekin. Mariaren eskuak besarkadaren erdibidean geratu dira idia gerturatu baitzaie. Antton altxatu eta animaliarekin batera joan da bazterrera.
Gari zelaia hasi da dantzan. Haizeak kulunkatuta, mugitu da belarra. Maria berehala batu da dantzalekura. Xuxurlatu ditu hitzak, nik entzun ezin ditudanak; baina, halere, piztu nautenak.
Zubeldiarrek ez dute umerik izan. Beste modu batean bizi izan nahi dute. Elizak ez du gogoko izan haien erabakia. Herritarren artean hasi dira zenbait esamesa.
Arraroak dira.
Bestelakoak.
“Dantzan, dantzan, dantzan! Maria beti dirudi haren munduan, ezta?
Begira, idiaren suzko begiak amatatu dira pixka bat.”.
Ezin dut asmatu noiz eman dion Anttonek jatekoa idiari. Baina osasuntsu, handi eta harro zegoen animalia ahul agertu da.
—Antton! Zer ostia egin diozu animaliari?! Gure idi onena da eta!
Aita hasi zaio errietan, hartu eta lurraren kontra bultzatu du bere haurra. Idiak zuen sua gizonarengan dago orain. Animalia saiatu da gerturatzen, bere adiskidea laguntzen. Ahul dago, baina. Arrastaka, nigana heldu eta Maria bilatu du. Andreak zalantza egin du, ez da animaliarekin fida. Baina gehienetan izutu duten begiek, gaur, zintzo begiratu diote. Surik gabe; malkoetan blai.
Antton txikiak lurra atzamarren artean estutu du, gorputza dar-dar duela.
Pixka bat lasaitu da konturatu denean Maria eurengana heldu dela. Orduan, ikara kendu eta sugarra piztu da haren begi handietan.
“Ikusi! Ikusi orain datorrena! Istorioaren parte interesgarriena da! Ikusi, ikusi zelan elkar maite duten idiak eta umeak! Hain da idi handia!”.
Emakumea hurbildu zaie. Belaunikatu da eta umea besarkatu du. Haren urrezko atzamarrek bildu dute Antton txikia: gariaren babesa aitaren suaren kontra.
—Egon geldi! Ez dakizu umearen errua den ala ez! Pentsatu! Idiari edozein gaitz gerta dakioke… —saiatu da Maria Anttonen aita lasaitzen.
Denbora eten da.
“Etorkizunaren afera helduen kontua da, Harria. Gu bestelakoak gara…”.
Zipitt nire aurrean ikusi dut. Begi handi-handiak, zabal-zabalik. Irri maltzurra ahoan.
Anttonek keinu egin dio idiari eta animaliak keinua bueltatu. Anttonen begietan sua piztu da eta horrela argitu dira idiarenak ere.
Umea Mariaren besarkadatik askatu da oihuka, orroka.
—Aita, aita! Ez utzi horri ni ere kaltetzen! —oihukatu du— . Bera ikusi nuen, bera izan da idia gaixotu duena eta orain ni gaixotu nahi nau. Lagundu! Lagundu, aita!
Gizonak harrituta begiratu dio Mariari. Honek ere aho-zabalik bueltatu dio begirada. Gizonaren harridurak gorrotoa, ezjakintasuna eta inbidia biltzen ditu.
Emakumearen harridurak beldurra, ezustekoa eta tristura biltzen ditu.
—Ez diot minik eman, Jose Miel. Sinistu iezadazu, faborez —hitzak heldu zaizkio, baina Mariak ulertu du esanahirik gabe heldu direla, hutsik.
Antton emakumearen besarkadatik askatu eta irribarre gaiztoa egin dio Mariari. Jose Mielek, ordea, ez du hori antzeman, ez du ikusi semearen sua begietan, ez du hauteman haren keinu hezea.
—Aita, aita! Begiratu, belar hauek eman dizkit... Esan dit horiek hartzeko eta horrela indartsu izango naizela, zu bezala! Hauek ere eman zizkion gure idiari...
Aitak agiñaren hostoak eskutik kendu dizkio Anttoni eta lurrera bota. Gero, bi aldiz pentsatu gabe, ozen eta garbi, Maria seinalatu eta esan du:
—Sorgina!
“Harria! Ikusi, ikusi zelan zezena ondo jarri zen gero, baina zaharra zenez, ez zuten hil. Beti, Anttonen lagun”.