Harria mito
Harria mito
Garazi Albizua

LEITZA
 

 

III.
Sugarraren bortizkeria

Iartzaren kondaira

 

Sua, beroa, kolpeak.

        Iartzaren hitzak heldu zaizkit, nire azalean agertu ditu orduan sufritutakoak. Gertaera zizelkatu du jainkoak, gozo eta samur.

        1353. urtea da, Iberoko dorrean gara.

        Ni hor naiz, dorre horretan; bai lurrean, baita burdinolan ere.

        Burdinolara eraman nau Iartzak eta naizen harri horietan guztietan arreta jartzera behartu. Besteak kanpoan utzi ditut, ezin nabaritu aire askea, ezin usaindu dorre barneko bizi gozoa.

 

        Kolpe-kolpe-kolpe.

        Hasi da musika.

 

        Zaharkitutako usaina heldu zait, zartadaka sartu da nire barnera.

        Izerdiak, oihuak eta iluntasun gordinak babestutako premia guztiak bildu ditut nigan.

        Entzun ditut gizonen hitzak. Beldurtu egin naute.

 

        —Mantendu ezazu tenperatura. Ea ikatza faltan ez dugun....

 

        Ikazkinak pala pasatu dio besteari. Bere txanda bukatu da. Lanabesak esku batetik bestera labain egin du, belztuta eta leher egina. Lehenengo gizonak keinu bat egin dio bigarrenari eta pauso astunez alde egin du. Ikazkin berriak pala hartu eta ikatza sartu du mekanikoki. Hasi eta dagoeneko izerditan, dagoeneko kutsatuta, dagoeneko, prest.

 

        “Bazekiten zure barrenean zegoela eta hortik ateratzeko sua zuten lagun”.

 

        Ni.

        Niaren ezagutza atzerritarrak nia zatitu du. Askotan, entzun dut zelan burdinaren eta odolaren usaina parekoa den. Jakina. Nire baitako burdina ez al da zuen baitako odola?

 

        Kolpe-kolpe-kolpe.

 

        Bilatu dut burdinolaren beste harrietan adiskidetasuna. Aurkitu nahi izan dut laguntasuna. Arrotz ditut. Jasoko dudanaren ikusle dira. Batzuk, lekuko; beste asko, partaide. Nahi dut joan, nahi dut…

 

        —Gaur ere erritmo ona mantendu beharko dugu.

        —Ez dakit,  bada, eskatutakoa lortuko dugun.

        —Zerbait jan al zenuen atzo? A ze itxura!

        —Nor ostia ibili da hemen, lehenago? Kakaztuta utzi du dena.

 

        Gizonen artean ezin inolako hurbiltasunik topatu. Euren elkarrizketa, maiz arduragabe, maiz zehatza, baina guztietan abstraktu eta beldurgarri heldu zait.

 

        Kolpe-kolpe-kolpe.

 

        “Zauritu zaituzte. Hil eta jaiotzaren ekintza basa da hura; baina ez zaitez ikaratu, Harria. Izuak ez zaitu lagunduko. Begiratu, sentitu eta gozatu une bakoitza. Ulertu zelan puskatu zaituzten, eta ikasi zelakoa den puska ororen bizi nahia”.

 

        Badakit hasiera batean bestelakoa nintzena. Badakit hona heldu aurretik, gizonek ni markatu aurretik, alegia; hezetasunak gorputza leundu zidala eta zizareek kilimak egin zizkidatela. Badakit…, baina ezin naiteke iraganean babestu; orain, burdinolaren barnean nago.

 

        Hauspoen arnas erritmikoek nire mintza zoratu dute. Harri batek indarra eman die hauspoei eta mailuari. Urak, haizeak eta kolpeek eraiki dute nire amesgaizto pertsonala.

        Naizenaren memoria ito egin da. Hauspoen arnasak eta mailuaren zaratak barnea estutu didate. Nor naiz? Non nago? Ez dakit posiblea den, baina txikitu egin naiz nire barnean.

 

        Kolpe-kolpe-kolpe.

 

        “Kar-kar-kar. Txikitu, handitu, zatitu. Zu zara harria! Zu zara burdina! Zu zara hain maitekorra, hain beharrezkoa… Zurea da errua. Baina, txiki, ez zaitez kikildu… Segi, ulertu pairatutakoa”.

 

        Burdinolaren aho itxi ezina elikatu dute etengabe. Xehatutako ikatzaz eta mineral geruzaz bazkatu dute txandaka; gero, labean sua piztu eta hauspoekin airea eman diote, apurka-apurka, ito gabe. Esku trebeen mugimendu arautua dantza egokia dirudi, giro horrek beharrezkoa duen konpasa. Ni ez naiz holakoa, ezin horretan libre parte hartu, ez nazazue hara eraman. Baina, bai; eskuek eta palak, palak eta eskuek hartu naute. Memento batez, ospakizunaren barnean naiz, orroen doinuarekin bat.

        Ondoren, labean sartu naute.

        Haren gosea ezin aseko dut.

 

        Infernuaren errai gordinetan ernatzearen zain nago.

        Labearen hozkadaren beldur naiz; halere, ez da horrelakorik gertatu. Suaren indarraz, eraldatu naute: itxura oretsuko burdin masa naiz orain. Ideia berriak hazi zaizkit; baina, ezin horiek ulertu, jarraitu behar dut, ez dute aski.

 

        —Azkar, hor!

        —Kontuz gero!

 

        Premiak, premiak! Eta… Kolpe-kolpe-kolpe!

 

        “Agoa deituko zaituzte, zure indar eta itxura berria mailuaren azpian ipiniko dute. Ingudearen kontra, kolpeka. Baliagarria zara, Harria. Zure burdina nahi dute”.

 

        Eta kolpeek jarraitu dute. Eta ni naizen beste hori bazterrean utzi duzue; gero eta multzo handiagoa eraikita, nire itsustasun eta orbain guztiak batu dituen errestoa, hain zuzen.

 

        Baliagarria naizen beste ni, ordea, maitekor babestu duzue. Burdina da. Boteretsua, sendoa, beharrezkoa.

        Burdinarekin jarraitu nahi dut ametsa. Iartzari eskatu diot kontakizun ederra.

        Barre egin dit.

        Berriro, arrastaka, errautsen erreinura ekarri nau; hona, izkinara; eta derrigortu nau entzutera bazterreko nire atalak, nire gorputzak, nire esentzia ere diren horiek guztiek kontatzeko dutena. Erotzear nago.

        Bazter guztietatik heldu zaizkit eskoriaren hitz txikituak. Zuek, gizakiek, ezin entzun, ezin ahoskatu, ezin ulertu ahal dituzue. Eta mina dute hizpide!

 

        “Egon, Harria. Oraindik ez dut bukatu… Ez al duzu sumatu berriro haizea?”.

 

        Ibero Dorrean nago. Kanpoaldean.

        K.o. xiv. mendea da. Dorrea eraso dute. Harri on, eder eta soil askok galdu dute euren tokia. Hitz asko ulertu ditut batera, zatika heldutako hitzaldia da. Izkina kaltetuan hazitako mintzaldia, baina orain, aske; orain, seguru; orain, argitasunean, tente!

Harrotasun beroa da zatarkeriarena.

 

        “Baliteke, bai. Hau izan duzu, hortaz, Harria, nire kontakizuna: zelan egun batean eskoriak bere izkina zikina utzi, burdinolak eragindako minatik atera eta dorrea gorde zuen, itsusi bezain harro”.