Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia
Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia
Ugaitz Agirre Zapirain

ARTZINIEGA
aurkibidea

Aurkibidea

azala

I. La sιduction edo lehen inpresioak eragiten duen kitzikadura

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

II. Le fantτme edo ikusten dena eta benetan dena ilusioak elkartzen dituenean

—7—

—8—

—9—

—10—

—11—

—12—

III. La tromperie edo albo kalteen beharrezkotasunaren apologia

Aurkibidea

azala

I. La sιduction edo lehen inpresioak eragiten duen kitzikadura

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

II. Le fantτme edo ikusten dena eta benetan dena ilusioak elkartzen dituenean

—7—

—8—

—9—

—10—

—11—

—12—

III. La tromperie edo albo kalteen beharrezkotasunaren apologia

 

 

13

 

Yuplala musikaren melodia denbora makinaren ahalmenaz jendea Erdi Arora eroaten. Goizean goizetik eguzkiak argitu zituen inguruak, eta tenperaturak gora eta gora jarraitzen zuen sargori nazkagarriraino ailegatuz. Itzala eta freskura gutxi batzuen pribilegio bihurtu ziren. Garagardo hotzak zintzurretik behera zihoazen arrapaladan.

        Abereen zarata, ofizio galduen kolpeak eta fantasiazko musika elkarren artean lotzen ziren, dantzan. Jendeak gogoak zituen aurreko egunetan gertatutako iskanbila guztiak ahazteko. Moteltzaileak dinamizatu zituztenetik dena joan zen malkarrean behera, kontrolik gabe, haizeak ufaka noraezean darabilen belaontziaren pareko.

        Ama Birjina ateratzea ideia ona ote zen batek baino gehiagok pentsatu zuen bere baitarako. Ez ote zen kiskaliko eguzki zapa haren azpian?

        Trikitilariak eta txistulariak kalez kale zebiltzan. Kalamar errazioen usaina edonondik usain zitekeen. Izaro komentutik atera zenean hamarrak pasatxo edo izango ziren eta jada herriko behealdean zegoen saltsa nabari zitekeen. Mojak ere desiratzen zeuden kalera irteteko segizio faltsuan parte hartzeko prest baitzeuden. Eta mundu guztiaren ezusterako, santutegiko parrokoak originala ateratzeko erabakia hartu zuen azken momentuan. Zergatik? Auskalo. Baliteke pentsatu izana are larriagoa zela gisako erritua ikono faltsuekin egitea. Apaizaren buruan zer zegoen berak bakarrik zekien.

 

irati: Inoiz ez dugu jakingo hori, Izaro, baina zer axola du? Dena ondo irten zen.

izaro: Bai, baina ez naiz gehiago idazle horretaz fidatuko.

 

        Izaro frontoian elkartu zen Josurekin, beti egin ohi zuten moduan. Goizeko kafetxo bat eta eguneko plana hitzartzen zuten bien artean. Elkarrekin egongo ziren azken eguna zen hura, grabaketak egiteko azken eguna. Gauean itzulerako hegazkina hartu behar zuen. Garazi ere hurbildu zen Artziniegara azken agurra emateko Izarori eta dena ondo joan zela ziurtatzeko. Lan burokratikoak.

        Harrituta zegoen. Ez zuen espero herri osoa mobilizatzeko gai izango zirenik, batez ere Josuren proiektua zein zen kontuan izanda. Intimitate guztiek ihes egin zuten, ordea, herri hartan bizi izandako egoera surrealista guztiak tarteko. “Ama Birjinari eskerrak dena ondo amaitu da, ezta?”. Horrelakoak ohituragatik esateak, agian, zortea tenta dezake, eta baliteke fede gramo batzuk behar izatea gauzak ez daitezen okertu. Perspektibaren arabera beti ere. Batzuentzat gauzak zuzen joateko okertu egin behar baitute.

 

izaro: Miran duzu? Damu zara egindakoaz?

irati: Zergatik behar nuke horrela? Eskerrik asko aukera honegatik, Izaro. Bultzadatxo hau behar nuen.

izaro: Badakizu orain kriminal bat izan zaitezkeela, ezta?

irati: Zuk bezala nortasun berri bat asmatu behar nuke, ez duzu uste?

 

        Hefestogana joan ziren sutegira. Goizean goizetik jada suaren beroan zegoen, eta, egia esan, su goriaren ondoan hobekiago egon zitekeen kanpoan baino. Koroaren erreplika egiteko hainbeste lan hartu eta gero maldizioka zebilen apaizari egingo zizkionak eta ez zizkionak esaka. Han bere ondoan zuen utzia bisitariek ikus zezaten zer egiteko gai zen. Izarok eskuetan hartu eta sekulako lana zela aitortu zion.

        —Nik ordainduko dizut. Hemengo oroigarri moduan. Originala hobea izango zen, baina kopia honekin konforma gaitezke.

        Hefestok ez zion halakorik sinesten, baina birritan esan ostean erosiko ziola, irribarre egin eta bere funtzioan jarraitu zuen. Orduan iritsi zen sutegira Mikel bera erdi mozorrotuta Erdi Aroko nekazari jopuaren pare. Harrituta begiratu zien biei, ea zergatik ez ziren mozorrotu galdezka.

        —Arteako landan egindako bazkarian, egia —hasi zen Josu gauzak gogoratzen—. Sentitzen dut, Mikel, baina ez naiz gogoratu ere egin horretaz. Halere, ni ez naiz mozorrotzekoa eta ez daukat mozorrorik, beraz zaila ikusten dut hori.

        —Etxean badut ihauterietan erabilitako bufoiarena. Balioko dizu. Eta zu, Izaro?

        Mojei habitoa uzteko eskatu zien, eta dena prest zuen. Ez zitzaion oso egokia iruditzen goizean goizetik horrekin ateratzea.

        —Faborez. Goazen oraintxe bertan.

 

irati: Benetan kuriosoa izan zen zu mojaz jantzita ikustea.

izaro: Eta Josu bufoiz?

irati: Ez zegoen rol hoberik berarentzat.

izaro: Inspektorearen galdeketak erantzuten ibiliko da orain seguruenik. Bakeak alferrik egin zituzten. Lastima pixka bat sentitu behar nukeen beragatik?

irati: Hori ez doa zurekin.

 

        Goiko plazatik behera jopua, moja eta bufoia. Aldaparen oinean Kirmen bera mugikorrarekin argazkia ateratzen hirurei. Irudia nola erregistratuta geratu zen ikusi eta gero, hura barre lehertzea. Mikelek eskerrak eman zizkion Erdi Aroko azokan laguntzeagatik, eta harrituta zegoela segizioaren kontuarekin. Jende gehiago hurbildu zenaren susmoa zeukan.

        —Kontua da nola saltzen den. Pelikula bat grabatuko zela esan genuen eta ikusten dutenean grabatuko duen kamera bakarra hori dela, denek alde egingo dute.

        —Besteak gordeta daudela esan dezakegu.

        Hamabietarako zegoen hitzordua jarria eta puntu-puntuan atera zuten Igokundeko Ama Birjinaren elizatik irudia. Jendez inguratuta eta parrokoa aurretik bedeinkapena eginez, santutegirainoko segizioari hasiera eman zioten. Josuk gertutik jarraitzen zuen Izaro, zeinak adi-adi begiratzen baitzion eskulturari. Egia zen eguzki argitan santutegiko sotoan ez zuen distira zuela eta errainuak zabaltzearen ilusioa sortzen. Pauso motelean goraino igo ziren gutxienetako batzuk izan ziren, baina antzezpen haren antolatzaileak izanda, zer gutxiago?

        Apaizak berriro ere giltzapean gorde zuen koroa.

        —Gustura geratuko zineten orain, ezta? Jada grabatu dituzue grabatu beharrekoak!

        Haserre samar zirudien.

        Irati santutegi alboko aparkalekuan zegoen esperoan Erdi Aroko jantziarekin. Honi ez zitzaion batere inporta segizioa galdu izana.

        Kalean muntatuta zegoen azokan gora eta behera ibili ziren gero. Bazkaria postuetako mokadu ugarik osatu zuten, batik bat gozoak. Eta belargilearengana ailegatuta, Kirmenek zirraraz bere ezagutza erakutsi nahi izan zien hiru gazteei. Belarren maniako bat zela esan zitekeen. Horien artean oso ohikoa ez zen estimulagarri bat zegoen, “barne piztia esnatzen duten horietakoa”, zioen, eta bakarrizketa pedanteegia bilakatzear zegoenean,Garaziren boza aditu zen inguruan.

        —Gaur da azken eguna zuen zerbitzari leiala izango naizena, beraz, eskatu nahi duzuena.

        —Aprobetxatu orain bufoia. Eraman ezazu denok dakigun toki horretara.

 

irati: Lehen musuak eman ohi diren begira-lekuan ez nuen halako proposamenik inoiz imajinatuko.

izaro: Eta halere, baiezkoa erantzun.

irati: Bizi osorako abentura zirraragarria zin egin zenidan.

izaro: Zoroangarria, baten batek esango lukeen moduan.

 

        Zoroangarria benetan arratsaldea izan zen. Jan edanak dakarrena, eta azken egunean ere ospatu behar. Josuk amaitutzat eman zuenean grabatu beharreko guztia, bazirudien mundua amaitu zela. Izarorekin harremana ondo bukatzeko ere, aurreko parrandan egindakoa ez errepikatzen saiatu zen, baina alferrik. Garazirekin ere saiatu zenaren susmoak ditu oroitzapen lausoetan. Kontrolik gabe edateak duena.

        Eta dena itxi zutenean, kantinara igo ziren artziniegarren gisara, hau da, autoan. Gidatzen Kirmen zegoen, bere ondoan Izaro. Atzean Garazi, Josu eta Irati.

        —Aizu Irati, esan duzu anime eta gauza frikiak gustatzen zaizkizula, ezta? Akaso kanta hau ezagutuko duzu.

        Kostata, baina lortu zuen gidatu bitartean mugikorretik abestia jartzea. Haizezko instrumentuak, funk musika in crescendo garrasi bat eskatzeraino, eta Iratik eman zion:

        —Lupin the third!

        Hiru gazteen atzean lotan zegoen zakurra zaunkaka hasi zen bat-batean. Hiruek sekulako jauzia egin zuen Kirmeni gidatzea zailduz. Hau ere edanda, frenatu beharrean zuzen-zuzen santutegiko sotoaren aurka jo zuten.

        Kantinan festan zeudenak harri eta zur geratu ziren. Baten bati bururatu zitzaion 112ra deitzea. Azaldu zen halako batean helikopteroa eta autoaren eskuinaldeko bi neskak eraman zituzten okerren zeudela iritzita.

 

izaro: Eta orain hemen gaude funtzioa amaituta.

irati: Lan ona egin nuen segurtasun neurri guztiak baliogabetzen, ezta?

izaro: Bai, eta oraindik Hefesori bere zatia ordaindu behar diot. Bestela, kontrata nezake hurrengo lapurretarako. Seguruenik ohartuko ziren han geratutakoa kopia dela eta hau dela benetakoa.

irati: Esan zenidan Kexaakoak baino azkarragoa zela, ezta?

izaro: Baina ez Printzesa hau bezain azkarra.

 

        Banderizo eta bandoleroena izandako lur hark akaso ez zuen inoiz espero izan Izaro bezalako baten etorrera. Edo agian bai, batez ere bigarrengoen bandokoa baitzen.