7
Pertsona bat hilda topatu zuen poliziak. Gorputzak erabat desitxuratua zirudien, eta ez zeukan beste pertsona batek hildakoaren itxurarik. Basurdeen mendekuaz ziharduten zurrumurruak hasi ziren zabaltzen herrian. Haurrei kanpamentu eta udalekuetan kontatu ohi zaizkien beldurrezko istorio horietakoen antza zuen: mendira joan ziren mendizale batzuk galdu, basurdeek eraso eta haien haragiarekin elikatu ostean, haragi gehiagoren bila jaitsiko ziren menditik. Artziniega setiatua egongo zen ehundaka basurdez eta herritar guztiek adi-adi ibili beharko zuten, batik bat landaguneetan, basapiztia haien erasorik jasan nahi ez bazuten.
Alkatea batzar orokorra deitzera behartua egon zen, beti ere Ertzaintzak begirik kendu gabe. Ehiztariak aspalditik esan eta esan zebiltzan basurdeak kontrolik gabe ugaritzen ari zirela. Eta denak eskuetatik ihes egin zuenean, alferrikakoa zen negarrez hastea. Txostenaren arabera, Burgosen zegoen arazoaren muina. Horrek jurisdikzio arazoa zekarren, Artziniegak ezin baitzuen ezer egin bere lurretatik kanpo. Hori dena herritarrei azaldu behar zien, zeinak geroz eta urduriago baitzeuden basurde markak herritik oso hurbil azaltzen hasi zirenean.
—Batzar horretara joan behar dugu, Josu.
Basurdeen kontuak benetako zirrara eragin ziola zirudien. Mexikon ez da basurderik izango, agian? Josuri bost zitzaion. Tira, bost baino, ez zen lehentasunezkoa. Bilboko apartamentuan bere burutazioak eta fantasiak besterik ez zituen ahoan afaltzeko eta gosaltzeko uneetan. Izaro biluzik ikusi zuenetik bien artean zerbait zegoela sinetsita zen mutila. Iratik, baina, hori ez zela horrela errepikatzen zion. Behin eta berriro eta berriz, eta halere, ez zuen konbentzitzea lortzen. Bera han egonagatik ere, eta Irati berak ere bainua hartu bazuen ere, Josuren burmuinak erakarpen eta amodio kontuak besterik ez zituen irudikatzen.
Geroz eta goragotik hegan eginda, kolpea handiagoa dela ohartarazi zion Iratik. Gomendioak entzuteko izan ohi dira, baina zakarretan bukatu ohi duten zirriborroen moduan pilatzen joan ziren Iratirenarekin ere, eta hiruzpalau egunez tematu ondoren, erorketa osteko kolpearekin amesten zuen neskak. Ihes moduko zerbait zen hartan pentsatzea, Mikelekin zuen harremanak geroz eta pitzadura gehiago azaltzen baitzituen. Tira, lehen goroldioak eta orbelak estaltzen zituenak ziren, baina nazkatu zen egunerokotasunaren gurpilean erronka berririk gabe egoteaz. Ohikoa ez zen pizza eskatzea gerra deklarazioa izan zen.
Josu berandu zebilela erabat ahaztu zuten eztabaidaren baitan. Herri batzak luze iraun zuen.
Frontoia lepo bete zen. Udaletxeko pleno aretoan ez ziren han bildutako herritar guztiak sartzen, eta ertzainek operazio logistikoak kudeatzeko gune moduan izendatu zuten sudurraren puntan ipini zitzaielako. Etxahun inspektorea zen burua, noir pelikuletako detektibeen pare tabako eta whiski irensle porrokatua. Halere, Gasteizek ez zuen ez New Yorken edo Parisen glamourrik, eta bere talentua trafiko ezbehar eta gaizkile txikietan agortzen zuen era txarrean.
—Akaso Laudioko buruak ezin du basurdeenarekin eta kapitaleko norbait ekarri behar dute ordena ezartzera?
Halako ironiaz hitz egin zuen ehiztarietako batek, arazoaren gakoa basurde horiek guztiak tiroz akabatzea zela aspalditik pentsatuta.
Etxahuni askorik ez zitzaion axola bertakoek zer zeukaten esateko eta zer ez. Urte luzez ibilia zen lanean Ertzaintzan, eta behingoagatik geratzen zitzaizkion urte apurrak ahal bezain lasaien pasa eta erretiroa hartzeaz pentsatzen zegoen. Zuri-beltzeko detektibe misteriotsu eta indartsuaren mozorroa aspaldidanik gorde zuen armairuan. Horregatik denak harrituta utzi zituen Artziniegako hilketaren kasua bere gain hartu zuenean. Egia da Laudioko ertzainburuarekin halako gertutasuna zuela. Beharbada lagunak ziren, edota iraganean pasadizo txarren batetik libratu zuelako halako zorrak izan zitzakeen. Frontoira iritsi eta herritar guztien atzean Izaro eta Josu begiztatu zituen. Neskari begira adi-adi geratu zela denbora luzez.
Soxogutikoak, Santa Kolomakoak eta Erretes Tudelakoak ziren gaiaz benetan arduratuta zeudenak, herri horietako lurrak baitziren Burgosekin mugakideak. Uxaldiak baimentzeko eskatzen zioten alkateari. Honek ez zuen horren gaineko eskumenik, Aldundiari idatzi beharko zioten horretarako, burokraziak iraungo zuen guztia kontuan hartuta.
—Alegia, tiro egitea baimentzen ez diguten bitartean, basurde zikin horiek gurea den guztia izorra dezaketela. Oso ondo.
—Utikan paperak eta txorakeriak! Hemen arazoak di-da konpondu behar dira, eta basurde horiek begi artean tiro bat behar badute, ba tiro bat kopeta erdian. Ez da hain zaila.
—Konturatzen zarete pertsona bat hil dela kontu honekin guztiarekin? —inspektoreak ordena eta zuhurtzia ekarri nahian bere ustean zeharo nahasten zebilen eztabaidari.
Egia da jendea ahaztu zela hildakoaren kontuarekin. Ez herrian ez inguruetan ez zuten tipo haren berri, eta gorputegiko hobi batean amaitu zuen behin autopsia praktikatu eta gero. Albistegietan gaiaren inguruko jarraipen berezirik ere ez zuten egin, eta sarean berri eferbeszente horietako bat besterik ez zen izan.
Basurdeen urratsak eta zioak jarraituko zituztela onartu zen nahiz eta ez oso gogo onarekin. Tabernetan jarraitu zuen batzarrak ohi zen bezala eta bi gazteak agurtzekotan zirenean, Josuk martxa egin nahi baitzuen Bilbo aldera, Etxahun inspektorea gerturatu zitzaien. Izarori zuzendu zitzaion. Bazuen bere berri, Mexikotik etorritako neskatxa bat bere jatorriak ezagutzeko asmotan. Eta haren alboan kamera andere-txakurra. Non bat, han bestea.
—Sentitzen dut, baina hemendik aurrera ezingo zarete orain artean bezain aske ibili. Zuen hobe beharragatik da. Espero dut ulertuko duzuela.
—Noski, inspektore jauna. —erantzun zion Izarok—. Eta edozertan laguntza beharko bazenute, hemen izango gara prest.
—Estimatua dago.
Behin poliziak alde egindakoan, Josu xuxurlan hurreratu zitzaion Izarori, ea benetan lagundu behar ote zien euren lana egiten. Urrutitik nabari zitzaion mutilari ez zeukala horretarako interes handirik. Kotxerako bidea hartzekotan zenean, ea egun batzuk-edo Bilbon pasa nahi zituen galdegin zion, han ezer askorik ezingo zutela egin eta Iratiri eta Mikeli axola ez bazitzaien, aukera bat izan zitekeela Bilbo bera ezagutzeko behin baino gehiagotan azaldu zuen moduan. Harremanetan egongo ziren.