Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia
Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia
Ugaitz Agirre Zapirain

ARTZINIEGA
aurkibidea

Aurkibidea

azala

I. La sιduction edo lehen inpresioak eragiten duen kitzikadura

—1—

—2—

—3—

—4—

—6—

II. Le fantτme edo ikusten dena eta benetan dena ilusioak elkartzen dituenean

—7—

—8—

—9—

—10—

—11—

—12—

III. La tromperie edo albo kalteen beharrezkotasunaren apologia

—13—

Aurkibidea

azala

I. La sιduction edo lehen inpresioak eragiten duen kitzikadura

—1—

—2—

—3—

—4—

—6—

II. Le fantτme edo ikusten dena eta benetan dena ilusioak elkartzen dituenean

—7—

—8—

—9—

—10—

—11—

—12—

III. La tromperie edo albo kalteen beharrezkotasunaren apologia

—13—

 

 

5

 

Arratsaldeko manifestazioan herritarren gehiengoa bildu zen, baita Aiaraldeko jendea ere. Inoiz ez zen hainbesteko jendetza bildu Artziniegan, ezta Burgoserako bidean Bilbotik doazen karabana segizioko lehenak matxuraren bat izan eta denek bidean gelditu behar izaten dutenean ere.

        Manifestazio horretan ezagutu zuen Iratik Izaro. Laudiokoa izanik, ezin zuen han egon gabe gelditu gertatua ikusi eta gero. Mikel bera laguna zuen, institututik elkar ezagutzen ziren. Eta ordutik harreman onean, haserrealdi eta min ematen duten egiak hamaika, baina lagun onak beti. Manifestazioan ikusitakoan, bere gainera bota zen maitasunez besarkatuz.

        —Zer moduz? Zerbait egin dizute zuri ere?

        —Ez. Oraingoz udalarekin zerikusia dugun guztiok libre gara, baina zaintzapean izango gaituztela, eta zerbait arraroa ikusten badute... Badakizu.

        —Ze jende nazkagarria. Baina denek dakite hemengo errudun bakarrak moteltzaile nazkagarri horiek direla.

        Manifestazioaren ostean istiluak izan ziren. Garbi zegoen. Giroa oso bero nabari zen hasiera-hasieratik eta poliziaren presentziak are itogarriagoa egiten zuen han egotea. Probokazioan ez erortzeko aholkuak bata bestearen atzetik egiten zituzten zentzudunek, baina ezer gutxirako balio izan zuten azkenean. Taberna batean giltzapetu ziren poliziaren karga hasitakoan Izaro, Irati eta Josu, Mikelen aginduz. Bazirudien udal polizial bilakatu zutela Artziniega eta ertzainburua egin alkate. Kexatzea legearen aurkako erasoa ote zen?

        Giroa baretu zenean garagardo bat hartzeko parada izan zuten laurek. Festa askorako ez zegoen, baina, herria. Bazirudien aurreko asteetakoak kolpez desagertu zirela leherketa batean bezala. Paradoxikoa.

        —Sentitzen dut —pizten zuen zigarroa Mikelek gogoz kontra edo—. Ez nuen horrelako estutasunean aurkituko ginenik espero. Ni nahiko zainduta izango naute, eta ez dut nahi orain zuen atzetik ere ibiltzen hastea.

        —Zer egin behar da? Toki interesgarriak erakutsi eta bertara lagundu? Hori nik egin dezaket.

        Ilusio berezia nabari zitzaien Iratiren begiei. Aukera paregabea ikusten zuen gida lanak egitea eguneroko errutinatik ateratzeko. Gainera Izaro gehiago ezagutzeko parada zeukan horrela, kameraren irudietatik kanpo, eta egiaztatu hura fikzioa ala errealitatea ote zen.

        —Niregatik arazorik ez —izan zen Izaroren erantzuna.

        Josuri ere berdin zitzaion eta Mikel pozarren geratu zen arazoari konponbidea emanda.

        Zorion argi izpi bat izan zen hura. Topa proposamena eta gomendioa: Erreteseko koba erakusteko.

        —Han kobazulo bat dago?

        —Bai, Irati, ez zara gogoratzen behin festetara igo ginela eta batzuk mozkortuta kobazuloaren bila hasi zirela? Hango okerrena da kotxean joan behar duzula eta mozkortuta bazaude... Harrigarria da oraingoz istripu larririk gertatu ez izana.

        —Eta zer dago koba horretan? —jakin-minez Josuk, desiratzen ea buruan bueltaka zuen erantzuna emango ote zion Mikelek.

        —Ba Paleolito edo Neolito edo litoren bateko aztarnak topatu zituzten han. Lehenengo artziniegarrak han zeudela alegia.

        Iktus bat eman ziola zirudien. Hura zen zirrara, hura emozioa, hura adrenalina purrusta. Biharamun goizean hara joateko espedizioa antolatzen hasi zen. Bilbotik noiz irten beharko zuten hara iristeko, gero Izaro jaso eta herri hartara igo, ingurua ikusi eta filmaketa labur batzuk egin. Bai, bai. Bere buruan dena zen txundigarria eta erraza. Baina kontuan hartu ez zuena bere oinetakoen aukeraketa izan zen. Zenbatetan joan ote zen hankaz gora aldapa hartan?

        Egun petrala eta bustia zen. Arratsalderako giro argia iragartzen bazuten ere, goizak ez zuen argi izpi ziztrin bat ere eskaini. Ezta guaiaren plantak egiteko ere. Grabazioak ilunegiak zirela kexu zen Josu, eta Izaro kobatik irteten zenean ez zitzaiola ikusten guztiz kanpoan zegoen arte. Izarok bideoa erakusteko eskatu zion. Jada bere buruan halako gidoi baten eskema egina zuen, eta Josuk zer nahi zuen eta zer ez nahiko garbi imajina zezakeen. Irteerak huts egiten zuen. Lehen begiratutik zeukan garbi. Egun ilun eta motelak filmaren lehen erdian egon behar ziren, egun eguzkitsu eta goxoak bigarrengoan; eta bien artean kobako eszena, katarsi momentua bailitzan. Oinatzetan atzera egin eta gero, behin guztiaren iturburua ikusita, mundua beste era batera ikus zezakeen Izarok.

        —Benetan hori pentsatzen duzu, Izaro? —galdegin zion Iratik plantak egiten ari ote zen jakin nahian.

        —Ez duzu uste mundu ikuskera interesgarria ez denik, Irati? Ulertzen dut Josuk zer esan nahi duen, eta niri, egiari zor, gutxi asko axola dit nola erakutsi nahi duen egiten nabilen bidaia hau nire euskal jatorrietara. Besterik gabe, ni egungo pertsona bat naiz, zu bezalakoa, eta nire lanean ahal bezain ondo jardutea gustatzen zait.

        —Aktorea zara?

        Egia esan, telenobela mexikar bateko protagonista izateko itxura guztia zeukan Izarok. Agian gaiztoaren rolean hobeto. Bai, aitaren negozioa oinordekotzan jaso duen mutil gazte eder eta ez jakinaren amorantea, baina atzetik bere plan maltzurra osatzen doana negozioaren jabe egiteko.

        —Hori da hori imajinazioa duzuna, Irati! —umoretsu.

        —Serie zalea naiz eta telenobela mexikar horietako zenbait osorik ikusi nituen bere garaian.

        —Badirudi zertxobait argitzen ari dela. Aprobetxa dezagun!

        Kobazuloan sarrarazi zuen berriro ere Izaro. Izpi batzuk bakarrik izan ziren, baina hain eszeptiko zebilen Iratiri ere efektu hura gustatu zitzaion, nahiz eta hitzez ez zuen halakorik onartu. “Hau ona da!”, oihuka Josu inguru guztiak entzuteko moduan. Izaro ikustera hurbildu zen, eta Iratik ere, disimuluan, sorbalda gainetik begiratzen zuen.

        Herrira jaitsi zirenean zerbait bazkaltzeko aitzakian, Izarok komentuan beste birentzat presta zezaketen galdetuko zuela aipatu zien. Gosez ez zirela geratuko zin egin eta ama nagusiari hots egin zion. Arazorik ez zela egongo, baina denbora pixka bat gehiago emateko eta ordu biak aldera azal zitezela. Denbora egiteko garagardo bana eskatu zuten.

        Josuk parean zuen eraikineko hormako armarrian iltzatuta zituen begiak. Harrituta zegoen zenbat armarri zeuden ikusita eta bere imajinazioan historiaren istorioak artikulatzen zituen. Norbait izan ziren noizbait. Jaun noble burujabeak, euren lurrak justiziaz gobernatzen zituztenak atzerriko tirania maltzurretatik babestuz. Eta, beharrezko baldin bazen, baita bizia eman ere.

        Sumatu zuenean bi nesken elkarrizketa hutsalkerian agortu zela, kamera geldiarazi zuen hark ez zuelakoan bideoaren benetako esentzia asetzen. Kargu hartu zion Izarok erabaki haren motiboak eskatuz. Modernoak ez zuela tokirik zinta hartan erantzun zion, milaka urtetako mistikarekin herren egiten zuen eta nahi eta ezinean bilakatzen zen. Iragan urruneko mistika, iragan gertuko epika heroikoa eta egungo hutsalkeria gordina. Hori zen euskal zeraren kondena totala.

        —Atzo zenioen harrien negarra hobeto ulertzen dut gaur.

        Erdi Aroko dorretxeetan artikulatzen ziren guden erromantizismorik ez zuen Iratiren informatikari lanak, ez eta Xabierrekin zeukan harremanean geroz eta nabarmenagoak ziren pitzadurek ere. Halako enpatia gabezia tarteko, bi neskak kexatu zitzaizkion aldi berean. Bien artean sortzen zebilen konplizitatea gogaikarri bihurtu zitzaion Josuri, batez ere Iratik bereak eta bi esateko baliatu baitzuen aukera.

        Lehenik eta behin, euskal periferian aurkitzen zela, eta gipuzkoar euskalzentrismo eta handiustekeriak lekuz kanpo zeudela. Euskal kultura, historia eta ondarearen zama bizkar gainean eraman nahi zuen heroi homeriko bat zen, moderno nostalgiko baten aireetan hegaka, zeinak epizentroa handitu beste asmorik ez baitzuen periferia alboratuz. Euskal mito antzu baten atzetik zebilela leporatzea euskal munduaren kontrako erasotzat hartu zuen Josuk.

        —Zu Hernanikoa zara eta ni Aiarakoa, eta zuk ez didazu esango nolakoa izan behar dudan euskaldun bezala. Baina maitasun eta kariρo guztiarekin, e?

        Amorruaren azkura tarteko, kamera piztu eta leihoaren ondoan kokatu zuen hortik hirurak ondo enfokatuta egongo zirelakoan. Hori bai izan zela guztiz inprobisatua. Behin Josuk bere tokia hartuta, Izarori begiratu eta zera bota zion:

        —Zer uste duzu dela euskal kultura?

        Mexikarra erabat lur eta zur geratu zen galderarekin. Ulergarria zeharo. Hori ez zuen oztopo izan ahoa mutu mantentzeko, halere.

        —Ni kultura horren parte naiz, ezta? —galdezka ekin zion jardunari.

        Diaspora enegarren euskal probintzia gisa hartua zegoen aspalditik. Euskal jatorria izan zezakeen edonor ospearen eta sonaren aparretan altxatzen zenean, haren genealogiari hautsak segituan kenduko zizkioten batek baino gehiagok halako baserri edo auzotatik bizi hobearen bila alde egin zuena aurkitu arte.

        Izarorena tristeagoa zen. Ez zuen epikarik bere istorio genealogikoak. Umezurztegi bateko sagaren enegarren sasikumea izan zitekeen, eguneko ibiliaren gurpilean harrapatuta geratu ziren miserableen oinordekoa. Horrek eragiten zizkion buruhausteak hutsaren hurrengoak ziren, ordea. Genealogiak baliagarriak ziren Norbait zarela erakutsi nahi bazenu, Frantziako errege titulua eskatzeko adibidez. Bestela, beti zegoen koroa lapurtu eta norberak bere burua Frantziako errege izendatzeko aukera.

        —Tokian tokiko odolaren ezaugarriak mantentzen badira, demagun, ehuneko zenbatekoa izango litzateke nire euskalduntasuna? Ehuneko hogei? Hamar? Gutxiago igual? Seguru odol indigena gehiago dudala. Mestizoa finean. Eta halere, badirudi zure begietara Irati baino euskaldunagoa naizela.

        Iratik, dorretxez inguratuta bizi arren, aspalditik galduta zuen epikarako interesa. Eguneroko lanean, eguneroko keinuetan aldatzen ziren gauzak, eta ez istorio, legenda eta mitoei begira, liluratuta, ergel baten pare lerdea erortzen eta kitzikadura medio kanpaia astintzen. Jendaurrean manerak mantentzen zituen, baina konfiantzan erromantizismo kiratseko zabor hori guztia aurpegira botatzen zion bota behar zionari. Josuk, aldiz, ezin miresteari laga oinaztarren eta ganboatarren arteko gudak, Erdi Aroko epikak, Orreagako batailatik Amaiurkoraino.

        —Ba gustura ibiliko zara Artziniegako Erdiko Aroko azokan. Laster izan beharko du. Zergatik ez zara bufoiz jantzita ateratzen?

        Izarori begiak zabaldu zitzaizkion bi izarren gisara. Pelikuletan-eta ikusita zituen Erdi Aroko eta Errenazimentuan kokatutako merkatuak —gehienak yankienak, zeinek inoiz ez duten halakorik izan, baina bakoitza bere fantasiarekin—, eta benetan interesgarria iruditu zitzaion bertatik bertara horrelako ospakizuna ikustea.

        —Eta burdina lantzen duten errementariak ere egongo dira? Txundigarriak iruditzen zaizkit. Jada urteak dira, baina han Oaxacan bazegoen tipo bat eta sekulako irudiak egiten zituen burdina beroa landuz.

        —Ba ezaguna dut sutegian lanean egon ohi dena. Bilbon bizi dela esango nuke, baina kontaktu zenbakia badut eta hitz egingo dugu gauzak nola egiten dituen ikusi nahi baduzu, Izaro.

        —Bihotzez eskertuko nizuke —eta mugikorrean 14:12 ipintzen zuela ikusirik—: Igo gaitezen bazkaltzera, bestela hoztuko zaigu zopa edo pasta edo jarri digutena.