11
Ehiza zakurren zaunkek atmosfera osoa hartu zuten. Azken egunetako ezbeharrek presionatuta, basurdeen erasoak uste baino gehiago ugaritu baitziren, Aldundiak eraso haietatik babesteko neurriak hartu behar izan zituen. Ehiztariak bildu eta ehiza baimena eman zien basapiztien mehatxuari aurre egiteko.
Hasiera batean huskeria hutsa izango zelakoan, gehiegi luzatzen ari zen gerra bilakatu zen. Basurdeek geroz eta handiagoak ziruditen, zoraturik eta arrapaladan malkar pikoetan behera. Naturaren mendeku gosea ote zen pentsa zezakeen fusilarekin piztiei apuntatzen zienetako edonork. Baina Etxahun inspektoreak, enpresa haren guztiaren buru zenak eta ehiztari porrokatua bere denbora librean, halako txatxukeriak burutik ezabatzeko agintzen zien, ardo zahatoak erdi konfiskatzearekin batera.
Egoera surrealistago bihurtzen joan zen egunak pasa ahala. Basurde hilotzak plazan pilatzen zituzten batailaren kostua neurtzeko manera bezala. Jendea eskandalizatuta zegoen. Talde ekologistetakoek hura genozidio moduan bataiatu zuten. Tabernetan ere herritarren arteko eztabaidak ugariak ziren, ea zilegi zen hamarnaka, ehundaka basurde akabatzea, gau eta egun tiroka jardutea. Gurasoek haurrak urruntzen zituzten frontoi ingurutik. Gorpuak hiltegira eramaten zituzten brigadakoek. Tartetxo hura aprobetxatzen zuten odol lehorra garbitzeko.
Oka egiten amaituko zuen Josuk basurde hilen pila ikusitakoan ehiza zakurren presentzia autoritarioak goraka zetorrena geratu ez bazuen izuaren izuz.
—Ez nuen zakurrei halako beldurra zien inor ezagutzen. Nireari autoan ibiltzea gustatzen zaio, baina lasai, beti lo egoten da. Soilik hitz batekin hasten da zaunkaka.
—A bai? —Izarok—. Eta jakin badaiteke, zein da hitz hori?
—Lupin.
Kirmenen autora hurbildu ziren hiruak. Badaezpada kaletik ez ibiltzeko aholkua eman zuen udal kontzejuak, eta ez ateratzea oinez herritik kanpora. Kilometro eskaseko tartea egongo zen landako gunera, baina gomendioak jarraitzea egokiena zenez, auto beltzean igo ziren guardian zegoen batek nora zihoazen galdekatu eta gero.
—Ez duzu uste pasatzen ari direla kontu honekin?
Izarok uste zuen Krimen idazle transgresorea izango zela, autoritatearen aurka bereak eta bi esateko dotorezia zuela bere idazlanetan, eta Artziniegan gertatzen ari zen anabasa surreala paranoia kolektiboaren emaitza zela: munstroak ikustea nonahi.
—Panikoak gainezka egin du eta orduan zerk funtzionatzen du? Ba indarkeria basatienak. Horrela izan da beti. Baina axola dutenak ez dira horiek, baizik eta anabasa aprobetxatzen dutenak.
Errepideari alai begiratzen zion.
Josuk elkarrizketa grabatzen zuen atzetik. Zurrun-zurrun zegoen Kirmenen zakurra bere atzean ikusi zuenetik. Gaitz erdi, lo baitzegoen. Tentsio hura ahazteko kamera berria probatzea aitzakia aproposa zen. Gizajoaren zoritxarrerako, ez zuen oso atsegin kamera berriaren irudia, baina Garazik ulertu beharko zituen estetika aldaketa haren arrazoiak.
—Zer gertatzen zaizu, motel?
—Ez da nik nahi nuena. Orain beste dokumental bat gehiago izango da.
Kopetilun, animorik gabe, makurka zebilen kamera puskatu zitzaiola jakin zuenetik. Errepidetik atera, errekara jausi, bertan harrapatuta geratu, hantxe akabatu zitekeen; berari bost zitzaiola zirudien, ordea, bere bizitzarekiko estimu txikiena ere ez baitzuen azaltzen.
Santutegiko altxorrek ez istorio zaharrek ez zuten bere ilusioa piztea lortzen.
—Fantasiazko nobela baterako adina informazio dago hemen —apaizarekin erdi brometan zioen Kirmenek.
Diotenez, milurteko erdiko artearen pean egin ohi zituzten batzak eta zinak, eta haren aurretik, eremu haietan agertu ohi zen ur putzuaren bueltan. Felipe II.a Espainiakoaren armarriak santutegiaren atarian zeuden eta haren aita zenak, alegia, Karlos I.ak, txokolate katilua hartu omen zuen mojen komentuan. Jainkoak ere egin omen zuen bererik, Aiarako jaunari aurpegira trufa eginez. Santutegia Aiarako lurretan egin nahi baitzuen, baina Jainkoari ez gustatzen ideia eta gauero, obra materiala Aiaratik Artziniegara pasatzen ei zen. Harpa joleren baten pitokeria edo erregimen feudalaren aurkariren bat. Auskalo, errudunak ez ziren inoiz agertu. Goizez materiala berriro ere Aiarara lekualdatzeko eskatu zuenean Aiarako jaunak, uso zuri batek zirina egin zion burutik behera eta hura Ahalguztidunaren esana zela aintzakotzat hartuta, egungo tokian eraikitzeko agindua eman zuen.
Altxorrik preziatuena ondo gordeta zeukan, baina. Arteako Ama Birjinaren koroa zen hori, segurtasun neurri guztiak desaktibatu eta gero eskuratu zitekeena. Horretarako, parrokoak segurtasunaren kudeaketaz arduratzen zen enpresara deitu zuen, hiru bisitariei halako deskonfiantza keinua egin ostean.
—Guk badakigu zenbateko balioa duten gure altxorrek. Ez zaigu Kexaakoa gertatuko.
Jakin-minaren harra orroka hasi zitzaion Izarori, ohi bezala. Apaizari galdetu zion ea zer zen Kexaako kontu hori. Honek, deia erantzuten zioten bitartean, museo amerikar batek erosi zuen erretaula baliotsu bati buruz hitz egin zion. Apetatsu samarra iruditu zitzaion kristaua, bereari ondo heltzen ziona alajaina. Horregatik ez zion askoz gehiago galdetu kontuari buruz, bai baitzekien huskeria eskuratuko zuela teman tematuta. Haatik, Kirmenek argitu zizkion zalantza guztiak.
Urritasun garaiak ziren eta Kexaan ez zuten ezta limosnatik bizitzeko lain ere. Chicagon bazen arte ehiztari on bat Kexaako erretaularen balio historiko eta artistikoa aintzat hartzeko kapaz zena. Elizan inork ez zekien horri buruz eta bi errealengatik saldu zuten trukean ahora sartzeko zerbait eskuratzen baitzuten. Gerora ohartu ziren egindako hanka sartzeaz, behin ehiztariak bere krimena gauzatu ondorenean.
Erresuma Batuko erreginaren koroarekin alderatu ezin bazitekeen ere, bakoitzari berea, harribitxi eta zilarraren dirdirak edonor utz zezakeen txundituta. Josu bera bere letargiatik esnatu zela zirudien objektu preziatua filmatzeko desirak azaldu zituenean, baina apaiza, zeharo zorrotz, han ez kamera ez bestelako aparatu elektronikorik ezin zitekeela piztu agindu zuen aldareko tonuan. Behin eta berriz saiatu arren, horrek apaiza haserretzeko bakarrik balio izan zuen eta horregatik bisitariak ia handik botatzekotan egon zen Kirmenengatik izan ez balitz.
—Zeinen ederra litzatekeen eguzki argitan ikustea halako altxorra —amestu zuen Izarok.
—Duela gutxi atera genuen Ama Birjinaren eguneko segizioan.
Izarok Artziniegan lur hartu baino egun batzuk lehenago izan zen hori. Josuri segizio hura filmatu behar zuela sartu zitzaion kaskezurrean. Hurrengo urtean izan beharko zuela erantzutea ez zuen aski mutila konbentzitzeko.
—Eta zergatik Erdi Aroko azokan ez dugu simulatzen?
Kirmenen ideia ez zen apaizaren gustukoa izan. Erabateko heresia iruditzen zitzaion, ezin zitekeen onargarria izan. Apur bat eztabaida berotzen joan zen, eta garbi zegoen kristauak ez zuela bere iritzia aldatuko. Hala, Izarori burura etorri zitzaion apaiza eta liturgia kontuak aintzakotzat hartu gabe egin zezaketela segizioa aurrez esanda simulazio hutsa zela. Gainera, film batean agertuko zenaren aitzakian, seguru batek baino gehiagok parte hartu nahiko zutela.
—Nik ez dut hemengo materialik utziko! —haserre zioen apaizak.
—Moldatuko gara —aurpegiratu zion Izarok—. Mojak lagunak ditut eta seguru norbaitek etxean izango duela ama birjinarik.
Metaforikoki bada ere, ostikoka bota zituen bisitariak. Kirmen benetan umoretsu ageri zen, barrezka jaitsi zen herriraino, baina, aparkatu eta segizio hura nola egin zezaketen planeatzen hasi beharrean, herritik atera zen Bizkairako bidea hartuz. Ideia bat omen zuen, ezkutuan mantentzea egoki iritzi ziona.