4
Mojen komentua Artziniegako goialdean dago. Moja izan gabe ere sar daiteke bat, baldin eta limosna uzten badu bertako zerbitzuengatik. Izarok ez zuen ezer ordaindu beharrik izan, ordea. Horretarako zegoen Etxepareko langilea, Garazi. Izaroren egonaldiak iraungo zuen artean, bisitaren bat egitekoa omen zen gauzak nola zihoazen jakiteko eta beste, nahiz eta telefonozko harremana une orokoa izan. Dena ondo joatea nahi zuen, batez ere ekimenak sortu zituen kanpo kritikak zirela eta. Horregatik ezinbestekoa zen bisitariekin harreman ona mantentzea eta ia zerbitzari leial eta prestuaren rola betetzea. Batzuetan jasangaitza egiten zela aitortu behar, baina bakoitzak bereari begiratu ohi dio lehenengo eta Izarori ez zitzaion gehiegi ere axola. Behar zuen edozertarako prest zegoen, eta seguru, parranda baten erdian, goizeko ordu txikietan deitu izan balio auskalo nondik Artziniegara itzultzeko eskatuz, autoa hartu eta bertan aurkeztuko zela taxi-gidari lanak eginez.
—Erregina bat bezala tratatu naute. Bazkaltzeko eta afaltzeko hiru plater gehi postrea eta kafea. Gosaltzeko ere nahi adina. Ohea zeharo atsegina eta lehen solairu guztia niretzat utzi dute.
Apaindura eklesiastikoak ez zitzaizkion arraro egiten neskari. Mexikoko familia kristaua zen, eta ohe alboan gurutzea edo Jesukristoren irudia edukitzea haurtzarora salto egitea bezalakoa zen.
Hori entzundakoan, Josuri bonbilla piztu zitzaion. Galdetu zuen ea posible izango ote zen komentu barruan grabatzea. Mikelek zalantza handiak zituen horren inguruan, galdetu beharreko zerbait izango zela, baina ez izateko esperantza askorik.
—Eta bestela ezkutuan egin dezakegu.
Biek ala biek zalantza egin zuten, ez baitzekiten Izaroren hitzak benetakoak ziren ala txantxetan ari ote zen. Zigarroa hautsontziaren aurka lehertzearekin azken tragoa eman kafesneari eta altxatzeko keinua egin zuen Mikelek. Izarok jarraitu zion eta Josuk kamerarekin grabatu zituen bien mugimenduak.
Kalez kale, beti begiaren eta objektuaren arteko segurtasun distantzia mantenduz, Artziniegako txoko guztiak kamerak harrapatu arte. Halere, Josuri ikusten zuenak baino Izarorengan zuen eraginak axola zion. Horregatik, eliza atzeko begiratokira iritsi zirenean, eta bezperan ikusi zituen paisaia argitsuez gozatzeko aukerarik ezak eragindako desilusioa aurpegi keinu bakoitzean nabaritu zenean, pena sentitu zuen. Kamerari begira jarri, eta, bart iluntzean, afaldu eta gero emandako osteratxoan ikusitako guztia kontatzen zuen, lainoak paisaiaren lilura ezkutatu zuelakoan edo. Josu orgasmo bat izatekotan zegoen, zeharo erreala baitzen filmatzen ari zen guztia. Barne hotsa bera.
—Eta normalean hemen ematen dituzte lehen musuak herriko gaztetxoek —esanez bukatu zuen Mikelek.
Ez zuen horrelakorik espero Izarok, baina hasierako harridura zerbait komiko bihurtu zen puzzlearen piezak egoki kokatu zituenean. Diskrezioa. Hori eskatu ohi dute lehen musuek. Horrek ematen die magia hain baldarrak diren musuei. Pasa berri ziren festei erreferentzia eginez, maitasun istorio bat edo beste hasi zirenaren txutxu-mutxuak entzun zituen Mikelek.
—Niri printzesen istorioak gustatzen zaizkit, bazen-behin-urrutiko-lurralde-batean formularekin hasten direnak bereziki.
—Ba printze urdinik egon daiteke Artziniegan, Izaro.
—Auskalo. Nork uka dezake ez naizela Artziniegatik maitasun istorio baten oroigarriarekin itzultzen?
Isiltasuna egin zen. Soilik behien zintzarriak eta motozerraren zarata entzuten ziren. Bat-batean, barreari ezin eutsi zebiltzan.
Bezperako kafetegira iritsi ziren, herria norabide guztietan esploratu zuten. Atseden txiki bat bazkaltzera joan aurretik. Garagardo bana hartzen ari zirenean, baina, Ertzaintzaren hiru furgoi gelditu ziren udaletxearen aurrean, zeina Mikelek azaldu berri zien bezala, lehenik dantzalekua eta ondoren Guardia Zibilaren kuartela izan baitzen. Ertzainak armatuta sartu ziren eraikinean miaketa egiteko agindua erakusten ziolarik buruak hitz erdi bakarra ere esan ziezaiokeen edonori. Zirku haren guztiaren zuzendaria zen dudarik gabe.
Mikel bere atsedenetik zutitu eta lasterka joan zen udaletxera. Alferrik. Ez zioten sartzen utzi ere. Barruan, ertzainburuak akta, txosten eta gainerako dokumentu guztiak hankaz gora jartzeko agindua eman zuen. Alkatea bere bulegotik irten zen anabasa haren motiboak eskatuz, baina autoritateak paper judiziala aurpegiaren kontra itsatsi zion itotzeko moduan.
—Ikerketaren arabera, udal hau Gordexolan gertatutako atentatuaren konplize zuzena da. Zuen kolaborazio osoa eskatzen dugu dagoeneko kalabozoan dauden lau gaizkileak bezala amaitu nahi ez baduzue.
Alkatea eta lanean zebiltzan udal teknikariak zurezko mahai baten bueltan jarrarazi zituzten. Han zeuden bi poliziek begiz jota, mugimendu susmagarririk ezin egin. Teknikarietako batek, momentuko presioak eta nerbioak eraginda, nikotinaren tximinoa jauzika sentitu zuen gorputzean. Handik ezin zitekeela mugitu gogorarazi zioten eta bertan erretzen bazuen lege hauste larritzat hartuko zutela ekintza hura.
Adi begira zeuden bi kanpotarrak. Diskrezioz grabatzen zebilen, ez baitzuen nahi goiz hartako irudiek ertzain-etxe bateko sotoan amai zezaten.
—Hau ohikoa al da? —tonu naifean galdetu zion Izarok.
Josuri hain ezagun eta etxeko zitzaizkion Hernaniko irudiak zituen gogoan. Zenbat istilu, guda, gatazka, borrokatan hartu ote zuen parte? Begien aurrean bortxaren erabilera aldebakarrekoa zegoen, ordea, eta bere sumindura “rec” botoia martxan mantenduz gorpuzten zuen. Txio moduan igortzearekin metxa piztu zen, eta handik segituan hedatu euskal geografia osora.
—152 RT eta 289 atsegite!