Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia
Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia
Ugaitz Agirre Zapirain

ARTZINIEGA
aurkibidea

Aurkibidea

azala

I. La sιduction edo lehen inpresioak eragiten duen kitzikadura

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

II. Le fantτme edo ikusten dena eta benetan dena ilusioak elkartzen dituenean

—7—

—8—

—9—

—11—

—12—

III. La tromperie edo albo kalteen beharrezkotasunaren apologia

—13—

Aurkibidea

azala

I. La sιduction edo lehen inpresioak eragiten duen kitzikadura

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

II. Le fantτme edo ikusten dena eta benetan dena ilusioak elkartzen dituenean

—7—

—8—

—9—

—11—

—12—

III. La tromperie edo albo kalteen beharrezkotasunaren apologia

—13—

 

 

10

 

Astelehenean mendira joan ziren Izaro eta Josu. Komentuko leihotik ikusten zuen gailurra ezagutzeko gogoz zegoen, eta Artziniegatik nahi bezala mugitzeko baimenik ez izanda ere —basurdeengatik, noski—, Izarok kaiola hartatik atera nahi zuen. Josuk ez zion kontrakorik esan, nahiz eta mendia ez zen bere habitat naturala. Nahiago izaten zuen behetik tontorrak begiratu beheko lurrak tontorretik baino. Horregatik, Xabierren mendiko botak jantzita abiatu zenean Izaroren bizitasunaren atzetik, bere arnasestuak eta kamisetaren gaineko izerdi putzuak patetiko ikusten ziren. Bere imajinazioan aurkitzen zen konkista baterako urrats patetiko moduan. Inor ez da jabetzen bere patetismoaz norbera denean patetikoa, baina.

        Gailurra eskuratu izana kalbarioaren parte besterik ez zen izan Josurentzat. Izarok, ordea, ikuspegi hartatik mundua bere egiteko ahalmena izango zuela sinetsita zegoen. Inurriak, oinpean menderatuak edota bi hatzen musu artean. Halere, halako asmo zital eta jainkotiarretarako miradore egokiena jada okupatua zuen gizon gazteak. Ez zituen berrogeiak urruti izango, lehen ileak urdintzen hasiak zitzaizkion, eta agian horrek ematen zion aire misteriotsua, paisaiari miresmenez so egiten zion bitartean. Izarok ere tipoak bere gozamenerako hartua zuen espazioa dastatu nahi zuenez, gerturatu zitzaion Josuren ezintasunak behar zuen laguntza eskaini gabe.

        —Menderatuko bazenu dena, mugituko bazenitu antzezlan bateko txotxongilo legez, zeinen zorakeria gogoangarria litzatekeen.

        —Zorakeria gogoangarria?

        —Zoroangarria!

        Tipoa pitzatuta zegoela susmatu zuen eta albo batera uztea ideia ona izan zitekeen. Baina hark hizketan jarraitzeko asmoak zituen, eta lur haietan agindu zuten banderizo eta bandoleroen istorioak kontatzeari ekin zion inork halakorik eskatu gabe.

        —Zu ze bandotakoa zara? —galdegin zion Izarori.

        Paisaiari begira harrapatu zuen galderak. Ur trago bat edan eta iristear zen Josuri jaurti zion botila azken animo batzuk emanaz.

        —Irabazlearen bandoan beti.

        —O! —alde batetik harridura eraginda, eta bestetik damututa—. Hori bai bando aspergarria.

        Arnasari buelta oraindik eman ez ziola galdetu zion Izarori ea nor zen tipo xelebre hura. Galtzaileen bandoaren jarraitzailea zela izan zen neskaren erantzuna, eta aurrekoa baino barregarriagoa iruditu behar zitzaion, irriz hasi baitzen entzun ahala. Zorrotik libreta atera eta zerbait apuntatu zuen “ahaztu baino lehen” esatearekin batera. Gero, bere tokitik mugitu zen han eser zedin Izaro, hala gozatzeko Artziniega eta inguru guztiaz. Gaileta batzuk ere eskaini zizkien oso ondo prestatuta igo ez ziren bi gazteei.

        Hasierako inpresio arraro eta konfiantza gabekoaren ostean jakin izan zuten indianoen etxe horietako bat erosi zuen idazlea zela. Kirmen deitzen zen. Manhattan eta Bronxeko azkartasuna eta mugimendua arrotz, fikzio, mito zitzaienen ondoan hartu nahi zuen sauvignon beltza. Aitormen gisa esan zuela zirudien, han goitik Askatasunaren anderea izan zitekeela, baina ongi etorria errutinari egiten ziona aukera berriei baino. Eta barrez lehertzen zen berriz. Txiste bat ote zen dena berarentzat? Pentsa zezaketen halakorik beste bi gazteek.

        —Dokumental bat edo grabatzen zabiltzate, ezta? —litxarreria poltsa irensten hasita—. Entzun dut, bai, Artziniegako toki ezberdinetan ibili zarete halako istorio oteizatar modukoa eginez. Historiaurreko mistika eta horrelako kontuak. Ba hemen zaudetela aprobetxatuz, nik filmatuko nuke bat horrela, bi hatzekin herriari tamaina hartzen bazina bezala. Ez zaizue ona iruditzen? Eta horrekin lotuta, egon zarete Santxotenaren museoan? Nola ezetz? Horra joan behar duzue! Ezta etnografia museora eta sakrora? Mesedez. Ze film klase duzue zuek buruan? Bihar egingo dizuet bisita gidatu duin bat.

        —Estimatzen da, Kirmen, baina ez genuke enbarazurik egin nahi. Zure oporrez goza ezazu lasai.

        Alferrikakoak izan ziren esan guztiak, eta goizeko bederatziak eta erdian frontoian egin zuten hitzordua. Josuk ez zuen oso begi onez ikusi kontu hura. Alde batetik, normala zen. Bere ideiak hankaz gora jarriko zituen ahobero batekin topo egin zutela sinetsita zegoen. Izarok, ordea, misterioari oihala kendu nahi zion, argitara eraman erakarpen haren arrazoiak. Eta beraz, Josuk bazuen beste motibo bat zuhurtziaz hurreratzeko Kirmenengana: akaso izan al zitekeen beste maitasun arerio bat?

        Irudi gutxi eskuratu eta pentsamendu askotan galdu. Pentsamendu antzuak gehiengoa. Fantasiatik hurbilago zeudenak errealitate dastagarritik baino. Lastima zen. Halako dedukzio lan onak egiten zituen eszena egokienak eskuratzeko, eta gero halako ezgauza begien aurrekoa irakurtzeko.

        —Ei, Josu! Esnatu! Hor zaude? —kriskitin eginez begien aurrean—. Goizean mendira joan gara eta leher egina dago gizajoa.

        Ezin sinisturik entzundakoa, Mikel zeharo aztoratuta hasi zitzaien errietan. Basurdeen plagarekin, nori burura ote ziezaiokeen mendira joatea bezalako zorakeriarik? etbkoak ere agertzekoak omen ziren iluntzeko albistegietan zuzeneko emankizuna egiteko, eta kazetariek ezin zuten halakorik jakin. Haien jakin-mina, inozentziaren eta maleziaren arteko orekan, tranpa maltzurra bihur zitekeen esanen arabera.

        Kamera eta fokuak ikusiz gero, handik urruntzeko agindua eman zien.

        Garazi azaldu zen, ordea, Etxepare Institutuko kontaktua. Gertatzen ari zenaren berri izan orduko, autoa hartu eta Artziniegarako bidea hartu zuen. Institutuari falta zitzaiona zen ekimenak zekarren eztabaidari basapiztien eraso bat gehitzea, nori eta partaide bati.

        —Telefonoz dei zenezakeen.

        —Mesedez, Izaro. Ertzainburuarekin hitz egin dut, eta herrian gertatzen ari diren gorabehera guztiak kontatu dizkit. Aspertzeko tarterik ez duzula izan ematen du. Eta Josu, zuk dena ondo?

        Oraindik goizeko nekearen arrastoak gainean zituen. Kolaren kafeinak behin-behinean bakarrik zabaltzen zizkion begiak. Kaleko aztoramendua eta buila uraren murmurioa bezalakoa ziren, loaldi sakonera eramateko formulak. Izarok pare bat aldiz astindu zuen mutila, eta beste kola bat eskatu ere autoa hartu aurretik. Inork espero ez zuena izan zen behin autoa hartu eta handik gutxira auto istripua izan zuela. Ez zen bereziki larria izan, baina nahikoa helikopteroaren zarata inguru guztia zer gertatu zen galdezka jartzeko.

        Anbulantziak eraiki berriko moteltzaileak ezin zituenez gainditu mediku arrazoiak tarteko, hegan joan behar izaten zuten zauritu eta gaixoek ospitalera. Josurena ez zen ezer larria izan, baina istripuak eragin ziezazkiokeen lesioak eta beste aztertzea komenigarria zen. Buruko traumatismoak ez dira batere atseginak izaten, eta albo kalteak momentuan beharrean, epe ertain-luzera agertu daitezke. Badaezpadakoan, gaua Bilboko ospitalean pasa zuen helikopteroz egindako bidaiaren esperientziarekin.

        Mikelekin agertu zen Izaro biharamunean. Medikuak alta eman zion, froga guztiak ongi baitzeuden. Susto hutsean geratu zela esan beharko.

        —Autoa txatarrerako geratu zaizu, motel.

        —Esan nizun hobe zenuela komentuan nirekin geratu. Gero horrelako gauzak gertatzen dira, eta gaitz erdi ez den ezer okerragoa izan.

        Barru-barrutik kezkatuta zegoela sinetsita, irribarre pikaro batekin erantzun zion neskari. Baina orduan ohartu zen oharkabeaz: autoa txatarrerako bazegoen, kamera bera ere ez ote zen egoera berean aurkituko? Eta usteak erdia ustel izateko itxaropenez errezo fedegabeak bere baitarako esanez, Izaro izan zen berria eman ziona. Kolpea leundu nahian, bezperakoak ez ziren irudi guztiak ordenagailuan gordeta zituela erantzunez itxi zuen gaia. Bestela, Etxahun inspektoreari ere eska liezazkioke, emandako kopiaren kopia eginez.

        Benetako estimua zion kamera hari. Objektu batetiko lotura absurdo horietakoa. Londresen erosi zuen bigarren eskuko azokan jada deskatalogatutako altxorra. Garazik aseguruak kostuak bere gain hartzen zituela aipatu bazion ere, emozioak eta sentimenduak ekonomia monetariotik kanpo zeuden, eta burumakurrago ibili zen ondorengo egunetan.

        Izarok kamera berri bat ere oparitu zion, baina ez zen berdina. Artziniegako jendearekin bazkari bat egitea ere bururatu zitzaion neskari. Basurde ehizak benetako mehatxupean zeukan herria, eta animoak ez zeuden festarako. Josuk berak ere nahiago zuen herritik aparte mantendu, batez ere zakurrak nonahi topa zitezkeelako, eta atseden hartzeko aprobetxatu zituen pare bat egun. Gorobel gainean ezagututako tipoarekin zuten hitzorduari itsusi ez egiteko, ea atzera zezaketen galdetzeko eskatu zion Izarori, zeinak komentuko mojekin harremana estutzeko baliatu baitzuen.

        —Badakizu txikitan moja izatea pasa zitzaidala burutik?

        Bazkaria zerbitzatzen ari zitzaion mojak ez zituen Izarok baino urte askoz gehiago izango. Orokorrean han zeuden denak gazteak ziren, eta neskaren harridurarako, denak atzerritarrak. Filipinarrak, hain zuzen ere. Moja gaztea mexikarrak esandakoarekin harrituta eta liluratuta aldi berean, aulkia hartu eta berriketan hasi zen.

        —Eta zergatik ez zenuen hautua egin?

        —Ohartu nintzen elizetako artea gustatzen zitzaidala eta hori ikastea erabaki nuen. Eta zuk nolatan amaitu duzu hemen?

        Kontatu zion Japonian pasa zituela zenbait urte lanean. Gero Jainkoaren deia sentitu, eta ibili horrek eraman zuela Artziniegaraino. Zeharo gustura, alai ikusten zitzaion, eta Izarok jakin-minez, ea egun batez mojaren bizitza egin zezakeen galdetu zion. Beste behin ere harridura eta lilura, moja gaztearen aurpegian. Ama nagusiari galdetu beharreko gauza zela erantzutera mugatu zen, baina erantzuna segituan jasoko zuelakoan zegoen Izaro bera.

        Egongelan zegoen liburutegian topatu zuen biblia irakurtzen harrapatu zuen moja gazteak, komentutik egongela hartara ematen zuen atea zabaltzerakoan. Bere atzetik zekarren ama nagusia, zeina behin baino gehiagotan agertu zen jangelara hitz truke arinak izatera batik bat egonaldiaren berri izateko. Eta egongelan sartu zenean, Izarori galdetu zion egun batez moja izatearena serio galdegiten zuen.

        —Zatoz gurekin, beraz.