Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia
Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia
Ugaitz Agirre Zapirain

ARTZINIEGA
aurkibidea

Aurkibidea

azala

I. La sιduction edo lehen inpresioak eragiten duen kitzikadura

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

II. Le fantτme edo ikusten dena eta benetan dena ilusioak elkartzen dituenean

—7—

—8—

—9—

—10—

—11—

III. La tromperie edo albo kalteen beharrezkotasunaren apologia

—13—

Aurkibidea

azala

I. La sιduction edo lehen inpresioak eragiten duen kitzikadura

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

II. Le fantτme edo ikusten dena eta benetan dena ilusioak elkartzen dituenean

—7—

—8—

—9—

—10—

—11—

III. La tromperie edo albo kalteen beharrezkotasunaren apologia

—13—

 

 

12

 

Eguzki goxora irtendako sugandilak istant batean desagertzen ziren belar zinten artean, izuturik, beraientzako piztia erraldoi erruki gabekoak baikara. Fruta arbolen berdetasunari muga egiten zion zementuaren zurruntasunak naturaren eta zibilizazioaren artean zu-hor-eta-ni-hemen iradokiz.

        —Eta mugaren bi aldeetan daudenek berriro ere bat egin dezaten, artean bilatzen ditugu kohesioa eta erredentzioak.

        Idazle bat, zinemagile bat, arte aditu bat eta orain eskultore bi elkartuta, intelektualismo saturazio batez hitz egin zezakeen halako munduak arrotzegi zaizkion batek, zeinak kultura herrikoaren mainstreamean igeri eginda aski duen Netflixen modako azken telesaila ikusteko denbora bilatzen futbolarekin elkar uztartuz.

        Tailer-museoa zen hura. Atarian lanabesak elkarren artean lotuz egindako eskulturak zeuden, eta barruan egurraren usaina nabari zen. Xabier eta Teresa atera ziren barrutik. Ezaguna zuten Kirmen. Idazleak bere noizbehinkako, tantakako egonaldiak egiten zituenean Artziniegan, beti bazuen bisita bat erreserbatuta Santxotenan. Hura ere ez zen bestela izango, are gehiago hiru bisitariek zekarten ideia zoroangarria tarteko.

        —Segizioaren simulazioa?

        —Bai, baina materiala lortu behar dugu. Azkenean Izaro Mexikotik etorri zaigun euskal jatorriko neskatxa dugu eta sekulako ilusioa egiten dio Ama Birjinaren segizioa ikusteak. Halako bidaia eta gero, merezi du ba.

        —Eta hitz egin al duzue udalarekin?

        —Oraintxe nahiko lan dute basurdeen kontuarekin.

        Izarok mugikorra atera eta Mikeli deitu zion derrepentean. Zalantzak ahal bezain azkar uxatzea hoberena. Gainera, edozein laguntza edo beste behar bazuten, berarekin hitz egin zezatela esana zien. Ez zion arazorik jarri horretarako, eta gehitu zuen benetan kuriosoa izango zela Erdi Aroko azokan bertan segizio kristau bat egotea.

        —Elizan dauden pinturak bezain anakronikoa izango da hau ere —esanez amaitu zuen elkarrizketa Izarok. Gero parean zituenei zuzendu zitzaien—: Udaletxeak ez du arazorik jarriko horrelako ezer egiteko.

        Kontua zen Arteakoa bezalako ama birjina bat eta bere koroa egitea. Itxurak egiteko zen, beraz ez zuen guztiz zehatza izan behar. Xabier eta Teresa ama birjina egiteaz arduratuko zirela adostu zuten, baina koroarena konplikatuagoa izango zen. Metala lantzeko ezagun on bat zuten, eta agian berak egin zezakeen horrelako lanik. Bera zen etnografia museoak kontratatzen zuena Erdi Aroko azokan sutegiko langilearen rola betetzeko. Hefeso deitzen zioten.

        Ohartzerako herri guztia mobilizatuta zegoen. Ospatzeko, bere etxera gonbidatu zituen Kirmenek. Kontatu zien nola etxe hura indiano batena zen, ia bera bezalako bat, dirua Amerikan egin eta gero bere palazioa herrian egin zuena. Baina istorio edo legenda zaharrek ziotenaren arabera, jaun hura tenteldu eta tematu zen etxean lanean zeukan zerbitzari gaztearekin. Nahi zituenak eta bi egin zizkion, baita haurdun utzi ere. Halakorik ezin omen zen, eta goiko solairuan giltzapetu zuen jaunak, harik eta azkenean, neskatxak urkatzeko hautua egin arte. Ordutik palazioa sorginduta dagoela esaten dute mihi zaharrek.

        —Eta nik horregatik erosi nuen. Idazleak misterioa dagoen tokian behar du egon, eta bestela dena hankaz gora jarri, ez duzu uste, Josu? Zu zinemagilea zara eta ulertuko nauzu. Azken batean, segizioarekin egin berri duguna horixe da, herri guztia hankaz gora jarri.

        —Basurdeen kontu hori ez balitz egongo, denak lasaiago ginateke —kexu zen Izaro.

        —Nago azken eraso batzuk egongo direla eta amaituko dela. Ikusi dituzu zenbat akabatu dituzten dagoeneko? Ezinezkoa da hainbeste egotea inguru hauetan.

        Hori esan ahala, neska ohartu zen egongelako hormatik zintzilik basurde buru bat zuela. Akaso bera ere ehiztaria ote zen? Inongo momentutan ez zuen halakorik iradoki bere jokabideak, eta baliteke morbo hutsagatik edo probokazioaren probokazioz zeukala han jarrita. Deserosoa egin bazitzaion ere, ez begiratzea erabaki eta gaia zokoan uztea egoki zela iritzi zion, ez zeukanez ehiztarien jardunari, hiltzeari buruz jarduteko gogorik. Garagardoaren freskotasunean murgilduta, ea Kirmenen liburutegian kuxkuxea zezakeen itaundu zion. Honek “aurrera”, bere etxean balitz bezala. Fikzioari buruzko hainbat titulu topatu zituen, Maurice Leblanc eta Conan Doyle batik bat, baita Arretxe eta Borda ere. Saiakera mordoa —fauna, natura, fisika, kimika, filosofia... Bere liburuak apalategiaren goiko solairuan zeuden. Haren esanahia zein zatekeen gogoetatu gabe, hatzaren zio kaotikoan jarraitu zuen gora behera, orain ezker orain eskuin. Sofatik filmatzen zuen Josuk. Nekatu aurpegia nabaritu zion idazleak garagardo lata eskainitakoan.

        “Zer moduz zaude?” Susto hutsean gelditutako istripuak ez zion aztarna handirik utzi gorputzean. Handiena kamera apurtzea izan zen, eta bazirudien horri ere buelta ematen ari zitzaiola. Edo beharbada itxurakeria hutsa zen, eta barne-barnean sekulako nahigabea sentitzen zuen oraindik erlikia haren galeragatik. Hala ere, aurpegiko nekea zen nabari zitzaion bakarra.

        —Goizetik nabari zitzaizun akituta. Azken egunetan mugimendu gehiegi eta ohitu gabea agian.

        Halako zerbait izan zitekeen, egia baitzen Josuri gehiegi mugitzea ez zitzaiola gustatzen. Irakurketa patxadatsua, hitz trukeak Pasoliniren edota Truffauten zinema ikuskeraren inguruan, artearen funtzio sozialean ardaztutako eztabaidak; ariketa fisikoa agendatik kanpo geratzen zen sarri, eta garagardoarekiko zaletasuna tripotxean nabaritzen zitzaiola ere iradoki zion hura ukituz.

        Mutilari ez zitzaion asko gustatu keinu hura. Kirmenek segituan ulertu zuen, eta besaulkian botata garagardoari zurruta eman zion.

        —Super pelikula horretan ehizak agertu behar luke.

        Kirmenek hori esan eta gero inork gutxik espero zezakeen hori egiten amaituko zutela. Are gutxiago Josuk berak. Bilbora iritsi berritan, giroa inoiz baino hotzagoa zen bikotearen artean. Jada ez zuten elkarrekin lo egiten zenbait egunetatik, eta horregatik Josuk ahal bezain denbora gehien pasatzen zuen etxetik kanpo. Baina kontatu zienean ehiza filmatzera joan behar zutela biharamunean, txundituta geratu ziren. Josuk zakurrei zien panikoa ia patologikoa zen, eta ehiztari, fusil, tiro hots eta basurde zoroen artean erotuko zelakoan ziren.

        —Mononokeren istorioa dirudi han daramaten dramak.

        —Zure friki kontuek ez naute batere baretzen, badakizu, Irati?

        —Ba ez izan ergela eta ez zaitez horretara joan, hasiberria dirudizu.

        —Bere lana da, joan behar du.

        —Bere lana egin beharrean enbarazu besterik ez du egingo. Ikusiko duzu norbait zaurituta edo irteten bada hortik.

        Bikotearen arteko eztabaida geroz eta gehiago urrundu zen abiapuntutik eta Josu bera oharkabean desagertu zen bien artetik. Gau osoan lorik hartu ez bazuen, ez zen izan kalapitagatik, ordea. Eta Etxahun inspektorearen ondoan egokitu zenean, kameraren dardaraz edozein ohar zitekeen. Etxahunek berak, baina, arreta gehiago zuen Izarorengan jarrita. Musua gorrituta, begiak konplizitatez kliskatzen zizkion Josuri. Honek ez zuen poliziak nahi zuena ulertzen. Nahiko lan bazuen berearekin, eta fusila bizkarrean jarrita zuen inspektorea begi keinuak egiten egoteak are urduriago jartzen zuen.

        Izaro harrituta zebilen. Ez zen testosterona artean hango edozein gizasemek berak nahi zuena egingo zuela zekielako. Hori ondotxo zekien. Harridurak Kirmenengan zuen oinarria. Ez zeraman fusilik. Ez ote zen ehiztaria galdetzen zion bere buruari, bestela ez baitzuen arrazoi logikorik basurde burua bere egongelan egoteko. Misterio hura galdetzera hurbildu zen beragana.

        —Konturatu zara inspektorea begiratuak egiten dabilela?

        —Ez da lehenengo aldia agure lerdo batek begiratuak egiten dizkidana. Non dago zure fusila?

        —Zuzena zara benetan, Izaro.

        —Ez naiz horretaz ari. Basurde buru hori. Arrazoi batek egon behar du.

        —Animaliak gustuko ditut.

        —Animaliak gustuko dituen batek ez ditu trofeo moduan jartzen bere egongelan.

        —Arrazoi duzu, utziko lituzke basoan jauzika eta brinkoka zoroen moduan, ezta? Etxahun inspektorea! Badatozela nabari dut.

        Aurpegia segituan aldatu zuen poliziak. Belarria zorroztu eta zakurrak askatu zituzten. Josu ia hankaz gora joan zen orbel eta lur lehor artean. Garbi zegoen ez zuela balio pelikula kostunbrista bat egiteko. Baina han Otsatiko gain-gainean ez zuen nora joan handirik: ehiza amaitu arte han.

        Zakurrek ihes egin eta berehala zabaldu zen barea. Haizearen firuli-firula hotsa. Zeinen gezurtia den egoera bera: lasaitasuna dela esan eta jarri ohi gaitu inoiz baino urduriago. Eta bihotzaren erreboluzioak haluzinazioak eragiteko adina direnean errealitatea distortsionatua ikusteraino. Kamerak han gauza bat grabatuko zuen, baina begiek ez zioten halakorik. Lurraren dardara. Luizia. Hautsa harrotuta oxigeno partikulekin nahasian eta ez zen inoiz nahikoa gorputz asaldatuak baretzeko. Han zeuden hamaika ehiztariek izua sentitu zuten olatu zoroaren gisa hurreratzen zitzaizkien basapiztiei tiroka.

        Uneaz gozatzen ari zen bakarra Kirmen bera zela zirudien. Baina Izarok bere aurpegia ikusi zuenean, hori ez zen gozamen aurpegia, ez; hura errealitateak fikzio oro gainditzen duenean bati eragiten dion jokoz kanpo sentsazioaren adierazpen gordinena besterik ez zen.

        Horregatik, gerra irabazi duten soldaduen moduan jaitsi ziren Otsatitik, azken piztitzarrak maletategian pilatuta eta sartzen ez zirenak arrastaka zeramatzatela. Hura ospatzeko Arteako landan sekulako oturuntza eta festa antolatu zuten, handik egun gutxitara ikusi zutenean basurdeen presentzia ohikoa baino txikiagoa zela, eta gainera ez zebiltzala azken astean bezain oldarkor. Irati agertu zen, Xabier Bilbon geratu zen horretarako gogorik ez zuela iradoki eta gero. Uztekotan zirela onartu zion bazkari aurretik Izarori garagardo hotzak edaten ari zirela. Denbora egin behar zen parrilak prestatu bitartean. Eta zizka-mizka moduan ekarritako patata tortillak lagungarri onak ziren garagardoarentzat.

        Txikienek bi mokadu emanda nahikoa zuten eta kantinatik zetorren musikak hamaka bat iradokitzen zuen siesta eder bat botatzeko zuhaitzen gerizpean. Sekulako eguraldia baitzen, nahiz eta arratsalde iluntzerako ekaitza iragarri.

        Ehiztari kuadrillarekin zeuden Izaro eta Josu. Otsatiko gertaera eta gero izuak elkartu zituen denak. Kirmen ere agertu zen bertara Etxahun inspektorearekin. Hau gogo gabe zegoen, baina era batera edo bestera, lortu zuen konbentzitzea idazleak. Gazte kuadrilla zenbaiti ez zitzaien ahaztu moteltzaileekin gertatutakoa, eta justiziak atxilotuei ezarri zien ebazpena ulergaitza eta desproportzionatua zela argudiatzen zuten era txarrean. Poliziak eguna lasai pasa nahi zuen, eta ez zien kasurik egin.

        Eta alkohola burura igo ahala, bat baino gehiago Izaro eta Iratirekin ligatzen saiatu ziren, nahiz eta biek interes gutxi azaldu ehiztariengan. Batez ere Iratik. Izarok, noizbehinka, bere probetxurako erabiltzen zuen egoera, eta baita harpa jotzeko ere. Horregatik The Archies taldearen musika bozgorailuetan aditutakoan eta dantzatzeko eskatu zienean honey-honeyren erritmora, inor ez zen gerria mugitzera ausartu, eta barrezka hasi zen neska.

        —Gu dantzatzen...

        —Ilundutakoan asko jota...

        Neskatxo batzuk hurbildu ziren haiengana eta beraiek dantzatu nahi zutela esan zien. Lerdea ahotik zintzilik zutela geratu ziren denak.

        Josu, ohi bezala, filmatzen. Pentsatzen zuen dokumental hartako grabaketarik politenak momentu inprobisatuetan lortu zituela. Bere pentsamendua inspektoreak moztu zuen. Belarrira gerturatu eta pasa zizkion irudien inguruko aipamena egin zion. Orduan ulertu zuen mutilak bera hain urduri zegoen bitartean zergatik egiten zituen keinu haiek. Izaro bainatzen ikusi zuen.

        —Bakeak egin behar ditugu eta hartu trago bat nirekin. —arrazoia edozein izanda ere, ados bakean uzten bazuen.

        Josuk biharamunean begiak zabaldu zituen. Zeukan ajeaz ohartu aurretik ohartu zen komentuko ohean etzanda zegoela eta Izaro alboan.

        —Eskerrak Irati etorri zen. Gutxienean adiskide bat izan nuen inguruan.