6
Iragarpenek arrazoi zuten. Eguzkia hodeien artean zabaldu zen eta, bapo janda kafea hartzen ari zirela, hegoalderantz zegoen eliz dorre hartara joateko proposamena egin zuen Izarok.
—Soxora? Zer galdu zaizu bada han?
—Elizak ikusteko gogoa sartu zait, Irati, eta gainera oturuntza hau nolabait jaitsarazi beharko dugu. Paseo bat ez zaigu gaizki etorriko.
—Maps-en arabera lau kilometro eta erdi dira joana.
—Ba hori, ordubete eskas bat igotzen eta beste horrenbeste jaisten. Ez da horrenbesterako.
Toki batetik bestera ibiltzearenak leher eginda utzi zuen Josu bera. Aldapa piko egiten zenean kamera bera ere gordetzen zuen, arnasa lasaiago hartzeko. Atari batetik zakurrak zaunkaka hasi zirenean hura jauzia egin zuen mutilak, beste bien barrerako. Animaliak segurtasun distantzian atsegin zituen, eta nahiz eta hesiaren beste aldean egon, hain ziren zaunkak ozenak, ezen errepidearen beste bazterreraino igaro baitzen. Iratik abisatu zion. Han baserri eta etxalde guztietan zegoen zakurren bat, normala zen bezala, ohi zedila handik ibili nahi bazuen.
Soxon bertan oinak jarri zituztenean, lilurak ihes egin zion Izarori. Zerbait biziagoa espero zuen han, baina harri isilak besterik ez zituen aurkitu. Inguruan zeuden etxaldeetako abereen marruak soilik ezkila desolatuen oihartzunak gainditzen zituen. Hitz egiteak ere errespetua ematen zion. Ez zen murru haien atzean norbait egon zitekeelako eta axola beharko ez liezazkiokeen elkarrizketak bere zurrumurruen koadernoan apuntatuko zituelako. Lekuz kanpo egotearen sentsazioa zen hura. Horregatik, hango etxeei eta dorreari zenbait argazki atera ostean, buelta egiteko proposamena egin zuen Izarok.
—Honetara igo gara orduan? —kexu zen Josu.
—Esploratzeak hau du motel, ezin jakin ezagutzen ez duzun toki batean zer aurkituko duzun.
—Zuk jakin beharko zenuen ba, Irati. Hau ez al da zure udalerriaren parte?
Moskeatuta begiratu zion mutilari, honek kamera piztu eta zenbait irudi grabatzen zituenean. Elizako dorrea, zeina antzina jaun baten gotorleku izan baitzitekeen, eta inguratzen zuen paisaia berdea dokumentalari testuingurua emateko irudi paregabeak ziren. Iratiren sarkasmo hitzak ezabatuko zituen ordenagailu bidez.
—Badakizu, Josu? Txundituta utziko zaituen txoko bat ezagutzen dut.
—Uste duzu ezagutu beharrekoa izango dela?
—Ez daukat zalantzarik. Urtegi txiki bat da, guztiz ederra. Izarori ere gustatuko zaio.
Horrelakoetan Izaro berehala hasten zen mugimendua jartzen. Egunak bere osotasunean gozatzeko indarra nahikoa eta sobera zeukan antza. Berriz ere beherako bidean jarri ziren beraz, eta, bide erdian, ikusirik bazela bidexka bat urtegi hartara eramango zituena, handik aurrera. Errepidearen zurruntasuna albo batera utzi eta zuhaitz, harri eta lokatz artean abenturatu izanak esplorazio bidaia bateko kohortea zirela itxura ematen zuen. Aldapa pikoetan behera, Josuk ez zuen beste erremediorik izan nesken atzetik joatea baino.
—Pentsatzen nabil une hauetako ahotsak kendu eta musika garaikidea edo horrelako zerbait jartzea.
—Zure arnasestuak ezkutatzeko?
—Nahikoa lan dut ahal bezain ondo grabatu eta ez erortzearen artean.
—Begira Josu, behiak!
Erreka zulo bateraino iritsi ziren hainbat langa gainditu eta gero. Belaze berdean aurkitu zituzten behiak. Aitortu zion benetan liluragarria iruditzen zitzaiola animaliak etxetik hain gertu izatea. Bere Oaxacan ez zuen horrelako aukerarik. Natura miresteko artelan baten moduko zerbait bilakatu zela salatu zien beste biei. Naturatik geroz eta urrunago egoteak egin omen gaitu moderno eta ahazten zaizkigu gauzarik logikoenak, eguzkiaren argirik gabe izoztuko ginatekeela, adibidez. Horregatik, aurrerago zaldiak ikusi zituenean, eta haiek, kuriositatez edo auskalo zergatik hirukoarengana hurbildu zirenean, ezin izan zion motxilan zeraman ogi puska ahora ematearen tentazioari eutsi.
—Txikitan horrelako baten gainean trostan ibili nintzen. Egun ez dakit gai izango ote nintzatekeen.
Josuk gertu-gertutik grabatzen zion zaldiari jaten ematen ari zela. Zakur zaunkak, eta izua berriro. Inguruari begira hasi zen, baina ez zuen zuhaitz hostoen berdetasunaz haraindi ezer ikusten. Zakurrei beldurra ote zien galdetu zion Izarok jakin-minez.
—Gorroto ditut. Gainditu ez dudan txikitako trauma bat.
Barrez hasi zen Irati.
—Lasai. Baten bat agertzen bada, nik babestuko zaitut.
—Ez zaitez trufaka hasi. Ez da txantxetako gauza!
Benetan bere onetik ateratzen zuen kontua zen zakurrena. Ze euskaldun klase izan daiteke bat zakurrak gustatzen ez zaizkiona eta aldi berean artzaina euskal arimaren irudi eginena dela sinesten duena? Norberaren kontraesanak norberak eraman behar ditu, ordea. Zaunkak geroz eta gehiago eta hurbilago aditzen zirela ohartuta, urtegi hartara zenbat geratzen zen galdegin zuen. Iratik erantzun zion, erreka jarraitu behar zutela.
Iritsitakoan, Izarok ezin zituen begiak kliskatu eszenaren edertasunagatik. Hiru ur jauzi bereizitan bezala erortzen zen goiko ura beheko lakutxora. Guztia zuhaitzen hosto berdeek inguratzen zuten, eta eguzki izpiak lotsati moduan sartzen ziren barruraino, benetan argitasun berezia emanik inguruari. Josuk atseden hartzeko baliatu zuen, eta uraren melodia benetan erlaxagarria suertatu zitzaion halako eginkizunetarako. Ia lokartu ere egin zen ur harrien gainean eseritakoan.
Izarok oinetakoak kendu zituen behatz potoloaren puntarekin uraren tenperatura neurtzeko. Hasierako freskotasun zirrararen ostean, oin osoa sartu zuen barrura. Benetan atsegina zen.
—Zatozte.
Irati arrimatu zitzaion eta oinetakoak erantzita, lehenik oinak, gero belaunetaraino ia murgildu zen. Neskaren aurpegian halako zoriona ikusitakoan, arropa erantzi zuen. Iratik ezin ulertuta zertan zebilen, Izarok naturaltasunez osoz erantzun zion ura bainurako tenperatura egokian zegoela. Larrugorritan, ur freskoan murgil igerian. Bitartean, Josuk, zeharo lotsagorrituta eta kamera martxan, bainu hura filmatzen jarraitzen zuen. Eta hain zegoenez isilik, Irati ere hasi zen arropa eranzten. Kulerotan uretara jauzi egin zuen eta igerian Izarogana hurbildu.
—Esan dizut izugarri ona dagoela ura. Zu ere etor zaitez, Josu!
Orduan biratu zen Irati eta ohartu mutila eszena guztia grabatzen ari zela, baita bera ere.
—Ez zaizu otuko irudi horiek argitaratzea! Nire aurrean ezabatu beharko dituzu!
Josu harri eta zur zegoen, ez zen mugitu ere egin. Urtegiaren gainean hiru basurde ikaragarri ikusi zituen adi-adi berari begira.