Jeanne
Jeanne
Edorta Jimenez

UZTARITZE
 

 

XIII

 

Furgoia eta motorra aparkaturik genituen tokira iritsi ginen.

        Furgoiko atea zabaldurik, Kepari kaskoa eta poltsatzar biak hartzeko keinua egin nion.

        Poltsatzarrak lotu artean Taresak galde egin zion, artez eta zuzen.

Hau guztia, bide-orria, zure aginduetara, honaino etortzea bidaia, transkripzioa tantaka ematea, Kepa, beharrezkoa zen?

        Ba ez eta bai. Hieroglifikoak eskaintzen zigun aukera baliatu beharra neukan. Hirurok elkarrekin egon gintezen nahi nuen. Aspalditik. Guratiko zein lehenago hiltzen den, beste biek haren hiletara ez joateko motiborik izan ez dezaten. Konpartsen zeretan elkarri ezikusia egiteari utz diezaiogun, Johnny.

        Serio jartzen ari zen. Kaskoa ezarri zuelarik ordea begietan poza antzeman nion.

        Zuen aurretik joango naiz.

        Furgoiaren hotsa adituz batera motorra martxan jarri zuen. Beti harritu izan naute motordunek lehen metroetan egin ohi dituzten malabarismoek.

        Motorra aitzinean eta furgoia haren gibelean, irudi zezakeen poliziak auto ofizialei nola, bidea halaxe zabaltzen zigula. Alta, inork halakorik pentsatzeko zaharregia zen nirea.

        Biribilguneetan eta semaforoetan gelditzen ginen aldiro hark itxaron egiten gintuelarik, Biriatura iritsi ginen.

        Beti hor segitzen duen muga-marra onik igaro ostean atzera begiratu zuen eta, ezker eskuaz agur keinua eginez motorra burrunban jarri. Heriok eramanda legez urrundu zen. Orduantxe ekin genion biok hitz egiteari.

        Amona izateko bidean naiz, Johnny.

        Zuk ere Johnny esan behar didazu? Amona? Noiz jakin duzu?

        Abiatu baino astebete lehenago. Kepari telefonoz esan nion. Zuri aurrez aurre esateko gogoa neukan. Piztu irrati-kasetea.

        Haizea taldearen kasetea bilatu nuen. Hantxe zegoen. Sartu eta lehen kantuaren hitzak aditu genituen. Anderea.

 

                Anderea gorarik zaude leihoan

                Zure senarra behera dago Frantzian

                Hura handik etor daiteken artian

                Ezkutari har nezazu ni etxean.

 

        Ez nekien zer esan.

        Datorrena, neska ala mutila da?

        Oraino ez dakite. Neska bada Jeanne izena jartzeko eskatu diet.

        Eta mutila bada?

        Alu hori! Kandido, etxeko gizon guztiak bezala!

        Halaxe jakin nuen Taresaren semearen izena.

        Non aparka dezakegu furgoia? Hurrengo atseden-gunean zerbait erosita berton egin genezake gaua. Garagardoa ere erosiko dugu, lasai.

        Eta hori?

        Gure zahar munduetara itzultzeko goiz da oraino.

 

 

KANDIDO IBINARRIAGAREN
HIEROGLIFIKOAREN TRANSKRIPZIOA

 

Lotan

 

Txilio irrintzika, eit!, zirgarien jarduna;

Ibai ertzean gora, hel!, horra hor portua.

Latsarrian arratsez, zer? Emaztekien kantua.

Ilbetean irten omen, pues!, biloiz beltzeren hura.

 

Herriko etxek sotoan badu presondegia;

han ez da ondikotz inoiz sartu izan iguzkia.

Osorik leihoz jantzia zabala ta argia,

hagitz ederragoa da ondoko jauregia.

 

Behin itsas azpiko hark sutegia bezala

halaxe jota hondatu da nere intxaur azala

Ai, oi, ez, ai, oi, ez, ai, oi! Etsai horren zitala.

Nere ondasun bakarrak,  harea ta kresala.

 

Horra jin ezinik ni, ilundurik arima,

bizi biok jauregian, bakean ta gogara.

Jagon beti gure haurra, jagon  burua, hara!

Gerla hau bukaturik jinen niz Lotara.