III
Getxoko etxeko helbidea ez neukan ahaztuta. Atari aristokratiko hark bere hartan segitzen zuen. Interfonoa zen berrikuntza bakarra. Sakatu nuen.
Igo!
Arasak lehenengoz ikusi nuenean bezain txunditurik utzi ninduen. Artaz zaindurik zegoen, zurak eta beirakiak distiratsu ageri baitziren.
Amak urre gorria legez zaintzen zuen. Ireki.
Etxeak gure larru-joko haien garaietako dotoretasuna atxikitzen zuen. Oheaz gogoraturik hura ikusteko kilikadura sentitu nuen. Eutsi egin nion. Jakako barruko sakelatik hieroglifoaren kopia, betaurrekoak eta esku-latexak atera nituen.
Zertarako horiek?
Altxorrak altxor modura tratatu behar dira. Liburuak aztertu behar ditugu.
Kokoloa ez bazara, gero! Ibilia naiz horien artean, nondik uste duzu atera dudala bestela hieroglifikoa? Zera, ezer argitu duzu horretaz?
Azaldu beharra neukala jabetu nintzen. Esku-latexak jartzen nituen artean egin nuen.
Hieroglifiko honetako hitzak liburu biri dagozkio. Begira lehenengo zenbakia. 1/554/1/17. Lehen liburuko 554. orrialdeko lehen zutabeko hamazazpigarren lerroari dagokio; edo hamazazpigarren hitzari, ezin esan zein liburuz ari garen jakin gabe. Kode oso sinplea da, bigarren mundu gerraren hastapenetan alboratua. Pertsona bik, X, liburu jakin baten ala bana daukate, kasu honetan bina. Ulertu behar da eskuartean dugun hieroglifikoa liburu horietara joz idatzi zela, eta halaxe osatuko zituen besteak ere. Dena dela oraino ez dugu beste hieroglifikorik antzeman, ezta?
Nola dakizu liburu bitakoak direna?
Batzuetan lehen zenbakia 1 eta besteetan 2 daukatelako. Esaterako, lehen lerroko lehen zenbakia 1/321/1/18 da.
Eta?
Liburukiak bi direla. Aldez aurretik parte bien artean adostuak dira liburuok, hori bada egin nahi didazun galdera. Kode sinpleegia zen, esan dizut. Etsaiek mezuak antzeman zitzaketen eta, noski...
Baina ez zekiten zein liburutakoak ziren zenbakiak.
Ez. Harik eta pertsona bietako bati eskua gainean ezarri arte. Hurrengo lanak errazak ziren.
Torturaz ari zara?
Baiki.
Beraz, birraitonak mezu kodifikatuak idazten zituen. Nori zuzenduak?
Mezuak, zera, oraingoz bat baino ez daukagu. Nori zuzendua? Ikusiko da, auskalo.
Arasa barrukoaren eskema osatzen ahalegindu nintzen. Goiko lehen apaletan liburuak zeuden, tamainaren arabera paratuak. Beheragokoan argazkiak eta karpetak zeuden. Azkenik beste apal bi ere baziren, askotariko paperak eta, begira eman zidanez, gutun bildumak zirenak... hura nahasmena. Liburuetako batzuek lepoetan zituzten tituluak, beste batzuek ezer ere ez, eta baziren lepoa galdurik zutenak ere. Horiek banan-banan hartzeari ekin nion.
Birraitonak bazekien ingelesez, begira nabigazioko hiru hauek.
Ni beti izan naizen udaldietako bidaiazalea izanik, deigarri egin zitzaizkidan. Sakelakoaren kameraren bidez argazkiak egin nizkien.
Egunen batean liburu hauek utzi behar dizkidazu.
Nahi duzunean.
Ikusten dudanez bazuen frantsesa ikasteko libururik ere. Literaturaren zalea ere bazen; Morceaux choisis de littérature française, 1895ekoa. Eta beste hiru hauek?
Nioen beste hirurak, azalak gorriz berdin-berdin jantziak zituztenak, Abarrak, Kresala eta Josecho ziren.
Gizon kultua zen, dudarik ez.
Gurasoek itsasgizona izan zela esaten zuten. Hori eta seme bakarra izan zuela, gure aitona zena, beste askorik ez dakit. Tabua zen hartaz hitz egitea.
Eskuan neukan liburuaren barruan bazen orri handi bat, azul kolorekoa, lautan tolestua. Goialdean hauxe zegoen idatzita: “Owners of S/S Madrileño in account with Captain C. de Ibinarriaga”.
Birraitonaren izena?
Hura, aitona, aita, denak Cándido, gazteleraz. Familiako tradizioa.
Ez nion galdetu semeari berak ere izen bera jarri zioenetz. Orria zabaldu nuen.
Non antzeman zenuen hieroglifikoa?
Horien bien artean.
Azalik gabeko liburu bi seinalatu zizkidan. Hartu nituen. R.M. Azkueren hiztegiaren lehen edizioko liburu biak ziren.
Hona gure liburukiak. Bikiak.
Beste biki batzuk ere badira.
Ez hauen lodiak. Eutsi hau. Non utzi dut hieroglifikoa?
Nire burua! Ondoan neukan. Bilatzeari ekin nion. Hark ere aditzeko moduan, ozen hitz eginez.
1/554/1/17. Beraz, 554. orrialdea. L letra. Lehen zutabea. Hamazazpigarren hitza: lotan. Antzeko zenbakirik?
Bada, bai, bazen antzeko beste zenbaki multzo bat: 1/554/2/1. Lotara! Bada, loaz ote zen hieroglifikoa?
Badirudi liburu pare hau erabili zuela hieroglifikoa osatzeko. Lan polita daukazu, neska, zenbakizko kodearen ordezko hitzak bilatzen.
Nik? Ez duzu zeuk egingo?
Hemen dituzun dokumentuak sailkatzea komeni zaizu. Baduzu gure Keparen arrastorik? Dei egiozu. Oker ez banago Unibertsitatean segitzen du. Bere Historia Katedra ospetsuan. Ziur hor nonbait badela gutun-azaleko helbidea argitzen lagunduko dizuen zerbait. Dena dela gutuna igorri gabe utzi zuen hieroglifikoaren egileak. Kandikok? Auskalo.
Bazoaz?
Hieroglifikoa osatzen duzunean, deitu. Eta paper horiek guztiak, gutunak-eta, hari erakutsi. Ilusioa egingo dio.
Berriz ere aspaldiko logela hura zertan zen begiratzeko gogoa egin zitzaidan. Ez nion esan. Kanpoan nintzela Keparen izena aipatu izanaz damutu nintzen. Gu hiruron artekoa gertatu zenez geroztik ez nuen harekin berriro hitz egin. Noiz edo noiz elkarrekin egoteko parada izaten genuen arren. Batik bat konpartsen ekitaldietan. Ez ikusia egiten nion, eta halaxe berak niri ere. Kepa! Ez nuen uste izan deituko zionik.