Jeanne
Jeanne
Edorta Jimenez

UZTARITZE
 

 

VI

 

Handik aurrera Taresa agintzen hasi zitzaidan. Denean jaramon egitea erabaki nuen.

        Afaldu beharra daukagu. Behobiatik!

        Gau epela geneukan.

Hortxe!

        Ficoba inguruan ginen.

Kantoiko taberna zabalik zegoela jabeturik arnasa hartu nuen.

        Autoa gelditurik bere pusken artean bilatzeari ekin zion. Poltsa bat eta jaka arin bat hartu zituen.

        Goazen horra! Niretzako begetal bat eta Aquarius eskatu.

        Kanpoan eseri zen.

        Itzuli nintzenerako tabletarekin ari zen, amorruz. Mahaian begetala eta edaria utzi nizkion.

        Milesker.

        Begiratu ere ez ninduen egin. Minutu pare baten ostean aparatua itzali zuen. Orduan bai, begiratu ninduen.

        Konponduta!

        Beste bat eskatuko dut.

        Ez. Gidatu beharra daukazu.

        Nora?

        Laster esango dizut.

        Garagardo hondarrak astiro edan nituen.

        Bizkitartean telefono dei bat hartu zuen. Laburra. Komunera joan nintzen. Haren ostean Santiago zubira gidatzeko agindu zidan. Gure harremanaren azken egunak nolakoak izan ziren etorri zitzaidan. Koadrillako lagun Keparekin afera zeukala esan zidanean ez nion bakerik eman. Halako batean argiro azaldu zidan afera zertan zen. Izorra zen.

        Londresen bideratu zen bideratu beharrekoa.

        Pasaportea bazeukan eta, eskerrak. Garai hartan ezinbestekoa izaten zen Portugalera joatea. Alta, dokumentua behar. Biok atera genuen, hara elkarrekin joateko. Furgonetan. Grândola, vila morena!

        Itzuleran azken-azkeneko nobedadeak diskoetan eta jantzietan. Ohiko alibia.

        Trauma gainditu nuenetz? Ba, ez. Garbi zegoen. Zertan ari nintzen bestela hieroglifikoaren jolas hartan sartuta, Taresa eta Keparen mende? Nondik nora bururatu ote zitzaidan dokumentuak aztertzeko Kepa aipatu izana.

        Ez dago kontrolik!

        Berdin dio. Badaukat Covid pasaportea.

        Nondik nora?

        Semea, badakizu.

        Ez nekien. Azaltzeko eskatu nion.

        Medikua da.

        Aita nor zuen ez nion galdetu. Kepa ez zen, hori banekien. Konpartsaren bidez txutxu-mutxuez, esamesez, zurrumurruez eta beste kontu askotaz enteratzen nintzen.

        Itsasertzeko errepidean gora joan ginen, turismo-hiri bakar batekoak ematen duten herriak zeharkatuz. Harik eta Baionako sarbidera iritsi arte.

        Geldi hor!

        Telefono aparailuan GPS aplikazioa bilatu zuen. Bolantearen ondoan utzi zidan. Bokale bilatu behar genuen. Horren ostean berriro hartu zuen tableta, eta piztu. Mezuak jaso eta igorri zebilela ematen zidan.

        Txunditu egin ninduen Aturri gaineko zubi gorriak. Hainbeste urtez Baionara etorri gabe, ez nuen ezagutzen. Hura igarotzean ilbetea ikusten zen.

        Bagaude.

        Tarnoseko elizaren ostean aparkatu genuen. Giharrak budina bezala bainituen, zangoak astindu beharra neukan. Eta puxika arintzeko premia larria.

        Bokalea ikustera noa.

        Ni hemen geratzen naiz.

        Tabletari ekiten utzi nuen.