I
Etxeko telefonoak jo zuenean aspiradora pasatzen ari nintzen.
Nor ote zen, hartara deituz? Zenbakia ez zuen kasik inork ezagutzen.
Sakelakoaren garaiotan jende gehienek aparailu antigoalekoa baztertua badute ere, atxiki egin diot nireari nik. Haatik, sakelakoa hartu nuenez gero ez nion inori zaharraren zenbakia eman. Beraz, lagunetako bat izan behar ekin eta ekin ari zena.
Haren bila azkar joan nahirik aspiradoraren kablea oinetan nahastu zitzaidan.
Behera erori nintzen.
Aparailuak joka segitzen zuen.
Zutitzea lortu nuenean ezkerreko ukalondoan min hartuta nengoela jabetu nintzen.
Ostia! Bai, nor da?
Ostiaka hartzen didazu telefonoa? Zertan ari zara?
Taresa?
Inperson.
Zenbat urte!
Batzuk, bai. Zurekin egon behar dut.
Mututu egin nintzen.
Zabal hartu! Ez dizut iraganeko ezer oroitaraziko. Kontsulta tekniko bat egin behar dizut. Gera gaitezke?