IX
Etxe handia zen. Harrizkoa eta zurezkoa. Itzaltsua, hala nahi izanez gero, bestela argitsua, ez nituen zenbatu leihoak. Tenperatura eskertu nuen. Hantxe, sarrerako sala handi hartako mahaian bazen guretzat zerbait.
wi-fi gakoa. Konektatu egingo naiz.
Horra kanpora noa.
Ekialdean baratzea zeukan, Errobiraino. Itxuraz ontziak ertzeraino etor zitezkeen. Non ziren baina ontziok? Haraino joan nintzen, baratzean barna.
Baratzearen ederra!
Ibaiertzean eseri nintzen, ene baitan nabaritzen nuen soseguari eusteko asmoz. Zera, etxean egoteko aginduak lehenik eta ondoren urte eta kasik erdiko gorabeherek, birusaren olatuek eta abarrek zein akiturik nindukaten, orduantxe jabetu nintzen. 2020ko udarako Atenasera itzultzea neukan planifikaturik. Lehenbizikoz Taresarekin egona nintzen. Furgoian. Bukatu zen harekikoa, eta udetan bidaiatzen segitu nuen. Hastapenetan neu bakarrik, emazte izango nuena ezagutu nuelarik, harexekin; berriro bakarrik harenak eta bionak egin ondoren. Beti gero eta leku karioagoetara, Bankuan gora egin ahala diruak ere halaxe egiten zuelako. Guztien artean Petra aldean eta Palmiran izan nintzen hilabetea atxiki dut bizien ene gogoan. Gero suntsituak izan direlako, hain segur. Uztaritze berriz ez nuen ezagutzen.
Belartzan etzan nintzen, ahoz gora.
Zurrungaka!
Zer ordu da?
Bazkaltzekoa.
Xandieneara itzuli ginen.
Ez genuen Covid pasaportea erakustearen beharrik ukan. Jatekoa kanpoan zerbitzatu ziguten.
Taresak bazkalosterako plana azaldu zidan, Keparen aginduekin bat.
Ibiltzeko oinetakoak jantzita eta ura eta frutaren bat lepoko ttipietan harturik, bideari ekingo genion.
Hiribehere karrikan nagusian aitzina egin genuen, etxe artean. Hiribehere, ziostan bidean gindoazelarik Taresak, Uztaritzeko bost auzunetako bat da, erdigunekoa, esan liteke. Herrian.
Zergatik ez gara lehenik Purguara joaten?
Keparen aginduak. Portura goaz.
Portua izenak bere jatorria salatzen duenik zalantzarik ez; Errobi ibaia nabigagarria zen, eta halaxe da egun ere. Alta, galdua du aspaldiko garrantzia, hots, Nafarroa eta itsasoaren arteko bidea zen garaietakoa, Lapurdiko hiriburua zenekoa hain zuzen.
Ez zen aparteko igarleren beharrik. Kandido birraitona Uztaritzera etorri ohi zen, ibaian gora, Jeanne kutunaren bisitan. Esan nahi baitu Bokaleko lantegian ezagutu bazuen ere emakumea berton bizi zela, edo, aukeran, gizonak hura izorra zela jakin zuelarik lanera ez itzultzeko agindu ziola, bere gain hartuko zuelako haren eta etortzekoa zenaren ardura oro.
Ibaiaren ertzean eseri ginen, lepokoak kendu eta uraren edatera. Hark, urarekin batera papertxo bat atera zuen. Eskuz idatzia zen.
Hieroglifikoaren hasierako hitzak.
“Txilio irrintzika, eit!, zirgarien jarduna
Ibai ertzean gora, hel!, horra hor portua”.
Portua, hau berau da, ezta?
Bai. Kepak “zirgari” hitza irakurtzean Bilboz pentsatuko al zuen. Ez dituzu ezagutzen zirgarien gaiarekin egin diren margolanak?
Galdetzearekin batera telefonoan zerbait bilatu zuen.
Hona!
Ondo-ondora etorri zitzaidan.
Aparailuan zeuzkan irudien artean bilatu zuen. Zirgarien gaiarekin eginiko koadroen argazkiak. Besotik oratu zidan.
Argazkiak erakutsi ahala estuago oratzen ninduen.
Bat-batean begietara so geratu zitzaidan. Hartan jabetu nintzen Taresarekin maitemindu, haren edertasunak itsututa maitemindu nintzela. Edertasun hark begietan bizi-bizirik zirauen. Bi begi, bi labirinto eta leize bakarra. Hipnotizaturik nindukan. Lehen aldian bezala.
Barkatu.
Zutitu egin nintzen.
Hemen hasten edo bukatzen zen zirgarien bidea. Baionatik hona badira kilometro batzuk, ezta? Ibaizabalen emakume eta gizon haiek egiten zuten lana Errobi honetan zaldiek egiten omen zuten. Goazen!
Azken hitzak bozkarioz esan zituen. Begiak bilatu zizkidan. Ez nizkion eskaini.
Zirgarien bidea hartu genuen, ibaian gora zetorren haize leunaz gozatuz. Kandidok idatzi zuen hura, olerkia ote zen? Zena zela, transkripzioan Keparen eskua nabaria zen. Esaterako, nondik atera zituen “zirgarien” eta “ertzean” haiek? Hieroglifikoko hitzen deklinazioak berak asmatuak ote ziren? Jolasten ari zen, ez nuen dudarik. Bost hark niri zegoeneko. Lekuaren ederrak, Taresaren bat-bateko bozkarioak, haren esmeralda begiek, gu bion arteko iraganera eraman ninduten. Zer gertatu zen? Keparena, zergatik? Maitasun librea aldarrikatzen genuelako. Harik eta maitasun libreak norberaren kuttuna koadrillako beste baten besoetara jausarazi arte. Orduan, agur adostasunari.
Ez dakit zenbat kilometro egin genuen. Aspaldiko grinaz ari izan ginen, bakoitzak zer zekien besteari erakutsi nahiz; pintura, emakumeen lanez artean, Bilboko Arte Ederren Museoaren proiektu berri zitala, Urdaibaiko Guggenheim bien pilotakada, honetaz eta hartaz. Gero eta sutsuago. Hieroglifikoaz ahazturik. Arrastiriko haizea indar hartzen ari zelarik itzultzea erabaki genuen arte.
Etxera bidean Xandienearen ondoko ostatuan lotu ginen. Pizza agindu genuen. Barruan labeak bere lana egin artean hantxe kanpoan eseri ginen, garagardo banarekin. Gau aroa zegoen. Inguruan gazteak eta gazte izan gabe ere beren burua halakoxetzat zituztenak genituen.
Madame!
Hantxe zen gure afaria. Edatekorik, ordea?
Garagardoak eskatuko ditugu, eramateko.
Etxean badira.
Irudi zuen, bada, ni lotan egona nintzen artean Taresak etxeko zokoak miatu zituela. Halaxe, sukaldera iritsi bezain laster garagardo bi atera zituen.
Kanpoan eginen dugu afaria?
Buruarekin baiezkoa egin zidan.
Baratzean, han zebilen katu bat, zain, gu ala jatekoa, zer usaindu zuen ez nekielarik. Hantxe eseri ginen, eltxoen beldurrik gabe.
Ez duzu tableta piztu behar?
Jan dezagun, eta edan. Garagardoa bertakoa da.
Zatiak neuk egin bainituen, katua oinetara etorri zitzaidan, bere gorputzaren luzearen adinako laztanak egitera.
Ona pizza hau!
Eta garagardoa. Ez nuen uste honelako zikinkeriarik jaten zenuenik.
Salbuespena da. Furgoian joaten ginenean, zer jaten genuen?
Elkarren gorputzak, esatekotan izan nintzen.
Noiz egon gara biok elkarrekin gauez azkenengoz? Portugalen, Alentejon, biluzik egunez zein gauez?
Ez nuen hartaz gogoratu nahi. Uda haren ostean izan zen Keparekin afera.
Zer dakigu hieroglifikoaz?
Bihar kontatuko dizut. Goazen ohera.
Harrikoa egin beharko dugu, ezta?
Bihar.
Baratzeko atea ondo itxi, erabilitakoak sukaltarrian utzi, lotarako jantziak poltsatik atera, eskaileretan gora igo, horiek denak haizeak eramanda bezala eginez goiko solairuko korridorera iritsi ginen. Lau logela baziren han. Bat hautatu nuen.
Gabon.
Gabon? Ez gara elkarrekin etzanen, ala?