Jeanne
Jeanne
Edorta Jimenez

UZTARITZE
 

 

VIII

 

Beraz, ez dakizu zein den egiazki zure bigarren abizena.

        Auto-karabana ilara bateko gibelean gindoazen.

        Eta zer dio horrek? Humanitateko lehen arbaso haietatik sortuak gara guztiok.

        Zer dakizu Uztaritzez?

        Amerikatik artoa lehendabizikoz Europa osoan bertara ekarri zutela. Hura bai artoa! Ez oraingo Monsanto deabruarena. Zorionez badago hemen inperioaren eskua sartu ez denik franko.

        Ez nintzen begano segitzen zuenetz galdetzen ausartu.

        Begira piper soroak. Piperrak, handixe ekarriak baita ere, orain hemengo urre gorria.

        Ezkerretara saltoki gune handi bat zegoen. Iragarkien artean bat handia: Sexy Centre, edo halakoren bat zioen.

        Biok egin genuen ezikusia. Kondoiak eskuratzea zein zaila izaten zen gure garaian, pentsatu nuen. Berehala “gure” hark dardara eragin zidan. Zaharren topikoak erabiltzen hasia nintzen.

        Uztaritzera sartzeko biribilgunean, eskuinetara hilerria dago. Jeanne hartan ehortzia ote zen galde egin nion nire buruari. Ezin erantzuna jakin.

        Herrian barna gindoazela Purgua izena begiztatu nuen. Taresari seinalatu nion.

        Horra gutun-azaleko izena. Hona zuzendua zen hieroglifikoa.

        Inoiz igorri gabea.

        Jeanne, beraz, inguru hartan bizi izan zela adostu genuen.

        Nora goaz.

        Parke eder baten ondotik igaro ginelarik “Herrikoa” zioen aparkamenduaz ohartarazi zidan.

        Hantxe lotu ginen. Taresak poltsa hartu zuen. Lepoan eskegi aitzin eguzki betaurrekoak atera zituen. Ni esku hutsik abiatu nintzen. Goizeko zortziak ziren, eta hala ere bero. Gaubeilaren eta bidearen nekea nabaritzen ari nintzen. Logale nintzen. Herriaren edertasunak ordea eusteko indarra eman zidan.

        Xandienea ostatua! Horraxe goaz.

        Haraino joan eta, itxita. Bederatziak arte.

        Gibelera egin genuen, bidean ikusia genuen zubiaren bila. Handik Errobi ibaiaren ikuspegi zabala geneukan. Oren hartan urak indar handiz zihoazen itsasoaren bila. Itsasbehera hasi zela seinale. Ez nekien zergatik nengoen han. Berdin zion. Ene baitan sosegua sentitzen nuen. Jolasten ari ginen. Hirurok. Egia, bai: Taresaren aldetik jolasak gazi-gozoa behar zuen. Nor ote zen birramona Jeanne? Kepa kabroiak argitu ahalko zigun!

        Goazen.

        Xandieneara itzuli ginen, isilean.

        Kaixo.

        ¿Las llaves? No hablo euskara.

        Ostatuko emakume gazteak sartu-irten bat egin zuen. Gutun-azal bat luzatu zigun. Taresak hartu zuen. Han baziren giltza bi eta baziren paper batzuk ere. Paperotako bat herriko planoa zen.

        Milesker.

        Eta hau, Taresa?

        Etxea utzi digute. Horko horixe.

        Zubiaren hurrengo etxea seinalatu zuen. Bidean azalpentxo bat eman zidan, eskerrak.

        Kepak hemen lagunak dauzka. 70ko urteetakoak, pentsa. Udako Euskal Unibertsitatearen hirugarren eta laugarren udaldiak berton egin ziren, ez duzu jakin? Hartako lagun batek etxea utzi digu.

        Eguzkia gogor jotzen hasia zen.