Jeanne
Jeanne
Edorta Jimenez

UZTARITZE
 

 

V

 

Zarautzen baziren agorrilean beti izaten diren auto ilarak, ohikoak baino laburragoak, egia esan. Baziren portugaldarrak eta Magreb aldekoak ere, udaro bezala. Aldiz, auto-karabana kopurua sekulakoa zen.

        Covid-19aren ondorioak. Biriatun zain genuena bezala.

        Kontrola!

        Bonsoir! Passeport?

        Flika, emakumezkoa bera, gure harriduraz ohartu zen.

        Le passeport Covid, s’il vous plait.

        Bigarrenean bai, begirune ikasia eta entrenatua erakutsi zuen “s’il vous plait” harekin. Polizien kasuan halako begiruneak erdi ustelak izaten dira. Nik neuk nire Pfizer ziztada bien agiria telefonoan neukan. Erakutsi nion. Taresak ez zeukan inon. Eta hura ez ukaiteaz gain, aldarte onik ere ez zerabilen.

        Han izan genuen kalapita. Beste hiru-lau inguratu ziren, polito armatuak.

        Atzerako maniobra ez zen erraza izan. Bidea flikek libratu behar izan ziguten.

        Handik ehun metrora beste kalapita bat.

        Guardia Civil. Apague el motor y bajen del vehículo. ¿Documentación?

        Besoa auto barrura luzatu nuen.

        Tenga.

        Amorruz dardarka nengoen. Txapelokerraren aurrean zutik egotea ez da inoiz lasaigarria izaten.

        ¿La suya, señora? ¿Qué les ha ocurrido ahí?

        Dokumentuak aztertzen ari zen artean galdetu zigun.

        A ella se le olvidó el pasaporte Covid.

        ¿Pero lo tiene?

        Mire…

        Taresa beste kalapita batean sartzekotan zen.

        Por supuesto que lo tiene.

        Está bien, voy a creerles. Vayan a casa y vuelvan con él. Por cierto, un poco antiguo el vehículo, ¿no le parece?

        ¿No está en regla?

        Por supuesto. Menuda joya. Buenas noches y buen viaje.

        Dokumentazioa itzuli zigun.

        Furgoira igo ginen.

        Abiatu nuen.

        Txapelokerrak agur keinua egin zigun.

        Ezin zuen ezpainetan eskegirik zuen irribarrea eragotzi.