GILTZAPEAN
Setio egoera. Noraino iritsi ginen? Mundu osoa etxean giltzapeturik martxotik udara bitartean. Gurean Anamari bakarrik irten zen otorduak prestatzeko jakien bila, baina Pello eta biok denbora guztia etxetik atera gabe egon ginen kasik. Harrigarria bada ere ez genuen zama hori gaizki eraman, guk biok bederen. Anamari, berriz, pittinka joan zen amiltzen. Haren indarra ahitzearekin batera isiltzen joan eta otzantasunak ordezkatu zuen ohiko egoskorkeria. Gogo-hila, ahuldua, galdua eta saldua geratu zen. Maripetralin zena, beti suminduta eta, itxuraz, erdi haserre eta egoskortua zena, hauskor bezain txori-kaka ñimiño bilakatu zen. Uhertu. Jota. Errea. Ezindua.
COVID19-krisiari gerra gisa aurre egin nahi izanak edozein eztabaida itxi zuen (gerran obeditu egiten baita baina ez da eztabaidatzen), eta zalantzak zituena edo kritikak egiten zituena saboteatzaile arriskutsu bihurtu zituzten (“negazionista” izendapena izan zen usu erabilitako iraina). Ez zen, bada, lasaitasun soziala sustatu gizartearen agintea baizik. Zergatik? Seguruenik, izualdi kolektiboa baretu nahian mesfidantza gizarte joerak baztertzeko. Beldurra astintzeak pandemiaren funtsezko oinarriei buruz ez hausnartzea erraztu zuen, hau da, sistema ekonomikoaren edota balizko animalien eta gizakiaren jauziaren arteko erlazioari buruzko gogoeta konpartitua eragotzi zen eta gure zaharrak egoitzetatik babesteko ezintasun latza ekarri zuen. Haietan, zaharren egoitzetan alegia, hildakoak pilatu egin ziren; eta zentzugabea da pentsatzea konfinamenduak babestu egin zuela populazio ahul hori, heriotzen ia % 50 bihurtu ziren, eta, ondorioz, birusaren hilgarritasuna hilgarriago gisa agerrarazi zen.
Honen aurrean benetako oposiziorik ez zegoen. Latza izan zen baina ez dena. Izan ere, ez dakit Reginak zer egin zuen, baina nik behintzat, erretzeari utzi nion.
Anamari, lehen beti errieta egiten zidana, mutu zegoen, baina neronek, bera ez tristatzeagatik, ez nuen nire ohiko zigarretarik pizten eta horrela, pixkanaka, berrogei urtean erdiesterik izan ez nuena berrogeialdian gauzatu nuen. Tabakorik gabeko gizona bihurtu nintzen.
Bilobarekiko harremana, berriz, estutzen joan zen. Nik, konfinamendurako agindua etorri aurretik, bizitzeko toki bat edo beste bilatu arren ez nuen taxuzko ezer aurkitu, eta Anamariren etxeko Pelloren gelan geratu nintzen, halabeharrez. Biok egunero qigong ariketak egiten ohitu ginen elkarrekin, baina, halere, nik hikaz hitz egin arren hark zukaz ihardesten zidan beti. Nik pena nuen zeren Herrian hikaren desagerpena nabarmena baitzen oso. Jendeak euskara ezagutzen zuela begi-bistakoa zen baina erabili, aldiz, ez asko. Guk euskal iraultza nahi genuen eta, ordainean, haren inboluzioa ari ginen bizitzen. Lutxi lekuko.
Bilobaren eta nire gazte eroen garaiko sentimenduen artean, ordea, sintonia bazegoen. Gero eta estuagoa, gainera.
Pello harriduraz ohartzen zen jendearen mirabetzaz eta nik, nire motzean, De La Boétieri buruz hitz egin nion. Étienne de La Boétie-ren testua irakurri nuen frantsesez gazte sasoian eta bertan, pertsona bakoitzean habia egiten duen eta ezkontide politikoak batzen dituen munstroa aurkitu nuen. Eta, bere diskurtsoak herriak jasaten zuen zauri hori sendatzeko asmorik ez bazuen ere, mende batzuk geroago, tiranien esperientziarekin, handituz joan da bere mezuaren funtsa eta saiakera garrantzitsu bihurtu da guztiontzat; izan ere, berak zioen moduan, mendetasun basatiena ez ohi da izaten indarraren bidez agertzen dena, herri-hautespen eta ohitura pasibotasunaren bidez gauzatzen dena baizik. Horixe bera ari ginen ikusten gure aurrean egunero!
Biloba, jarrera horren aurka borrokatzearren, pandemiari buruzko eztabaidak zabaltzen hasi zen, eta Gobernuek, zientifikoek eta iritzi publikoak barreiaturiko teoriak kolokan jartzen ere bai. Erantzuna basatia izan zen, ordea. Sinatua eta sinatu gabea. Zaplaztekoak nonahitik zetozkion. Sare sozialetan negazionista deitzearekin batera Migel Bosé horrekin alderatzen zuten... “Hauxe lixibaz sendatu nahian al zabiltza” esaten zioten eta, borondate onez aritutako gure Pello gaztea ozpintzen hasi zen. Nirekin mintzatu beharrean denbora gehiena pasatu zuen inoiz esan ez zuena, baina, bere ahoan jartzen zutena alferrik ezeztatzen. Areago, bilobaren balizko artikulu faltsua sareetan zabaldu zen, non baieztatzen omen zuen, osasun arazorik ez zuenez, arraza aratzen aldekoa zela eta, beraz, zuri supremazista eta arrazista...
Udaran, berriz, lagunekin elkartzen saiatu zenean, “kale zurruta” egiteagatik atxilotu zuten.
Baten batek salatu zuen Narrondo ondoko geltoki zaharraren aurrean arratsaldeko zortzietatik aurrera gazte talde bat zegoela lata batzuk edaten eta hizketan. Epaiketan ere lekuko anonimo batek eman zuen haien aurkako testigantza. Badakizue, “herritarren kolaborazioa” zela medio kondenatuak izan ziren, baina Pellok eskuratu berria zuen adinaren nagusitasuna, ordea, ondo ordaindu behar izan zuen. Autoritateari erasotzeagatik eta epaiketa azkarra eginez, 18 urteak bete berriak zituenez, kartzelara joan beharra zegoela abisatu ziguten.
Jakina, Iparragirreren bertsoa etorri zitzaidan gogora:
Zibilak esan naute
biziro egoki
Tolosan biar dala
gauza erabaki
giltzapian sartu naute
poliki poliki
negar egingo luke
nere amak baleki.
Jesus tribunalian
zutenian sartu
etzion Pilatosek
kulparik bilatu.
Neri ere ez arkitu
ez naute barkatu
zergatik ez dituzte
eskuak garbitu.
Kartzelatik aterata
fiskalen etxera
abisatu zidaten
juateko beriala
ez etortzeko geiago
probintzi honetara
orduan hartu nuan
Santander aldera.
Santanderretik ez, nik ondo ezagutu nuen Genevatik etorri zitzaidan gutuna udazkenean:
Kaixo, Attuna, zer moduz etxean? Frantsesa hobetzen ari nauk erositako Borgesen antologia elebidunari esker. Badakik, Étienne de La Boétie-ren lagun mina zuan Rousseauren Genevako etxetik gertu zagok Borgesen bizitokia izan zena, kale nagusian.
Ni Plainpalais plazaren inguruan ari nauk bizitzen, Getariako Arantxak, Reginaren eta Joanitaren lagun zaharra, bilatutako toki batean. Bertako azoka zaharrean denetarik lortzerik bazagok, patatetatik berokira, bigarren eskuko txirringatik bigarren irakurketa merezi duten liburuetara, eta unibertsitatea ere bertatik bertara zeukeat. Handik, oinez, artisten herrixkara, Carouge-ra, erraz iristen duk... zuetako bat bihurtuko nauk Attuna, courage! Eta nahi izanez gero, Saléve mendira joaterik bazagok. Handik aise pasa nian muga hona etortzeko. Inguru hauetatik gertu ibili zituan bere garaian Ramon Saizarbitoria edo Mikel Lasa euskal idazleak, nahiz eta, berez, Friburgon bizi, eta hemendik bertatik ihes egin zian J.J. Rousseauk berak insumisioaren premiaz fisikoki nik burututako kontrako bidea hartuz, baina, funtsean, nire oraingo noranzko bertsuan.
Argi esan nian, “ni ez naitek kartzelan sartuko”... Attuna, nirea ez duk ihesaldia izan, orduko erbestealdian herorrek egin bezala, oraingo honetan niri zegozkidan borrokaren ardatzak, arauak eta eremuak gure beharretara egokitzeko deliberoa hartu diat, besterik ez.
Hik, bide hartatik zirenak eta ez zirenak egin behar izandakoa haiz. Egindako guztiez harro izan gabe egongo haiz eta egindako guztia ez huen errepikatuko ziur asko, baina egin behar zena egin huela uste diat, nahiz eta, hik kontatutakoaren arabera, horrek gertuko lagunez mesfidatzera eraman eta beti beldurrez bizitzera behartu, motxila txiki bat lagun.
Niri ere min egiten zidak mundua eraldatzeko hautu exkaxek munduak neroni aldatzea ekartzea. Gazte izaten segitu nahi diat, hi bezainbeste behintzat, herrenaren ibilera eta guzti, baina makilarik gabe pausoak harro ematen zapatila fosforitoz. Kontuz, neronek ere berdinak zeuzkeat eta!
Bazekiat hire garaiko orduko sasi-frankistak demokrata bihurtu zirela eta, orain demokratak bezala, disidentzia ororen inkisidore postmodernoak dauzkagula.
Askatasuna aldatu ditek, hire garaiko Euskadi ere aldatu ditek, bistan duk hire garaiko Euskadi Ta Askatasunak gaur ez duela balio. Boladan dabilen jendeak bazekik. Nik modaz kanpo bizi nahi diat, hik bezala, eta, erabakitakoarekin ez diat agintzen duen bizi sistemak behartutako egia lantzeko arauekin bat egiterik nahi.
Hi bezain erromantiko naukak, Attuna, eta, zumaiarra izaki, Aita Marirekin gogoratzen nauk egoera honetan. Berak, neroni bezala, familia apal batean jaio eta bere bidea egin zian. Galernak itsasertzaren aurrean eztanda egin zuenean, itsasoaren indarkeriaren beldurrez erreskatera irteteko inor ausartu ez zenean, Aita Mari itsasora atera eta itsasoan erdi-itoak eta baita amiltzear ere zeuden guztiak salbatzea lortu zian. Pertsona garen aldetik, noren antza eduki nahi dugun erabaki beharra zagok. Ausardia handiz itsasoratzen den marinela, bizitza besteen alde arriskatuz eredutzat hartu, edo hainbeste beldurra izan dezakeen gure gizarte honetan besterik gabe iraun, besteen sufrimenduaren aurrean bihozgabe bihurturik. Nik aita ez nian ezagutu apenas. Aita Mari eta hi, Attuna, zarete nire adi-bideak…
Muxu handi bat amari eta hiri, ene Attuna kuttuna, besarkada estua,
Hurren arte,
Pello
Nik, bestalde, primeran ulertu nuen bilobak niri hikaz idatzitako lehendabiziko eskutitza. Areago, ahalegin horretan belaunak txikitu arte, Lur planeta osoa korritu behar bada ere, egin dezagun, egin dezala, nork bere bidea.
Genevan nengoela, neguko gau hotz batean ezagutu nuen emakume bat gogoratzen dut. Dena elurtuta zegoen eta sekulako hotza egiten zuen, eta Suitzan hotz handia egin dezake...! Bada, andre zaharrak etxera eraman ninduen, elikatu eta beroki bat eman zidan. Zergatik? Inoiz ez dut aurkitu horren azalpenik. Orduan uste nuen emakume hark nigandik zerbait nahi zuela. Baina zer? Eta, hala bazen, emakumeak ez zidan inoiz eskaerarik egin. Jana eman zidan eta beroki beroa lortu zuen niretzat trukean ezer eskatu gabe. Ez zuen zentzurik. Sarritan pentsatu izan dut andre zahar enigmatiko horri buruz.
Anamarik etxean berarekin geratzeko eskatu dit. Bakarrik bizitzeko ez duela gogorik eta sofan lo egiten ohituta dagoela, Pelloren gelan gelditzeko dio, bera itzuli arte behinik behin.
Oraingo honetan, egunsentiari antzemateko gauza naizen bitartean behintzat, ni egongo naiz Zumaian Pelloren zain, txirrinak jo ezkero hari atea irekitzeko, eta biok joango gara Erribera kaleko adierazpen askatasunaren txokora, koloretako Gernikaz margotutako kantoiaz gozatzera eta Erribera kalean ardo pare bat hartzera...
Bitartean, gauzak nola diren...! Ilunben nago, txertatzeke eta Zerubiderik sumatu gabe.