GOSARIA
Inpernupeko lokalaren sarreran egurrezko banku bat zegoen leihoaren ondoan. Eserlekuaren bizkarraldearen kontra jausi zen Regina, eta irribarre egin zuen. Bere soinekoaren poltsikotik zigarro-kaxa eta pospoloak atera zituen.
—Beraz, oraindik erretzen duzu? —harritu egin zen Teles.
—Oraintxe utzi?
—Nik egunero utzi nahi dut..., baina ez naiz behar beste ahalegintzen —aitortu zion Telesek.
—Zeinen ona, Teles, hemen zaude! Askotan pentsatu nuen hil egingo nintzela berriro zu ikusi gabe —esan zuen Reginak—. Tira, kontatu zure bizitzaz...
Telesek zigarroa ahora eraman eta kea kanporatzen zuela ikusi zuen. Erretzea, berarentzat, plazer handiko ekintza zela zirudien.
—Asko pasatu zait, eta ez zait ezer gertatu —erantzun zion Telesek azken buruan, eta azken berrogei urteetako gorabeherak laburbiltzen saiatu zen.
—Orduan etxekoekin egoteko etorri zara?
—Bai, batez ere...
—Pozten nau entzuteak. Horrek esan nahi du ez zarela garaitua izan. Nik uste nuen zu ez zinela joango.
—Bada, ikusten duzu, ni joan nintzen eta zuk hemen jarraitzen duzu.
—Eta hori ez diot inoiz nire buruari barkatuko —bota zuen Reginak, baieztapen hark erre egingo balio bezala. Une batez zigarrotxoari begiratu zion, azken kalada eman eta bota zuen. Telesek isilik egotea erabaki zuen, agerpen horrekin harrituta, berehala entzungo zuena imajinatu gabe—. Nik salbatu nezakeen zure burua...
—Nola, baina?
—Komisarian zure grabazio bat jarri eta gero zuri buruzko txosten bat ere erakutsi zidaten. Han, terrorista izateaz, laneko propaganda banatzeaz eta lan politiko separatistak egiteaz akusatzen zintuzten, hemen orduko edozein pertsona kritikori lepora zekizkiokeen gauza horiek guztiak. Haiek, halere, esan zidaten hori ez zela larria. Eta une horretan egin behar nuena egin nuen: denaz zuri ohartarazi eta alde egiteko lagundu, baina ziur nago ez zela horrenbesterako, ez nuela behar adina indarrik egin eta zu galtzeko erruduna izan naizela.
Eztarria nola lehortzen zitzaion sentitu zuen Telesek. Izan ere, norbaiten aitortza goibel batek eta beste pertsona batzuen erabakirik ezak irabazi zuten borroka. Norbaitek salatu zuen baina, agian, ez zuen kanporako bidea hartu behar... Patuaren zentzugabekeria barregarria iruditzen zitzaion orain.
—Ez, Regina, nik uste dut norbaitek akusatu ninduela eta beste aukerarik ez nuela izan. Argi esan nizun: “Ez naute kartzelan sartuko”. Nik erabaki nuen.
Horretan azaldu zen Zarautz basoerdia eskuan.
—Hiltzen ari zara, Zarautz.
—Aspalditik hilda nagoela esan nizun. Ikusten ari zarena inertzia hutsa da...
—Zergatik edaten duzu?
—Nahi dudalako, Beltza. Gustatzen zaidalako eta nahi dudalako. Horixe bakarrik egin dezakedalako.
—Zu gustura horrela?
—Mundu guztia hiltzen da —esan zuen—. Denbora eta forma kontua da.
—Hain zoratuta zaude?
—Ez dakit, baina uste dut merezi izan duela zurekin hitz egiteak.
—Eta traidorea? —galdetu zuen Telesek.
—Zergatik ari zara horretaz hitz egiten?
—Zu ez bazara, ez zen traidorerik izan.
Zarautzek irribarre egin zuen.
—Barkatu dituzu hildako guztiak?
—Baietz uste dut.
—Zuk jakingo...! Eta zergatik uste duzu ni izan nintzela?
—Zuk besteek adina zenekielako... baina min handia emango lidake zu izan bazina.
—Baina orain baietz uste baduzu, agian nik...
—Zarautz, iritsi nintzenetik esan nizun: ahantz dezagun hau.
—Hainbeste izorratu ondoren, orain ez duzu hitz egin nahi... Berrogei urte pasa ondoren, zure lagun batek txibatazoa eman zuela pentsatuz, orain mundu guztia barkatzen duzu eta gu lasai gelditu behar... Joņo, Beltza, ze baboa zaren!
—Ez jarraitu, Zarautz.
—Jarraitu egingo dut, nire bizitzan geratzen zaidan gauza onena nire lagunak direlako.
—Baina laga edaria, erredio!
—Ezetz! Hori da nire borondatez egiten dudan gauza bakarra —esan eta altxatu zuen edalontzia—. Eta bihar hilko banaiz, primeran! Agian horrela ez naiz enteratuko!
—Okerrena da ez zarela bihar hilko.
—Egia da, atzo edo duela berrogei urte hil nintzen. Ez naiz gogoratzen noiz hil nintzen ere!
Telesek tragoa husten ikusi zuen eta errai guztiak bihurritu zitzaizkion.
—Nik orain badakit zu ez zinela izan —esan zuen.
—Begira, Beltza, nik ere esan nizun lehenago: ez zen inor izan. Eta ez inor baino ederragoak garelako, ezta gutxiago ere: estutzen bazintuzten, gutako edozeinek esan zezakeen edozer, baita edonori edozer gauza leporatu ere. Baina kasualitatea izan zen ez zigutela galdetu... baina hatza zaurian sartzen segitu eta hondoraino tenkatu egin duzu. Eta horrela jarraituz gero nik ez dizut barkatuko.
—Orain, kabroia neu naiz, beraz... Tira, utzi hori, mozkortuta zaude.
—Bai, baina mozkorrek egia esaten dute. Orain trago bat nahi al duzu?
Eta Telesek esan zuen:
—Tira, atera beltz bat.