LOGELA
Aitonak oraindik ez du bilobarekin lo egiteko ohiturarik eta esnatzen da maiz. Baldarra da. Halere, bilobak ez du zurrunga egiten. Horrela berriro loak hartzea lortu du, baina lehenago berak zeruertzari eta urruntasunari begiratu die, aspaldian ikusten ez den zituen horiei. Euria gogor hasi du. Ura leihoaren kristaletik irristatzen da. Itxura denez, herria lausotu egiten da formak luzatzen dituen pantaila horren atzean, eta koloreak mozkortu eta nahasten ditu. Ez du aurkitzen bere alabak ohearen ondoan utzi dion ura. Hain ederra izan da eguna... Ilunabarreko zirimiriak lurreko usain guztiak berriro lotzen ditu bere bizipenez.
Atzo alde egin izan balu bezala gogoratzen da denaz. Zegoen guztia bere barruan gorde du, usainak, kresala batik bat, koloreak, euria, basoak, hitzak, doinuak, haurra zenaren arnasa pausatua... begiak sabaira altxatuz, malkotan itsututa, bere sudurra zarataz ari da.
Begiak itxi eta loak harrapatzen du, bizitza luzean lagun izan dituen sentsazio-bide errepikakorrak berriro dastatuz. Bat-batean, aurpegi maitatu guztiak etortzen zaizkio burura, eta, haien oroimenean, berak ezagututako hainbat herrialdetako lurraren usaina, basoarena, zeruarena eta suarena, animalien, loreen eta gorputzen lurrina, usain guztiak batera, autoek eta itsasontziek botatakoak, haien kea, motorren kiratsa, frijituaren atxona, espaloira botatako fruta ustelaren afoinua. Hala eta guztiz, hemen, bere herrian, usainak, benetako usainak dira berarentzat, gatza, airea, arrain lehorra, lur bustia, pikea, algak eta ura daude. Usain onak! Lehen aldia da herrialde hura usain berezia duen zerbait lurrin bihurtu dela berarentzat. Faltan botatako usain multzo horrekin liluratuta dago. Bihotzaren sakonean, leku hartara itzuli ahal izana eskertzen du. Dena usnatuz lo gelditzen da. Zaharrak ez du oroiminik sentitzen lasaitasuna baizik eta, bat-batean, erabateko gauak heltzen dio eta ametsen amildegian galdu.
Berehala, ordea, logela oihuz betetzen dela sentitzen du. Alaba esnatu eta gainerakoei jaikitzeko deiadarraz ari da, orroa eta guzti. Egunsentian ondo etzanda geratu nahi zuen koltxoian, bilobaren ondoan ea berriro egingo zuen lo, baina alabak ez dio aukerarik emango.
—Pello, esnea berotu!
—Banoa.
—Aita, beti bezala, zuk nahi duzuna egin ezazu.
—Ez, ni ere banoa, kaferik ba al dago etxe honetan?
—Bai, kanpokoentzat!
—Hara, ni ez naiz kanpokoa baina kafe huts bat hartuko nuke...
—Esnerik ez?
—Esnea haurrentzat da eta etxe honetan ez dago haurrik.
—Adin tartea badago ere, gu zure haurrak gara.
—Hala izango da baina umeak izateari aspaldi utzi diozue...
—Halere, gure etxean esnea hartu ohi dugu eguna hasteko eta zuk, etxe honetan, kafea hartzerik baduzu.
—Ongi da.
—Attuna, ogi txigorturik nahi?
—Gailetak nahiago.
—Ez dauzkagu.
—Ogi txigortua, beraz.
—Olioz edo gurinaz?
—Zuek nola hartzen duzue?
—Guk olioz.
—Bada, nik gurinaz hartuko nuke, ba al dago?
—Noski, zerorrek hartu frigotik.
Beti saiatzen zen zetorren giroa zeruertzera begira definitzen, eta orduan iritsi zen egunsenti hura. Lehen eguzki-izpiarekin bat egin zuen, itsasoak ezinezko sarrera egiten duen lekura begira, goiz hartako kolore-aniztasunei so. Eguzkiak motel irten zuen, eta gustatu zitzaion etxetik ikusi ahal izana bor-bor egin zuenean. Etxea hainbat musika-tresnaren doinuek hartu zutela zirudien, ihiek gogor eusten zioten haizeari eta zuhaixkak handitu egiten ziren, hegaztiek lehen argietan nabigatzen zuten. Bide onean ari zela bazekien. Bakean zegoen. Baina ilunabarra nahiago.
—Zer dakizue Aspirinoz?
—Zein da Aspirino? —Pellok.
—Zer dakidan Aspirinoz? —Anamarik—. Hil zela, bere nagusia bezala eta farmazia saldu zuten. Orain beste jendeak kudeatzen du Botika-Zaharra eta, toki bertsuan egon arren, erabat aldatuta dago kanpotik eta barrutik.
—Ez dakit zerura edo infernura joango ote ziren Aspirino eta haren nagusia baina, edozein tokitara joatea ere, kostatuko zitzaien.
—Zergatik, Attuna?
—Ez egin kasurik, seme... herrenak ziren biak; eta, bide batez, zure txantxa txarrak alde batera utzita, zeu ere herren zabiltzala konturatu naiz.
—Bai, belaunetan min dut.
—Belaunaldiagatik izango da, aita.
—Bai horixe, belaunaldian min dut.
—Utzi hitz joko merkeak, zuk txekeo medikua behar duzu eta, izatekotan, belaun berriak.
—Zapata egokiak behar ditut eta, medikuak, berriz, ahalik eta urrutien.
—Begira ze zapatilak ditudan nik, Attuna, super erosoak dira.
—Bai, eta super garestiak ere.
—Berdin da, zapata berrien bila joango naiz gaur goizean.
—Attuna, nahi baduzu, eguerdirako aterako naiz ni eskolatik eta nireak non erosi nituen erakutsiko dizut.
—Ondo zagok hori! Hire bila joango nauk, bada. Non zagok hire eskola?
—Narrondoko errepidearen alboan.
—Bazkaltzera etorriko zarete? —Anamarik.
—Bai, horixe.
—Ordu bietan, beraz.
—Ados.
—Konforme.
Tristura eta bidaiaren haserrea jite atseginak ordezkatu ditu. Itxaropena. Sosegu gozoa, bildutako aldartea lautzea. Aitona itsasoaren aurrean eserita dago une batez. Itsasoa, eguzki-ordu zoragarri honetan, urdin-bizi dirdiratsua da. Telesen izpirituan gogobetetasuna nabari da. Azaleko behatzaile batek uste izango du aitona zoratuta begiratzen ari dela inguruari behar bezalako arretaz kasu egin gabe. Ez al dira bere hartan pisutsuak eta eskrupulu sinesgaitzak sentitzen dituenak?
Ez du ezer ezagutzen, alegia. Garai batean buruz zekizkien tokiak eta toki izenak desagertu dira. Larreak, harrobiak, labarrak, arroka-tokiak, baserriak eta bordak, kaleak, bidezidorrak: Iruarriandieta, Bizkarraga, Igarategi, Izustarri, Arizmendi, Aizpurua, Maluzarreta... izen haiek ia bere buruan besterik ez daude.
Haien ordez, Puntanoetan edo Patxita Etxezarreta aldean bezala, bide zabalak eta etxe-orratz bat edo beste. Bere betiko herria bere baitan besterik ez dagoela hasia da konturatzen. Zegoenak ez du iraun, berau bezainbeste bederen. Oraingo honetan, dena garbiagoa da, kaleak zuzenagoak, eta haietan ia jenderik ez dago. Diseinatzaile baten mahaian sortutako auzo berrietan auzokorik ez.
Hodei urtu ezinak zeruertzean, zain solteak hosto baten atzealdean. Eta, hala ere, aitonaren errealitate barnekoi hori errealitate sendoa da Beltzaren adimenarentzat. Munduko gauza gordinei, latzei eta bortitzei lotuta, nola epaituko ditu aldaketa horiek? Eta ezer sakonagoa, zirraragarriagoa, dramatikoagoa eta altuagoa da Telesen buruan gertatzen ari dena: ez du hemen egon nahi, nahiz eta bizitza osoan hona itzultzeko borrokan bizi.
Parkera joan da eta banku batean eseri. Bakarrik. Ia bere bizitza osoan bezala.
Parke polita da, ederra, handia, zoragarria, umeentzat dibertigarria, helduentzat ere jolastoki asko dituena, lasaia eta inpertsonala. Halere, ez zegoen kontent. Beste sasoietan beste nonbaiten sentitutako bakardadeak bustitzen dio soina eta, eserita ere, izerdi patsetan dago.
Helduek erabili beharreko erreminten gunera hurbildu eta, berehala zurbildu da zeharo: Zarautz hor dago... lehen izandako bezala gizasemeak handia izaten segitzen du baina, beti baldarra izateagatik edo, era traketsean dabil orain makuluek lagundurik. Beltzak, aldiz, hala ibilera herrena, nola itxura bera ere disimulatu nahian, buelta eman du eta bilobarekin adostutako zitara joateko era zurrunean kimatutako gereziondo japoniarrek marrazten duten bide tartera zuzendu ditu urratsak, askotan egin modura, oharkabe desagertuz.
Villa Pilarren atzeko basoa non zegoen bazekien eta inguru guztia oso aldatuta egon arren noranzko hura hartuz Pelloren eskolara gerturatzen joan da. Batimendu handia zen, dena porlanaz eta adreiluz eginda, eta hesitua. Berak ezagututako kartzelak etorri zitzaizkion gogora eta, handik haurrak eta gazteak irteten ikusterakoan, berriz, Unamunok zioena ere burura etorri zaio: eskolatik ateratzen diren ikasleen burrunba askatasunaren aldeko orroa besterik ez dela, hura bai Orroaga, eta ez Azkizupean dagoena.
Horrenbeste gazteren artean Pellori antzematea ezinezkoa zitzaion baina, zorionez, Pellok berak aurkitu zuen aitona. Lagunduta zetorren.
—Kaixo, Attuna!
—Zure aitona al da? Ez nekien aitona zenuenik... Nola izen du? —ingurukoek.
—Duela gutxi etorri da kanpotik aitona Teles.
—Kaixo, aupa... bon, bagoaz?
—Nora zoazte?
—Bakea eman, faborez... Goazen, Attuna.
—Lagun asko dauzkak hik.
—Dena jakin nahi duten begiluze nazkanteak besterik ez dira. Haiei zer inporta zaie, bada...!
—Nik parkean nire garaiko haietariko bat aurkitu berri diat. Zarautz deitzen genion baina zorionez ez duk konturatu ni haren ondoan nengoenik.
—Hobeto.
—Horixe. Ze, zapatak erostera joango gaituk?
—Nireak bezalakoak nahi badituzu Odriozola dendara joan beharra daukagu, ba al dakizu non dagoen?
—Lehen Erribera kalean zegoan behintzat.
—Attuna, Trapaia tabernaren parean dago, etxetik gertu.
—Etxerako bidean baldin badago, primeran.