Ostantza
Ostantza
Fito Rodriguez

ZUMAIA
 

 

BAZKALONDOA

 

Ia hirurak ziren. Ordu horretan, bazkalosteak larrituta, herri osoak lo egiten zuen siestan. Biltegiak, dendak, bulegoak eta abar ez ziren berriz irekitzen lau eta erdiak arte. Tabernak eta txinatarren dendak bakarrik egoten ziren irekita. Etxe gehienek, Le Corbusier-en eredu arrazionalistaren gainean eraikiak, barrutik itxita zituzten ateak eta pertsiana jaitsita. Batzuek parkeko banku batean egiten zuten lo aitona bilobaren ohean seko lo zegoen bitartean.

        —Attuna, esnatu!

        —Ze gertatzen duk?

        —Mugitzen ari zinen hasperenak eginez eta esnatu zaitut.

        —Mila esker, mutiko! Suzko garrak inguratuta nengoan eta zeruan ilundu egiten zuan arrats gorria. Jainkoek eta haien paradisuko biztanleek pilota handiak botatzen zitiztean odoleztatuko zeruan... A! ze sentsazio txarra, rediosss! Pilotak nire eskuetatik erori egiten zituan etengabe eta hori-gorriz margotutako herrian erortzearekin amets egiten ari ninduan... Dilisten eragina, ziur...

        —Edo ardoarena...

        —Zer diok?

        —Berdin da, amesgaiztoak, Attuna, nik ere badauzkat noizbait.

        —“Parkean jolasten bota nuen pilota oraindik ez da lurrera iritsi”

        —Ametsetan oraindik?

        —Ez, halakoxea bota zian Dylan Thomasek...

        —Zure lagunen bat?

        —Ez, poeta batek idatzi zian hori.

        —Ez ditut poetak ezagutzen.

        —Nik bai, mutiko.

        —Non, Attuna?

        —Iparraldean ezkutaturik bizi zen Martin ezagutu nian.

        —Martin zer?

        —Auskalo, Martin Larralde edo... baina hura ez zuan bere benetako izena izango, ziur... gero nik Genevarako bidea hartu nian eta bera Kubara joan zela uste diat.

        —Eta poeta zen?

        —Denok ginen poeta, orduan, abangoardiako artista hutsak!

        —Zer?

        —Abangoardiakoak gintuan, baina ez bakarrik ohiko esanahi militar edo politikoan, erromantikoak gintuan, Erromantizismo historikoaren lehenengo idazleek egiten zutena egin nahi genuelako geuk ere: herritik gertu bizi eta harengandik ikasi geure hizkuntza eta naturarekiko portaera, mundu berri bat sortzeko eta gizarte justuagoa eta ederragoa gauzatu ahal izateko.

        —Eta zeuek ere idazten zenuten...

        —Idatzi eta irakurri bai, baina, gehienetan, hitz egiten genian gure artean, baita modu sortzailean bizi ere, egunaren gurpilari loturik baina errutinarik gabeko ezerezaren erdian, bizitza aldakorrean sustraiturik baina, horretan ere, errotu gabeak. Gazte eroak gintuan gu...

        —Zaila da ulertzen... zuek ez al zineten erbesteratu politikoak?

        —Baina guretzat politikoa ez zuan ohiko politika, ordea. Begira, esaten ditek Flaubert idazlea behin Napoleon printzea bisitatzera joan zela eta ez zuela lortu, baina, itxarongelan zegoenean, ingurukoak politikaz hizketan aditu zituela etengabe eta bukaeran, irtetean, honako esaldi tristea bota zuela: “Horren da handia giza ergelkeria!”. Guk, gutxi gorabehera, horixe uste genian ohiko politikaz, ergelentzako asto-lana zela, alegia. Gu, Flaubert bezala, artista gintuan! Bon, utz dezagun aspaldiko sasoi nahasi hori bakean, buelta bat ematera noak ea burua ere lasaitzen eta argitzen zaidan.

        —Ongi da, gero arte... afaltzera etorriko al zara?

        —Dudarik ez izan.

        Itsasoko bidean pentsamendua etorri zitzaion gogora:

        “Urte asko dira aberritik kanpo bizi naizela eta itzultzearen ideiaz etsi egin dut behin baino gehiagotan. Nire jendea ez nukeela sekula gehiago ikusiko pentsatu dut maiz, baina ez zitzaidan inoiz bururatuko hemengo portuan berriro ere Espainiako bandera haizeak harrotzen ikusiko nuela. Nik uste dut ez dudala nire bekokia kolore horien aurrean makurtuko; izan ere, atzerrian arrotz bizi arren, nire herrian ere horrela bizi beharra izango litzateke sakrifiziorik handiena, alegia, berriz nirea ez den beste banderapean bizitzeko behartuta egotea; halere, itsasontzi guztiek piperpotoa daramate oraindik, baita Balentziaga Astiņenean egiten ari diren handikote haiek ere”.

        Aldapa jaitsi ondoren Herriko Tabernara, Inpernupera, sartu zen, berarentzat erabat berria zena, eta hantxe, basoerdi bat edanez eta oroitzapen atseginak berreskuratzen zituen bitartean, Telesek ezin izan zion kuadrillaren aspaldiko erretratua egiteari utzi, bere oroimena xahutuz iragan urrunetik etorritako seinale baten bila, gizon horietako batek bizitza aldatu ziola jakinda, haien artean bere salataria zein izan ote zen markatzeko aukera emanez; haren aurrean, mahaiaren kontrako goiburuan, Zarautz hitz egiten ari zen, alkoholak fisikoki suntsituta, baina betiko distirarekin.

        Teles, berriro ere, poliziaz gogoratu zen, hark, bere aurka egin zituen akusazioez, eta berriro sumindu zen nola azaldu zizkioten gogoratzean. Poliziek ere bere lehentasun politikoak zuhurtasunez aztertu zituztela esan eta, mehatxupean, salatzaile izateko eskaera nola egin zioten. Berriz, une jakin batean, poliziek bai berari buruz baita Zarautzi buruzko informazioa ere lortzeko bideak nondik eskuratu zituzten pentsatzen hasi zen.

        Balizko traidorea ikusteak hankaz gora jarri zituen bere erresuminak: barran gizon bat zegoen aurpegia puntu gorriz markatuta. Dardarak ezkutatzen zituen esku batekin Zarautzek, eta edalontzia ezpainetara altxatzen saiatzen zen. Ikusi gabe zeramatzan berrogei urteak, askoz ere suntsitzaileagoak iruditu zitzaizkion Telesi aspaldiko lagunaren soinean. Beste leku eta egoera batean, agian, ez zen Zarautzekin mintzatuko baina, azkenean, hitz egin zuen iraganeko adiskidearen irudi gastatu harekin:

        —Zer moduz zaude, Beltza? — galdetu zion Zarautzek.

        —Oraintxe bertan ez dakit —aitortu zuen Telesek.

        —Biok engainatu gintuzten —esan zuen Zarautzek, eta Teles ohartu zen haren ahotsak betiko bizitasuna berreskuratzen zuela, betidaniko Zarautz izango balitz bezala, eta haren hitzek egia soil bat esango balute moduan.

        Telesek nahiago izango zuen edozein irain entzun, are erasoa jasan ere, entzun zuena aditzea baino. Haserreak berriro menderatu zuen bere burua, modu bortitzean, eta urtetako gorrotoaren zorneak, etsipenaren eta mendeku-gosearen leherketa eragin zuen beregan. Ezkutuan zuen zigarretak airean egin zuen hegan, indar handiaz botata eta lepoko zainak odolez bete zitzaizkion.

        —Baina kabroia zara, gero! Nork engainatu gintuen? Zuk salatu ninduzun eta! Zuk mila kaka bota zenuen nitaz... Zure erruagatik, bizitza desegin zidaten. Nork engainatu gintuen? Zuk gezurra esan zenidan! Nik uste nuen zu nire laguna zinela, baina beldurtiegia zara inoren lagun izateko.

        Txokoan, bere hanken artean begirada galduta, defentsak altxatzeko ahaleginik egin gabe, Zarautzek utzi zuen akusazioak haren gainera erortzen, euri bero bat bezala.

        Beste zigarreta bat pizten ari zela, Telesek ikuskizun tristea sumatu zuen aurrean. Bere zorigaitzaren errudun nagusiari buruzko amorrua botata, lehen bezain etsita sentitzen zen.

        —Barkatu, hemen ezin da erre —zerbitzariak.

        —Barkatu zuk... —zigarreta boteaz, Telesek.

        —Biok engainatu gintuzten —errepikatu zuen lagunak, eta, azkenean, aurrez aurre begiratu zion. Bere begietan hezetasun kezkagarria eta erronka iraunkorra zeuden.

        Telesek uste zuen eraso egingo ziola bertatik bertara... Zarautzek engainuaren ideia hura behin eta berriz azpimarratzeak sumindura hilgarria eragiten zion, baina lagun ohiaren itxura eroria bezain trinkoak ia baliorik gabe utzi zuen hasierako sentimendu gogor hura.

        —Zer irabazten nuen nik gezur bat esatearekin, zu salatzearekin, alegia? Esadazu niri, Teles, zer irabazten nuen edozein modutan preso sartuko baninduten? Nik ez nizun ezer leporatu. Baina haiek esan zuten nik esan niela eta zuk sinetsi... haiei, ez niri. Bada marka!

        —Nondik ateratzen duzu zuk kaka hori guztia? —Teles zutik jarri zen pixkanaka.

        —Haiek esan zidatenarekin badakit, ostia, ņo! — garrasi egin eta bere lekua ere utzi zuen.

        Bat-batean, Zarautzen zuhurtzia eta lotsa desagertu ziren.

        —Baina ez al duzu ulertzen? Engainatu egin gintuzten, biok. Ene, Teles, edo tranpa bat jarri ziguten, edo nik egiten nuena eta nekiena leporatu zidan norbaitek, eta horrek berak salatu zintuen...

        —Utzi kontuak, Zarautz, ez nauzu konbentzituko.

        —Konbentzituko zaitut —behin eta berriz esan zuen, bizitzan zeukan eginkizun bakarra Teles konbentzitzea balitz bezala.

        Zarautzek zioenaren zerbaitek zalantzan jartzen zuen bere erbestealdi osoan zehar Telesek ziurtasun iraunkorraz pentsatu zuena, alegia, aspaldiko bere aburuaren aurka, ustezko salatariak erakusten baitzion orain bere ihesarekin azaldu zuen berezko ahultasuna. Hala eta guztiz ere, honela erantzun zion:

—Jakina ezetz...

        —Begira, Teles, egunen batean kontatuko dizut zer gertatu zen preso egon nintzen garaian... Zuk ez duzu imajinatu ere egiten. Baina pentsatzeko denbora sobera eduki dut eta orain badakit engainatu egin gintuztela, norbaitek salatu gintuelako.

        Alabaren etxerako bidean Zarautzek esandakoaz hasi zen hausnartzen. Hark ustez salatutakoaz, hura izan baitzen erbesterako lehen urratsa. Ordura arte, Telesek ez zuen inoiz pentsatu beste leku batean bizitzea merezi zuenik, eta, inoiz, gazte garaian egindako irakurketei esker, bidaiatzea eta munduko leku enblematikoak ezagutzea amestu bazuen ere, Alpeak, Himalaia, Afrika, New York, Paris edo Buenos Aires... azkenean Zumaiaz maitemindu zen nahiz eta Paris eta, batik bat, Geneva, berak nahi baino gehiago ezagutu beharko zituen.

        Zumaia oroitzapenez betetako herria zen, eta bere zentzumenez bidaiatzen zuen beti hartaraino, usainez, argi-ilunez, ametsez eta maitasunez gozatuz.

        Fede politikoaren gazte egun haietan, Telesek gizon zoriontsutzat jotzen zuen bere burua, eta bere aurrean etorkizun lasai eta goranzkoa irekitzen zela uste zuen, alde egin behar zuen arte.

        —Kaixo, Attuna!

        —Hara, hi ere hemendik...

        —Etxeko bidean, noski. Zu, zer moduz?

        —Aspaldiko ezagun bat aurkitu berri diat.

        —Zein?

        —Zarautz.

        —Aizu, Zarautz herri bat da, ez pertsona bat.

        —Bazekiat, noski, baina nire lagunari horrela deitu ohi genioan.

        —Zarauztarra da, ala?

        —Ez, Itzurun baino zumaiarragoa duk jaiotzez eta izatez, baina, gaztetan, oso harroa zenez, igeriketan hemendik Zarautzeraino egin zezakeela esaten zian... eta handik zetorkiok ezizena.

        —Hori ezinezkoa da!

        —Agian bai, edo ez... auskalo!, baina hark behin halakoa bota zian kuadrilla guztiaren aurrean eta gaitzizen horrekin geratu zuan betiko... Askotan honakoa zetorkidak burura, zera, basoan nagok, artadi erraldoi baten erdian, eta adar-sare batean galdu naizela uste diat, eta oihu bat entzun diat, eta gero ezer ez; soroetara ateratzen nauk eta ikusten diat Zumaia ere itsasorik eta bizitzarik gabeko zelaia dela, eta, orduan, dena gau itxi bihurtu dela ohartuta, iruditzen zaidak abesti bat entzuten dela urruntasunean; haurtzaroan ikasi nuena, eta noizean behin itzuli egiten dena, baina, orain, zahartu egin nauk eta ez zeukaat dagoeneko pentsamendu hori buruaren bueltan...

        —Zer diozu, Attuna?

        —Nire gauzak, mutiko, ahaztu ezak!

        —San Miel Artaditik Zumaia ikusten da...

        —Ez duk hori... lasai... Zarautz nire aspaldiko lagun horrekin topo egin diat Inpernupen...

        —Itsaslabarreko arroketan?

        —Ez, tabernan, eta nire amesgaiztoetan bezala, agian galdua bezain oker nengoela hasia nauk pentsatzen.

        —Non?

        —Inon ez! Berarekin erratu ez ote naizen pentsatzen hasi naizela.

        —Zertaz, Attuna?

        —Nire gauzak dituk, Pello, ahantz ezak!