Leku bat omen zuen
Leku bat omen zuen
Maitane Perez

AMASA-VILLABONA
 

 

5. ATALA

 

 

Denbora nahikoa eman zuen Mirenek Kale Nagusiaren hasierako banku hartan eserita, Iratik bere lehenengo urteak bizitako pisu horren parean. Ez zuen indarrik jarraitzeko, ez zuen energiarik kaleetatik aita bilatzen jarraitzeko. Ezin zuen.

        Bankutik altxatu eta poliziari deitzeko mugikorra atera zuen poltsatik. Zenbakia markatu behar zuenean, ordea, zerbaitek gelditu zuen, eta azken aldiz han bueltan zegoen koxkan begiratzea erabaki zuen.

 

        Praixku lasai zegoen koxkan, trankil. Ingurura begiratzen zuen gorputza ia mugitu gabe, irribarre fina ezpainetan. Eguna luzea baina ederra izan zen, herrira itzultzeak indarra eman zion, bakea. Hanken gainean karpeta ondo helduta zeukan, lehenago aintzat hartu gabeko argazki horiek orain altxor bihurtuta.

        Alaba ondoan eseri zitzaionean begiak handi ireki zitzaizkion, mamu bat ikusi izan balu bezala.

        “Ze ittezu hemen?”.

        Mirenek ez zuen azkar erantzun. Aitari begira, begiak malkoz beterik, besarkada suabe bat eman zion, bat-batean zaharragoa zirudien gorputz hura apurtzeko beldurrez. Aitak muxua eman zion kopetan, isilean.

        “Eun pasa etorri naiz”, esan zuen azkenean Mirenek, “zu bezela”. Aitaren esku zahar handia bere eskuen artean hartu, eta isilik geratu ziren biak, aurrera begira, geldi, herriaren mugimenduak inguratuta.

        “Atta, enaiz goatzen Garmendihaundi nun zeon...”.

        Praixkuk maitasunez begiratu zuen alaba, eta masaila laztandu zion.

 

        Elizatik ikusi zituen Iratik, eta bizikleta geldituz, kalearen beste aldean geratu zen une batez, irudiak maitemindurik. Aitonaren beste aldean eseri zen motel, amari aitonaren atzetik eskua sorbaldan jartzen ziolarik.

        “Hara, denok eskursiyua in deu gaur”.

        Ezpaina hozkatu zuen neskak barrerik ez egiteko. Baina Mirenek barre egin zuen aitaren hitz horiekin. Hiruek egin zuten barre azkenean.

        “Ondo zaude, attona?”.

        “Primeran”.

        “Nun eon zea?”.

        “Paseon”.

        Ama-alabak elkarri begiratu zioten, erremediorik ez zuen aitonaren hizketa eskasa irribarrez onartuz.

        “Attai deitu biharko zeniyoke, Irati, seguru nao faltan botatze zattula”.

        “Ingo det, bai”.

        “Nere errautsak hemen botatzia nahi det, errekan”. Praixkuk ustekabean harrapatu zituen beste biak.

        “Oriyoa allatuko zea, igerin”, ironiaz Mirenek.

        “Amonakin”, Iratik.

        “Hoi da. Herriya eta Edurne, biyak”.

 

        Bat-batean haizea mugitzen hasi zen, bortitz. Ingurukoak aztoratu egin ziren, zerura begira jendearen erritmoa azkartu zen.

        “Galerna dator, busti ingo gea”.

        “Bakizu ze egun dan gaur, atta?”.

        “Nee urtiak. Ochentaynueve”.

        “Ospatu beharko genuke”.

        “Pastak dazkat”.

 

        Praixku eta Iratiren harridurarako Mirenek poltsatik pasta kutxa atera zuen, erabat kolpatua eta zikin, eta pastek itxura oso erakargarria ez bazuten ere, pozik sartu zuten eskua hirurek. Ados egon ziren denak honako honetan, ezin zuten aitonaren urteak ospatzeko leku hobeagorik imajinatu.

        Trenaren txistua entzun zen, autobusak haien aurretik gurutzatu zuen. Eta hor geratu ziren hirurak, isilik, pasta bat bestearen atzetik jaten, pozik, haien herriko koxkan eserita.

        Eta enbatak eztanda egin zuen, azkenean.