3. ATALA
Dilista eta legatzarekin aski ase, postrerik ez zuen hartu Praixkuk. Irribarretsu zegoen, sagardoak lagunduta, baina legatza ondo sartu izanagatik bereziki. Ingurukoak begiratzen zituen, aurpegi ezagunak zaharrenenak, gazteagoenak ezezagun. Guztiak ez, baina. Harriet mahaien artean pasa zen, terrazan bazkaltzen ari zirela eta komunera, eta kaixo bat eskaini zion irribarre handi goxo batekin.
“Koxkortu zea geo!”.
“Bai, hamabi!”.
Eskua astindu zuen Praixkuk horiek urte asko zirela adierazteko moduan, eta mutilak bere irribarrearekin alde egin zuen. Pentsakor geratu zen gizona, eta bere eskuak begiratu zituen une batez. Marka ilunez beterik zituen eskuak, zimurtuak, baina indartsu ikusten ziren oraindik. Alde batera eta bestera mugitu zituen, esku zahar haiek oraindik ondo mugitzeko gai zirela konfirmatuz. Horretan zegoelarik Agustina agertu zen, alabaren aspaldiko laguna.
“Praixku!”.
“Ene, Agustina...”.
Emakumeak besarkada gogor bat eman zion aitonari, honi aulkitik altxatzeko denborarik eman gabe. Gaztetatik Mirenen laguna zen Agustina, elkarrekin lan egin izan zuten paper-fabrikan, eta Praixkuri kariño berezia izan zion beti. Alderantziz ere bai. Emakume maitekorra zen, Salbadoran Fenwich orga jasotzaile bat eraman zuen lehenengo emakumea izateagatik herrian ezaguna. Sukaldari ederra zen Agustina, eta askotan egiten zuten sukaldean elkarrekin Praixkuk eta berak alabaren lagunek bazkariak antolatzen zituztenean.
Agustinak poza zeriola begiratu zuen Praixku.
“Nolatan zu hemen?”.
“Ba ikustezu, bazkaltzen!”.
“Bixitan etorri zea eo?”.
“Hoi da, bixitan, bai”.
Kafea elkarrekin hartuko ote zuten galdetu zion Praixkuk, ilusioak jota, pozaren pozez. Baina ezin zuela esan zion Agustinak, familiarekin geratua zela eta terrazan bazkaltzen ari zirela. Nahi izanez gero haiekin elkartu zitekeela. Baietz esan zuen Praixkuk batere pentsatu gabe. Emakumea aurreratu eta terrazara atera zen. Praixkuk ahal zuen bezain azkar argazki-karpeta eta bastoia hartu eta Agustinaren atzetik joan zen.
“Enijoa paatu gabe, e!”.
Zerbitzariak barre egin zuen. Kanpora atera zenean familia ikusi zuen bi mahaitan eserita. Agustinaren senarra azkar ezagutu zuen. Semea eta erraina ez hainbeste, baina eskua eman zien betidanik gogoratuko balitu bezala. Biloba txikia hor zegoen ere, ez hain txikia dagoeneko, eta haren ondoan ezagutu ez zuen hogei bat urteko gaztea.
“Biloba da ere, Hodei, beste semeana”.
Agustinaren ondoan eseri zen Praixku, eta baietz esan zien, kafe bat hartuko zuela. Familiakoek galderak egin zizkioten hasieran, zer moduz, zer moduz seme-alabak, bilobak, eta erantzun zituen berak, labur, baina irribarretsu. Orioko tren geltokian bezala begiradak erakartzen zituen, lekuz kanpo berriro ere, berea ez zen familia horrekin familia-bazkalostean.
Familiakoak berehala itzuli ziren aurretik zeukaten elkarrizketara, eta Praixku isilik geratu zen, Agustinak irribarre atseginak eskaintzen zizkion arren, deseroso xamar. Beste aldean zuen biloba gazteenari karpetan zituen argazkiak erakustea bururatu zitzaion, aspertuta ematen zuelako gaztea eta aitzakia bezala. Karpeta irekitzerakoan Amasako iturria agertu zen, neskamea ura hartzen Iturrigoxo kuttunean. Argazkiak Praixku harrapatu zuen, erabat. Ez zuen argazki horretan erreparatu lehenago Migelek erakutsi zizkionean.
“Bakizue nola aukaten iyotzia Amasa?”.
Hogei urteko gazteak bere burua eskaini zuen. Kotxea zuen eta jada ez zuen gehiago han familiarekin eserita egon nahi, eta edozein modutara laster joan beharko zuen lagunekin geratua zelako. Ideia ona iruditu zitzaion Praixkuri.
Besteak zertxobait harrituta utziz, Agustinari bi muxu eman eta gazte harekin abiatu zen.
“Poztu naz zu ikustiaz!”.
“Ni re bai”.
Eta ordaindu gabe alde egin zuen gaztearen atzetik.
Kotxea izenik gabeko kale batean zegoen, nazionalaren azpian. Zarata aztoragarria zen, eta gizona errepidea eta herria banatzen zituen hesi berdeari begira geratu zen une batez. Mutikoak kotxea ireki eta agurearen zain geratu zen, zer egiten ote zuen ulertu gabe.
“Ba al goaz?”.
Praixkuk, oraindik nazionalari begira, burua astindu zuen haserre eta kotxean sartu zen.
Kotxe berde itsusia zen hura, zaharra. Gurasoena izango zen edo, berria erosterakoan semeari emandakoa. Deserosoa zen ere, Praixkuk ezin zuen eserlekuan postura egokirik aurkitu. Gidaria gainera ez zen oso abila, eta nazionalaren azpiko tuneletik pasatzen ari zirenean ozta-ozta saihestu zuen beste erreitik pixka bat atera zen kotxea.
“Telefonoz ai zan emakumia!”.
Bere burua defendatu zuen mutilak. Praixkuk, baina, burua beste lekuren batean zeukan jada, tunelari begira, bidegurutzeari begira, errepideari begira, jatetxeko terrazan zegoen gizon irribarretsu horren aztarnarik ez orain bere aurpegian.
Amak telefonoz esandakoa Alaitzi kontatu eta mahaitik altxatu zen Irati. Nahi izanez gero lagunduko ziola eskaini zuen bere burua Alaitzek, baina Iratik ez kezkatzeko, aitona seguruenik ondo egongo zela tabernaren batean lagunen batekin, eta kuadrillakoak zain izango zituela, joateko lasai. Honako honetan Irati izan zen besarkadarako lehen pausoa eman zuena. Denbora beharko zuen oraindik txikitako lagunarengandik lehen bezain gertu sentitzeko, baina puntu horretatik aurrera errazagoa izango zela ematen zuen. Hori erakusten zuten bederen haien irribarreek.
Tabernatik atera eta pentsatzen geratu zen momentu batez Irati, plan estrategiko bat asmatzen. Kalearen alde batera eta bestera begira bere buruan herriaren mapa marrazten zuen. Azkenean erabaki, eta Kale Nagusia hartu zuen.
Arropa dendako erakusleihoan bere irudia islatua ikusi zuen eta eten bat egin zuen bere buruari begiratzeko. Beste pertsona bat ematen zuen, alaiagoa, lasaiagoa. Presa bazuen ere begitartea leun, irribarre txikia, udako arropa finak bere gorputzaren forma ederrak markatzen eta kolorez beterik. Pozik geratu zen ikusi zuenarekin, eta bere pausoak seguruagoak bihurtu ziren, indartsuagoak, helduagoak.
Kaleko denda guztiak itxita zeuden, igande arratsalde berotsu hartan. Guztiak ez. Ilara zegoen pasteleria zaharreko atean, patinete eta patinez betetako ilara, litxarreriak erostera sartzeko irrikan haurrak. Txikitan hainbestetan egondako gozoki denda zaharra berdin-berdin aurkitzeak irribarrea zabaldu zion Iratiri. Erakusleihoan panpinak, pastak, goxokiak, bilduma egiteko kotxeak, bonboiak. Azukre usaina zerion barrualdeari eta atetik begiratzeko desioa saihestu ezinean, apalez betetako paretak ikusi zituen, fruitu lehor eta goxokiz betetako kristalezko pote handiekin. Denboran atzera egindako bidaia ematen zuen, haur desberdinak, arropa desberdinak, denda berdina.
Ilara luzea egon ez balitz izozkia edo palmera zuri horietako bat erosiko zuen Iratik, baina ez zegoen denborarik horretarako. Gehiegi kezkatu gabe baina arduraz aitona bilatu behar zuen, batez ere amaren urduritasuna apaltzeko.
Errebote Plazara iritsi zen, eta banan-banan plazako banku guztiak aztertu zituen begiradarekin. Eguzkiak gogor jotzen zuen, baina plaza jada haurrez eta familiez beteta zegoen, siesta ondoren bizira itzulia. Banku guztiak okupatuta zeuden: erabat estalitako bi emakume hizketan, agure bikote bat bi ume txikirekin, neska gazte bat umearen aulkitxoarekin, oso ozenki hitz egiten zuten haur beltzaranen talde bat pasteleria zaharrean erositako litxarreriak jaten. Ez zuen gogoratzen noiz eseri zen horietako banku batean azken aldiz. Ez zuen horretarako arrazoirik ikusi inoiz, plazan geratzeko. Festetan ez bazen, plaza zapaltzen zuen gutxietan beste nonbaitera joateko izaten zen, beste leku batean egoteko.
“Hemen ere de paso, Irati”. Esan zion bere buruari.
Praixkuren arrastorik ez. Udaletxeko portxean sartu zen, badaezpada itzalaren bila ote zebilen aitona, baina deus ez. Beste aldera zeharkatu zuen orduan Berdura Plazara joateko. Hango bankuetan ere gogoratzen zuen Iratik aitona eserita, batez ere amona bizi zenean. Lehenago hainbesteko bizia izan omen zuen plaza hura hutsik zegoen orain, inor ez harrizko bankuetan eserita, jendea kale batetik bestera pasatzeko bidegurutze bat, besterik ez.
Bidegurutzeek, baina, gauza onak ekartzen dituzte batzuetan, eta Xabat agertu zen, bizikletarekin. Aztoratu xamar zebilen, hau eta bestea egin behar zituela, baina Iratik aitonaren kontua kontatzerakoan bere bizikleta eskaini zion. Pixka batean eztabaidatu ondoren, Iratik eskertu, bizikleta hartu eta urtetan bat erabili ez izateagatik trakets, laguna agurtu eta aitonaren bila abiatu zen.
Itsasoan hildakoarena egitea maite dut, goizean goiz batez ere. Aitaren gosaria prestatu, itsasoan sartu eta hildakoarena egin. Begiak irekiko ditudan hurrengoan itsasoak nora eraman nauen ikusteko desioa eta ikara aldi berean, bizitzan falta zaidan ausardiari lekua uztea, une batez. Gaur aztoratua ibili naiz goizean, gauean urduri egon naiz, ez dut ondo lo egin, eta ez dut denborarik izan betiko bainua hartzeko. Uste dut Amasako txakolindegira helikopteroz ailegatu ziren horiekin amets egin dudala, ezin dut ziur esan. Orain itsasoan sartuko nintzateke. Izerditan nago eta haizeak ez dauka hemen freskotasunik, hezea, itsaskorra da.
Ez dakit zer egin dudan gaizki. Alabarekin beti maitekor, babesle, arduratsua izan naiz. Erabaki duen guztian errespetatu eta lagundu izan dut, hor izan nau beti behar zuenerako. Baina ez nau gehiegi behar izan. Edo oso gutxitan erakutsi dit. Oraindik gogoratzen dut zortzi urterekin Tolosara aitarengana trenez bera bakarrik joateko gai zela esan zidanean, ez zela beharrezkoa nik gehiago laguntzea. Lagundu nion, noski, urte batzuk gehiagotan. Ez zuen eztabaidatu, baina ostiralero, etxetik motxila hartuta ateratzen ginenean galdera berdina egiten zidan.
“Noiz jungo naiz ni bakarrik?”.
Donostian hainbeste gauza egiteko, hain lanpetua, hainbesteko gauza atzeratuta. Zer demontre egiten zuen Villabonan? Telefonoz ez naiz galdetzeko gai izan, lekuz kanpo harrapatu nau, haserretu egin naiz. Proposatu izan diot azken urtetan, ea egun pasa Villabonara joango ote ginen biak, txikitan bezala meriendatzera gonbidatuko nuela, gauzak kontatuko genizkiola elkarri. Alferrik. “Herria zerta, hartuko deu kafia Donostin, eztakat gogoik gaur e trena hartzeko”.
Oso zaila izan da kotxea aparkatzeko lekua topatzea. Larrea auzoan utzi dut azkenean, aparkatu daitekeen edo ez inork ez dakien izkina batean. Modu kaotikoan utzitako kotxe pila zeuden zentzurik ez duen auzo horretan, izenik gabeko kalez osatuta dagoen eta etxe guztien zenbakiak desordenaturik dituen horretan. Isunak jartzera etorriz gero nirearen aurretik horretarako beste kotxe asko zituztela pentsatu nahi izan dut.
Aitak bakarrik zenbat ordu zeramatzan kalkulatu dut, ez dakit zertarako, gehiago urduritzeko besterik ez. Non egongo ote zen, bero honekin, ondo egongo ote zen. Zein arropak hartu ote zituen, espero nuela alkandora urdina jantzi ez izana, bero handia ematen duelako horrek.
Kale Berrian behera ibiltzen hasi naiz, berriro ere Zentroa tabernara joateko ideiarekin. Maixabel eta Juanita aurkitu ditut orduan. Beti dotore, beti apain, bizkiak ematen dute. Seme-ilobarekin bazkaltzera zihoazela eta zertan nenbilen, eta nire aitak Oriotik alde egin eta Villabonara etorri zela bera bakarrik, eta ez nekiela non zegoen, eta haren bila ari nintzela, eta Irati ere bai, eta “imajinatze al dezue gizona bea bakarrik trenien ta autobusian ta herrin bakarrik” eta ez zegoela modurik bera aurkitzeko, eta erositako mugikorra sukaldeko mahai gainean utzi zuela beti bezala, ia arnasarik hartu gabe erantzun diet nik.
“Leheno ikusiet ba!”.
“Bai? Nun?”.
“Goizian! Lasai asko zeon koxkan exeita. Oso ondo ikusi et”.
Hunkitu naiz bat-batean, aita ondo zegoela, ondo ikusi zutela, burua positibo mantendu behar nuela. Bizkiek zorte ona opa didate eta bere bidea jarraitu dute.
Bere bila jarraitu behar banuen ere, zeozer aldatu da nire barnean, lasaitasuna eta aldi berean haserrea, ni arduratuta eta aita patxadaz. Demontrezko gizona. Aurkitu, eta besarkatu nahi nuen.
Oriamendira joatea erabaki dut, baserria uzterakoan gurasoek hartu zuten pisu ingurura, hango etxeen artean ibili eta ea aita handik topatzen nuen, nostalgiak hartuta edo, bere Villabonako auzoan. Horrela deitzen dio berak, Villabonako auzoa, Amasako jatorria ohorez defendatuz. Urte askoz gehiago eman ditu Villabonan Amasan baino, baina ez esan behekoa denik. Bera goikoa da. Eta egoskorra, Irati bezala.
Baserria bota zutenean hasi zen aitaren isiltasuna nabarmentzen, nik ondo ezagutzen eta hainbeste maite nuen ahots hori desagertzen. Amak pasako zitzaiola esaten zuen, baina ez da horrela izan. Mina ez du erakutsiko baina barruan daramala badakit, eta isiltasun horren atzean ezkutatzen dituela baserriko oroitzapen guztiak.
Behin Iratik baserriko bizitzari buruzko eskolako lan bat egin behar zuela eta aitonarekin elkartzea erabaki zuen. Oriamendira joan ginen arratsalde pasa, eta Iratik aitonarentzat pastak erostea proposatu zuen, horrekin eskertuta eta hiztun egongo zelakoan. Bere koadernoarekin aitonaren aurrean eseri zen sukaldeko mahaian, irrikaz. Bakarrik uzteko eskatu zigun amona eta bioi, alde egiteko. Horrelakoa zen Irati, gauzak beti argi.
Aitonarekin ondo egongo zela pentsatu eta ama eta biok paseoan atera ginen. Itzuli ginenean aitona telebistaren aurrean zegoen egongelan eta Irati, haserre, nirea izandako gelako ohean etzanda, sabaira begira. Aitonak ez zion deus kontatu, ez zuela gogoratzen eta ez zuela horretaz hitz egiteko gogorik, lan horrek ez zuela ezertarako balio eta zeozer jakin nahi bazuen Amasara igotzeko eta hango baserritarrei galdetzeko. Iratik asmatzea erabaki zuela orduan, amorruak jota, baina ez zitzaiola ezer bururatu. Esaldi bakar bat zeukan neskatoak koadernoan idatzita, lanerako lema edo izenburua ematen zuena: “Baserririk gabeko baserritarra”.
Ni memoria egiten saiatu nintzen eta Iratiri nire txikitako baserriko oroitzapenak kontatzen bere lanean laguntzeko, baina sei urte nituen Amasatik jaitsi ginenean, eta gutxi ziren memoria horiek. Osaba-izebek eta lehengusinak bertan bizitzen jarraitu zuten urte batzuez, eta osaba bakarrik gero, baserria nazionala egiteko bota zuten arte. Askotan joan izan ginen bisitan, horren oroitzapenak banituen, baina igandeetako bazkari horiek ere ez ziren Iratik jakin nahi zituenak.
Oriamendiko kalexkak erdi hutsik topatu ditut. Esekitokietan arropa ugari zintzilik, estilo desberdinetako musikak leihoetatik ateratzen, balkoietan kalea aztertzen zuten agureak eta etorkin gazteak haien seme-alabekin. Ez zegoen aitaren arrastorik, baina bizkiek ondo ikusi zutela entzun ondoren lasaiago sentitzen nintzelako edo, gurea izan zen pisura hurbiltzeko eta nola zegoen ikusteko gogoak sartu zaizkit.
Baxu bat zen, ezkerrekoa, arrosaz margotutako eraikinean. Kaleko bi aldeetara ematen dute leihoek, eta gortinez estalita daude guztiak, etxea ez baita oso diskretua. Nik urdin argiko gortinak gogoratzen nituen, orain zuri batzuk dituzte. Kaleko bi aldeetan dauden lorategiak ondo zainduak topatu ditut, leihoetaraino iristen diren arrosondo handiekin. Leihora pixka bat gehiago hurbildu nahian, nire espiazio une honetaz gozatzen ari nintzela, antiojo txikiak zituen gizon bat topatu dut lorategiko lurrean, harri txiki batzuekin bidexka bat egiten. Ia zapaldu egin dut. Gizona izutu da eta zenbait kexa itsusi bota ditu erdaraz. Barkamena eskatu diot eta kalearen beste aldera joan naiz azkar, handik alde egin nahian. Ez zegoen gehiegi ikusteko, eta, desiratu arren, ez naiz ausartu etxeko tinbrea jo eta barrukoei begirada bat botatzen utziko ote zidaten galdetzera.
Behin telebistako zientifiko bati entzun nion burmuinak ikasitako edo bizitako guztia gorde behar izango balu eztanda egingo lukeela, neuronen arteko konexioek ezingo luketela jasan eta gainkarga elektriko batek burmuina erreko lukeela. Horregatik ahazten ditugula gauzak, burmuinak eztanda ez egiteko. Agian horregatik azkenaldian ez ditut jendearen izenak gogoratzen, beste gauza batzuei lekua emateko borratu omen ditu nire burmuinak. Kuriosoa da hala ere buruak egiten dituen aukeraketak. Baxu hartan bizitako hogeita hiru urteetatik gauza gutxi batzuk gogoratu, baina beranduago babes eske etorri nintzeneko eguna ordea atzo izan balitz bezala grabatuta daramat azalean. Joakin desagertu zen eguna izan zen. Urte bateko umea besoetan, dardarka egon nintzen lorategiko lurrean eserita, gurasoak etxera itzuli ziren arte.
Aitaren arrastorik ez eta beste leku batzuetan bilatzea erabaki dut. Ezin nuen denbora gehiago galdu, goizean aita ondo ikusi zuten baina auskalo nola egongo ote zen orain, hainbeste orduren ondoren, gizon gaixoa bere urtebetetze egunean bakarrik. Bere urtebetetze eguna zela ere ia ahaztuta neukan jada, pastak kotxeko beroarekin desegiten arituko ziren.
Nazionalean kamioi batek bozina jo du, burrunba izugarria, nire ondoan egon izan balitz bezala. Harrigarria da nola ohitu garen herrikoak errepide erraldoi horretara, etxeetatik hain gertu pasatzen dena, etengabeko zarata eskaintzen diguna. Orduan bururatu zait. Nazional hura egin aurretik Garmendihandia gure baserria zegoen lekura joan behar nuen, badaezpada, aitaren bila. Neuronen arteko konexio horietako bat izan da, eztandarik gabekoa. Eskerrak.
Bizikleta hartuta azkar zeharkatu zuen Iratik kale nagusia, Amasa kafetegiko koxkan begiratu zuen eta Zentro tabernan ere, terrazan eta barruan. Lagun batzuk agurtu, beste batzuekin ezikusiarena egin, azkar mugitzen zen kaleetan, aitona lehenbailehen aurkitu eta egoera horrekin bukatzeko. Amari deitu zion, aitona alde zaharrean ikusi ez zuela esateko. Amak, baina, ez zuen telefonoa erantzun. Iratik, pentsatzeko denborarik hartu gabe, eliza arrosaren aurretik pasa eta Oriamendira joan zen.
Aitona-amonen auzoko kaleetatik buelta batzuk eman zituen, lorategien artean. Kalexka horietako batean geldirik geratu zen momentu batez, desorientatu xamar, eta bat-batean gogoratu izan balu bezala aitona-amonarena izandako pisura hurbildu zen. Azken urteetan gutxi izan ziren aitona-amonei egindako bisitak, gutxi izan baitziren Villabonara egindakoak ere. Horrek asko penatzen zuen, amonaren azken urteetan ez zela oso presente egon, ez zituztela kroketak prestatu elkarrekin, amonak ez zizkiola istorioak kontatu aitonarekin egurrezko itsasontziak eraikitzen zituen bitartean, ez zutela paseorik eman besotik helduta.
Oroitzapen politak zituen pisu horri lotutakoak, hezetasun usaina eta armiarmak zituen pisu hura, eta gustatu zitzaion etxea berriro ere ikustea. Gizon txiki bat aurkitu zuen etxeko lorategian lurrean, harri batzuekin zeozer egiten. Agureak serio begiratu zuen. Deseroso sentitu zen Irati orduan eta aitonaren arrastorik ez zegoenez antiojodun gizona jator agurtu eta buelta eman zuen.
Kale Berrian geratu zen, zutik, bizikleta eskuan, nora joan ez zekiela, amaren deia jaso zuen arte. Gidatzen ari zen ama eta bozgorailua jarrita beti bezala oihu egiten zuen.
“Garmendihaundia noa”.
“Noa?”.
“Attonan baserria”.
“Baño... eztao...”.
“Nun zaude?”.
“Oriamendin, eztakit noa jun... ama? Ama?”.
Deia moztu zen, Miren gidatzen eta auskalo zer egin zuen telefonoarekin. Telefonoa eskuan zuela Iratik kuadrillako taldeko mezuak begiratu zituen, gainetik. Ondo pasatzen ari zirela ematen zuen, irribarre egin zuen. Amaren mezu bat jaso zuen orduan.
“Iyo Amasa, bazpa re”.
Telefonoa sakelan sartu, bizikleta hartu eta martxan jarri zen.
Mutikoak bolante-kolpe bortitza jo behar izan zuen Amasako errepidean gora zihoazela, Praixkuk bat-batean ideiaz aldatu eta buelta ematea eskatu zionean.
“Garmendihaundia jun nahi det”.
Indarrez esan zuen, seguru, egun osoa patxadaz hartu ondoren ordua zelako jada benetan joan nahi zuen lekura joateko. Hodeik hori zer zen ez zekiela kexatu eta berak zuzenduko zuela esan zion aitonak, eta berriro herrira jaitsi, Kale Berrian gora, eta Etxeondoko tunela pasata Garmendia baserriraino iritsi ziren.
Han kotxea gelditzeko eskatu zion Praixkuk mutikoari eta honek, erabat harrituta, kasu egin zion. Baserri handia zen hura, ederra. Hori ez zen, ordea, Praixkuren helmuga.
Bitan pentsatu gabe kotxetik jaitsi zen gizona, eta baserritik beherantz zihoan bidetik ibiltzen hasi zen, azkar, aztoratua, bastoiaren laguntzarekin. Gazteak ez zekien zer egin. Agure hura nora zihoan ulertu gabe, eta trakets ikusten zuelarik, haren atzetik joatea erabaki zuen, distantzia gordez, erotuta edo ematen zuelako lehenago hain jator ematen zuenak, eta berak ez zuelako ezeren ardura eduki nahi.
Praixku maldan behera zihoan, kotxez eta kamioiz betetako nazionalera zuzen zeraman bide huts horretatik.
“Noa zoaz?”.
Erantzun gabe aurrera jarraitu zuen, ahal zutena baino arinago joan nahi zuten hankak ia kontrolatu ezinean. Edozein momentutan eroriko zela ematen zuen. Gorputz zahar horrek halako indarra nondik atera zuen ulertu ezinean begiratzen zuen Hodeik, eta haren atzetik jarraitzen zuen.
“Ezin tzea hortik jetsi, arriskutsua da”.
Praixkuk ez zion kasurik egin. Baina pixka bat gehiago jaitsi ondoren gelditu egin zen, bat-batean. Errepidetik atera eta belar gaiztoen artean sartu zen orduan, zuhaitz argal batzuen artean, sasiz betetako puntu batean oinak firme jarri eta erabat gelditu zen arte.
“Hemen zeon, hemen bertan”.
“Ze?”.
“Garmendihaundia. Gure baserriya. Gure etxia. Hemen, hemen bertan”.
Ingurura begiratu zuen Praixkuk, alde batera eta bestera, ezerezean egondakoaren arrastoa bilatu nahian. Metro gutxi batzuetara nazionalaren burrunba izugarria zen, zarata gorputz barnean sartzen zen, bibrazio ia jasanezina.
“Kendu in ziguen. Dana. Behiak genittun, lurrak, baratza ttiki bat. Edurne zoriontsu zan hemen. Ni re bai. Danak. Eta kendu ziguen. Ni enitzan hemen hau babesteko, seme ttikina gaixo zan ta Villabona jetsi bihar izan genun bizitzea. Baño ni eunero etortze nitzan, eunero! Baserrin launtzea. Gure etxia zan. Anayak emantzun permisua, ta ni konbentzitu nindun, engañatu! Ximorrak janda zeon, nekatuta, etzula baserrin geyo lan in nahi. Ta nik ya pixua ta dana ta ezin atzea in. Etxia bota ziguen, dana! Zenbat bota zittuen! Barriola, Subijana, mojen etxea, jauregitarrena, Etxauntxiki, Lumane... Karretera hau itteko! Oaindik goatze naiz Pedro medianan gañetik zankalatra itten karretera kruzatzeko, betiko bidia itteko... Bere betiko biddia. Guria. Ta haiek dena hautsi zuen... Guria zan lurra, etxia... Ta oain eztao ezer, ezer…”.
Mutilak isilik begiratzen zuen agurea, eta esaten zuena entzuten saiatzen zen, kostata. Errepidearen zaratarekin zaila egiten zitzaion, eta madarikazioak botatzen zituen aztia ematen zuen gizon horrek lastima eman zion une batez. Alde batera eta bestera begiratu zuen, eszena horren testigurik ote zegoen ikusteko, norbaitekin bere harridura eta ez ulertzea konpartitu nahian.
Praixku isilik geratu zen hitzak bukatu izan balitzaizkio bezala, urtetan egindako hitz-jario horrekin leher eginda, sasi-baso horren erdian, izerditan. Begiradarekin nazionaletik pasatzen ziren kamioi eta kotxeak jarraitzen zituen, hankak baserria egon behar zuen tokian ondo giltzaturik.
Hodeiri luzeegi egin zitzaion tarte batez egon ziren horrela, bera bide erdian eta agurea belar txarren artean. Ez zen ausartzen deus esatera, eta mugikorra begiratzen zuen urduri, Praixkuk handik noiz mugitu erabakiko zuen momentuaren zain.
Momentua etorri zen baina, bat-batean. Deus esan gabe, begiak gorrituta, Praixku sasien artetik atera eta mutilaren ondotik pasa zen, motel-motel, kotxerantz. Gazteak azkar erreakzionatu eta aurreratu zitzaion, kotxea irekitzeko. Oraindik agurearen zain egon behar izan zuen pixka batean, lehen baino askoz mantsoago ibiltzen baitzen orain, zaharrago.
“Baserrik gabeko baserritarra”, esan zion mutilari, irribarre mingots batekin. Gero kotxean sartu eta itxoiten geratu zen. Gazteak ingurura begiratu zuen azken aldiz, gertatu berria zen egoera hura oraindik ulertu ezinean. Kotxera sartu zen gero eta martxan jarri zuen.
“Oain bai, eaman nazu Amasa”.
Garmendihandia egon beharko lukeen leku fantasma hura utzi, eta Amasa bidea hartu zuten.