Leku bat omen zuen
Leku bat omen zuen
Maitane Perez

AMASA-VILLABONA
 

 

1. ATALA

 

 

Basurdearen gorpua errepidean etzanda zegoen. Errei oso bat hartzen zuen, gorputz handi, puztu horrek. Gauaren iluntasunean animalia estaltzen zuen odolak distira berezia ateratzen zuen kotxearen argiekin. Odol asko zegoen, animaliaren ilea dena bustita. Iratik begiak ikusi zizkion, haginak, sudurra, haren ondotik pasatzerakoan. Ez zuen denbora nahikoa izan oraindik arnasten ote zuen edo erabat hila ote zegoen ziurtatzeko.

        Begiak ireki-irekita, arreta errepidean eta foralek ematen zizkioten aginduei kasu eginez, animalia atzean utzi eta bidea jarraitu zuen. Arnasa azkartu zitzaion, momentuan mantendutako kalma desagertu eta urduritasuna etorri zitzaion, inpresioa. Leihoak ireki zituen gaueko aire epela kotxean sar zedin, eta pixkanaka azeleratuz joan zen, autobidean eskatzen den abiadura minimoa hartu arte. Ez zion pedalari gehiago zapaldu, hor mantendu zen, arnasa berreskuratu eta begien azpiko dardara desagertu arte.

        Lagun batzuek Iruñean antolatutako erakustaldi batetik zetorren, gogorik gabe egindako ateraldi bat, asteko lan guztiaz nekatuta. Erakustaldiaren ondoren agurrak, pote batzuk, lagunei aitzakiaren bat azaldu eta kotxea hartuta bidean jarri zen, dagoeneko gaua itxia zenean.

        Donostiara heldu zenean berandu zen, espero zuena baino beranduago. Larunbat gaua eta hirian festa giroa nabaria zen, udako azken egunetan eguraldi epela eskertzen duten horien guztien zarata. Iratik begiak igurtzi zituen lehenengo semaforoan gelditzerakoan, eta ondoko eserlekuan botata zituen gauzak poltsan sartzen hasi zen, aparkatzerakoan lehenbailehen kotxetik atera ahal izateko. Aparkatzeko lekua erraz topatu zuen, bere harridurarako, eta minutu gutxiko kontua izan zen kotxea itzali, giltza atera, poltsan azken gauzak bildu, kotxetik atera, kotxea itxi eta portalean sartzea.

        Arrautzak besterik ez zituen tortilla bat afaldu zuen, mugikorreko mezuak begiratzen zituen bitartean. Villabonako kuadrillako taldean mezu mordoa egon zen egun guztian zehar, baina ez zien kasu gehiegirik egin. Orain ere ez. Eskola garaiko lagunek hurrengo egunerako plana antolatzen ari ziren, eta bera ere gonbidatua zegoen, noski. Ez zen joango baina. Urteak ziren herria zapaltzen ez zuela.

        Gainetik begiratu zituen mezuak, hurrengo egunerako alarma deskonektatu eta mugikorra mahai gainean utzi zuen. Gelara bidean garbitu gabekoa ikusi zuen sukaldean, komunean garbigailuko atea irekita eta esekitzeko zain zeuden arropak ere, baina atea ixtearekin ezabatu zuen irudia bere aurretik. Korridorean geratu zen momentu batez, pisuan zegoen isiltasuna entzuten, aspaldidanik bakarrik bizi bazen ere ohitu ezineko isiltasun hura.

        Ohean sartu zenean oraindik autobideko basurdeak eragindako dardara zeukan hanketan. Begiak irekita egon zen une batez. Eskuarekin kopetako izerdi tantak lehortu zituen eta buelta erdia eman zuen, buruko bat hanken artean besarkatuz. Larunbata bukatzear zegoen eta hurrengo eguna atseden hartzekoa izango zen.

 

 

 

Bart gaueko Teleberrin eman zuten horren berri, Amasako Txakolindegira batzuk helikopteroz heldu zirela. Bizkaitar batzuk, Durangokoak. Aita harritu egin zen, Amasako txakolindegi hori non dagoen eta ez duela gogoratzen, eta nik baietz, ezagutzen duela, Arratzaingoko goiko partean dagon eraikin hori dela. Orduan baietz.

        “Bai, behin eo ikusi et, gauza itsusi hoi”.

        Berria eman aurretik nekatuta zegoela eta lotara joan nahi zuela baina gero hor geratu zen nirekin, egongelan, eta errepasatu genituen Amasa eta Villabonako kontuak. Aitak irribarre egiten duenean ama gogoratzen dut, elkarrekin irribarre egiten zuten une horiek guztiak etortzen zaizkit juntu. Polita da aita irribarrez ikustea.

        Gaur goizean nire logelatik atera naizenean bere ohean jarraitzen zuen, lo seko. Milaka aldiz esan diot komuneko atea ixteko, baina ez dit batere kasurik egiten. “Astuna zea Mirentxu”, esaten dit, baina kasurik ez. Parez pare irekita topatu dut berriz ere, nork daki gaueko zein ordutatik, tutueriako usain higuingarri hori etxean zabaltzen zelarik. Bihar astelehenarekin fontaneroa etorriko dela zin egin zidaten, ea egia den.

        Leihoak ireki ditut itsasoko haizea sartu dadin. Gustuko dut etxeak itsas usaina hartzen duenean. Momentu bat geratu naiz itsasoari begira, hondartza hutsik eta olatu txiki batzuen soinua besterik ez. Beroa egiten zuen jada, egun astuna izango zela argi ikusten zen, arratsaldean galerna ekartzen duten horietakoa. Hori ere bart gaueko Teleberrin esan zuten, enbata abisua arratsalderako.

        “Azken eunak ditteu hemen”.

        Ozenki esan dut, ozenki entzuterakoan benetan onartzeko edo. Iraila hasi eta Donostiara itzuliko gara berriz ere aita eta biok. Hori da Xantiri esandakoa, bederen.

        Ez dut goizero itsasoan hartzen dudan bainua hartzeko astirik izan. Gau txarrak nahastu nau. Urduri egon naiz, ez dakit esaten lo egin ote dudan. Itsasoari begira azken urteetan berdin gertatzen zaidala pentsatu dut, uda bukaera hurbildu eta Donostiara itzultzeko ideiak aztoratzen nauela. Iratik dio kasu egin behar diedala holako sentsazioei, baina ni ez naiz ona halakoak interpretatzen. Alaba aspaldi ikusi ez dudala pentsatu dut orduan, beti handik hona dabil.

        Orio utzi dudanean hondartzako parkinga betetzen hasia zen, nafarrak batez ere. Horregatik ahalik eta azkarren atera naiz Villabonarantz, goiz itzultzeko, karretera gainezka egon aurretik. Denbora gutxiko kontua izango zen, aitarentzat pastak erostera joan nahi nuen, hainbeste gustuko dituen horiek, Amasa kafetegikoak.

        “Ochentaynueve betekottut, ochentaynueve!”.

        Aurreko urtebetetzetik errepikatzen zuen gauza bera. Pastak pozik hartuko zituela ziur nintzen.

 

        Ahaztuta neukan zenbat gustuko dudan kafetegi hori, leku hori, zein gustura egoten naizen beti bertan. Aspaldi ez nintzela han egon, aspaldi ez nintzela herrira itzuli. Lehenago bisitak ohikoak ziren, gurasok bertan bizi zirenean, baina aita nirekin Donostiara eraman nuenetik ez dut momentua ikusten, ez dut aitzakia aurkitzen, jaiotako herrira itzultzeko aitzakia bat beharrezkoa balitz bezala.

        Pastak erosi ondoren kafesnea eta txokolatez betetako kruasan horietako bat eskatu dut, jada bertan egonda gosari goxo bat hartzeko gura sartu zait. Gainera Izaskuni deitu eta berehala etorriko zela esan dit.

        “Kruasan horrek txokolate pila auka barrun, esajeratubak dia, serbilleta beharkozu!”.

        Ziur nengoen kafetegiko langile hura ezagutzen nuela, baina ez nekien izena ondo esango ote nuen, askotan ahazten ditut izenak azkenaldian. Horregatik ez ezagutu izanarena egin dut, badaezpada.

        Terrazara atera naiz. Aulki metalikoen soinua txorien kantuekin nahasten zen, jende mordoa kafea hartzen, tostadak, kruasanak, azken opor egunak aprobetxatzen gazte ugari, agureak, familiak, kale berrian kotxe gutxiren batzuen zarata, definitu ezinezko kolorea duen elizako kanpaien soinua. Kafetegiko terraza mugatzen duen koxkan Joxe zegoen eserita, beti bezala, alde guztietara begira, bera bezain zaharra den txapela hori buruan.

        Ez dakit noiz izan zen kafe bat halako lasaitasunez hartu nuen azkeneko aldia. Dena dira eginbeharrak, presak, ez du ematen erretiratzeak atsedena ekartzen duenik. Lehenago lanpetuago nenbilen baina gauzak beste modura antolatu, edo nik zer dakit, gauza gehiago egiteko aukera izaten nuen.

        Inguruan zegoen jendea aztertzen aritu naiz, ama eta alaba ematen zuten bi, batez ere. Ez nekien alaba eta ama ote ziren, baina nik hala erabaki dut. Alaba haserre zirudien. Ezin nituen entzun amari esaten zizkionak baina ez zirudien oso hitz politak zirenik. Ama tente-tente zegoen, alaba serio entzuten, txintik esan gabe. Ni baino gazteagoa zen ama hori, Irati baino gazteagoa alaba. Hala ere, eszenak nahigabetu egin nau.

 

        Irati Gasteizera bigarren karrera ikastera joan zen urte berean nik Donostiako lanpostua hartu nuen. Bizilagun eta familiako askoren “pozten naiz” eta “ze atrebittua zean” horien atzean ironia asko jasan nuen. Horretarako zaharregia nintzela eta erretiroa gertu izanik holako erokeria bat egiteak herriko jendea aztoratu zuen. Anaiak, batez ere. Aitak ez zuen deus esan, amak ere ez, baina laguntza eman zidaten. Iratik ere ez zuen ezer esan, eta horrek mina eman zidan.

        Geroz eta gutxiago ikusten genuen elkar. Arrasaten unibertsitatean egon zen bitartean oraindik etxera etortzen zen asteburuetan, gehienetan. Gasteizera aldatu zenean ordea, bertan geratzea erabaki zuen. Naturala zela eta onartu behar nuela, eta onartu egin nuen. Baina faltan botatzen nuen. Egunero joan eta etorri ibiltzen nintzen ni Villabonatik Donostiara eta buelta. Aita edo ama gaixorik zeuden egunetan lanera faltatzen nintzen, anaiek ezin zuten haien lanetan eguna eskatu. Nekatuta ibiltzen nintzen, baina zoriontsu nintzen, pozik nengoen. Azkenean gustuko nuen lanpostu batean nengoen, nire azken lan urteak benetan gustuko nuen horretan ematen. Iratiren isiltasuna, baina, mingarria zitzaidan.

        Gasteizera bisitan joan nintzaionean tren geltokira etorri zen nire bila. Muxu eman zidan, besarkada estua, beti egiten duen bezala. Jatetxe batera joan ginen, alde zaharreko kale estu horietako batean.

        “Gustoa zaude, mattia?”.

        Baietz, hiria, unibertsitatea, giroa, dena maite zuela. Idazle bat ezagutu zuela, gustuko zuela, eta begiak argitu zitzaizkion. Denak kontatu zizkidan, ikasketak, lagunak, ateraldiak. Bazkaldu ere ondo bazkaldu zuen. Izokin-koloreko jertse fin bat zeraman jantzita, ezpainak margotuta, eder ikusi nuen.

        Nik Donostiakoak kontatu nizkion, nire egunerokoak hainbeste emozio ez bazituen ere, laneko kontuak eta sentitzen nuen poza transmititzen saiatu nintzen. Irribarre egiten zuen berak, baina burua beste nonbaiten zeukala iruditu zitzaidan. Lagun batzuk topatu zituen gero, haiekin hizketan egon zen tartetxo batez, nik haragia bukatzen nuen bitartean.

        “Nolatan animatu ziñan unibersitaten sartzea berrogeita bost urtekin?”.

        Ezustean harrapatu ninduen, postrea ahoan sartzen. Txikia zen bera erabaki hura hartu nuenean eta ez omen zuen gogoratzen nola izan zen momentu hura niretzat. Hurbiltasuna sentitu nuen, alabak nire barnekoak ezagutu nahi zituela, interesa zuela. Kontatu nion, Salbadoran lan egiteaz nazkatua nengoela, erizain izan nahi nuela, hori izan zela beti nire ametsa baina gaztetan ez nuela aukerarik izan, eta heldutan erabaki hori hartzean kritika asko jaso nituela. Orduan ere.

        “Ordun ere. Oain bezela”.

        Errepikatu egin nuen, bere ahotsetik zeozer entzun nahian, kontra edo alde, zeozer. Ez zuen deus esan. Galdetu zizkidan unibertsitatea nolakoa zen garai hartan eta lagunak egin ote nituen. Baietz nik, eta mandarinazko sorbetea edan nuen.

        Trenean bueltan lo egiten saiatu nintzen, baina ezin izan nuen. Amari deitu nion, dena ondo ote zegoen jakiteko. Ezagunak ziren paisaiak pasatzen ikusten loak hartu ninduen azkenean. Trenetik jaisterakoan mezu bat neukala ikusi nuen, Iratirena.

        “Barkatu ne gauzatan naolako ta asko hitzetten detelako nei buruz. Harro nao zutaz, ama”.

 

        Amasa kafetegiko alaba horrek eskuak luzatu ditu mahai metalikoaren gainetik eta amak hartu egin dizkio. Bata besteari begira geratu dira unetxo batez. Gero, buruarekin baiezkoa egin dute biek, motel, elkarrekin erabaki garrantzitsu bat hartu izan balute bezala. Aulkietatik altxatu eta kafetegira sartu dira, kalera irteteko.

 

        Izaskun iritsi da, azkenean. Espero nuen moduan poztu nau bera ikusteak. Denbora gehiegirik ez nuela eta azkar eskatu du kafea berarentzat, kruasanik gabe. Zer moduz eta piropo askoren ondoren familiari buruz hitz egin dugu, bere semea eta alaba eta senarra denak ondo daudela, denak Villabonan bizi direla, pena dela ni joan izana, faltan botatzen nautela. Xantiri buruz ere galdetu dit, ea zer moduz, ea elkarrekin jarraitzen genuen, eta orduan nik atzo txakolindegira helikopteroz ailegatu ziren horien kontua aipatu diot. Barre egin du,

        “Imajinatzezu herrin zenbat komentatu zan!”.

        Koxkan dagoen Joxeri buruz broma bat egin dugu gero, minututan zenbatuz gero zenbat urte egon ote den gizon hori hor eserita eta herri guztiaren berri izanen zuela dagoeneko, eta paseatzera joan gara, erreka aldera, antzina Salbadora zegoen lekura.

        Eguzkiak gogor jotzen zuen jada, nahiz eta oso goiz izan oraindik, eta leku horren argitasunak momentu batez geldiarazi nau. Erreka gogoratzen dut, zikin, egun bakoitzean kolore desberdin batekoa, inguruak denak zikin, kea.

        “Ta hoi aparra jun zanian!”.

        Eta haizeak errekako aparra altxatu eta Villabonan elurra egiten zuenekoa gogoratu dugu. Ustel usaineko elurra.

        30 urte baino gehiago pasa zirela ordutik eta zaharrak garela jada, eta barre egin dugu, eta han aurrean errekaren beste aldean ariketak egiten zituzten Zizurkilgo agure batzuei begira egon gara, hemendik urte batzuetara egingo ditugunak imajinatuz. Erreka garbiaren freskotasuna, argitasuna, jaioterrira itzultzearen sentsazioa, aspaldi sentitzen ez nuen etxean egotearena.

        Baina etxera itzultzeko ordua zen, aita agian esnatua egongo zen jada, gosaltzen seguruenik, eta pastak eraman behar nizkion.

        Besarkada batez agurtu dut Izaskun, kotxea Kale Berrian aparkatua neukala eta udaltzainek isuna jarriko ote zidaten beldur nintzela, eta zaindu, eta noiz itzuliko zara, eta hitz egingo dugu.

        Kaioak agertu dira zeruan, karrankan, beranduago kostaldean enbata egongo zenaren seinale.

 

 

 

Arraroa izan da trenetik hemen jaistea, oso arraroa. “Billabona-Zizurkil”, hainbestetan ikusitako kartela, hainbestetan atzean utzitakoa. Ez dakit zergatik etorri naizen, ez dakit zer gertatu zaidan. Gau osoa errepidean hildako basurdearen irudiarekin ametsetan egon naizela iruditzen zait, eta amorratu nau igandean astean zehar baino goizago esnatzeak.

        Berriak ikusi ditut gosaltzen nuen bitartean. Amasako txakolindegira atzo helikopteroz etorritako batzuei buruz ari ziren. Pentsatu dut udan berrien faltan ibiltzen direla telebistakoak, baina zerbaitek mugitu nau barrutik. Amaren mezu bat ikusi dut telefonoan.

        “Irati, goatu gaur attonan urtiak diala”.

        Hogeita hemezortzi urte betetzeko, eta amak oraindik holako gauzak gogorarazi behar dizkidala pentsatzen du.

 

        Trena hartu dut, eguneroko norabide berean, igandeetan inoiz egiten ez dudan bezala. Oso ezberdina da trena igandeetan, jende ezberdina, soinu ezberdina. Kontrako norabidean hondartzara doazen bikoteak ikusi ditut, gazte taldeak beranduago joango ziren, ez dago zertan hain goiz esnatu beharrik. Nire norabidean gutxi batzuk, ia inor, egia esanda.

        Tren linea honek nire bizitzaren eremu naturala markatu duela bururatu zait, tren linea honen parte diren herriak nire bizitzaren parte ere izan direla, niretzat gertuagokoak izan direla gertuago dauden baina trenik ez duten beste batzuk baino. Trena. Tren hau. Bizitza osoa tren honen barruan eman dudanaren sentsazioa. Aitaren etxera Tolosara, amaren etxera Villabonara, lagunekin Hernanira, Tolosara, Donostiara, Ordiziara, Gasteizera ikastera, Beasainera lanera, Xantiren etxera Donostiara, aitona-amonak bisitatzera Villabonara...

 

        Gurasoak banandu zirenean hasi zen dena. Ama Villabonan geratu eta aita Tolosara joan zen. Zazpi urte besterik ez nituen nik baina erabat giltzatuak ditut nire memorian garai nahasi hartako zenbait momentu.

        Euria gogor ari zuen aita espetxetik atera zen egunean. Kotxez bidaia luzea egin genuen eta hara iristerakoan erabat liluratuta geratu nintzen aita jasotzeko zegoen jende mordoa ikustean. Ez nuen espero, ez nuen ulertzen. Hainbestetan joanak ginen ama eta biok leku gris hartara eta inoiz ez genuen inor topatu, inoiz ez genuen aurpegi ezagunik ikusi, nik ezagutzen nuenik ez behintzat.

        Egun hartan ordea gauzak desberdin hasi ziren jada etxetik, aitona eta amona gurekin etorri baitziren kotxean, eta ama telefonoz entzun nuen izeba Arantxarekin hizketan haiek zein ordutan atera eta zein kotxetan joango ote ziren. Ama urduri ero ibili zen etxetik goiz osoan zehar, poltsa batean gauzak sartu eta gauzak atera, niretzat inolako zentzurik ez zuten beste ekintza askoren artean. Aita espetxetik aterako zela esaten zidan behin eta berriz, aurreko guztietan entzun izan ez banio bezala. Horregatik aitona-amonak eta izeba-osabak ere etortzea ulergarria egin zitzaidan, berezia, baina zentzuzkoa. Hara iristean ordea jende mordoa zegoen, ezagunak egiten zitzaizkidan aurpegi batzuk eta inoiz ikusitako beste asko.

        “Aitangatik etorri al dia?”.

        “Bai, Irati”.

        Aita famatua zela edo pentsatu nuen momentu hartan, hori dio amak esan nuela, nire aita famatua zela. Jendeak maite zuela. Eta harro sentitu nintzen. Ez nekien gerora sentimenduek zer nolako bueltak emango zituzten aita eta bion artean.

        Gasolindegi bateko jantokian bazkaldu genuen, ni aitona eta amona artean eserita, babestuta, eta kokakola edaten utzi zidan amak, lehenengoz. Nire sei urterekin urtebetetze festa baten antzeko ospakizuna iruditu zitzaidan. Baina ez zen hori. Zeozer sakonagoa gertatzen ari zen han.

        “Eun bereziya da, Irati, beti goatukozu. Atta etxea dator gukin”.

        Pozik nengoela gogoratzen dut bai, sentsazio hori ez zait ezabatu.

 

        Joateari pisu handia ematen zaio, baina oso txikia itzulerari. Despedidak, doluak, horiek indar handia hartzen dute, pertsonek bere bizitza nola zuzenduko ote duten horren ondoren, nola altxatuko diren, nola aurrera egingo dioten egunerokotasunari. Itzulera batekin denak poztu egiten gara. Itzulera ona da. Itzuleraren ondoren atsedena, poza eta zoriontasuna aurresuposatzen dira, listo etxean dago, itzuli da, orain dena ondo.

        Denbora gutxiko kontua izan zen, ordea, poza gure etxetik desagertzea. Hasieran bai, zoriontsu ginen, pelikulak ikusten genituen elkarrekin, kalera ateratzen ginenean agurrak eta besarkadak egoten ziren beti, Aranerrekara eramaten ninduen aitak paseatu eta zaldiak ikustera. Ama lanean zegoen, aitak denbora behar zuen oraindik lana aurkitu ahal izateko. Ni pozik nengoen. Ama ere pozik egon zen denbora batez, biak zeuden pozik. Denak.

        Baina itzulerak arrosa kolorekoak ez direla eta eztabaidak sartu ziren etxean, zarata, aitaren paseo luzeak, amaren ihesak. Batak bestea mintzen zuten, gauza txikiekin, nahi gabe.

        Nik ere zenbaitetan mindu nuen aita, orduan ez banekien ere. Ez nuen bere autoritatea onartzen. Jolasak bai. Etxera iritsi ziren arau berri guztiak, ez. Askotan haserretzen nintzen berarekin, eta bera nirekin ere bai. Erantzunik ez zuten eta niretzat oso logikoak ziren gauzak esaten nizkion, “zu zein zea nei agintzeko”, “nun eon zea zu oain arte”. Holakoen ondoren aita eta ama elkar besarkatzen ikusten nituen sukaldean. Maite zuten elkar. Baina hori ez zen nahikoa izan. Biek gogoan zuten pertsona horren antza zuen beste norbait topatu zuten, izaera aldatuta, gauzak egiteko modu desberdinarekin, bizitako guztiak emandako aiurri konkretu eta berriekin. Ez ziren pertsona berdinak, eta ez ziren berdinak izango. Hori orduan ez nuen ulertu. Entzun, bai.

        “Aldatu in zea, Joakin”.

        “Beste bat zea, Miren”.

 

        Ezin izan zuten erlazioa berreraiki. Egun batean aita Tolosara joango zela azaldu zidan, gertu zegoela, asteburu guztietan berarekin egongo nintzela. Barre egin zuen berriz ere espetxera ote zihoan galdetu nionean. Ez nuen ulertu zergatik egin zuen barre. Orain pentsatzen dut nire ahotik hura entzuteak aita mindu zuela nolabait, eta barre hura ez zela poz barre bat izan, min barre bat baizik.

        Hor hasi ziren nire tren abenturak, hor hasi nintzen Villabonatik Tolosara eta Tolosatik Villabonara hainbestetan egin izan dudan bidea egiten, hasieran lagunduta, gerora bakarrik. Astean zehar amarekin eta asteburutan aitarekin. Horrek bere alde exotikoa zeukan, bi gela, bi etxe, bi herri, asteburuetan beti zeozer berezia. Nekatu nintzen baina.

        Institutua bukatuta batxilergoa Tolosako ikastolan egin nahi zuten nire lagun gehienek. Nik haiekin joan nahi nuen, baina ez nuen astean zehar egunero aitarekin bizi nahi izan. Astean zehar Tolosan ikasi arren amaren etxera itzultzen nintzen lotara. Asteburuetan parranda zegoela eta, ere bai. Pixkanaka geroz eta gutxiago geratzen nintzen aitarekin, inoiz ez gehiago geratu arte.

        Honakoan aita ez nuen bat-batean mindu, pixkanaka baizik.

 

        Trenaren abentura gurasoekin bizitzetik lagunekin bizitzera pasa zen, ikastolara, Hernanira parranda egitera igandeetan. Inguruko gazte guztiak nahasteko tresna izan zen trena, gure trena.

        Bidaiak arintzeko jolas bat egiten genuen garai hartan, bidaiari bakoitza zein geltokitan jaitsiko zen asmatu behar genuen. Janzkeragatik asma genezake, hau Hernanin jaitsiko da, ziur, hau Urnietan, seguru. Eta apustuak egiten genituen. Gaur ez nuke bakar bat ere asmatuko, denak berdintsu ginela iruditu zait.

 

        Nire eremu naturaleko geltoki horiek guztiak zeharkatu ditut gaur ere, egunero Beasainera lanera joateko egiten dudan bezala. Baina gaur ez naiz haraino iritsi. Gaur herrian jaitsi naiz. Eta hainbestetan zapaldutako geltoki honetan ikusi dut berriz ere nire burua, irla honetan, alde batera eta bestera egindako bidaia guztien aztarnak airean marraztuta.

        Banku metaliko batean eseri naiz, bertigo moduko batek jota, pozaren eta ikararen arteko emozio deskribaezina. Ez nekien nora joan nahi nuen, ez nekien geltokia ukitu eta itzultzeko trena hartuko ote nuen, hondartzan izkinako arroka ukitu eta beste aldera martxa egiten den bezalaxe.

        Lagunak geratuak ziren. Imanolek eta Uxoak Arratzainen duten terrenoan elkartuko ziren bazkaltzeko eta aspaldi ari zitzaizkidan konbentzitu nahian, “Irati mesedez, Irati leno bezela, Irati ze eukikozu itteko igande baten bestela”. Baina nik ez nuen joan nahi, erabakita neukan, ez neukan gogorik, eta herrian agertu izana beste bultzada bati zegokion, ez nituen gauzak nahasiko. Bisita azkar bat gehienez eta Donostiara itzuliko nintzen biharko gauzak prestatzera.

        Mugitzea erabaki dut, bidean pentsatuko nuen nora. Eskailerak jaitsi, Zizurkilgo geltoki ondoko auzoa zeharkatu eta errekara heldu naiz. Han, errekaren bestaldean, erakusleiho batean dotore ipini duten jostailuzko herria ematen du Villabona. Nire herriak jostailu batek bezala separatu daitezkeen piezak izango balitu dena errazagoa izango litzateke, pentsatu dut. Trenaren txistua entzun da, txistu hori. Eta kaioen karranka, kostaldean ekaitza egongo zenaren abisua.

 

 

 

Amasako txakolindegiko irudiak pantailan agertu ziren berriro ere, Praixku esnatu eta logelako telebista txikia piztu zuenean. Arreta handiz geratu zen gizona telebistari begira. Eskuek dar-dar egin zioten pixka batean eta pentsatzen geratu zen, ohean eserita, Edurne emaztearen ohe hutsa eta ukitu gabea bere aurrean. Hamar minutu eman zituen horrela, deus egin gabe, bere buruarekin gelako bakardadean. Gero, segurtasunez altxatu, telebista itzali, mandoa mahaitxoaren gainean utzi eta komunera joan zen.

        Atea itxita zegoen eta indarra egin behar izan zuen ondo funtzionatzen ez zuen heldulekua mugitzeko. Irekitzea lortu zuenean tutueria usaiak gogor kolpatu zuen. Iturginak hurrengo egunean etortzekoak zirela esanda zion Miren alabak, ea honakoan egia ote zen. Bukatzerakoan atea irekita utzi zuen, heldulekua mugitzeak suposatutako esfortzua zela eta hurrengorako gauzak erraztearren.

        Egongelako leihoak irekita zeuden eta itsasoko haize leuna sartzen zen barrura. Irribarre egin zuen gizonak emaztearen argazkia goizero bezala laztantzen zuen bitartean, eta leihotik hurbilen zegoen apalean ipini zuen.

        “Goizian itsasondon, gauian barrun, hotzik ez hartzeko”.

        Miren bilatu zuen sukaldean, eta bere logelan, baina ez zegoen etxean. Alaba azkenaldian leku guztietan egoten zen etxean ez ezik. Zailtasunez lurrera eroritako egutegia altxatu eta mahai gainean utzi zuen, okerreko hilabetean irekita. Pasabidera atera zen gero, eta han geratu zen momentu batez, geldi-geldirik, erabakiak hartzen dituenaren seriotasuna begitartean. Orduan, erabakia hartuta, sukaldera itzuli, nota bat idatzi eta mahai gainean zegoen azukre-potearen azpian harrapatuta utzi zuen, itsasoko haizeak eraman ez zezan.

        Logelara joan zen, armairutik praka urdin ilunak eta koadrodun alkandora atera eta jantzi egin zituen. Pijama ondo tolestu eta ohe gaineko izkina batean utzi zuen, goizero bezala. Etxeko sarreran zituen kirol zapatila erosi berriak oinetakoak sartzeko adar luze baten laguntzaz jantzi, txapela jarri, bastoia hartu eta kalera atera zen.

 

        Eusko-trenaren geltokian pareoz betetako zakua bizkarrean zeraman Madou agurtu zuen, eta hondartzara zihoazen auzoko batzuk ere bai. Bere eremu naturaletik kanpo dagoen norbaitek bezala begiradak erakartzen zituen, eta “Praixku, ze, gaur eskursiyua?” bezalako batzuk erantzun behar izan zituen. “Bai” txiki bat soilik, gutxi hitz egitearen fama ez haustearren.

        Patxadaz egin zuen bidaia Errekalderaino, lasai, leihotik begira, paisaian aldatutako guztiak aztertzen eta basoaren iluntasunaz gozatzen. Kopetako izerdia zapi batekin garbitzen zuen noizean behin eta bastoian eskuak pausatzen zituen gero. Trenetik jaitsi zenean irribarre egin zuen: lehenengo pausoa arrakastatsua izan zen.

        Autobusaren zain egon zen gero. Inguruetara begiratzen zuen, kuriositatez, ezezaguna zitzaion leku hartan ezagunen bat bilatu nahian edo, kopetako izerdia gero eta maizago zapiarekin lehortuz. Pauso hau ere erraza izan zitzaion, autobusean igo, txoferrari tiketa ordaindu, aurreko lehendabiziko eserlekuan eseri, eta Villabonaraino bidaiatu. Erraz. Hori adierazten zuen bere aurpegiko harrotasunak.

 

        Autobusak Villabonako kale berria zeharkatzen zuen bitartean Praixkuk leihotik begiratzen zuen eta bere herriko terraza, denda, izkina guztietan zeuden denak aztertzen zituen. Eskuek dar-dar egin zioten berriro ere. Txurrut tabernako terrazan ezagun batzuk ikusi zituen, eta kalearen beste aldean ziztu bizian ateratzen zen kotxe bat, gaizki aparkatua egoteagatik udaltzainak ia gainean zituena. Praixkuk kopetako izerdia garbitu zuen berriro ere.

        Eliza okrearen ondoko paradan jaitsi, ingurura begirada luze lasai batzuk bota, eta edozein eginbeharrerako derrigorrezko lehenengo pausoa eman zuen: Zentroa tabernan sartu zen.

 

        Taberna nahiko hutsik zegoen, goiz zen oraindik, baina nabaria zen beteko zela, mahai guztiak prest, sukaldea martxan. Marianito bat eta tortilla pintxo bat eskatu zion barrako emakume ilehoriari eta kanpora atera zen, terrazako toldo azpiko mahai bat hartzera, inork okupatu aurretik.

        Herriko izkina hartan mugimendua egoten zen beti, jendea alde batera eta bestera, dendetara eta paseoan, Eliza horia, autobus geltokia, gaztelekua, plaza, Kale Berriaren bihotza zen bidegurutze hartan. Bere parean Amasa kafetegia, bertan koxka, eta koxkan eserita, Joxe. Ikusi zuenean begiak handitu zitzaizkion Praixkuri eta irribarre egin zuen.

        Hamaiketakoan zentratu zen gero. Aspaldi ez zuen pintxo hura jaten, aspaldi ez zuen leku hura sentitzen, momentu hura. Alaba Mirenek zuela hiru urte Donostiara harekin bizitzera eraman zuenetik lehenengo aldia zen bere taberna kuttunean zegoela, lehenengo aldia herrian bakarrik zegoela, bere kabuz, seme edo alabetako bat gainean izan gabe. Lehenengo aldia herrian bakarrik zegoela, Edurne joan zenetik. Trenaren txistua entzun zuen.

        “Ze ai haiz, hemen, Frantsixko?”.

        “Hementxe, hamaiketakua itten”.

        “Familiyak permisoik eman al dik?”.

        “Eztek ikusten, o!”.

        Migel tabernara sartu zen barrezka eta Praixku mahaian geratu zer barrezka bera ere, eta trago eder bat eman zion marianitoari. Minutu batzuen ondoren Migel bueltan zen, eta lagun zaharraren ondoan eseri zen. Aspaldiko partez eta elkar ondo ikusten zutela esan zuten biek, eta gero bakoitzak bere minen errepasoa egin zuen, Praixkuk motz, beti bezala.

        Migelek karpeta bat atera zuen eta bertan zeramatzan argazki zahar batzuk erakutsi zizkion Praixkuri, benetako argazkietatik ateratako fotokopia handiak, Amasa-Villabonako iraganekoak. Praixkuk ez zien argazkiei arreta handiegirik jarri, ezagutzen zituen jada, urteak ziren Migel argazki berdinekin bueltaka zebilela. Baina hitz egiten utzi zion, bere bustidura txiki guztiekin, eta irribarrea kendu ezinean egon zen lagunaren kontuek iraun zuten bitartean.

        Gauza gutxi esan zituen berak, errekan aspaldi egiten ziren estropaden argazkia ikustean, “arraunian ittia iyerin jakin gabe re!”; eliza eraiki berri zegoeneko argazki bat ikustean, “eskerrak argazkin koloria eztala ikusten!”; dotore jantzitako mutil talde baten argazkia ikustean, “Villabonan bibotiak ta txaleua, jende txulua!”.

        Gutxi gehiago. Baina horrelakoak ziren elkarrizketak Praixkurekin eta horrekin kontent geratu zen Migel. Biak pozik. Beste marianito bat eskatu zuen Migelek, ur baso bat Praixkuk.

        “Bazpa re, geyegi ez hitzetteko”.

 

 

 

Oriora bueltako bidean goizean goiz baino trafiko gehiago zegoen. Uda bukaerako egun eder horrek oporrak luzatu nahi zituzten guztiak kostaldera erakartzen zituen. Miren musika jarrita lasai zihoan kotxean, Serraten bere diskorik maiteena entzuten eta kantatzen.

        Andoain pasa ondoren jatetxera deitu zuen bazkaltzeko zeukaten erreserba pixka bat atzeratzeko, ordu bietatik ordu bi eta erditara. Aitak luze lo egin bazuen berandu gosalduko zuen eta azkenaldian jateko gogo gutxirekin ibiltzen zen gainera gizona. Behar ez zituen azalpenak eman zizkion telefonoaren beste aldekoari.

        “Bintzako, bai”.

        Deia bukatu eta dezepzioa nabaritu zitzaion aurpegian. Telefonoa hartu zuen berriro ere, auto-ilara aprobetxatuz, eta Iratiri deitu zion. Tonu bat, bi, hiru. Erantzunik ez.

        Eskuak bolantean jarri eta aurrera begira geratu zen. Bazekien hala ere jatetxearenak ilusioa egingo ziola aitari, aspaldi ari zen jatetxe batera noiz joango ote ziren galdezka. Sorpresa polita izango zen. Deus berezirik gabeko jatetxe normala, erosoa. Lasai egongo ziren gainera, biak soilik, aita eta bera. Iratik asko egiteko omen zuen, gauean etorriko zen. Bi anaiak oporretan zeuden oraindik familiekin, eta Xantik aitzakia absurdo bat asmatu zuen Donostiatik ez mugitzeko.

        Telefonoa hartu zuen eta Xantiren zenbakia bilatu, baina berehala atzera egin eta mugikorra poltsaren barruan sartu zuen berriro ere.

        Gero eta gauza gutxiago egiten zituzten elkarrekin Xantik eta berak. Aurreko egunean Mirenek arratsaldea Donostian pasa zuen berarekin, gizona Oriora hurbiltzeko oso arratsalde konplikatua zuelako. Ez luke inportako ere joan izan ez balitz, batzuetan egunak ematen zituzten elkar ikusi gabe. Baina egun hartan Mirenek esfortzu bat egin zuen, beste bat.

        Alde zaharrean ardo batzuk hartzen zituzten bitartean Mirenek elkarrizketa haiei buruz hitz egiten zuen puntura bideratzen saiatu zen behin eta berriz, baina ez zen modurik egon. Elkarrizketa bera ere eskasa izan zen. Ondorengo sexua ere bai. Hirurogeita zortzi urte betetzeko zituen eta bere bizitza sexuala berpiztu zuen gizonak itzaltzen ari zuen berriro ere. Bestelako bizitza, ere bai.

 

        Hamabi urte ziren Xantirekin bizitzera joan zenetik, barnean halako errebuelta eragin zion gizon harekin. Donostiako lanpostua hartu eta bi urte beranduago ezagutu zuen, indartsu sentitzen zeneko momentu hartan, independente, egunero trenean joan eta etortzen ibiltzen zenean pozik, gaztetako poz horrekin. Xanti ospitale berean lan egiten zuen gizon argal eta bizarduna zen, erizaintzako laguntzailea. “Ezer berezik eztun gizon atraktibo hoitako bat”, horrela esaten zien bromatan Mirenek lagunei.

        Maitemindu egin zen Miren, edo hori pentsatu izan zuen orduan. Gauza horiek egiteko zaharregia izateagatik berriro ere kritikak entzun behar izan bazituen ere, Villabonako pisua alokatu eta Xantirekin bizitzera mugitu zen Donostiara. Zoriontsu izan ziren, hiriburuan leku kuttunak zituen, asko ateratzen ziren. Sexua ere polita zen, apala, laztanez beterikoa.

        Bere bizitza bestelakoa bihurtu zen. Lana Donostian, bikotea Donostian, udako pisua Orion, herrira gero eta gutxiago hurbiltzen zen, eta egiten zuenean gurasoak ziren denbora osoa hartzen ziotenak. Gero erretiratzea etorri zen, eta egoera guztiak zentzua galdu zuen erabat. Eguna luzea egiten zitzaion Donostian, lanarik gabe. Xanti gero eta gutxiagotan egoten zen etxean, lanpetuta edo, absente. Mirenek Oriora egiten zuen eskapu.

        Amaren azken egunak Villabonan pasa zituen, eta aspaldi bizi ez zuen lasaitasuna sentitu zuen bertan, lasaitasun eder eta mingotsa aldi berean. Ama hil ondoren, Xantik onartu zuen Praixku haiekin bizitzera eramatea Donostiara. Baina bera desagertu egin zen. Eta Mirenek ez zuen gehiegi faltan bota. Jaioterrira egindako itzulera horrek zeozer mugitu zion barruan.

 

        Atzo, sexu eskas eta inoiz baino geldoagoa amaitzean etzanda geratu zen Miren momentu batez, eta atzamarrekin bere gorputzeko zimurrak laztandu zituen, suabe, ondoko gizona jantzi eta egongelara alde egiten zuen bitartean. Zentzurik gabekoa iruditu zitzaion logela hura, zentzurik gabekoa Garmendihandia txikitako baserriko argazkia Moneten koadroaren ondoan, zentzurik gabekoa sukaldean entzuten zen irratiko ahots etengabea. Aitarekin afaltzeko garaiz iritsi zen etxera.

        “Baño etzenun bertan lo in bihar?”.

        Komunetik oihuka eman zion ongietorria agureak. Alabak zapatak kentzen zituen bitartean aita hurbildu eta kopetan eman zion muxua, txikia zenetik egiten zuen bezala, eta Mirenek oilasko bularkiak prestatu zituen bientzat afarirako.

 

        Auto-ilara mugitu zen azkenean, eta kotxeak berriro abiadura hartu zuen. Azkar iritsi nahi zuen Oriora, oraindik erosketa gutxi batzuk egin behar zituen eta. Musikaren bolumena igo zuen, “Edurne” abestia baitzen hurrengoa, bere maiteena.

        Aitak zioen amak izena Nievesetik Edurnera aldatzeko erabakia Serraten abesti hura entzun zuenean hartu zuela, Amasako emakume bati buruzkoa delako abestia eta ez zelako batere logikoa Serratek bere izena euskaraz esatea eta berak ez. Egia esanda denok deitzen zuten Edurne aspaldidanik, baina ofizialki aldatzeak sekulako poza eman zion amari. Kanpora bazkaltzera joan zen familia egun hartan.

        Bere kalera iristerakoan Mirenek kotxea aparkatu eta aitarentzako pastak zituen poltsa besoan zintzilik etxera hurbildu zen. Beroa leunagoa zen bertan Villabonan baino, airea goxoagoa. Gora begiratu eta Praixkuren pertsiana jaitsita ikusterakoan irribarre egin zuen, aita lasai patxadaz lotan imajinatuz. Azkenaldian luze egiten zuen lo Praixkuk, eta hala egitea ona zela eta berak ez zuela lehenago esnatuko esanda zion alabak. Aita lotan baldin bazegoen denbora gehiago izango zuen gauzak egiteko. Horregatik gauerako barazki batzuk erostera joan zen lehenengo eta Pilar bizilagunaren tinbrea jo zuen gero, udaren laburpena egin eta badaezpada hurrengora arte agurtzeko.

        Etxera igo zenean komuneko atea berriro ere irekita aurkitu zuen. Sakon arnastu zuen haserrea kontrolatzeko eta atea itxi zuen burua astinduz. Sukaldean sartu zen, erosketa poltsak mahai gainean utzi, eta pasten poltsa eskumuturretik atera behar zuenean nota bat ikusi zuen mahaiaren gainean.

        “Mirentxu, Villabona nijoa. Eztakit zeatikan. Bakit bidia, ez preokupatu. Atsalde arte, atta”.

        Bihotza azkartu zitzaion. Gogor eutsi zen mahaira, ez erortzeko, eta minutu eskas baten ondoren kotxeko giltzak hartu eta ziztu bizian jaitsi zen eskaileretatik, Amasa kafetegiko pasten poltsa oraindik ere besotik zintzilik.

 

 

 

Arratzainera iritsi naizenean Imanol parrila garbitzen aurkitu dut goiko partean. Ikusi nauenean gauzak lurrean utzi eta korrika etorri da ni besarkatzera. Ia ahaztuak nituen Imanolen besarkada estuak, gogor eusten zaituztenak. Harrituta esan dit ziur zirela ez nintzela agertuko, eta nik esan diot ezetz, berez ez naizela agertuko, haiek agurtzera soilik etorri naizela, momentutxo bat, gero alde egin behar dudala. Goiz zen, eta besteak iritsi arte Imanol eta Uxoa terrenoan bakarrik egongo zirela pentsatu dut, horregatik joan naiz, aukera izango nuelako haiekin bakarrik egoteko, besteak iritsi aurretik. Hori ez diot esan.

        Eskolako lagunak dira denak, gaztetako lagunak. Baina hainbeste urte kanpoan ibili ondoren ez dakit zer hitz egin haiekin, ez dut nire bizitza kontatzeko gogorik, ez dakit zeri buruz galdetu behar diedan, ez dakit zer erantzun galdetzea nahi ez dudan horiek galdetzen dizkidatenen. Whatsapp taldeari zero kasu egiten diodala onartzea ere zaila egiten zait. Imanol eta Uxoa dira gehien faltan botatzen ditudanak. Jon eta Alaitz ere bai, baina hori beste kontu bat da.

        “Pasa, pasa, ez geatu hor”.

        Imanolek besoarekin nire sorbalda inguratuz aldapa jaitsi dugu, ia saltoka ume txikiak bezala, barrezka. Ardiak korrika bizian atera dira beste aldera. Uxoa agertu da orduan etxetxoaren atzeko partetik gure ahotsak entzun dituenean. Hark ere gogor besarkatu nau bere beso argalekin, poz-pozik.

        “Aurrea, pasa, ez geatu hor”.

        Mahaia prest zeukaten, luzea, mantel zuri bat gainetik. Uxoa urdaiazpikoa mozten ari zen, eta hor zeuden ere patata poltsak, oliba latak, patea eta ogi barra bi.

        “Gu aldatu gea, baño menua...”.

        Barre egin dugu. Zuhaitzen bestaldean ikusten den herriari begira geratu naiz eta segundo batez irreala iruditu zait dena.

        “Egitan etzeala bazkaltzen geatuko?”, Imanolek. Uxoak ez dit galdetu, berak badaki nire burua irakurtzen, berak beti asmatu izan du nik pentsatzen nuen guztia.

        “Irati herri hontan beti aldi baterako dao”.

        Irribarre egin diot Uxoari, eta mahai luzearen alboan zegoen bankuan eseri naiz. Bankua hankamotza zegoen, eta oreka mantendu behar izan dut ez erortzeko. Oreka mantendu behar izan dut han gelditzeko, han egoteko, bertakoa sentitzearen sentsazioak ez itotzeko.

        “Nekatuta zaudela emateu”.

        “Ez det gehiegi loin”.

        Eta basurdearena kontatu diet, eta begiak zabalik entzun dute nire kontakizuna. Eta konturatu naiz ametsetan ez dudala soilik hildako basurdea ikusi, konturatu naiz Londreseko kanpoaldean Edortak eta biok ikusitako hildako oreina ere agertu zaidala ametsetan, eta aita espetxetik itzuli eta hurrengo egunean etxeko atarian aurkitu genuen hildako katua ere bai. Eta konturatu naiz lagunek ez dakitela Edorta nor den, eta terreno horretan egondako azken aldia Londresetik itzuli nintzenean izan zela, eta kuadrilla guztiaren galdera asko erantzun behar izan nituela egun hartan, Londresen nola, non, norekin, zertan, baina ez nuela Edortaren izena aipatu ere egin.

        “Sagardo pixkat?”, Imanolek. “Bai, mesedez”, nik.

        Hiruak mahai inguruan eseri gara. Nola nagoen jakin nahi izan dute, ze planak ditudan.

        “Ondo nao”.

        Benetan esan dut, benetan ondo nengoela sentitu dudalako. Baina ez dut azaltzen jakin ez dakidala non egon nahi dudan ondo, ez dakidala nire aldi bateko herri guztietatik zeinetan egon nahi dudan ondo.

        Ez didate gehiago galdetu. Urdaiazpikoa jan dugu, oliba lata bat ireki, barre egin dugu. Bi sagardo hartu ditut azkenean baina ez diet utzi hirugarrena zerbitzatzen, besteak laster agertuko ziren eta.

        “Baño eztittuzu ikusi nahi, o?”.

        “Bai”.

        Egia berriz. Baina ez hola, ez gaur, ez denak batera, ez kuadrillan, kontzeptu horrek aztoratzen nau. Hori ez dut esan.

        Zuhaitzen beste aldeko paisaiak harrapatu nau berriro ere, argi horrek. Londresetik itzuli nintzenean antzeko sentsazioa eduki nuen. Bertan zortzi urte eman ondoren hona iritsi eta argiak kolpatu ninduen, usainak, berdeak.

        Londreseko usaina gorroto nuen, jatorri ezberdineko jatetxeen usainak kalean nahastu eta sortzen zen kirats hori, zakarrontzien inguruan biltzen zena kalean korrika eta presaka jaten zuten guztien zaborrekin, iluntasun amaigabe hartan. Zortzi urte eta ez nintzen usain horretara inoiz ohitu.

        Lehenago itzultzeko aukera izan nuen, aukerak, pluralean, baina lana nuen bertan, aukera on bat ingelesa ikasteko, karrera profesionalean aurrera egiteko, hori esaten nion neure buruari. Hori esaten nien guztiei.

 

        Edorta ezagutu nuenean urte bat neraman hiri hartan. Ingelesa ikastea zen nire lehenengo helburua eta klaseak ordaindu ahal izateko lan eta lan ibiltzen nintzen, topatzen nuen edozein lekutan.

        Arratsalde batean, jatetxeko lan nazkagarri hartan hamabi ordu eman ondoren, ingeleseko apunteak beso azpian, metroa hartu nuen. Ikara izugarria ematen zidan metroan lo geratzeak, nekea ezin kontrolatu eta auskalo non esnatzeak. Jolasten nuen orduan, neure buruarekin, gaztetako joko hartan bezala, metroan zihoazenen jatorriak asmatzera, batzuei gure herrikoak ere emanez: gizon asiarra Ordiziakoa, bizkarrean umetxoa zeraman emakume beltzarana Andoaingoa, musika ozen zeraman neska gaztea Tolosakoa, kamiseta beltza zeraman mutiko hura, Hernanikoa. Hura zen benetan hangoa zirudien bakarra, nire jokoan sartutako mamu hura. Ez nintzen urruti baina, Lasartekoa zen.

        Herria ez nuen asmatu; guretzat gerora imajinatu nuen guztia, ezta ere. Edorta ez zen bere izena, ez benetakoa, bederen. Iheslari politikoa zen, baina hori ere ez nuen bukaera arte jakin. Beste gauza asko, inoiz ez. Euskaldunak izateak elkartu gintuen, hiri gris hartan gure herri txikiei buruz hitz egiteak, euskaraz mintzatzeak ingeles guztien artean.

        Ingelesa ikasteko nire helburua ez zitzaidan hain garrantzitsua iruditzen jada, berarekin euskaraz egin ahal banuen. Klaseetara joaten nintzen hala ere, gero eta gutxiago. Diruz larri nenbilen, eta hartu beharreko lan triste horiek guztiek denbora eskatzen zidaten, eta Edortarekin egoteak ere bai. Begirada berezia zuen. Ile horia, mugarik gabeko begi beltzak. Kitzikagarria zen dena berarekin.

        Berak ere lana behar zuela eta elkarrekin hasi ginen hiriaren kanpoaldean zegoen ett moduko batera joaten. Pabiloi handi bat zen. Gure izenak apuntatzen zituzten hara iristerakoan eta banku batzuetan esertzen ginen gero, itxoitera. Lanak iristen ziren heinean hango guztien profilak begiratu eta lanerako aukeratzen zituztenen izenak ozenki esaten zituzten. Aipatutakoak altxatu eta furgoneta batean sartzen ziren, lanera bai, baina nora edo zertara jakin gabe.

        Elkarrekin egoten ginen Edorta eta biok pabiloi hartan, zain, batzuetan egun osoa. Batzuetan gutako baten izena esan eta batek alde egiten zuen bestea bertan utziz. Gaua arte ez genekien geratu zenak lan egin ote zuen. Gauean kontatzen genion elkarri, non egonak ginen, zein lanetan, zein egoeratan. Elkarrekin lo egiten genuen, elkarrekin larrua jo, elkarrekin barre.

        Lan zeken asko hartu genituen biok, eta gure ordutegi ilegalek uzten zigutenean elkarrekin egoten ginen. Ez ginen elkarrekin bizi, ni beste hiru pertsonarekin pisu konpartitu batean bizi nintzen, bera hiriaren kanpoaldeko familia batek alokatzen zuen gela txiki batean. Baina trena gora eta behera, gure herrian bezala, hantxe egiten genituen peripeziak elkar ikusteko.

 

        Hiru urtez egon ginen horrela, elkarrekin oheratzen, elkar maitatzen, elkarrekin lan zikinak bilatzen. Nik ingeniaritza karrera bukatua neukan aspaldian, eta lan txiki horiekin nazkatuta egon arren ez nintzen ausartzen nire bizitzarentzat espaloi bat gehiago eraikitzen. Ez nuen hazi nahi, ez nintzen Edortarengandik urrundu nahi. Ez nekien bera zein urrun zegoen jada.

        Nik neure buruarengan baino konfiantza handiagoa zeukan Edortak niregan, eta animatu ninduen injineru bezala lana bilatzera, eta konbentzitu ere.

        Coventry-n cafek zuen egoitzan lana lortu nuen, egoera ekonomikoa hobetu zen, elkarrekin bizitzeko proposamena egin nion. Ez zuen onartu, baina. Horren ordez, bizi zen etxeko sukaldeko aulki batean eseri ninduen, familia kanpoan zegoela aprobetxatuz, eta egia kontatu zidan. Parte bat, bederen. Ihesean zebilen. Atxilotzeko agindua zuen bere gain. Alde egin behar zuen. Edorta ez zen bere izena.

        Arrakala bortitza eragin zuen nire barrenean. Gurasoek bizitako guztia lohi zaku bat bezala erori zitzaidan gainean, nik aitarekin izandako eztabaida guztiak, nire adin hartako ideia politiko nahastuak, nire topikoz beteriko ideologia, nire sentimenduak, gure bizitza, denak eztanda egin zuen. Ez nuen nahi eta nahi nuen, gorroto nuen eta maite, ez nuen Londres nahi bera gabe, ez nekien nor zen bera.

        Lasaitasuna mantendu nahian kontatu zidan kontatu zidan gutxi hori, baina eskuek dar-dar egiten zioten. Miresmena sentitu nuen hari begira, eta ez nuen ulertzen zergatia, bere ahotsaren lasaitasun hargatik agian, arriskuaren gainetik niri egia kontatzeagatik, libre bizirauteagatik, aurretik saihestu izan nuen mundu hori aurrean izan eta ez ikustea lortzeagatik, inoiz ezin izan dut hori jakin. Ez nuen ezagutzen, eta ez nuen gehiago ezagutuko.

        “Biño zergatik... nik ez det uste... nik eztakit... ni ez nao…”. Ez nuen ausardiarik topatu deus zentzudunik esateko.

        Larrua jo genuen gau osoan. Etengabe errepikatu nuen ozenki bere izena larru jotze hartan, oihuka, bere izena ez zen izen hori. Hurrengo egunean desagertu egin zen.

        “Gure herrin ikusiko gea”.

        Azken mezua.

 

        Bi hilabete beranduago itzultzeko aukera izan nuen, Beasaingo cafeko postu bat hartzeko aukera eskaini baitzidaten. Baina Londresen geratu nintzen. Lanarekin pozik nengoen, aukera on bat ingelesa hobetzeko, karrera profesionalean aurrera egiteko, hori esaten nion neure buruari. Hori esaten nien guztiei. Ez nintzen itzultzera ausartzen. Hori ez nion inori esan. Edorta Londresera itzuli eta ni aurkituko ez ote ninduen beldur, Euskal Herrian topatuko ote nuen beldur. Nola, non, argazkia zein egunkaritan. Londresen geratzea izan zen erabakia, beste lau urtez luzatu zena.

 

        Benetako lagunei gauzak kontatzeak lasaitzen gaituela pentsatu izan dut askotan, baina ez zen momentua. Imanolek parrila prestatzen bukatu behar zuen, Uxoak urdaiazpiko asko zuen oraindik mozteko, eta lagunak etortzekoak ziren. Imanolek tontakeriak egin ditu, beti bezala, barre egin dugu hirurok. Besarkada estu bi eraman ditut, benetako lagunenak.

        Laster itzuliko ote naizen,

        baietz nik.

        “Ta hemen geatzeko noiz”,

        ardiak korrika atera dira maldan gora alde egin dudanean.

 

        Txermin auzotik jaitsi naiz herrira, gure pisua dagoen tokira. Amak eta biok bertara mugitu ginen aita espetxean zegoenean, eta, amak, Donostiara joan zenetik, alokatua dauka. Kale berritik nire gela izanaren leihoa ikusten da, eta aurretik pasa nahi izan dut, ikusteko ea zein gortinak dituzten jarriak edo loreontzirik ote dagoen. Etxe itsusia da, bistak ere bai. Baina erreka ondoko etxetxo horia dauka parean, Villabonako kartel zaharra fatxadan daukan etxe borobildua, ipuin batekoa ematen duena. Argazki bat atera diot, afaltzerakoan aitonari erakusteko.