Leku bat omen zuen
Leku bat omen zuen
Maitane Perez

AMASA-VILLABONA
 

 

2. ATALA

 

 

Migelek alde egin ondoren tartetxo batez egon zen Praixku oraindik Zentroa tabernako terrazan eserita. Argazkiak zituen karpeta berarentzat gordetzeko hainbeste tematu zen laguna, onartu egin ziola azkenean, eta bertan geratu zen ur basoa eta karpeta itxia mahai gainean.

        Elizako kanpaiek jo zutenean, horretarako momentua zenaren uste osoarekin, altxatu, bastoiaren laguntzarekin errepidea gurutzatu eta kalearen beste aldeko koxkan eseri zen, beste eginbeharreko pauso beharrezko bat, orain arte egondako lekutik metro gutxi batzuetara.

        Perspektiba desberdina zuen handik, ordea, eta alde batera eta bestera egon zen begira, lehenago Joxek egin bezala. Pasatzen ziren guztiak agurtzen zituen, gehienak nortzuk ziren jakin gabe, eta gehienek ere ez zuten bera ezagutu. Anjelek bai. Ezagutu eta bere ondoan eseri zen.

        “Atzo Malkorttikikuak ikusi nizkin”.

        “Malkorttikikuak? Hombre!”.

        “Inaxiz hizketan attu giņuan”.

        “Zertaz?”.

        “Inaxiz”.

        “Inaxi? Zeakua... Malkorttikikua?”.

        “Malkorttikikua, bai”.

        “Bai...”.

        “Harea ezkondu zan, Erausietandikua huan, harea ezkonduba. Ta geo familiya... Ondo jarrita zitxauken beaiek etxia, oso ondo, etxia ere berriya in ziyen etxian onduan ta... Ezautu huan hik Inaxi?”.

        “Jesus! Mutil koxkorra izatetik”.

        “Emakume ona aparta huan. Hoi apaizakin eon huan neskame. Geo familiya ona izan zin harek eh, hiru o lau o bost zizkiyen eh!”.

        “Familiya dexentia, bai”.

        Elkarrizketa amaitutzat emanda Anjel altxatu eta bazkaltzera joan behar zuela esanez alde egin zuen. Ez zuten elkar agurtu, aurreko egunean elkar ikusi izan balute bezala eta hurrengoan ziur elkar ikusiko balute bezala, egunerokotasunak gauzei ematen dien garrantzirik ezarekin. Praixkuk pauso txiki azkarrekin urruntzen ikusi zuen laguna eta berak ere ibiltzeko erabakia hartu zuen.

        Zalantzatan egon zen hasieran, nora joan. Presarik ez zeukan eta azkenean kale nagusira zuzendu zen, bastoia esku batean, argazkien karpeta bestean. Halako pausa txiki bat egin zuen kalean sartu aurretik, arnasa sakon hartzeko. Patxadaz ekin zion gero, ingurukoa arretaz aztertuz.

        Etxe berrietako garajeko atea ixten ari zen, dendak itxita, ferreteriaren kartel zahartua, ibiltzeko arropa erosoak jantzita bikote bat, aio aio, kirola egitera zihoan gazte bat, ur botila eskuan, gaztetxea seinalatzen zuten geziak paretetan. Kaleak fresko usaintzen zuen, itzaletan zegoen erabat, eta Praixkuk begiak ixten zituen noizean behin, pausa txikitxoak eginez. Kultur Etxeko paretan zegoen antzina astoak lotzeko burdinazko eraztuna eskuan hartu eta astindu egin zuen pixka batean, txikitan hainbestetan entzundako soinu hura eragiteko. Begiradarekin kaleko beste paretetan lehenago egondako beste eraztunak bilatu zituen.

        “Lastima”.

        Patinete elektriko batek aztoratu zuen bere aldamenetik pasatzean eta gizonak pausoak pixka bat azkartu zituen. Kaleko alde horretako tabernak itxita zeuden, eta isiltasuna zen nagusi. Baina pixkanaka hasieran apal entzuten ziren ahotsak ozendu ziren, lasaitasuna erabat urratu arte. Gizonak irribarre handi bat egin zuen, Errebote plazara iritsia zen.

        Tartetxo batez banku batean esertzea erabaki zuen Praixkuk. Ondoan gertatzen zen guztia aztertzeak nekatu egiten zuen, baina ezin zuen saihestu, ez zuen nahi. Sorbaldak jaitsi, lasaitu, eta hasperena egin zuen.

 

        Iratik hamabi bat urte zituenean, igande batean, aitonak pasteleria zaharrera eraman zuen. Nahi zuena aukeratzeko eta berak garizko bi makilatxo zituen poltsa txiki bat eskatu zuen. Aitonak beste gauzaren bat aukeratzea esan zion, hori oso eskasa zela, baina Iratik ezetz, hori nahi zuela berak. Beti burugogor.

        Plazako banku batean eseri ziren gero, aitona eta biloba, gauza hura jatera. Haien inguruan jende mordoa, haurrak, helduak, zaharrak, iskanbila, pilota jolas txikiak, bizikletak. Baina Irati eta aitona bata bestearekin besterik ez zeuden, inguruko guztiari jaramonik egin gabe.

        Goiz hartan aitona eta amona haserretu omen ziren haien artean, askotan gertatzen zitzaien bezala, eta etxean amona eta ama utzita aitonak bilobarekin ateratzea erabaki zuen. Bide batez elkarrekin egoteko, bere neskato kuttunarekin. Biloba gehiago zituen, hiru, denak mutilak, baina Irati zen bere kuttuna, bere maiteena. Ez zion inoiz esan, Iratik bazekien.

        Egun hartan aitonak herriko plazan gertatutako kontu asko eta asko kontatu zizkion, eta Iratik adi entzun zituen horiek guztiak. Aitona gizon isila zen normalean, horretaz kexatzen ziren beti etxean eta hori zen Iratik ere ikusten zuena. Baina igande hartan, arrazoi logikorik gabe, aitonak inoiz baino hitz gehiago zuzendu zizkion.

        Erreboteko kontuak,

        “lehen eztakizu zenbat jokatze zan, anjelusa errezatzeko gelditze zian, bazeon bat mankua, Villabonako mankua, istripuk eon dia pelotakin, batek begiya galdu zun!”.

        festak,

        “ezteu ba dantzatu hemen, erroskilleruak etortze zian, idi apustuk itte zian, inguruko festa onenak zian”.

        bertsoak,

        “bertso saio batian lau mila laun elkartu zian, pentsa, askotan eote zian bertso sayuak, hor eote zan kioskuan”.

        Iratik, aitonaren jarrera hura aprobetxatuz, galdera asko egin zizkion eta aitonak denak erantzun, harro zekien guztiarekin, harro bilobari hori guztia kontatzeko gai izateagatik.

        Udaletxen mataderua zeon, ta hor itten zuen, hor bertan hil, ta espektakulu bat zan eh! Zikin guztik ibaira, odola, kakak eta dana.

        Iratik begiak handi-handi ireki zituen eta aitonak barre egin zuen. Gero gaiaz aldatuz festetara itzuli zen, eta amonarekin dantzatutakoak kontatu zizkion, kilimak nola egiten zizkion gerri partean eta munduko barrerik ederrena zeukala amonak.

        “Dauka”.

        “Haserre daonen ez”.

        Irati zuzen begira geratu zitzaion, serio. Aitonak eskua eman zion eta keinu batez etxera itzuli behar zutela adierazi zion. Eta hara joan ziren biak, motel, elkarrekin inoiz baino gehiago hitz egindako une hura pauso azkarregiek ezabatu ez zezaten.

 

        Orain ere jende mordoa zegoen plazan haren inguruan, baina Praixkuk bakarrik ikusi zuen bere burua. Altxatu eta martxan jarri zen berriro ere.

        Bildutako errebote sarearen azpitik pasa zen, tabernan zeudenak agurtu eta Karkaroa hartu zuen, Itzalpe jatetxera bidean. Bazkaltzeko ordua zen jada eta ez zitzaion leku hobeagorik bururatu. Beti leku berdinetara joateko ohitura zuen Praixkuk. Ez zen egun hartan hori aldatzen hasiko.

 

 

 

Miraria izan da eskaileretatik ez erortzea. Kotxean sartzera nindoala egongelako leihoak oraindik irekita zeudela gogoratu dut, eta arratsaldean enbata egonen zela, eta korrika igo naiz berriro haiek ixtera. Ezin nuen sinetsi. Nola zen posible aita bera bakarrik Villabonara joatea, ezin nuen buruan sartu. “Bakit bidia”. Banekien bazekiela, baina ez zen bide bat berak bakarrik egiteko modukoa, edozein gauza gerta zekiokeen.

        Leihoak itxi eta korrika jaitsi naiz berriro. Kotxean sartu, eta oraindik besotik zintzilik neuzkan pastak kopilotuaren eserlekuan jarri ditut. Pasta madarikatuak, erostera joan ez banintz aita etxean egonen zen, lasai. Kotxea piztu eta egiten ari nintzena benetan pentsatu gabe Villabonarantz abiatu naiz.

        Izerditan nengoen, beroa izugarria zen. Telefonoa hartu dut eta Iratiren zenbakia markatu dut, baina ez du erantzun. Ez dakit zergatik deitu diodan, Irati Donostian zegoen, beti bezain lanpetuta, beti bezain independente. Baina aztoratuta nengoen, ezin nuen ondo pentsatu. Arnasten saiatu naiz, hori esaten du Iratik egin behar dudala, airea sakon hartu eta motel bota behar dudala, hiru zenbatuz.

        Musika piztu da bat-batean, kotxe zahar ero honetan. Lehen geratu den tokitik hasi da musika, Edurne, amaren abestia. “Abestu Edurde, abestu Edurne. Hori da zure herrie”. Ez dut itzali nahi izan. Pentsamendu positiboak izaten lagunduko zidala pentsatu dut, aita ondo zegoela, ziur, gizon indartsua dela, eta zaharra izanagatik ere burua ondo duela, jakingo duela bere burua zaintzen. Baina ezin nuen ulertu, zergatik gaur, bere urtebetetze egunean, zergatik horrela, abisatu gabe, galdetu gabe. Nik pozik eramango nuke Villabonara egun pasa, nahi izanez gero. Baina inoiz ez dit hori eskatu. Inoiz ez.

 

        Ama hil zenean aitak bi hitz besterik ez zituen esan. “Agur, Edurne”. Besterik ez.

        Aurreko asteetan herrira itzuli nintzen Oriamendiko haien pisura aitarekin egotera. Ama ospitalean zegoen eta ezin nuen jasan aita etxean bakarrik imajinatzea. Nik ezin nuen jasan. Berak ordea, bai. Bera zaintzeagatik haien etxera mugitu nintzen, hura bakarrik ez egoteko. Agian oker nintzen, agian hori zen berak benetan behar zuena.

        Aitaren hitz egite eskasa nabarmenagoa egin zen egun haietan. Kostata ateratzen nion esaldiren bat eta isiltasuna nagusitu zen beti alaia izan zen haurtzaroko etxe hartan.

        Irati etorri zen arratsalde batean, abisatu gabe, eta pastelak ekarri zizkion aitonari. Honek, nirekin egiten duen bezala, bilobari kopetan muxu eman zion, telebistaren aurrean eseri, eta ez zigun hitz bakar bat ere zuzendu arratsalde osoan.

        “Normala da, ama”.

        Iratik aitonarekin beti izan duen enpatia nik ez dut inoiz izan. Saiatu naiz, baina ez dut lortu. Ezin dut jakin zer pentsatzen duen, zer sentitzen duen, zer duen begi urdin horien atzean. Iratik begi berdinak ditu, agian horregatik uler dezake nik baino hobe. Aitonaren ondoan eseri zen, eskua hartu zion, eta munduko pazientzia osoarekin hor egon zen ia ordubetez, isilik, nik aitaren hitz bakar bat entzuteagatik galdera bat bestearen atzean egiten nizkion bitartean, erantzunik gabekoak guztiak.

        “Ama, utzi”.

        Hura izan zen Irati, aita eta hiruok elkarrekin eta bakarrik egon ginen azken aldia. Eta gaur Iratik ez zuen gurekin bazkaltzera etorri nahi.

        “Barkatu, gaurko erreserba kantzelatu in nahiko nuke. Bai, bakit beandu dala baņo…bai, sentitzet. Eskerrik asko, bai, aio”.

 

        Amaren errautsak Orion bota genituen, berak nahi zuen bezala. Orion jaiotako emakume indartsua zen, gaztetan antxoak saltzera asto baten laguntzaz eta Aia zeharkatuz Villabonaraino joaten zena. Bide luzea, nik ez nuen inoiz jakin hori egia ote zen. Gezurtia zen ama, ahal zituen guztiak asmatzen zituen. Baina egia da aita arraina saltzen ezagutu zuela, hori biek zioten, eta aitak ez du gezurrik esaten, inoiz ez.

        Seme-alabak eta biloba guztiak elkartu ginen amaren errautsak itsasora botatzeko. Haizeak ez zigun lanean batere lagundu baina azkenean Irati arroken artean sartu eta berak hartu zuen errautsak uretara botatzeko ardura, hasieran horrela pentsatua ez bageneukan ere. Momentu hartan esan zituen bere bi hitz horiek aitak, egun osoan esan zituen bakarrak: “Agur, Edurne”.

        Hango jatetxe batean bazkaldu genuen. Aitak oka egin zuen. Momentu hartatik aurrera ezin izan du arraina jan, gaizki egiten dio.

        “Abestu Edurne, abestu Edurne. Deitu dizu maitasunek”.

 

        Villabonako Kale Berria goraino kotxez egitea erabaki dut, gainbegiratu bat egiteko lehengo, ea paseatzen ikusten dudan, edo koxkan eserita, edo Zentroko terrazan, edo eliz aurrean, edo Oriamendiko plazan... Deus ez. Oriamendi aurrean semaforoa gorri jarri eta hor egon naiz geldirik tarte batez. Eternitatea iruditu zait, oinezko bakar bat ere ez da pasa semaforoak iraun duen denbora guztian. Ni geldirik, baina musikak bere bidea jarraitu du, “Abestu Edurne, abestu Edurne. Lurperatu ote dute...”.

        Mugitu naiz azkenean. Bat-batean beste herri batean nengoela iruditu zait. Ez dut gogoratzen noiz pasa nintzen azken aldiz gurasoen etxeko mugatik haratago, baina hurrengo auzo hori guztia ezezaguna egin zait. Bloke erraldoi horiek guztiak, haurrentzako parkea, jendez betetako terrazak. Herrian egiten nuen bizitza oso zonalde txikira mugatua zegoen, beti leku berdinetan, beti ertz berdinekin. Zertarako atera, zertarako haratago joan. Donostian distantzia handiagoak egiten ditut edozein egunetan, baina herrian kale berriaren bukaeraraino iristea sekulako ibilbide luzea iruditzen zait. Gurasoen etxetik urrutiegi. Absurdoa, orain aita Orion utzi eta askoz gehiago urruntzen naiz. Baina herrian ez, herrian ezin, hainbeste urtetan nire espazioa horren inguruan sortu eta ez dago hortik ateratzerik. Terraza horietako batean eseri nahi dudala erabaki dut. Paseatu nahi dudala herrian. Ibili, mugak zeharkatu nahi ditudala. Gehiago bizi nahi dudala. Ez dudala aita gehiago zaindu nahi, pentsatu dut. Ez dudala gehiago Donostiara joan nahi Xantirekin ardo bat hartu eta oheratu eta alde egiteko eta aitarekin afaltzeko presaka itzuli eta Iratiri behin eta berriro deitu eta herriko lagunak faltan botan.

        Irati deitu dut berriro. Berriro ere ez dit erantzun. Telefonoa bota egin dut behar baino indar handiagoarekin eta eserlekuan doazen pasten gainean erori da, kutxa zertxobait apurtuz. Zer axola zuen, ez genuen urtebetetzerik ospatuko.

        Damutu nahiz aita gehiago zaindu nahi ez dudala pentsatzeaz. Urduritu egin naiz. Aita aurkitu nahi nuen.

        Herri bukaerako errotondan buelta eman eta kale guztia egin dut berriro beherantz, baina ez dut aita ikusi. Eliza ondoan aparkatu dut. “Abestu Edurne, abestu Edurne. Zuk dezu bihotz haundie”.

 

        Presaka iritsi naiz Zentro tabernara. Aitari taberna hau gustatu izan zaio beti, orduak ematen zituen lehen hemen. Nik ez dut inoiz gustuko izan, herriaren bidegurutze honetan bizilagun guztien begi-bistan sentitzen naiz. Terraza aztertu dut, barrualdea ere bai. Familiak eta talde handiak bazkaltzeko prestatzen ari ziren eta iruditu zait denek begiratu nautela, denek ezagutu nautela. Ez diet arreta jarri, badaezpada. Ez zen inorekin gelditzeko momentua.

        Koxkan begiratu dut gero, baina aita ez zen beste gizon bat zegoen bertan.

        Errekako pasealekura joan naiz, lehen Izaskunekin egon naizen leku berdinera, handik ikuspuntu zabala izateagatik edo beste ezer bururatu ez zaidalako. Bidean Iratiren kuadrillako Amagoia eta Beatriz aurkitu ditut.

        “Mirentxu, aspaldiko!”.

        “Zemuz? Dena ondo?”.

        “Ta Irati nun dabil?”.

        “Oain bazkaiya deu Arratzaiņen baņo bea eztala etorriko esan du”.

        “Eskumiņak eman”.

        “Aio, aio”.

        Jatorrak dira, eta diskretuak. Ez didate galdetu zergatik egon naizen hain isilik, zergatik nengoen han, zergatik egiten nuen izerdi modu horretan. Egia esanda ez dakit zergatik ez diedan egia kontatu, laguntza eskatu. Aztoratuta nengoen eta ez zait iruditu besteak ere aztoratzea ideia ona zenik.

        Kotxera itzuli naiz, martxan jarri eta Amasan gora igotzea erabaki dut, aitaren jaioterrira. Urteak ziren ez nintzela igotzen gure herria izan zen hartara, txikitako herrira. Ez dut inoiz beharrik izan. Aitzakiaren kontua, berriro ere.

 

        “Abestu Edurne, abestu Edurne. Euskal Herria zurekin dezu abesten”.

        Arnasa aztoratu zait abestiaren azken parte horrekin, ia eten. Dardarka nengoen, eta aldapa igotzen hastean eskuinean dagoen bidegurutze txiki batean gelditu dut kotxea. Leihoak ireki ditut, Iratik esan bezala airea hartu eta airea bota dut. Airea hartu eta airea bota, hiru zenbatuz. Baina ez dakit ondo egiten, ez dut ondo egiten. Eta negar egin dut. Eta konturatu naiz urteak zirela ere negar egiten ez nuela.

        Abestiaren azken parte hori guztientzat gustukoena zen. Kotxean Oriora bidean ozenki kantatzen genuen guztiok, amak, aitak, Iratik eta laurok. Ozenki, ia oihuka, leihoak jaitsi eta mundu guztiak entzuteko moduan. “Abestu Edurne, abestu Edurne. Euskal Herria zurekin dezu abesten”.

        Iratiri deitzen saiatu naiz berriro ere pixka bat lasaitu naizenean. Azken aldiz sakon arnastu, kotxea martxan jarri, eta Amasara igo naiz.

 

 

 

Eguzkiak gogor jotzen zuen Iratik Txermin auzoa utzi zuenean. Erreka tabernara joatea erabaki zuen, hainbestetan egondako taberna hura, eta desengainua hartu zuen itxita aurkitu zuenean. Zalantzatan egon zen, zer egin edo nora joan. Trenaren txistua entzun eta errekaren bestaldera begiratu zuen, geltokia zegoen aldera. Agian Donostiara itzultzeko ordua zen.

        Mugikorra begiratu zuen eta amaren deiak ikusi zituen. Aste osoa zeraman amak egun hartan bazkaltzera joateko konbentzitu nahian. Baina Iratik esana zion jada ezin zuela, gauza asko zituela etxean egiteko, garbitzeko, aste osoan denborarik ez eta igandean egin behar zituela guztiak. Esan zion ere jatetxe batera joatearenak ez zuela zentzu gehiegirik, aitonak gero eta gutxiago jaten zuela eta dirua botatzea izango zela. Baina amak baietz eta deika ibili zen aste osoan zehar hura konbentzitzeko argumentu desberdinekin.

        “Eoskorra zea geo”.

        Iratik aitonarekin hitz egin zuen jada aurreko egunean telefonoz. Amak behin eta berriro sorpresa bat izango zela errepikatuta ez zion aipatu bazkariarena, soilik bere urtebetetzea gogoratzen zuela esan zion, lanpetuta egongo zela baina gauean haiekin afaltzera joango zela Oriora. Eta aitona ados eta pozik agertu zen ideia horrekin.

        “Ez det gehio bihar”.

 

        Iratik telefonoa sakelan gorde eta erreka ondoko paseotik ibiltzen hasi zen. Orduan ikusi zuen Alaitz, hor, bere aurrean, hari begira. Gaztetako lagunak sorpresa hartu zuen Irati herrian ikustean eta nola erreakzionatu jakin gabe hari begira zegoen, geldi-geldi.

        Hurbildu ziren biak, motel, zer egin ez zekitela. Alaitz izan zen azkenean pausoa eman, eta Irati besarkatu zuena.

        “Pintxo batzuk hartuko ditteu?”.

        Denbora hartu zuen Iratik erantzuteko, laguna begietara begiratu zuen arte.

        “Bai, gosia daukat”.

        Eta handik gertu zegoen Iru Aldeta tabernara joan ziren bi neskak.

 

 

 

Itzalpe jatetxeko barrualdean eserita zegoen Praixku, egurrezko mahai irmo batean, bakarrik. Amaitutako dilista platera ogiarekin garbitu eta sagardoari trago txikitxo bat eman zion.

        “Bigarreneako daukazu...”. eta sei plater esan zizkion zerbitzariak irribarretsu. Sei plater eta gero “nahi dezuna”, esan zuen, beste edozein gauza eskatu ahal izango balu bezala.

        “Legatza”.

        “Rebozatua eo plantxan?”.

        “Plantxan”.

        Koilara plater barruan utzi eta zerbitzariari lagundu zion platera emanez. Sardexka eta labana ondo kokatu zituen, edalontzia eta botila ere bai, Migelek emandako karpeta zertxobait mugitu, gauza bakoitzaren kokapen zehatza bilatuz. Itxoiten geratu zen gero, eskuak bata bestearekin lotuta, urduri xamar.

        Legatza ekarri zion zerbitzariak, patata frijitu eta piperrekin. Platerari begira geratu zen Praixku. Edurne hil zen egunetik ez zuen arrainik jan, gaizki egiten zion. Une batez pentsatu ondoren sardexka eta labana hartu zituen. Zatitxo bat moztu, ahoan sartu, ondo murtxikatu, motel irentsi eta itxoiten geratu zen. Sagardo tragotxo bat hartu zuen gero, laguntzeko. Dena ondo. Hurrengo zatitxoa moztu, ahoan sartu, murtxikatu eta irentsi egin zuen. Oraingoan ere, ondo. Irribarre egin zuen Praixkuk, eta erritmoa pixka bat azkartuz, legatz guztia jan zuen, eta disfrutatu, ere bai. Bukatzerakoan, topa, Edurne, xuxurlatu, eta azken sagardo tragotxoa hartu zuen.

 

 

 

Unai lehengusuaren heriotza ez zen ustekabean gertatu. Edozein momentutan gerta zitekeen zerbait zela bagenekien, familiakoek bederen. Gaztetan drogen mendean emandako urte horiek sendaezineko ondorioak eragin zizkion. Familiartean gainera, azkeneko urteetan kontsumitzera itzulia zenaren susmoa bageneukan, berak onartzen ez bazuen ere. Sendatu, itxura ederra berreskuratu, eta bi urtetara goibeldu egin zen berriz, zimurtu, argaldu, desagertu. Alaitzek eta biok hogeita zazpi urte genituen momentu hartan, eta prozesu guztiak asko markatu zituen gure bizitzak. Batez ere, Alaitzena.

        Txikitatik ezagutzen zuen Alaitzek. Lagunik hurbilenak izan eta familiekin ere oso erlazio estua eratu genuen, nik berearekin, berak nirearekin. Batez ere nire lehengusuekin. Unai gu baino zortzi urte helduagoa zen baina gertu egon izan zen beti, nire urtebetetze festa guztietara etortzen zen, eta egun pasak egiten genituen elkarrekin askotan. Lagunak ginen, miresten nuen.

 

        Alaitz eta biok banaezinak ginen, eskolan beti elkarrekin, institutuan, kalean, etxean, beti. Dena kontatzen genion elkarri, dena ulertzen genion elkarri. Hamabost urterekin Jonekin ateratzen hasi nintzenean hor egon zen, kontatu nahi nizkion guztiak entzuten. Esan daiteke lagunak eta biok elkarrekin bizitako esperientzia izan zela hori ere, hasieran gutxienez.

        Hiru urtez egon ginen Jon eta biok elkarrekin. Hasieran gehienetan kuadrillarekin egoten ginen, hor suertatutako eta hor garatutako erlazio bat zen, lagunen babesarekin bilatzen genion elkarrekin egoteari zentzua. Pixkanaka maizago bilatzen genituen bakarrik egoteko tarteak, eta erlazioak intimitatean ematen zizkigun onurak ezagutu genituen. Urte zoriontsuak izan ziren, bikotea eta lagunak, barreak, jende onaren konpainia.

        Alaitzi Jonek eta biok intimitatean egiten genuen guztia kontatzen nion, berak galdetuta gehienetan. Kuriositatea zuen, bietatik lehena izan nintzen, berak jakin nahi zuen. Nik pozik kontatzen nizkion, beharrezkoa nuen, ozenki esan, izerditan eta trakets egindako guztia benetan gertatua zela sinisteko. Batzuetan orduak ematen genituen hizketan, Otsabi pasatako fabrikan zeuden hormigoizko hodietako batean ezkutaturik.

 

        Jon eta bion arteko erlazioa aurrera zihoan eta pixkanaka gero eta gutxiago egoten ginen lagunekin, gero eta gehiago gure kabuz. Ondo pasatzen genuen, maite genuen elkar, asko. Gazteak ginen, planak genituen, ilusioak. Nik batez ere. Bihotza apurtu nion horietan bera ikusten ez nuela aitortu nion egunean.

        Gauza arrunta iruditzen zait orain adin horretaz pentsatzen dudanean, baina momentu hartan imajina genezakeen gauzarik gogorrena izan zen. Lagunekin ez ginen elkartzen, edo bereizita elkartzen ginen, haiek aztoratuz. Jonek aukerak eskatu zizkidan behin eta berriro, negar egin genuen asko elkarrekin. Baina nik ez nizkion eman, nire egoskortasunean firme. Ez dakit nondik atera dudan ezeren gainetik ideiaz ez aldatzeko tematze hau. Aitonarena da, edo amarena. Atzera egiterik onartzen ez didan egoskortasuna, maitasunaren gainetik ere jokatzen duena, batzuetan.

        Ez nion inoiz galdetu nire buruari Jon maite ote nuen, ez nien lekurik utzi nire sentimenduei. Ez nuen onartuko atzera egite bat. Erabakia hartuta zegoen eta horretan mantentzen nintzen, firme. Arrasateko unibertsitatean hasia nintzen jada, esperientzia berriak biziko nituen eta hor nonbaiten topatuko nuen benetako maitasuna, aurrean neukanak balioko ez balu bezala.

        Jonek biziraun zuen, ordea, eta ondo gainera. Karrera Donostian hasi eta handitu egin zen, azkartu, hazi. Guapoago bihurtu zen, alaiago, bere buruan seguruago. Taldean nolabaiteko lider rola hartzen joan zen, edo eman genion, modu naturalean. Lider onarena, besteek pozik eta konbentzimenduz jarraitzen zutena. Villabonara itzultzen nintzen guztietan elkar ikusten genuen, asko maite genuen elkar. Bera izan zen Unairen kontuarekin gehien lagundu ninduena, Alaitzen faltan.

        Jonekin egondako azken urtean Alaitz gutxi ikusi nuen. Unibertsitatean hasi, eta asteburuak labur geratzen zitzaizkidan mutil-laguna, bera, beste lagunak eta familia artean banatzeko. Telefonoz hitz egitera mugatu zen gure adiskidetasuna, hasieran gehiago, gero gutxiago, bakoitzak gure unibertsitateko kontuak kontatzeko. Horietako dei batean kontatu zidan Unairena.

 

        Unibertsitateko lan batzuetan erabat murgilduta denboraldi batez ez nintzen Villabonara itzuli asteburuetan. Horietako batean oheratu omen ziren Alaitz eta Unai lehengusua, Uztargi tabernan parrandan elkartu ondoren. Ez zitzaidan harritu, Unai guapoa zen, alaia, beti izan zituen neskak haren atzetik. Lotsa, aipatu zuen Alaitzek, jendeak ikusi zituelako, baina gustura egon zela, gero, bere etxean. Barre egin nuen. Gure arteko konfiantza-oasi bat zen azkenaldiko desertuan.

        “Besteik gabe”, esan zidan, “zuk jakitia nahi nun”.

        Berak ere ez zekien orduan “besterik gabe” horren atzean beste zenbat ezkutatzen zen.

 

        Elkarrekin egon omen ziren hilabete batzuk, holako gauza garrantzirik gabekoa, berak esaten zuenez. Beti festa giroan, beti festa bukatzean, beti ezkutuan. Alaitzi lotsa ematen zion inork jakiteak, Unai helduagoa izateagatik, familiek elkar ezagutzeagatik, eta ni nintzen kuadrillan horren berri zuen bakarra.

        Berari esker jakin nuen lehengusua drogetan sartzen hasia zela, eta berak eman zidan lehengusuaren kontrola galtzearen berri. Hasieran garrantzirik ez zion eman Alaitzek, zerbait sartu zuela bai, baina ez zuen hain larri ikusten. Gauak elkarrekin pasatzen zituzten, sexuaz gozatu, eta bakoitza bere etxera joaten zen. Alaitz behintzat bai.

        Gau batean, goizeko hirurak aldera etxera zihoala, Unai ikusi zuen bere atari ondoko kontenedoreen atzean eserita. Hurbildu zitzaion alai, haren zain egongo zelakoan eta gauari amaiera on bat emango ziotenaren ustean. Unaik ez zuen ezagutu ere egin. Begiak gorriturik dardarka zegoen, ezin zuen hitzik egin, erabat joanda. Xiringa zeukan hanken gainean, goma lurrean.

        Alaitz izutu egin zen, ez zekien zer egin. Altxatzen lagundu nahi zuen baina ez zuen lortzen, haren hankak ez ziren tente egoteko gai. Beldurtuta ihes egin edo han geratu zer egin ez zekiela, emergentzietara deitzea erabaki zuen. Deitu, partea eman, eta anbulantzian eraman zuten arte han egon zen, shock egoeran, dardarka. Niri kontatu zidan, inori gehiago ez. Anbulantziakoei sekretuan maite zuen mutil hori ezagutzen ez zuela esan omen zien.

 

        Urteak joan dira gau hartatik. Unai drogetan hasi berria zuen bideak jarraitu zuen, eta Alaitz ez zen berarekin gehiago elkartu. Saihestu egiten zuen nonbaiten topo egiten bazuten elkar. Familian asko inplikatu ginen lehengusuarekin, ahal genuen moduan laguntzen saiatu ginen, adi ginen. Alaitzek ezin zion horri guztiari aurre egin. Egoerak ematen zion minak nire familiarekin erlazioak apurtzera eraman zuen. Nirekin ere bai. Telefonoz aspaldi esandako “besterik gabe” horren atzean zegoenaz kontziente egin zen, eta ez zuen jasan.

        Hurrengo urteetan ni kanpoan izan nintzen, lehenengo Gasteizen eta gero Londresen. Laguna faltan eta noizean behin deitu egiten nuen, baina hitz batzuk besterik ez genituen konpartitzen. Nik bere mina ulertzen nuen eta behar zuen espazioa eman nahi nion, eta aldi berean nolabait lehengusua bakarrik uztea leporatzen niola uste dut, leporatze hori justua iruditzen ez bazitzaidan ere, kontraesanak aztoraturik. Ez genion honi buruz elkarri deus esan. Gure adiskidetasuna hoztu egin zen, ia erabat izoztu arte.

 

        Nik kanpoan emandako urte horietan gauzak aurrera zihoazen herrian, eta nik horietatik guztietatik kanpo egotea onartua neukan jada. Kontaktuak eskasak, bisitak eskasagoak, gauza gutxiren parte nintzen. Unai hobeto zihoan, sendatzen ari zen. Lagunak hazten, gero eta gutxiago ematen ziren bazkarietan elkartzen.

        Alaitz eta Jon elkarrekin ateratzen hasi ziren urtetara, maitemindu egin ziren, heldutasunak ematen duen maitatzeko beste era horrekin. Alaitzek deitu zidan kontatzeko, nik jada beste batzuengandik jakinda nuenean, zor zidala, Jon berezia zela niretzat eta kontatu nahi zidala, besterik gabe. Besterik gabe, berriro ere.

        “Pozten naiz”.

        Ez nekien egia zen ala ez, orain badakit baietz. Momentu hartan gutxi inporta zitzaidan. Londreseko bizitzan erabat murgildurik, lagunen arteko elkartze eta banatze horiek berri urrunak ziren niretzat. Hala ere, ideia polita iruditu zitzaidan. Alaitzekin neuzkan kontradikzioek ez zuten ezabatzen urte askotan zehar erakutsi zidan pertsona ona zelaren ustea. Jon pertsona zoragarria zen, naturala iruditu zitzaidan haiek bi elkartzea, emandako pauso guztiak horretara bideratuak egon izan balira bezala. Ni, aldi baterakoa, bidean tarteko pausoa.

        “Zemuz dao Unai?”.

        Alaitzen galderak lekuz kanpo harrapatu ninduen. Sendatua, esan nion. Eta isiltasuna egin zen une batez telefonoan. Pozten zela esan zidan pausa luze horren ondoren.

 

        Azaroan ospatu zuten ezkontza Alaitzek eta Jonek, San Martinetan. Jonentzat ez zegoen urtean une ederragorik, eta ez zuen gehiegi erregutu behar izan Alaitz konbentzitzeko. Kuadrillakoek denek pozik hartu zuten ideia gainera, dotore jantzita Amasako jaietan egotearen ideiak txiste asko eragin zituen hasieratik.

        Mutil-lagun ohiak deitu zidan berria emateko, eta ezkontzan ni egotea nahi zutela esateko. Pozik hartu nuen berria. Edortak utzitako mina apaltzeko eta herrira bisita egiteko aitzakia polita izan zitekeelakoan, baietz esan nuen. Oker nengoen Edortaren kontuarekin baina. Herrira itzuli eta iheslari eta presoen aurpegiak paretetan marraztuta ikusi nituenean arrakala etorri baitzen berriro.

        Agian horregatik ederra izan zen ezkontzan hartutako mozkorra. Beatriz, Amagoia, Laura, Leire, Eneko, Joxan, Mikel, Imanol, Uxoa, Esti... aspaldiko lagunekin dantzatu, abestu, besarkatu nituen antzina bezala. Jon ere gogor besarkatu nuen egun hartan, askotan, gaztetako maitasunaren aztarna ederrak gure artean. Alaitz ere, gutxiago baina. Gau ederra izan zen, dantzan eta barrezka, lagunek, musikak eta alkoholak herrira itzultzearen ikara nolabait kulunkatuz.

 

        Orduak barruan eman ondoren, Martina’s Paf-etik atera nintzen aire pixka bat hartzera, gaza gorriko soineko fina gorputzean erabat itsatsita izerdiarengatik, alkoholak zorabiatua. Lehengusuak topatu nituen kanpoan, besarkatu, graziak egin. Esan zidaten Unai ere handik zebilela, oso ondo zegoela jada, erabat errekuperatua, begiek irribarre egiten zieten nebei. Horren berri banuen etxetik ere, pozten ninduen izugarri. Tabernan omen zegoen eta ikusteko gogoek harantz eraman ninduten.

        Sekulako hotza egiten zuen, azkar ibiltzen saiatu nintzen, trakets. Zapata ondo jartzera gelditu eta orduan ikusi nituen, eliza atzean, erabat konektatuta zeuden bi gorputz, gauaren iluntasunak babesturik. Alkoholak nahastuta, morbo hutsak bultzatuta, inbidiak agian, hurbildu egin nintzen, diskretuki, haiengana. Batak bestearen aurpegia laztantzen zuten, sudurrak itsatsita, isiltasunean munduan esan beharreko guztiak esango balituzte bezala. Muxu luze batean murgildu ziren, eskua sartu zuten bata bestaren arroparen azpitik. Lotsak hartuta buelta eman nuen handik alde egiteko. Arreta deitu nuen, ordea, Alaitzena. Muxua eten eta Unairen sorbaldaren gainetik begiratu ninduen. Honek ere buelta eman zuen. Hirurak geratu ginen elkarri begira, isilik.

 

        Inoiz ez nuen gau horri buruz inorekin hitz egin. Goizean Londresera itzuli nintzen, eta han eman nituen hurrengo urteak, etxera itzuli gabe. Jonekin kontaktua murriztu nuen, zeozer galdetuko ote zuen urduri hasieran, sentimenduak ez mugitzeko gero, distantziagatik azkenean. Alaitzekin ez nuen inoiz gehiago hitzik egin.

 

        Coventry-tik Londreserako trenean nengoen amak deitu zidanean. Gaindosi batek hila topatu zuten Unai elizaren atzeko aldean, jada drogak herritik desagertuak omen ziren garaietan. “Beti garaiz kanpo, holakua zan Unai”, zioen amak. “Lekuz kanpokua e bai”, pentsatu nuen nik.        Unairen heriotza izan zen itzultzeko behar izan nuen azkeneko aitzakia. Berria jaso eta hurrengo egunean gauzak bildu eta Euskal Herrira itzuli nintzen, bertan geratzeko.

        Unairen hiletara jende asko hurbildu zen, lagunak, familia. Jon eta Alaitz ere bai. Eskutik helduta egon ziren, lagunak pilatzen ziren aldean. Urrutitik ikusi nituen, urrutitik begiratu genuen elkar. Urrutitik ikusi ahal izan nuen Alaitzen begietan giltzaturik zegoen min bortitza.

 

        Gaur Iru Aldetarainoko bidea erdi isilik egin dugu Alaitz eta biok. Nire buruari galdezka nindoan zergatik esan ote diodan baietz, zergatik onartu ote dudan bere gonbidapena, hain ezusteko gonbidapen hori. Agian horregatik, ustekabean harrapatzen gaituzten gauzek ez dizkietelako prestatutako erantzunei espaziorik uzten. Prestatutako erantzun ezezkoak ihes egin dit, eta ez zegoen atzera egiterik.

        Ohiko galderak egin genizkion elkarri, “zemuz dana, nola zaude, zemuz lanian”, halakoak. Isiltasun luzeak etorri dira galdera sorta bat bukatzen zen bakoitzean. Hor aurrean neukan neska hura nire bizitza osoan modu batera edo bestera presente izan den pertsona zen, laguna, inoiz izandako lagunik gertuena. Eta oraingo isiltasun horrek gogor kolpatu nau, hain nabarmena, hain gordina.

        Besteekin Arratzainera igotzekoa zela esan dit, gauza batzuk egin behar izan dituela etxean eta beranduago igoko zela esan diela lagunei, gure lagunei. “Gure” esan du, argi. Jon jada han zegoela, deitu ziola ogi gehiago eramatea eskatzeko. Poztuko zela ni ikusteaz. Ea ez ote nintzen igoko.

        “Ez, Donostia bueltatu behar det, attonan urtiak dia…”.

        “Beste batian ordun”.

        Eskua hartu dit. Bortitza izan da, hasieran. Gero ez. Fabrikako hormigoizko hodi horietako bat imajinatu dut gure inguruan, sekretuak konpartitzeko horietakoa. Lasaitasuna ikusi dut bere begietan, mina sendatua, zoriona. Eta zorion hori nirekin konpartitzea eskertu egin diot.

        Postre bat eskatu dugu, konpartitzeko.

 

 

 

Amasako eliza aurrean aparkatu zuenean lasaiago zegoen Miren, negar egiteak on egin zion. Kotxetik ateratzea ere laguntza handikoa izan zen, han gorako aire garbia.

        Villabonan baino motelago ibiltzen hasi zen, agian jada nekatu xamar zegoelako, agian urteak zirelako han gora igotzen ez zela eta momentu hura dastatu nahi zuelako, jakin gabe.        Edozein modutara ez zen geldirik geratu. Plazara joan zen zuzenean eta iturrian pausaturik bistak ematen zion inguru guztian bilatu zuen Praixku, hango bankuetan, tabernako terrazan, eliz atarian, iturritik mugitu gabe.

        Amasan gora ibiltzen hasi zen gero, inguruko etxeak, baserriak, bideak aztertuz, baina leiho berdeak zituen baserri erraldoi batean aurrean gelditu egin zen. Aita ez zegoen hainbeste ibiltzeko moduan. Nola demontre igoko zer laurogeita bederatzi urteko gizon bat haraino. Buelta erdia eman zuen, eta kotxera abiatu zen.

        Plazan ura edateko pausa bat egin zuen. Irribarre txiki bat margotu zen Mirenen ezpainetan. Bere amak ura hartzen zuen iturri beretik ura edateak, hainbeste urteren ondoren, osasuntsu sentiarazi zuen, bere herriko historia guztia gorputz barruan sartu izan balitzaio bezala. Bizipenak, oroitzapenak, erdi ezabatutako hainbat eta hainbat barre. Zenbat festa, zenbat oilasko joko, zenbat soka dantza, zenbat lagun, plaza hartan, aspaldi Iratiren aita ezagutu zuen plaza hartan, San Martiņetan. Masailak gorritu zitzaizkion.

        Izerditan zegoen. Beroa jasanezina zen. Iramuņuko gaina begiratu zuen, enbataren aztarnaren bila. Garbia zegoen zerua, momentuz. Erlojua begiratu zuen orduan, eta iturriko urari beste trago bat eman ondoren, kotxean igo, eta Villabonara jaitsi zen.

 

        “Bai?”.

        “nola, bai? Irati! Mila aldiz dettuizut!”.

        “A ba eztet entzun...”.

        “berdin diyo, kaso in, attona Villabona etorria”.

        “nola?... Villabona?”.

        “bai bai... eztakit ba! Nota bat utzi dit, Villabona zetorrela”.

        “nola zetorrela? Villabonan... zaude zu?”.

        “hoixe, haren atzetik etorri naiz! Irati, attona bakarrik torria! Ulertzezu? Bean bila nabil baņo eztet bilatzen...”.

        Kotxea ezkerrera joan zitzaion pixka bat eta aldapan gora zetorren kotxe berdeak klaxona jo zion. Bolante-kolpearekin pasten kutxa lurrera erori zen.

        “Esajeratuba!”.

        “Ama baņo nun zaude?”.

        “oain Amasatik jeisten, ezin tzea Villabona etorri ezta?”.

        “ba... hemen nao ya...”.

 

        Mirenen arnasketa aztoratu zen berriro ere. Nolatan eta zertan eta zergatik askoren ondoren Irati azalpenak ematen saiatu zen baina amak ez zion hitz egiten utzi. Bolantea askatu gabe pasta kutxa lurretik hartzen saiatzen zen bitartean irratia piztu zen bat-batean, erabaki propioak hartzen zituen irrati hura. Alabak berarentzat prestatutako usb-ko nahasketan Hertzainak, Serraten ondoren, Hertzainak. Bere bizitzak momentu hartan zeukan logika bera.

        Itzali egin zuen, eta berdin zitzaiola, ez zuela jakin nahi, antolatu behar zirela aitona aurkitzeko eta geroago hitz egingo zutela. Baietz alabak, oraintxe joango zela aitonaren bila.

        “Ta mobillai kasoiozu, faborez”.