Begibedar
Begibedar
Nefer Olaizola

LIGI-LIGINAGA-LEXANTZU-ETXEBARRE
 

 

Beltxarga eta arraina

 

 

Hurbilegi entzuten zituen jarraitzen zion horren oinatzak. Nekeaz jota zegoen, eta giharretako mina zuen. Behin lagun izan zuen baso hura gudu zelai bihurtua zen orain. Sustraiek behin eta berriz bultzatzen zuten infernuaren kontra eta hostoen hotzak mintzen zizkion ezpainak. Ez, hura ez zen bere arimarentzako gotorleku bat, naturak ere bizkarra ematen ziola sentitzen zuen eta. Inguruan zegoen argi bakarra bere barruan pizten zen, azalaren azpian ilargi bat gordeko balu bezala, benetakoa lainoaren atzean ezkutatuta baitzegoen.

        Pixkanaka, baina estutasunari jaramon egin gabe, ibai baten ertzera iritsi zen. Eztarria erabat siku zuela ohartu zen, eta honek ura eskatzen zion. Egarriak ez zuen inoiz barkatzen. Poliki, edatera makurtzen saiatu zen, baina gorputzean geratzen zitzaizkion indarrak urriak ziren eta, halabeharrez, uretan erori zen.

        Bihotza ibaiaren zurrunbiloetan dantza egiten utzi zuen, eta berriro uraren azalera ateratzen saiatu gabe, kaos hartan bakea aurkitu zuen, antza. Hasieran hotz zegoen ura, baina bat-batean berotasun batek besarkatu zuen. Ibai berean zegoen, baina zerbait aldatu zen. Oinatzak ez ziren hots batzuk bere belarrietara iritsi ziren: barre leun batzuk. Gari-soro batetik igarotzen den haize gozo bat bezain leunak ziren. Barreak geroz eta hurbilago zeudela sentitzen zuen, hauek mutu gelditu ziren arte. Uraren azalean ahate-oin batzuk ikusi zituela iruditu zitzaion, beso indartsu batzuk uretatik atera eta konortea galdu baino lehen.

        Ur bero-bero batek esnarazi zuen, eta begiak guztiz ireki zituenean kobazulo baten sarreran zegoen. Jada ez zituen giharrak ubelduta, ezta lehengo nekea hezurretan sentitzen ere. Uretatik irten zen, bere salbatzaileen bila, baina han, bere inguruan, beltxarga eder batzuk baino ez zeuden. Mirespenaren antzeko zerbait zerien begiei. Zirrara, bere ihesaldiaz. Bere borrokaz.

        Horrela, bideari ekin zion berriro.

 

 

* * *

 

Antia goiz esnatu zen eta zerbait hezea hauteman zuen ohean. Izarak ukitu eta erabat bustita aurkitu zituen. Txiza zen. Bere txiza. Baina ez zen ikaratu, ezta lotsatu egin ere, jende helduari ere gertatzen baitzitzaion. Behin baino gehiagotan ikusia zuen. Duela gutxi, amaņiri auzokoen etxean pasatu zitzaion, gazta erostera joan zenean. Han egin zuen, denon aurrean. Eta okerragoa zena: gaztaren aurrean. Zelako harrera gazta horrentzat.

        Antiak gazta izugarri atsegin zuen, ahuntz-gazta, ardi-gazta, behi-gazta, ondua, erdi ondua, urdina eta freskoa. Zaporeak oroitzen ona zen. Piriniotara joan zireneko horretan dastatu zuten gaztaren gustua mingainean igar zezakeen oraindik. Egia esanda, Adartzak, aitak eta berak soilik probatu zuten gazta hori. Ama ez zegoen ondo. Inoiz ez zen ondo sentitzen. Zerbaitek barneak harramazkatzen zizkion, poliki, pazientzia handiegiz. Antiak ez zekien min horren izena, zekien gauza bakarra zen amak ezin zuela gazta berak bezain ondo gozatu. Eta horrek, korapilo itzela eragiten zion sabelean, baina ez zion sekula inori kontatu, bere ezkutuko gauzak zirelako. Eta sekretuzko gauza guztiak bezala, burkoari bakarrik kontatu behar zitzaizkion; hari eta udaberriko loreei. Antiak uste zuen jaioberriak ziren loreek ez zekitela oraindik epaitzen, eta beraz, entzuteko onenak zirela. Hala ere, inozentzia horrek urtaro bakarra irauten zuen. Gero, erru-arantzak ateratzen zitzaizkien, guztioi bezala.

        Ohetik altxatu, maindireak besoetan hartu eta Adartza esnatu zuen. Adartzak begiak ireki zituenean, Antiak izarak aurpegian jarri zizkion.

        —Amaņi kopiatu dut —aditzera eman zuen. Adartzak maindireak ukitu eta begiak zuri jarri zituen.

        —Antia, ur asko edan zenuen atzo?

        —Ez. Emakumearen errua izan da, ibaian hainbeste igeri egiteagatik.

        Adartza intziri egin eta ohetik altxatu zen.

        —Goazen amaņiren bila.

        Amaņi ez zegoen bere logelan, ezta bainugelan ere. Goizero orduak ematen zituen bainugelan orrazten, urrezko orrazi handi batekin. Antiari nahiko itsusia iruditzen zitzaion orrazi hori, baina berari urdina gustatzen zitzaiolako zen. Orraztea gorroto zuelako ere bazen. Kizkurretan korapilatzen zitzaizkion beti arantzak, eta hori mila deabru bezain mingarria zen. Ia-ia jaio zenetik erabaki zuen ez zela inoiz orraztuko, eta hitza beteko zuen, baldin eta ilea ez bazitzaion adar batean trabatzen mendira joaten zenean bezala.

        Adartza sukaldera jaitsi zen eta Antia izarak besoetan zituela ahizpa jarraitzen saiatu zen. Ez zuen ezer ikusten maindireak bere begietaraino iristen baitziren, baina eskailerak buruz zekizkienez behera estropezu egin gabe iritsi zen.

        —Hara! Hortxe dugu nire imitatzaile faltsua —maindireen artean amaņiren ahotsa entzun zuen.

        Amaņi, izarak hartu eta sukaldetik atera zen. Bitartean, Adartza zurezko mahai inguruko eserleku batean eseri zen, eta norbaitek moztu eta plater baten gainean jarria zuen meloi zati bat hartu eta ahora eraman zuen. Antiak berdina egitea erabaki zuen. Meloia oso goxoa zegoen eta gutxi iraun zuen platerean.

        —Ahoa garbitu, meloiez beteta duzu eta —aurpegiratu zion Adartzak.

        —Meloia zoriontsuagoa da horrela jaten bada, gogoz —eta irribarre egin zion ahizpa nagusiari.

        —Ondo egin duzu lo? —xuxurlatu zion Adartzak, erdi totelka. Antiak, bere ahizpa gehiegi arduratzen zela uste zuen. Ez zuen gorputza askatzen eta aurpegia zurrunegi eramaten zuen. Ez zen beti horrela izan, lehen etxeko landatik behera txiribueltaka ibiltzen zen Antiarekin batera. Baina bat-batean harrapatu zuen kezka hark eta, Adartzak disimulatu arren, Antia konturatzen zen; ahizparen begi-ninietan eutsita ikusten zuen beti.

        —Ezetz esan dizut, emakumea igeriketan ibili dela —Adartza tinko begiratu zuen—. Baina badakit non dagoen.

        —Non? —Adartzaren aurpegiaren gogortasuna txikitzen hasi zen.

        —Ura beroa zegoen, ez zaizu hori ezaguna egiten?

        Adartzak begiak ireki zituen.

        —Lamiņa Ziloan zegoen!

        —Bizikleta hartuko dugu —Antia aulkitik salto egin eta eskaileretara zuzendu zen, erabakia lehenagotik hartua izango balu bezala—. Eta zapatila urdinak estreinatuko ditut, emakumearen atzetik korrika egin behar bada ere.

        —Antia, Lexantzütik ordu erdira dago, nekatuta iritsiko zara eta ez duzu inoren atzetik korrika egingo…

        Antia pentsakor gelditu zen lehenengo eskaileran. Ahizparengana burua biratu eta baiezkoa eginez erantzun zion.

        —Egia da. Praka urdinak orduan —eta eskaileretan gora desagertu zen.

        Amaņi agurtu eta bizikletak hartu zituzten. Bidea luzeegi egin zitzaien, beroak ez zuelako barkatzen. Antia bere txano urdinean pentsatzen zegoen, eguzki horrekin kasko madarikatu hori baino aproposagoa ikusten zuen. Gainera, eltxoei nazka zien eta bizikletan ibiltzen ahoaren eta begien kontra talka egiten zuten. Begi barruan bat gelditu zitzaion eta, Adartzak atera zion arren, Antiak begitik gorputz barrura sartu zitzaiola uste zuen, eta behin han egonda, berak jango zuen janari guztia lapurtuko ziola eltxoak.

        Lamiņa Zilora iristean, biek ezin zioten emozioari eutsi. Antia, bizkor baino bizkorrago, kobara gerturatu zen eta eskua uretan sartu zuen. Beroa zegoen. Alde guztietara begiratu zuen, urduri. Baina hor ez zegoen beste inor. Ez beltxargarik, ez laminarik, ezta emakumerik ere. Erreka bare jaisten zen haitzuloraino, eta arrainen marmarra besterik ez zen entzuten han. Horrela, Antia goibeldu egin zen, emakumeak lepokoarekin ihes egitea lortua zuen. Ur-bazterrean eseri eta hankatxoak ur hotza ateratzen zen partean sartu zituen. Adartza hurbildu zitzaion eta bere ondoan eseri zen. Isilpean geratu ziren, ura eta hurbiltzen zitzaizkien arrain kuxkuxeroak ederresten. Hatzetan kilimak egiten zizkieten eta horrek Antiaren barrea eragin zuen. Gero eta arrain gehiago etortzen hasi ziren, bi ahizpek zerbait berezia izango balute bezala. Orduan, Antiak arretaz begiratu zien eta arrainen koloreetan erreparatu zuen. Sorgin altxaliliaren berdintsuak ziren hauek, eta distira liluragarri hori ere bazuten.

 

 

        Seinale bat izan zitekeen. Lapurraren bila bide onetik zihoazela izan ahal zen. Amaņik zioen moduan, altxalilia etorkizuneko istorio kontatzailea bazen, arrainak gauza bera lirateke. Eta hauek, emakumea bertatik igaro zela kontatzen ari zitzaizkien, ezinbestean, altxaliliaren ikustaldiak lepokoaren lapurretaren abisua ekarri zuen bezalaxe. Antiak, hilerriaren egun hartan sentitu zuen sentsazio bera antzeman zuen oraingoan ere. Ez zekien hitzekin azaltzen, baina tripak bide hori jarraitzeko oihukatzen zion, eta berak beti egiten zion kasu gose zenean.

        —Adartza, hemen egon da. Ziur nago —ahizpari begietara begiratu zion.

        —Ez dakit, Antia, nahiko arraroa da dena —Adartza urduri zegoela nabaritu zuen ahizpa txikiak eta eskua estutu zion. Normalean ez zituen besteen azalak ukitzen. Oraindik ez. Baina hala egin zuen, momentuan tripa bere eskuaren nahien gainetik zegoelako. Adartzaren arnasa pausatzen zela entzun zuen, eta hala ere, eskua han utzi zuen, ahizpa nagusiarenaren babesean.

        —Nitaz fidatu behar zara oraingoan.

        Adartzak irribarre gozo bat eskaini zion.

        —Beti fidatuko naiz zutaz.