Begibedar
Begibedar
Nefer Olaizola

LIGI-LIGINAGA-LEXANTZU-ETXEBARRE
 

 

Belea eta zuloa

 

 

Bere adats ederra orrazten zegoen etxeko atera deitu zutenean. Berandu zen, zerua erabat beltz zegoen eta ez zuen inor espero gaur hartan. Mesfidati, urrezko orrazia mahaitxoan utzi eta ohe-atorra jantzi zuen. Atera deitu zuten berriz ere, aurrekoan baino gogorrago oraingoan. Zurezko mahaitxoaren tiradera ireki eta zilarrezko lepoko bat hartu zuen barrutik. Ateko kolpeak entzun ziren beste behin. Urduri, lepokoa jantzi eta leihotik behera irten zen arrapaladan. Atzean, zartada ozenak eta oihuak entzun zituen, baina bera urrun zen.

        Jada basoaren eternitatean hondoratuta zegoen, ilargi betearen anparoan. Haren izpi batek, lepoan zeraman urrezuria bistan utzi zuen. Zer eta eguzki-lore bat zen.

 

 

* * *

 

Izuturik esnatu zen Adartza. Eskua lepora luzatu zuen, kimeran jarraituko balu bezala. Han ez zegoen ezer, lepo luze eta umel bat besterik ez. Antia mihiseen azpian mugitzen zela ohartarazi eta arnasa sakon hartuz bere gorputza baretzen saiatu zen. Bi oinak zurezko zoruaren gainean pausatu zituen, oinazpiak zerbaiten kontra sentitzeko. Behatzak banan-banan mugitu zituen eta kopetaz baietz egin zuen. Orduan, burua biratu eta Antiaren begi erraldoiekin topo egin zuen, aurpegi bitxiz behatzen zuela. Isilik jarraitu zuten elkarri begira Antiak ahoa ireki zuen arte.

        —Ez duzu ahate oinik, lasai.

        —Oinak lo nituen, besterik ez —erantzun zion Adartzak, begiak igurzten zituen bitartean—. Nola hain goiz esna?

        —Zuk esnatu nauzu hainbeste zaratotsekin. Zergatik ukitzen zenuen lepoa?

        —Ez dut lepoa ukitu —Adartza ohetik altxatu zen eta armairuko ateak ireki zituen, ahizpari kasu handirik egin gabe. Bere kezka, aurrean zituen arropetara zuzendu zuen. Berak bazekien Antiak biziki sentitzen zuela dena eta ez zuen bere amesgaiztoekin itsutu nahi. Zerbait buruan sartzen zitzaionean, ez zen gelditzen harik eta horrek gainezka egiten zion arte. Behin, hainbeste haserretu zen aitarekin, bi egunez negar egiteari eutsi ziola. Begiak urez bustitzen eman zituen orduak, malkoak zirela esateko. Bigarren egunean, amak malkoak gastatuko zitzaizkiola esan zionean korrika alde egin zuen, aurpegia lehorra ekarri eta ordutik aurrera oso ondo gordeko zituela esan zuen. Ez zuen sekula gehiago negarrez ikusi.

        —Bai, egin duzu —Antiak ahotsaren bolumena jaitsi zuen—. Zerbait faltan duzu?

        Adartzak buelta eman zuen, erdi aztoraturik. Askotan beldurra ematen zion ahizpak, bizitza eta ingurunearekiko hain sentikor izateak nolabaiteko ezinegona sortzen zion, ezinbestean.

        —Zer diozu?

        Antia ohetik altxatu eta pixkanaka ahizparengana hurbildu zen.

        —Nik badakit non dagoen lepokoa. Hori bilatzen zenuen, ezta? —Antia are gehiago hurbildu zitzaion aurpegira—. Txorimaloak du, nik oparitu nion, lorategian amaren lana egiten du eta.

        —Antia, badakit txorimaloak duela, baina zergatik aipatzen duzu lepokoarena orain? —Adartzak ez zion bere kezkari luzaroago eutsiko. Eztarritik gora zihoan, eta zintzurra estutzen ari zitzaiola sumatzen zuen. Biluztu zen arren, kezkaren pisua zainetan zerion.

        —Beldurra ikusi dudalako zure eskuan —eta xuxurlaka esan zion—. Egon lasai, txorimaloak du, atzo bertan ikustera joan nintzen.

        Adartzak, orduan, ahizpari irribarre bat bota zion, ahal bezain seguru. Prakak guztiz lotu eta kizkurrak esku batez nahasi zizkion.

        —Ea, gosaltzeko txokolatezko bizkotxo bat prestatzera noa.

        Antiak bekozko iluna jarri zion, erantzun horrekin erabat konformatu ez balitz bezala, baina, berehala, irribarre bihurtu zen keinu hori. Irribarre erdian zulo handi bat zegoen, aurreko hortza faltan zuelako. Adartzak, eskaileretan behera zihoala, Antiari hortz hori erori zitzaion eguna oroitu zuen.

        Amaren azkenengo egunak izango ziren. Antiak behin eta berriz heltzen zuen hortza, indarrez, mugitzen ari zela guztion aurrean egiaztatzeko. Horretarako, eta baita amaren arreta pixka bat erakartzeko ere. Inork ez zion aurpegiratu, amaren arreta etxeko guztiek nahi zutena baitzen garai hartan. Adartzak ere amaren kasua behar izan zuen, eta berak amaren ohetik ez aldentzearen erabakia hartu zuen; bere laztanen berotasuna sentitzea, bere betiereko taupadak eta bere barre lotsatiak entzutea, azken egunera arte. Antia, bitartean, atean geratzen zen, aurreko hortz hori mugitzen.

        Behingoz erori zitzaionean, ez zuen burukoaren azpian jarri, bazekielako amak ezingo ziola opari berririk eman trukean. Beraz, bestelako gauza bat egin zuen. Egun hartan, Adartzak bere ahizpa mendian zehar jarraitu zuen ordu erdiz, zelai batera iritsi ziren arte. Bertan, dozenaka bele zebiltzan hegan, han-hemenka, usteltzen zegoen animalia baten gorputik jan nahian. Antia oso poliki joan zitzaien hortza eskuan zuela, eta hurbil utzi zien, ikus zezaten. Adartzak eszena hura aho zabalik ikusi zuen, eta bertan itxaron zuen ahizpa, mugitu ezinik. Ahizpa gerturatu zenean zera esan zion: “Astebete daramate hemen hori jaten, baina denbora asko behar izaten dute hortzik ez dutelako, eta nik ez dut gehiago horren beharrik”. Gero, amarengana jo zuen Adartzarekin batera, eta logelaren atearen kontra jarrita, irri egin zion. Hor zegoen zuloa, iristear zegoenaz ohartarazten arituko balitz bezala. Eta orain, zulo hura begiratzeak metafora hori ekartzen zion burura Adartzari. Iritsi zenaren metafora beltza.

 

 

        Horrela, Adartza bizkotxoa prestatzen hasi zen sukaldean, eta, ordu bat igaro ostean, labetik atera eta bi plateretan banatu zuen. Goiz hartan, ez zuen amaņi ikusi eta non egongo zen galdetu zion bere buruari. Aita traktorearekin lanean ari zen, goizero bezala, baina ez zuen gogoratzen amaņik zereginen bat zuenik. Leihotik begira bilatu zuen baina hura ez zegoen lorategian. Antia ez zen oraindik sukaldera jaitsi, eta Adartza gosez hiltzen ari zen. Eskaileretara begirada arina bota eta ahizpa itxaron gabe gosaltzen hastea erabaki zuen. Ez baitzegoen jakiterik noiz agertuko zen.

        Bere platereko bizkotxo zatia amaitzear zegoela, Antia lorategiko atetik sartu zen, ahizpa izutuz. Adartza eztulka hasi zen, bizkotxo apurrak sudurretik irteten zitzaizkiola aldi berean. Antia haserre aurpegiz gerturatu zen ahizparengana, haren eztulei jaramonik egin gabe.

        —Ez dago.

        Adartzaren eztulak ez ziren gelditzen, baina bere ahizpari zertaz ari zitzaion galdetzen saiatu zen, ahal izan zuen moduan. Antiaren haserrea Adartzaren eztulen erritmora hazten zela zirudien.

        —Lepokoa desagertu da —sukaldean zehar bueltak ematen zituen Antiak—. Emakume hori izan da.

        Adartzak begiak kliskatu zituen behin baino gehiagotan, sukaldean gertatzen ari zenari zentzua eman ahal izateko. Ahizpak emakume bati buruz hitz egiten zuen, baina berak ez zekien zehazki zein emakumeri buruz ari zen.

        —Lepoan zuen zintzilik, zuk ere ikusi duzu. Berak eraman du. Txorimaloari kendu dio. Inori galdetu gabe —geroz eta buelta gehiago ematen zituen Antiak, eta hitzak ahoan endredatzen zitzaizkiola ematen zuen—. Adartza, lepokoa txorimaloarena da, emakume lapur hori aurkitu behar dugu.

        Adartzak, azkenean, irenstea lortu zuen, baina burua bueltaka ari zitzaion. Alde batetik, ahizpak kontatzen ziona ulertzen zuela uste zuen, baina bestetik, ezinezkoa iruditzen zitzaion egia hori. Biak amets bera izatea ez zuen posible ikusten, eta are gutxiago amets hori errealitatean gertatu izana. Antiak besotik heldu zion.

        —Txorimaloari eman nion. Opariak ezin dira kendu.

        Adartza, Antiaren erreguzko begietan urtu zen, barnean, bazekien berak eskatuko lukeen edozer egingo zuela beti. Beldur zen. Ahizpak zioena egia izatearen beldur. Baina beldur handiagoa zion ametsei zentzua inoiz ez aurkitzeari. Bere bihotzak hartua zuen erabakia, beste mundu batekoa zirudien horretan murgiltzea zen euren bidea.

        —Zenbat aldiz ikusi duzu emakume hori, Antia?

        —Askotan. Gauero agertzen zait —begiek dir-dir egin zioten—. Zuri bezala.

        —Amets berak izaten ditugula benetan uste al duzu?

        —Ez dira ametsak, Adartza, sustraiak dira, amesgaizto bihurtuta.

        Adartzak lokia igurtzi zuen: buruko mina hasia zen.

        —Antia, emakume hori ikusiko bazenu ezagutuko zenuke?

        Antiak, bizkor, baiezkoa egin zuen.

        —Ilea sugarrekin egina du, gurea bezala —sudurrarekin keinu arraroak egiten hasi zen ahizpa txikia—. Usaintzearekin bakarrik ere ezagutuko nuke, norbait du atzetik, beraz, argi dago lapur usaina izango duela.

        —Baina ez dakigu nora egin duen ihes —aitortu zuen Adartzak.

        Orduan, Antiak irribarre bihurri eta handi bat eskaini zion.

        —Gauean jakingo dugu.