Alfabeto mutua
Alfabeto mutua
Danel Lauzirika

ZESTOA
 

 

bigarren zatia

Burrunba

 

“Herri hartan isiltasuna kanpotarrentzat bakarrik gordetzen zutela pentsatu nuen”, dio Hamaseigarrenean, aidanez nobelako narratzaileak pasarte batean. Hark, baina, hogeigarren egunean zorrozten dizkio ertzak Domingo apustulariaren tragediari. Nik, ordea, gaur bete ditut 20 egun, eta ia ez dut aurrerapenik egin. Korapilatuta nauka Pirisen mutualdiaren hariak, ez dago pitzadurarik niretzat soilik gordetzen duten isiltasunean. Eskualdeak apustulari, tratante eta demagileen lurralde izatearen fama badu ere, alferrik bota ditut herriko musika taldeen isilaldiaren gaineko apustuak boz gora tabernetan. Eskerrak ez naizen, nobelakoa bezala, idazle edo kazetari, bestela uzkurrago leudeke nirekin, hori posible bada behintzat.

        Kasu egiten didaten gehienak adin batetik gorakoak dira, gehienek ez dute inoiz entzun Pirisen izena. Lurrak, baserriak, mendiak, jauntxoak besterik ez dituzte ahotan, eta arrotza egiten zaie bilbotar bati halakoak kontatzea. Gainera, ez da erraz astegunez harremanak estutzea, opor garaia izanagatik ere ostegunera arte jende gutxi dabil kalean, erraz biltzen dira haien zereginetara.

        Lagunak kezkatzen hasiak dira. Aneren deiak jasotzen ditut egunero, itzultzeko eta uzteko bakean Piris, A eta Z, gozatzeko oporrak behar den bezala. Ezin dut kontua bertan behera utzi baina, Piris gero eta hurbilago dut, nabarmena da. Mendik deitu ere ez dit egiten.

        Gaur asanblada egin dugu Margak, Jabitxok eta hirurok. Euren ustez ez da erraza ni herriko taldeetan barneratzea. Egia da tabernaren batean paperak galdu ditudala, ehiztarien taldean barneratzearena ere ez zen ideia ona izan, eta heavy-rockeroena edonori gerta dakiokeen huts txiki bat besterik ez da, baina gehiegizkoa da hankasartze horietatik erreta nagoela ondorioztatzea. Zuzenean Pirisengana jotzea proposatu dute, autokarabanan azaldu eta azalpenak eskatzea. Granadaerreka bueltan omen dabil aspaldion. Gauzak, baina, ez dira horrela egiten, ezin zara norbaiten etxean abisurik gabe azaldu eta dena boteprontoan botatzen hasi: “Aizak, zergatik utzi diok abesteari, zer dela-eta hire mututasun egoskor hari, akabatuta hago edo zer gertatzen zaik”. Are gutxiago aurrean duzuna rock izar handia denean eta gaiaz beste egiten duela dakizunean. Baina lagunak egoskor hutsak dira, eta amore eman dut azkenean. Gainera, haiek dira herrikoak, eurek jakingo dute zer egin behar den eta nola, baina gauzak ez dira bat-batean egiten; horretarako bertsolaria izan beharra dago, eta horiek ere mututzen ari dira azken aldian. Zerbaitegatik izango da.

 

 

 

San Joanerako tunela hartu eta plazatxotik barrena egin dut arbolapera. Bertako bankuetan zigarroa erre bitartean, Arocena tantaiaren itxura tenebrosoa gozatu dut. Velazquezek Inozentzio X. Aita Santuari egindako erretratuan lortutako efektu bera eragiten du Arocenak Zn, une oro gainean duzu bere soa. Erdikalean zein geltoki zaharrean egon, beti duzu zelatan. Bainuetxeak eta bere granhotelak bereganatzen dute ospea eta itzala, baina benetako itzala, beltzuria, Arocenak egiten du. Jakina da eraikin horrek mugitzen dituela hiri termalaren hariak, bere aldartearen araberako koloreak ematen dizkiola Zri, noiz eguzki ederrez printzatutako bazterrak, noiz hain berea duen gristasun berunkara hori... jakina den bezala, hotel zaharraren apetak atzeratzen du eguzkiaren etorrera Zn. Gainera, ez da kontu berria Arocena beti lerratu izan dela Zren aurkako Aaide Nagusiekin.

        Ongi pentsatuta, itzela litzateke Zrrek Arocena gurtzea, hotel bilakatutako ama birjina doloretakoa izatea pasioz eta ikaraz gurtutako fedearen iturri, eta ez Nafarroako erresumaren aurkako ezpata santujalea, ondoko herrikoek bezala. Gogo-jardunetako xuxurla goxoa baino nahiago dut eraikin berbalapikoen itzalen hizkuntza.

        Aita Santuari begiradaz agur esan eta aurrera egin dut. Ezkiak atzean utzi eta aldapa behera bainuetxera bidean, San Millango markesa naizela sentitu dut, ondoan irudimenezko zakur zaragartsu leiala nuela. Ez dakit nola zuen izena Gesalagako urak aurkitu zituen txakurrak, baina Habana jarri diot. Neure ondora etortzeko agindu, eta laztan egin diot bizkarraldean, hazteria osatuta duen egiaztatzeko. Hala da, nire urek ez dute parekorik.

        Tunelean barneratu gara biok, herri honek tunelak eraikitzeko duen zaletasuna miretsiz. Tunelak zubiak baitira Zn. Garrasi egin diot Habanari tunelaren isiltasun-maila neurtze aldera, baina apenas entzun da ezer. Txakurrak aurrera egin du zulotik irteteko gosez, gelditzeko agindu diot baina kasurik ez, probak egin nahi nituen, isiltasuna erortzen den puntua dastatu. Korrika atera naiz tuneletik “Habana, Habana, Habana”ka, eta une horretan bizikleta bat eta 100 kiloko morroskoa erori zaizkit gainera tanpez. Itzela hartu dut, bertan gelditu ez naizenean gaitz erdi, eta gainera ziklistak sekulakoak bota dizkit, ea zeri begira nengoen, oinezkoak ez direla handik dabiltzan bakarrak. Kasko irrigarriaren azpiko mozoloari pare bat matarlako emateko puntuan egon naiz, baina ez da dotorea Guardia Marinetako zaldun bat jopuak egurtzen hastea, Bixente Lilikoak egingo du nire partez. Zutitu eta ezentzunarena egin diot, nire burua Arocena zaharreko ate birakari bat gehiago zen une horretan. Habanaka ekin diot berriz. Bizikleteroa, aldiz, eroka aritu zait, eroa bera ez balitz bezala, mendiko bizikletan nire bainuetxean zehar.

        Minak hartuta ere, aurrera egin dut. Ezkerretara urak harro doaz zubi itxurako eraikinaren azpian. Ibilkeran igarri diot bustita zetorrela. Zorrizto ez bestekoa, zenbat aldiz esan behar dizut ez sartzeko urotara, bezeroei ez zaiela gustatzen ur hauetan animaliak ibiltzerik, eta zu aspaldi sendatu zinen. Lorategira jotzean ezin izan dut tristura saihestu. Belarra hazten ari zaio, zurezko bankuak erdi erorita daude, baina horrek ez dit etxean sentitzea eragozten. Oso gustura egoten naiz hemen, bezeroak zeudenean baino gusturago ia. Inork ez zaitu bere kalaka jarraitzen ari zarelako plantak egitera behartzen, batez ere gaixoek, horiek ziren txarrenak. Ez dago gaixo baten erretolika baino kontu astunagorik. Baina, noski, dirua egin nahi duenak bezeroa jasan behar, hori da gizalegea. Ondoko errepideagatik ez balitz isiltasun betea legoke, lasaitasuna ere ez dago gaizki, denak luke zentzua lehengo txirrindularia pasa eta haserre aurpegiz begiratu izan ez balit. Erdiko hatza atera diot, eroa deitu nau, aurrera jarraitu du, ni neure lasaitasunera.

        Habana zaunkaka nabaritu dut bainuetxearen beste aldean. Ibaira eta trenbidera ematen duten banku erorien parera iritsi naizenean aise igarri dut zakurraren zalaparta: ibaia isil demonio zetorren, ez zekarren hotsik, urak errekarriak jotzean egiten duen soinuaren aztarnarik ez. Istantean Piris etorri zait burura, haren isiltasunak inguruko natura isilarazteko duen ahala, eta estutasun horrek 250 urte kendu dizkit kolpera soinetik. Nire eldarnioetan ere irudikatzeko gaitz da hotsik gabeko erreka. Zein litzateke hurrengo pausoa? Urik gabeko erreka baten emari birtuala akaso? Kezkatzen hasi naiz, markesa eta txakurra guztiz desagertzerainoko urduritasunak hartu nau. Une horretan urarekin nahastuta zetorren odol zirrinda bereizi dut, nabarmen. Bainuetxeko atzeko partetik zetorren.

        Ate nagusiraino egin dut korrika. Bainuetxea kudeatzen duen enpresaren furgoneta bat zegoen atari aurrean. Ate nagusiari kolpeka lotu natzaio erotu beharrez, didarka hasi naiz herio suhar, atea zabaltzeko eta zabaltzeko, odola irteten dela barrutik, atea zabaltzeko faborez, San Millango markesari atea zabaltzen ez diona benetan damutuko dela mehatxuka. Isiltasun termala erantzun bakar. Une batez langileak bere buruaz beste egin duela otu zait, ondoren bainuetxeko jabea akabatu duela uren iragazkiko helizeetatik pasata. Orduan lasaitzeko agindu diot neure buruari, Eñaut, utzi txorradak alde batera, norbait akabatu izan balute oihuak entzungo zenituen. Zigarroa piztu, mugikorra atera eta interneten bilatu dut bainuetxea kudeatzen duen enpresaren telefonoa. Den-dena bota diot urduri beste aldekoari, bainuetxea odol zirrindak suizidio saiakera zuen jefea onik al dago. Lehenengo erantzun nauenak beste batekin jarri nau, eta hark beste batekin eta beste batekin. Azkenean pikutara bidali naute gaztelania galantean, egoteko lasai, furgoneta hor baldin badago ohiko ikuskaritza bat egiten ariko direla, horrek behar duela izan eta lasai egoteko, ez kezkatzeko.

        Odol arrastoak, ibai mutua, furgoneta berri abandonatua… Kontuak ez du itxura onik, norbait dabil bainuetxe barrenetik isiltasunaren hariak mugitzen. Herrira bidean galdezka hasi natzaio Zko Aita Santuari, seguru zerbait begiztatu duela hotel zaharreko goiko pisuetatik. Inozentzio X.ak begiratu bai, baina mutu erantzun dit.

 

* * *

 

Kulturgile Mutuek isiltasun birari ekin diote, ofizio duina izateko eskubidea helburu. Isiltasun Tour 2022 horrek ekitaldi isilak antolatu ditu ehko hogeita hamar herritan, eta isiltasunaren bidez emango dute euren egoeraren berri. Deialdia egin dutenen artean hainbat aurpegi ezagun, Fermin Muguruza denen komandante; Pirisen sinadura ez da inondik ageri. Mututuen aitzindari eta aldi berean disidente, ez nuen gutxiagorik espero.

        Ekimena antolatzeko barne-eztabaidetan gatazka ugari eman dela aipatu dit Sarak. Batzuk itxialdi pandemikoan antolatutako greba digitalaren antzeko formatua sortzearen aldekoak ziren. Beste batzuek, aldiz, kultur egitura administratiboa kolpatzeko ekintzak proposatu dituzte, horientzat isiltasuna ez da aukera bat. Talde minoritario batzuk ere sartu dira eztabaidan, tartean artea kalera eraman eta karrikak erakustareto bilakatzeko proposamena egin duena. Ez bakarrik isilaldian, artea itzalaldian sarrarazteko deia egin dutenak ere badaude. Azken horiek ehko kulturgile orok sarean dituzten edukiak desagerraraztearen aldekoak dira. Beste talde guztiek, baina, berehala baztertu dute proposamena, horrek herritarrak zigortu, euskarazko kultur produktuen kontsumitzailea kaltetu eta Amazoni ateak zabaltzen dizkiolakoan. Bilera horietan zenbait otso bakartik ehko liburudenda handietan egindako ekintzak gaitzetsi zituen gehiengoak, hala nola isilaldiaren kontrako sortzaileen liburu edota diskoen sabotajeak —liburu zehatz baten aleei sei orrialde zehatz kendu dizkiote Iruñeko liburudenda guztietan— edota euskal margolari entzutetsu baten eskulturari Gasteizen egindako pintadak. Totemek bultzatuta, isilaldi mugagabeari eutsiko diote kulturgile gehienek, eta norberaren esku uzten da jardun pribatuan sortzen jarraitu edo ez.

        Bitartean, isilaldiaren kontra dauden zenbait idazle eta musikarik kulturaren erresistentetzat jo dute euren burua, eta zorrotz egin dute mugimenduaren kontra gero eta bakanagoak diren iritzi zutabeetan: “Hori ez da isilaldi bat, mutualdiz mozorrotutako greba sektoriala baino”, “Salingerrek barre egingo luke hain ganora gutxiko mutualdiaren aurrean”, “ustezko mutu horiek badute norengandik ikasi, baina euretariko inor ez da ausartzen mututze kontuetan ere aitzindari izan genuen Jon Miranderen pausoak jarraitzen”. Sarak dioenez, Kultura Saila da isiltasun aktiboan murgildu den bakarra.

 

* * *

 

Tunel batetik besterako bidean, ezkerretara bainuetxearen atzeko aldea dut ikusmiran. Bi ilaratan kokatutako zabor kontenedoreak daude errekaren emaria apurtzen duen hormigoiaren parean; hain justu, hortik behar du lehengo eguneko odol zirrinden iturriak, baina ez da hilketaren arrastorik, gutxiago suizidioarenik. Arreta eman dit zaborrontzien aurreko paretaren pintada rupestreak: “Peligro, tubo de gas”. Erraz irudika dezaket bainuetxeko kudeatzailea langile bati pintada egiteko eskatzen, “ona zara horretan, jakin badakit herrian usu egin izan dituzula, baita gure kontra ere. Orain egin bat lanorduetan”; asierako harridura eta zalantzaren ostean, irribarre maltzurra margotu zaio beharginari ezpain ertzetan. Di-da egin du bere lana, zehatz eta egoki, nahiz eta ez dagoen pintadak gaztelaniaz egitera ohituta. Batek daki, euskara normalizatu ostean pintadek izaera subertsiboa izateko gaztelaniaz idatzi beharko dituztela pentsatu du langile gazteak 1982ko udako goiz sargoritsuan.

        Aurrera egin dut bainuetxeak erabilerarik gabe utzitako eraikinak begi bistan eta nahiko gertu izateraino. Kolorerik gabeko kolorera hurbiltzen den gristasuna da nagusi, leiho hautsiak eta pitzadura, isiltasunaren aldeko konspiratzaileen arteko ideologo iskanbilatsuenak ere ez luke kuartel jeneraltzat hartuko, gainbeheratsuegi dago.

        Aurrera egin ahala, bere sasoian karlisten eta aristokraten biltoki eder izandako lorategiaren bukaerara iritsi naiz, eta bertan frontoi abangoardista dut begi bistan. Z pilotalekuz betea dago, baina hau zeharo berezia da: bi pareta eta erdikoa, U formaduna, ezker hormaren laurdena baino ez du, triparetak egiteko lain. Fausto Gaiztarro arkitekto falangistak bezero vipen pilota trebezietara moldatuko zen frontoi bat eraikitzeko enkargua jaso zuen, baita egoki moldatu ere. Zertarako ezker pareta oso bat, erabiltzaile guztiak eskuinekoak dira eta!!!

        Burutazio logiko horri jarraiki, ezker pareta laurdenaz, txapadun frontisaz eta eskuin pareta osoaz osatutako pilotalekua eraiki zuen Speerren jarraitzaile heterodoxoak. Ez zuen erreboteko hormaren beharrik ikusi, esku-huska txik-txakik nekez egin daitekeelako jakitun. Gainera, Gaiztarrok ondotxo zekien pilotak aukeratzerakoan haiek ez zirela burezur biziak erabiltzearen zale, nahiago zuten betiko materiala, pisua. Eskuin hormak badu bestelako elementu funtzionalik ere, esaterako erdi aldean kokatutako atea, kirolariren batek ihes egin behar izanez gero esfortzu gehigarririk egin ez dezan. Hala ere, pentsatzekoa da ez dela inoiz erabili, eskuinekoak ez dira atzeko atetik irtetearen zale.

        Aise irudikatzen dut Francoren min Varela jenerala bolboraz igurtzitako tako bereziak esku ahurretan finkatzen, ondoren preso errepublikanoren baten burezurraz sakea egiteko bigarren koadro eta erditik. Aurrelaria da Armadako ministroa; tantoak berak egin edo ez, beti uzten diote sakea egiten, beti joan baita aurrez eta, egia borobila errate aldera, ea nor ausartzen den atzelari jar dadila esatera. Varelak ezker aldera lerratzen du beti proiektila, hasieratik igar dadila zein den etsaia. Errestolariak txandakatu egin ohi dira, inori ez zaio gustatzen frontoiaren ezkerreko aldean kokatzea, baina armadan ere norbaitek egin behar du lan zikina. Bereziki armadan.

        Pilotarien artean maila txikienekoa denez, Alfonso Barra koronelari egokitu zaio orain ere errestoa eramatea, enegarrenez gaurko egunean. Hori bai, eskuinez eraman du sakea, nahikoa irrigarri zaio une oro ezker hegalean egon beharra, gainera errestoak ezkerrez eraman eta besteen txantxak jasan behar izateko.

        Barraren pilotakada loratuak bolea saiatzera eraman du Orgaz jenerala, baina eskuin eskua zabal-zabalik zuenean sakakada bat emanda aurreratu zaio Monasterio jenerala, ortopedikoa bezain praktikoa izan den sotamanoa saiatzeko. Ikusleen artean barre txikiak piztu ditu jokaldiak, aspaldikoa bi gerra-gizonen arteko herra. Marinez Anidok gogor eragin dio burezurrari, ezker aldeko letaginak apurtzeraino ia, eta frontoi beteko atzelari bakarrak arazorik gabe bildu du garezurra; Barra besteak baino hobeto moldatzen da pilotan, baina talde gizona da. Tantoa luze doa, eta Monasterioren ezker gantxo tribotario baten ostean, Varelaren so maltzurra nahikoa izan da beste aurrelariek berau agindutzat hartu eta frontoiko atzelari bakarra burezurkadaz burezurkada higatzen hasteko.

        Barra izerdi patsetan hasterako, ikusleek euren arteko apustuei ekin diete. Rodezno kondeak erronka, atzelariak ez dituela bost tanto gehiago iraungo, mila duro. Valellanoko kondeak bitxitasunetik jo du dema, hurrengo hiru sakeetatik baietz Barrak bat ezkerrez jaso, 500 pezeta.

        Orgaz eta Marinez Anidoren bina pilotakadak hauspoa beteta utzi dute atzelaria, hainbesteraino non azkeneko pilotakadan esku-eskura utzi dion tantoa egiteko eskuin gantxoa Varelari. Guztiek egin dute txalo, pilotariak lehenengo, gerra-gizon nobleei dagokien gisan; baita Barrak ere, arnasa hartzeko nahikoa lan badu ere.

        Hurrengo tantoari ekin aurretik bere botilero pertsonalarengana jo du jeneral ministroak. Tanto osoan Varela serio animatzen aritu den Manuel Aznarrek badaki pilotaz, ez zen alferrik Etxalarren jaio. Kazetariak hala gomendatuta, burezur aldaketa eskatu du Varelak, pisuagoa nahiago. Luca de Tena kazetariak eusten dion otzaratik bizpahiru burezur hartu eta gorriena aukeratu du.

        Luze sakatu du Varelak, sei eta erditik gora egin du botea, baina inori ez zaio bururatu pasa zenik esatea. Barra eskuz nahastu eta ezkerrez egin du errestoa, ikusleen marmarrak hedatu dira lorategian. Varelak eskuin gantxoa saiatu du berriz, atzamarrak burezurraren horzduran trabatu zaizkio. “Diossssss” ozenaren hurrengo, isiltasuna.

        Gaurkoz makabrokeria nahiko izan dudala erabaki eta jokoari utzi diot. Ibilitako bidean atzera, bainuetxeko geltokia pasa eta herri alderantz egin dut. Hartxintxarrezko bidean aurrera, gero eta handiago, gero eta distiratsuago Arocena Aita Santua. Bidean eskuinetara sasoi batean futbol zelaia behar zuena dago, belarrak janda, ozta-ozta ezberdintzen dira bankilloak. Hala ere, nahikoa arratsaldeko azken printzen artean esperpentoa bereizteko. Varela eta besteak gola ospatzen ari dira, builaka, elkar besarkatzen. Bankilloan bakar-bakarrik, burumakur ageri da Barra. Ezikusiarena egin dut, pausoa azkartu eta Lau-Iturrin aurpegia freskatze aldera. Harrohobiz beteta dago herria.

 

 

 

Tokian tokiko mututze-ekintzek ez dute etenik. Isiltasun Tourrek Zn egingo duen ekitaldiak isiltasunaren mapa herrikoia borobiltzen lagun diezadake, baina bitartean badago zereginik. Gaur kultura mututzearen aldeko kotxe karabana isila egin dute erriko asanbladakoek. Kontu arraroa izan da; megafono eta klaxon-hotsik gabe, kotxeetako leihoetan jarritako afixek soilik ematen zuten aldarrikapenaren berri. Funerariako auto beltz luzanga bakarrik falta zen karabanak hileta emateko. Ibilgailuak Gurutzetik pasatzen ari ziren bitartean, bisaia iluna zuen ondoan nuen idazleak. “Ez dakit, ez dakit, ez dakit”, esaten zuen behin eta berriro ahapeka, burua ezker-eskuin mugitzen zuela.

        Halako batean bainuetxeko furgoneta zuri zirrinda urdinduna bereizi uste izan dut karabanako ibilgailuen artean. Nabarmena zen, bainuetxeko logotipoa tokiz kanpo zegoen. Zimikoak hartuta, idazle kopetiluna atzean utzi eta herio betean hasi naiz kotxe artean korrika. Heavyen begirada zurrunen pean iritsi naiz furgonetaren atzealdera, ateari pare bat kolpe eman dizkiot bere pausoa eten nahian. Gidariak, baina, martxa azkartu eta espaloian sartuta aurreratu  ditu pare bat auto Gurutze eta Gesalaga batzen dituen aldapatxoan, karabanatik ihes egin eta martxa bizian Gesalagatik Portale aldera jotzeko. Ondoren, ezkerretara egin eta aldapan behera desagertu da. Eskuin aldeko ispiluaren bidez txima batzuk ikusi uste dizkiot gidariari, aurpegirik ez.

        Bitartean, ekintzak isila izateari utzi dio, milaka klaxon-hots erori zaizkit gainera. Orduan konturatu naiz errepide erdian nengoela karabana oztopatzen. “Eroa, eroa, eroa”, oihukatu didate, nekatuta daudela nirekin, ez dutela inoiz polizia hain txatxurik ikusi. Nik Pirisekin hitz egin nahi nuela azaldu gura nien, ez nintzela polizia, ikerlaria baizik, baina mututu egin naute klaxon-hots gero eta ozenagoek. Espaloira jo eta duintasunez eutsi diet heavyen begirakune herdoilgaitzei.

        Zigarro bat piztu eta errepide nagusitik bainuetxera egin dut pauso azkarrez, furgonetak bide bera egingo zuen jakitun. Bainuetxea ikusmiran izan dudanean, baina, hantxe zegoen furgoneta. Bertara iritsita, aurreko eguneko toki berean zegoen ibilgailua, ez zirudien zentimetro bat bera ere mugitu denik, aurreko gurpila sarrerako ataritik 7,98 metrora, atzekoa 8,12ra. Pirisen arrasto isilak doinu rockabillyagoa zuen.

 

 

 

Nola azaldu mutil-lagunari azken hiru gauak bainuetxeko lorategian eman ditudala kulturgileen mututzearekin zerikusi zuzena duen furgoneta siniestro bat zaintzen, berak ni erotzat hartu gabe? Batzuetan isiltzea beste aukerarik ez dugu, isiltasunaren kontrako borrokan ari bagara ere.

        Gogorrak izan dira azken 72 orduak, bainuetxeko sarbide nagusia eta furgoneta 24 orduz gertutik zaintzeak badu bere lana. Hasiera batean kontrol-dorrea Arocenan kokatzen saiatu nintzen, baina taldekideei ez zitzaien ideia ona iruditu. Margaren ustez 1908ko eraikin bat ez da toki segurua, sabaia edozein unetan eror daiteke. Jabitxok, bere aldetik, zaintza lanak kalean egiteari ematen zion lehentasuna, seguru omen zegoen hotel zaharrean klaustrofobia sentituko zuela eskaileretan gora eta behera. Beraz, ez zegoen zaintza-postuak bainuetxeko lorategian bertan ezartzea beste aukerarik.

        Asanbladan hala erabakita, Jabitxok goizeko txanda egingo zuen pasiera amaigabean, Margak arratsaldekoa liburu bat eskuan eta nik gauekoa ahal bezain duinen. Disimuluz jokatzeko txanda zailena zen gauekoa. Kotxean egiten nituen lehen orduak, baina logaleak jota eta autoko jesarlekuek eragiten didaten bizkarreko mina ezin eramanda, kamuflajezko lo-zakua hartu eta lorategian etzaten nintzen. Zaintza-lanak ez ninduen gehiegi kezkatzen, mugimendu arraroren bat gertatuz gero aise itzartuko nintzen. Bigarren gauean, baina, botiloian ari ziren gazte batzuek zarama bota zidaten gainera, “ero-ero-ero”. Orduz geroztik kotxean gelditu eta bizkarra izorratzea beste erremediorik ez dut izan. Txarrena, baina, amesgaiztoak izan dira. Piris eta biok bainuetxe atzeko tuneletan bizi ginela amestu dut bart. Granhotelaren atzeko ur emariari so ematen genuen eguna, odol zirrinden arrastoak arrantzatzen genituen bertako arbolen adarrez osatutako kanaberekin; gauetan tunelean sua piztu eta isiltasunaz elikatzen ginen luzaz. Hizketaldi mutu horietako batean Piris nahikoa zabaltzen ari zen, isiltasunaren aldeko bere hautua azalduko zuela ematen zuen eta, “Bunba!”. Udaltzainak kotxeko lehiatilari emandako bunbazoak tanpez itzartu nau. Ea zergatik eman dudan gau osoan bertan, auzokoak kexu direla. Ez nekien zer egin, itzartzeagatik madarikazioka hasi ala udaltzainari musu eman kopeta soilean.

        Horiek gorabehera, hiru egun osoko zaintzak ez du taxuzko fruiturik eman: banatzaile despistatuak, txakurrak atariko horman gustura pixa egiten, itxura susmagarriko topografo bat. Pirisek gure pazientzia agortzea du helburu, eta isiltasunak ematen duen lasaitasuna du bere alde.

        Hori guztia azaldu behar al nion mutil-lagunari? Hobe zuen etorritako bidetik alde egitea, baita Ane bazter-nahasle horrek ere. Hilabete daramadala deirik eta mezurik erantzun gabe, nire karrera hondatzeko prest ote nagoen, ikasturtea hasi dela dagoeneko eta fakultatean azaltzen ez banaiz unibertsitatetik botako nautela, bidezkoa iruditzen ote zaidan bera horrela tratatzea, ea beste norbaitekin nabilen, Piris hori al dudan maitale berri. Ez da samurra izan Mendiren galdera zalantza leporatze guztiei isiltasunaren bidez erantzutea, baina hobe horrela.

        Behin bakarrik urratu dut isiltasuna, Zkoak bukatu bezain pronto etxetik pasa eta trasteak jasoko ditudala esateko. Nazka erantzun bakar. Hobe horrela.

 

* * *

 

Badira hiru aste Isiltasuna Armagabetzeko Frontea desegin zenetik, bi aste bainuetxeko zaintza lanak utzi nituenetik, eta Sarak temati jarraitzen du, ikusitakoak ikusita beharrezkoa dela ikerketa lerroaren noranzkoa aldatzea, orain isiltasuna Kultura Sailaren teilatupean dagoela eta bide horretatik jarraitzeko. Isiltasuna oparitu diot.

        Nekatuegi nago gauza onerako. Ez da kontu ona hiru lau zazpiren lana bakarrak egitea. Kaier honetatik ere desagertu nahi dut. Bataila epikoan aritu gara euskal kulturgintzaren alde, baina batzuetan parte hartze hutsa ez da nahikoa. Agian iritsi da isiltzeko tenorea.

        Noiz arte izango naizen Zn galdetu didate tabernan, hain burumakur ikusi naute. Herrian pisu bila ari naizela erantzun diet, Bilbon ez dut lotzen nauen ezer —pentsatu gabe esaten diren gauzak—. Beharbada iritsi da Zrekin guztiz mimetizatzeko tenorea, bertan betirako isiltzekoa.

 

* * *

 

Beste behin ere izorratu dit gaua bainuetxe atzeko tuneletako amesgaiztoak. Litro bete ur, orfidal erdia eta hiru zigarroren ondoren lortu dut berriro loak hartzea. Jaiki naizenerako etxekoak beren zereginetan zeuden, berandu ez bazen ere. Jantokira jaitsi eta gosaltzeko adorea biltzen saiatu naiz, ondoren logelara ziztu bizian igo eta arratsalde betera arte irakurtzen aritzeko. Ez dut beste ezertarako gogorik. Gela egurastearren balkoiko atea zabaldu eta bezero goiztiarren baten gorputz erdia bistaratu dut lorategian. Dutxatu gabe eta ileak anarkia betean jaitsi naiz beste behin, Anbuk, Nievesek eta Larraitzek nire piurari buruz pentsa dezaketenari segundo erdirik eskaini gabe.

        Ogi txigortua gurinez igurzten ari nintzela eman dit abisu Nievesek, kanpoan duzu zure lagun tximaluze hori. Zer? Irakurtzeko plantak egiten ari da orain ere. Nola? Lorategira ematen duten leihoetaraino gerturatu gara eta han zegoen tximaluzea pipatzen, praka motzak eta alkandora berde txunberoa soinean. Nerbio-sistema osoa irauli zait, garuneko isuriak halako zerbait behar du. Gosaltzen bukatu eta logelara igotzeko gogoa sortu zait hiruzpalau segundoz, zertara dator hau, kontua finitu da dagoeneko. Nievesek neure beldurra usaindu eta gogor heldu dit besoa. Ogi txigortuaren punta ahoan sartu eta zalantza betean egin dut lorategirainokoa, lehenago ere neure muturren aurrean ihes egina da pajaro eskapista hori.

        Sakon egin diot so, inguruko isiltasun guztia hurrupatu beharrez. Egunkarira bilduta bazegoen ere, segur nintzen ikusi nauela. Bisaian zerbaitek adierazten zuen ez zegoela eroso.

        —Egun on. Jesar naiteke? —orduan begiratu nau zuzenean estreinakoz, begirada egunkaritik jasota.

        —Beharko. Eman duzun pelmadarekin…

        —Eñaut Abaroa dut izena, Piris.

        —Badakit nor zaren. Eseri lasai, berehala naiz zurekin —egunkarira bildu da berriz; punki diziplinatua nonbait.

        —Ez zaitut molestatu nahi, beste uneren batean etor naiteke bestela.

        —Nahikoa molestatu duzu dagoeneko. Ederra liatu duzue —egunkaria nire aurrean jarri eta notizia jakin bat markatu du hatzarekin—. Normala iruditzen al zaizu azken astakeria hau?

        —“Kulturgileak, pauso bat haratago” —adi eta aztertzaile jarraitu du boz gorako nire irakurketa—. “Mutualdiaren aldeko ekimenak sortzeari uzteko deia egin du. Adierazpen artistikoak jendaurreratzeari uko egiteaz gain, beharrezkoa deritzo sortzaileek sormen-lana egiteari uztea, horrela soilik lortuko baita kontzientziak erasateko mututasun betea”.

        —Zertarako hainbeste txorakeria? Herri honetan ezin gaitezke nahi dugun modura isildu, ala? Baimena eskatu behar al da?

        —Nik ez daukat zerikusirik mugimendu horrekin, Piris. Are gehiago, berau eragozten saiatu naiz.

        —Nola, baina? Nire lasaitasuna zelatatzen.

        —Zure isiltasuna, ez da gauza bera. Zergatik isildu zinen jakin nahi nuen, besterik gabe.

        —Horiek nire kontuak dira, niri soilik dagozkidanak, ez zuri.

        —Ez esan txorradarik, Piris —galtzekorik ez duenaren erasora jo dut—. Ez nekien punkiak intimitatea gordetzearen zale zinetenik. Musika eta letren bitartez besteon intimitatean sartu eta moldatu bai, baina zuena zaindu egin behar da. Barka beza berorrek min eman badiot.

        —Begira, ahitu dituzu eroei zor zaizkien bost minutuak —jaiki eta alde egiteko imintzioa egin du, baina ez da guztiz zutitu.

        —Lasai, lasai, ez jarri horrela, barkatu —musikariaren egoa apaldu beharrik—. Esan nahi nuena zen zu eh zarela, eta isiltzea erabakitzen duzun neurrian azalpen bat zor diozula ehri.

        —Eroa halakoa!!! Ez al dut nahi dudana egiteko eskubiderik? —ihes egiteko imintzio errepikakorrak, egiantzik gabeak—. Isiltzeko beharra badut isildu egingo naiz, eta kitto. Zein da eh nire hautua zalantzan jartzeko? Are gehiago, zer da eh?

        —Maitatzen eta borrokatzen erakutsi zenigun hura. Ez al duzu gogoan? —esandakoa onar dezakeenaren keinu balioaniztun bat saiatu du—. Gure herriaren belaunaldi oso baten iruditeria sortzen hainbeste ekarpen egin duenak jakin behar du gero ardurak hartzen. Hainbeste gazte borrokara bultzatu ostean, ez al zaizu normala iruditzen orain gure herriaz duzun irudia jendaurrean azalaraztea?

        —Flipatuta hago. Zer zara, avtko aholkulari kulturala edo halakoren bat?

        —Zu isilik egotearen arrazoiak jakin nahi dituen fan arrarito bat, besterik ez. Egia esateko, hamabost urtean ez dut zure musikarik entzun, baina ezin eramana zait zu mutututa egotea, zure letren beharra du ehko gazteria berriak.

        —Beraz, hamabost urtean nire musikaz gogoratu ez, eta kakatzan nagoenean agertu zara? Ederra lorpena neurea.

        Ezer esan gabe zutitu eta tabernara egin dut bi garagardoren bila. Eskerrik asko lehor batez onartu du edaria. Hurrengo zigarroa piztu eta rockari ekin diot.

        —Mutualdiari dagokionez, logikoa iruditzen zait sortzeari uzteko dei hori, hartutako bidearen ondorio kontsekuentea da.

        —Txatxukeriak. Sortzaileak sortu egin behar du, sortzeko larria behar fisiko edo mentala baino handiagoa da, berrehun hankako obsesioa. Hori ezin da besterik gabe eten, erakundeek edota etsaiek kasurik egin ez edo zure lana gutxiesten dutelako. Bestelako estrategiak behar ditugu. Gainera, inork ezin du saihestu mentalki sortzen jarraitzea, ez Ferminek ez inork.

        —Eta zu, zergatik isildu zara? —pentsatu baino errazagoa izan da urrezko galdera zizelkatzea.

        —Joder, ez duzu ezer ulertu —galdaragile begi gorri-gorriak ageri ditu—. eh aldatu egin da, publikoa aldatu egin da, borrokak aldatu egin dira. Gure garaian lehen lerroan zeuden kontuek orain ez dute lehentasunik, eta alderantziz. Feminismoa lehen beste aldarrikapen bat baino ez zen, eta orain harremanak ideologia jokaerak eta bizimodua ulertzeko erak aldatu dizkigu. Ekologia gure borroketan hutsaren hurrengoa izan da, aitzakia hutsa, eta begira orain. Saiatzen naiz egunerokoan aldaketa horiek kokatzen, baina ez da erraza, parametro nobenteroak bizi ditut oraindik, eta bizitza aurrera doa. Niri tokatzen al zait gaur egungo gazteei abestea? Betiko kontuekin txapa eman eta moila jo beharrean, nahiago dut isildu.

        Isiltasun bete eta borobila, hanka ez sartzeko zirrikitu gutxi uzten duten horietakoa.

        —Ez dut azken mohikanoa izan nahi. Nire belaunaldikoak oholtzan ikusten ditudanean panikoa sentitzen dut, ez dut hor egon nahi.

        —Zeharo haserretu nintzen desagertu zinela jakin nuenean. Ez al zenuen ohar bat bidaltzerik? Krisialdi baten ondorioz sasoi baterako oholtzak utziko zenituela esan eta kitto.

        —Zera esan behar nuen: kakatzan nago, herri honetako idolo guztiak erori egin zaizkit, ez dakit zeri kantatu, plazak bestelakoak dira orain eta utzi egingo dut sasoi batez. Horrela ondo, Eñaut? No te jode!

        —Hori ausardia kontua da, eta zu ausarta izan zara.

        —Hori ere bukatu egiten da, neurri batean behintzat. Eta berriz hasteko alfergura handitu. Musika nahi nuena adierazteko bitarteko bat izan da beti, eta orain ez dut ezer esateko.

        —Nola ez duzula ezer esateko? Gazteengana iristerik ez baduzu, beti egongo da sikiera belaunaldikideak astintzeko aukera.

        —Zertarako, haien bizimodu burgeskoien miseriak haizatzeko? Ez pentsa horretarako gogorik izan ez dudanik, baina gazteei hau-egin-behar-duzue-ka aritzea bezalakoa litzateke, baina bertsio zaharrunoan. Maitasunari abestea baino ez zait gelditzen.

        Giro isilkarak hartu du lorategia, hirugarren zerbeza husten ari gara.

        —Gero eta argiago dut musika oro belaunaldi zehatz bati eta belaunaldi horren garai jakin bati lotuta dagoela. Hortik aurrera jainkoa izateko saiakerak baino ez dira. Eta ni...

        —Bale, bale, zu ateoa zara. Baina behintzat sortuko duzu, zuretzat baino ez bada ere.

        —Esan dizut lehen ere, lerdo! Mentalki ezin diot sortzeari utzi, baina ez dut inongo euskarritara biltzen. Zertarako.

        —Oso pureta jotzen du horrek denak, Piris.

        —Oso pureta naiz orain, Eñaut. Egin kasu, hobe nago isilik.

        Hori esan eta berehala mututu gara biok, isiltasuna ahoskatze hutsak berau gozatzeko premia larria sortu izan baligu bezala. Nik hautsi dut, elkarrekin arkumea bazkaltzea proposatzeko. Ezetz, mozkortuta zegoela. Agerian zuen, garagar aparra zerion begien gorri galdaragileari. Handik hiru zigarrora hitz soilez agurtu dugu elkar, beste bat arte, zaindu ahotsa, ez egin erokeriarik, hurrengo bazkaria neure kontu, biok ere halakorik egongo ez dela jakitun.

 

* * *

 

Isiltasunak egun batetik bestera kolpatzen du ingurua. Ahotsen forma har dezake, beldurrarena, hurrengo pausoa emateko zalantza betearena, krisialdi tankerakoa, obalatua, lila eta horia, San Millango markesaren txakurraren forma ere hartu ohi du batzuetan. Denek diote ezin naizela beti isiltasunari begira egon, baina kontuz, horrek ez du esan nahi goizetik gauera bizitza zarataz bete behar dudanik. Kontuan hartzeko grisak, Zko tonu gris orekariak. Grisa ez baita hitsa.

        Gaur Fundizio Fest-era egingo dut, geltoki zaharreko doinu heavy eta rockeroekin mutu-greba pertsonalaren bukaera ospatzera. Bestea ere bukatu da. Sarak diost mutuberrien mugimendua bere pisuz isildu dela, gutxi batzuk omen isiltasunean tematuta jarraitzen dutenak. Gorputza doinuz betetzeko gogotsu nago, baina aurrez mutualdiko Z bakarka agurtzeko beharra dudala esan diot Mendiri, itxaroteko herrian.

        Kaskoetan Pirisen musika jarrita agurtu ditut hilabete luze honetan bizigarri izan zaizkidan bazterrak: Arocena eta Artetxe, San Joan, bainuetxea eta atzeko tunelak, Lau-iturri, Lili, Sastarrain, kaskoa eta buila eta umorea. Eta A, eta AG, eta AB, eta T eta alfabeto mutuko beste hizki guztiak, denek lehertu dizkidate tinpanoak eta topikoak. Baina herri honetan egon badago auzoez besteko isiltasun eta aberastasunik: Ekain, Astuigaña, Piris, Amalda, Artetxe, Erralla, Arocena, Danbolinzulo, Erlaitz, Urtain… Horiek ere badira alfabeto mutuaren mapan klasifikatu eta itsatsi beharrekoak. Margak badu lana.

        Zubiko aldapatik noa herrira bueltan. Mendiren mezua, Laranjadin daude, baina itzulingurua egin eta plaza azkenengoz ikusteko beharra dut. Erdikaletik gora bizpahiru heavyk agurtu naute, kamarero rockeroak ere bai, baina ez ditut entzuten. Ahoa mugitzen nabari ditut, keinu batzuk, baina esaten dutenaren aztarrenik ere ez. Buruarekin baiezkoa egin eta aurrera noa. Foru Plazan Silveira andaluza gerturatu zait, zerbait esan dit, ez diot ulertzen, irribarre urduria baino ezin diot oparitu.

        Kezka bizitan barneratu naiz Laranjadin. Ez da posible, larunbat eguerdia eta mututu egin da herria. Jendea egun eta ordu honi dagozkion gauzak egiten ari da, umeak jolasean korrika edo mugikorra eskuan, txikiteoak beti bezala darrai; terrazetakoak elkarrekin hizketan eta builaka ari direla dirudi, poteoari berezkoak zaizkion imintzio etilikoek ez dute etenik. Eta hala ere ez dut kanpoko hotsik aditzen. Piris neure barnetik: “Ez utzi isiltzen, haiek partida irabazten”.

        Ikaratuta hurreratu naiz lagunak dauden mahaira, deseroso. Uzkur agurtu ditut eta libre dagoen aulkian eseri. Jabitxo eta Marga hitz egiten ari zaizkit, ez ditut ulertzen. Begiradaz adierazi diet ez ditudala ulertzen, haiek ekin eta ekin. Mendik besoa oratu dit lagunei kasu egiteko, ni gero eta urduriago, haiek atzamar potoloa ahora. Basoak erakutsi dizkidatenean ulertu dut edateko zer nahi nuen galdezka ari zirela. “Garagardoa” esan dut ahoz gora, haiek ni ulertzeko itxaropenik gabe. Neure harridurarako Jabitxo jaiki eta tabernara joan da, antza gauetik goizera ikasi dute Zko guztiek isiltasun bidez komunikatzen. Bitartean Alex eta Enara nitaz barrezka igarri ditut, gero eta urduriago nago. Lurrera begira eman dut Jabitxok kaña ekarri arteko tartea, eta begirada altxatzean ia-ia lurrera bota dut tragoa. Orain guztiak ditut begira eta barrezka. Haserretzen ari naiz, isiltasunaren bidez haserre nagoela adierazi diet lagunei. “Kuadrilla, arima faltsu eta hila”, Pirisek ozen.

        Orduan Enara jaiki eta nigana hurreratu da. Eskuak luzatu eta belarriak zabaldu dizkit.

        —Ai, mozolito, hainbeste soinuk ez dizu onik egingo.

        Behartutako algaren bidez bildu naiz lagunen festara, disimuluz musika-kaskoak lurrera bota eta gogotsu zapaltzen nituen bitartean.