Alfabeto mutua
Alfabeto mutua
Danel Lauzirika

ZESTOA
 

 

lehen zatia

Marmarra

 

Batzuei doinuak, kantak, soinu-bandak itsasten zaizkie; niri tinbreak, ahots korden dardara partikularrak, tonuak eta horiei itsatsitako zalantzak, irmotasuna, herabetasuna, baldarkeria. Ezin dut saihestu. “Eh” sinple bat nahikoa zait berau ordu betez murtxikatzeko, ñir eta ñir. “Eh” guztiak ez dira berdinak, “juju” gehienak ere ez. “Eh” batzuk agresiboak dira, batzuk adeitsuak, “eh” sakona eta “eh” eroria, “eh” hantustea, harroa, “eh” haserrekorra, “eh” erosoa, harridurazko “eh”, buztinezkoa, gomazkoa edo “eh” balioaniztuna. “Eh” nagia dut gustukoen, alfer landua, aberatsena ezbairik gabe, jendartean bizitzeagatiko ezaxola adierazteko egunero-egunero harribitxiak eskaintzen dizkizun “eh” horietakoa da.

        Ahotsen jolasak badu adikziotik. Zehaztasun nahiak hotsa behin eta berriz saiatzera eramango zaitu, eta ez da dudarik biribiltasunaren bilaketa horrek aberastu egiten zaituela pertsona gisa. Ez hori bakarrik, aldi berean zehaztasunak ehizatzeko gaitasun ikaragarria moldatzen du zure baitan. Hortik aurrera, “eh”, “ep”, “epa”, “aupa”, “ei”, “uuu”, “fufu”, “aja” guztiak ez dira berdinak. Eta ezin dira izan, edozein semiologo zailduk onartuko lukeen bezala. Bere desabantailak ere baditu, ahots harmonikoak gorrotatzen ikasten duzu: bizitza bezala, seme-alabak bezala, egunsentiak bezala, ahotsak ere ezin dira perfektuak izan.

        Doktorego tesiaren idazketan eman nuen urtebete luzean garatu nuen hots eta ahotsekiko zaletasuna, eta ordutik bigarren azal bilakatu. Tesiak ez zeukan ahotsen polifoniak sortzen zidan dardarizoarekin zerikusirik, Buenos Airesko Denak Bat Euskal Etxearen eta Cordobako Gure Etxearen arteko azterketa konparatuak ahotsarekin zerikusirik ez duela esan daitekeen neurrian behintzat, izan baduelako: ezin esan ahotsak eta Argentinako euskal etxeak harremanduta ez daudenik. Argentinako euskarak ahotsarekin zerikusirik ez duela esatea bezalako astakeria litzateke hori, Buenos Airesko azentudun “kaizo” horrek ahots korda jakin batzuk eta motibazio zehatz bat izango ez balitu bezala. Badu zerikusia, eta asko gainera. Guztiak du zerikusia ahotsarekin, denean dago ahotsa, baita isiltasunean ere, ez dagoenean ere egon badago.

        Herri honetan nagoenetik, baina, ahotsak lausotzen ari zaizkit, mututzen. Egia da Zko eta hiriko soinuak ez direla berdinak, hiriko zarata kaparradak epe ertainean hotsak ez bereiztera zaramatzala, baina herriei berezkoa zaien isiltasun dosi handiagoak hotsak mututzera egiten du, soinua erraz bereizi beharrean desagertzera. Ordu gutxi batzuk badaramatzat ere, aise igarri dut “kaixo” soilak “kaix”erako norabidea hartzen duela, azken bokalek eta kontsonanteek desagertzera jotzen dutela, eta ez da ahoskera kontua. “Eh” klasikoak “h”a galtzea ez da normala. Auziaz galdetuta, Sarak bidezidorretik jo du, ahoskera kontua omen da dena, ea zenbat urte daramadan hiritik irten gabe. “Eh” lausotuarena arin konpondu du lagun filologoak: balitekeela oraindik garbizalekeriak irautea ehko muturren batean, “h”aren polemikak hankak luze izan zituen urte askoan. Ez diot sinetsi, hori baino azalpen sakonagoa behar du, hemen hotsak lehenago amaitzen dira, bukaerara iritsi nahiko ez balute bezala. Ez dakit horrek Pirisen kontuarekin zerikusi zuzenik duen, baliteke baietz, baina oraingoz ez dut sobera kezkatu nahi. Bihartik aurrera ekingo diot Piris bilatzeari, orain hemen hotsetan jarriko dut arreta, baliteke nahi gabe haren doinuetara eramatea.

 

 

 

Zuzenean ezagutu ez zuten nire belaunaldikide askorentzat Hertzainak euren bizitzako soinu banda den bezala, “eh”, “uh”, “eje”, “kia”, ahots kordek eragindako ezein soinu da nire banda. Gogoa atximurkatzeko erregaia. Sasoi batean neuk ere izan nuen musika beharra. Kañeroa, zenbat eta bateria kolpe gehiago hobe, eta mezuduna, injustiziaren kontzientzia eta salaketa gogoa itsastekoa. 1990eko hamarkada bukaeran ez zen bestelako musikarik gu izan ginen ikastolakumeon giroan; technoa eta patxanga bestelako hemisferioetako doinuak ziren, besterik gabe. Guk geuk hautatutako doinuak ziren geureak, gazte gisa mugiarazten eta ezberdintzen gintuztenak. Konprometituoi zegozkigunak. Ideologiaren marra gorriak gorabehera, gorputzak baimentzen zigun musika mota bakarra ere bazen, burua gora eta behera mugitzeko gure trebeziarekin bat zetorrena. Txosna ixteko sasoian Alex Sarduiren robotarena egitearekin konformatzen ginen, 06:00etatik 07:00etarako mozkorrean, hautsezko kalimotxo eta bitsezko garagardoen edalontzi izandakoen krakadek girotutako lur gainean. Mundutxo hartan Piris zen lurrikara emankorrena. Galtza motzak, Brasileko selekzioaren elastiko sepultureroa eta amerikana soinean, acdcren bertsio txosneroan bizarrak, letrek eta ahotsak egiten zuten gutako bat. Ahotsak batez ere. Tximak ordenatzeko kepisaren azpian goratzen zen ahots hark ezein melodia jarraitzeko ezintasun kronikoa erakusten zuen behin eta berriz. Abeslaria zen, hori zen onena, horrek liluratzen gintuen. Ahots asinkroniko uher baldar zail horrek bete egiten gintuen, jipoitu astindu lehertu eta berriz zutitu. Boz harmonikoari kosk. Eta letren egiak, ukabilak besteko egiak garuna inarrosten eta jaikitzen, lur jota zegoena zutitzen laguntzen. “Urraduraz urradura ahaztu ezak erredura, talkarik talka har ezak branka”.

        Heziketa sentimentalaren zutarri izan genuen galduta omen dagoen ahots hura. Bazuen terapeutikotik gu guztiontzat. Aske egiten gintuen, 600 presotik gorako herria izan daitekeen bezain aske. Askatasunetik gatibutzen gintuen. Zenbat didar oraindik gorpuztu gabeko bozetan. “Ez da aztia izan beharrik zer falta zaizun asmatzeko, lagun/herria defenda dezagun”. Eta horretan aritu ginen, batzuk gehiago besteok gutxiago, ikasketek zaletasunek maiteminek batzuk gehiago beste batzuk gutxiago zizelkatu gintuzten arte. “Kuadrilla, arima umezurtz eta hila”. Orain badugu whatsapp taldea.

        Orain dela bi astera arte, urteak eman ditu Pirisen ahotsak nire hotsen orbitatik kanpo. Nahi gabe iritsi nintzen beragana, sare aurreko asperdura une horietako batean bere izena azaldu eta wikipediarako lotura klikatuta. Barrenak astindu zizkidan “abeslari ohia” etiketak, ordura arteko asperdura ezinegon bihurtu zimikoak.

        Zerbait entzuna nuen aldez aurretik, baina ez nekien kontua hain larria zenik. Suposatzen nuen musikariek hain gustukoa duten kontu horietako bat izango zela, urtebeteko atsedena, impasse bat iragarri eta ondoren beste talde bat sortu, hasierako banda berreskuratzeaz bat on the road jarri eta azken atrakua biribildu… musikarien kontu horietako bat. Soinulariok bestelakoak gara, batez ere joera artistiko handinahirik gabeko soinuzale xumeok. ehko punkietan punkiena ez nuen horrelako izar mugimenduak egiten irudikatzen, laster ahaztu nuen gaia.

Nolanahi ere, orain dela bi asteko arratsalde aspergarri hartan kontuak bestelako jira hartu zuela ohartu nintzen. Gazte sasoiko idoloak zazpi urte daramatza oholtzarik zapaldu gabe, 2014ko Hatortxu Rocketik. Piris mututzeko gaixotasun larriren batek beharko zuen izan, afonia edo disfonia kronikoren bat, ahots-korden betiereko paralisia, polipo kabroi erraldoi horietako bat, minbizia. Edo guztia batera. Bestela ezin nuen ulertu Piris isildu izana. Ez da isiltzekoa, isiltzeko ezgaitasun fisiko nabarmena du, isilik egoteko ahalmen urria eta borondate urriagoa. Ezin du isilik egon.

        Asperduratik esnatuta, hurrengo egunetan lauzpabost dei egin nituen lagun musikazaleen artean. Azken urteetan flojo zebilen, ez apalduta, sekula ez delako apala izan, baina bai indarge, josaus Eñaut aspaldiko kontua da, bere azken letrek ez zuten hainbesteko indarrik, bai, urteak daramatza isilik, ez du sekula ahots onik izan, baina azkenengoetan ez zen doinua zaintzeko gauza, egia da inoiz ez zaiola hori inporta izan, baina sasoi batean behintzat saiatu zen itxurak egiten, nekatu egingo zen beste guztien antzera, letrek ez zuten lehen besteko indarrik, ikusi nuen azken kontzertuan zuen atxurrarekin oraindik bixamonagaz egongo da, azken aldian gogogabe ikusi nuen, ez dut galdetu zertan dabilen baina inork ez daki ezer, bestela jakingo nuen, isildu egingo zen besterik gabe.

        Piris besterik gabe isiltzea besterik gabeko zerbait balitz bezala, ehko rockeroetan punkiena eta punkienetan punkiena isiltzea eta “besterik gabe” esaldi berean erabiltzea konturik normalena bailitzan. Beste barik. Arreba zaharrena jarri nahi izan nuen balizko gaixotasunen baten arrastoan, baina zakutik hartzen bidali ninduen, Osakidetzan lan egiteak ez zuela esan nahi gaixo guztien espedienteetarako sarbiderik zuenik, eta hala izanda ere ez zukeela datu pertsonalak babesteko legedirik urratuko, are gutxiago ni bezalako mozolo bati emandako ero-haizeagatik. Ezagun foniatra bat ere galdekatu nuen, arrastorik ez.

 

 

 

Atzo Anek deitu zidan, ez emateko buelta gehiagorik Pirisenari eta itzultzeko hirira, berton egonda opor egun batzuk hartzeko aprobetxatu eta itzultzeko etxera, Mendi kirioetatik dagoela, ez duela ulertzen zertarako egin dudan Zrainokoa hainbeste urtetan entzun ez dudan musikari baten atzetik ibiltzeko. Lagunaren esanetan artista guztiei gertatzen omen zaie goiz ala berandu, saihetsezina zaie krisialdia, ezin sortu eta ahotsa galtzea. Eta burua, zenbait kasutan. Batzuek baino ez omen diote buelta ematen ataka horri. Beste asko isildu egiten dira, eta horietatik gogorrenek edo trebeenek soilik jarraitzen dute sormen betean mutualdiaren erdian. Anek badaki kontuaz, Salinger delako bat aipatzen zuen une oro. Vila-Matas ere bai, hark asko idatzi omen du mututasun mota horretaz. Bartleby delako bat ere badago.

        —Agian Pirisena horrelako mututasuna izan daiteke.

        —Edo ez, ez du zertan.

        —Nola ezetz?

        —Besterik gabe, Eñaut, agian ez duela sortzen jarraituko eta ez dela itzuliko.

        —Nola esan dezakezu “besterik gabe”? Ane, ez da edozein, Piris da! —mutualdia, mututasuna, isilik egoteko eskubidea, sortzeari uzteko premia… gero eta urduriago nengoen—. Eta desagerrarazi badute?

        —Hala bada berriz agertuko da, kontra egin ohi dio denari, lortuko luke ur azalera irtetea—gogo handirik gabe jaulkitako hitzak, aise igarri nizkion telefono hariaren bestaldetik—. Berak erabaki badu desagertzea zailagoa da kontua.

        —Baina Ane, argi dago berak ez duela desagertzea erabaki. Arrats Piris da, joder.

        —Ez egon horren seguru: eh aldatu egin da, azken hamar urteotan testuinguru politiko eta sozial guztia hankaz gora dago… edo behar bezala ordenatua, begiradaren arabera. Pirisen jarraitzaileak jada ez dira Jarrain militatu eta aldarrikapen gosez zeuden gazte sutsu haiek. Orain guraso dira eta hipotekak dituzte. Lehentasunak aldatu egin dira, eta ehk beste errealitate bat bizi du orain.

        —Baina Jarraiko haiek bakarrik al ziren gazteak? Oraingoak 80 urterekin jaiotzen dira, ala zer? Orain ere egongo dira gazteak, diot nik… Ez dut sinesten oraingo gazteek ez dutela kritikotasunik. Gazte iraultzaileak dauden tokian, Pirisen mezuak beti izango du tartea.

        —Edo ez —lagunaren tonua gero eta jasanezinagoa zitzaidan—. Oraingo gazteek beste lehentasun batzuk dituzte, beste begirada bat. Oraindik ere badaude gazte eroak ehn, baina gutxiago dira.

        —Beti izan dugu masa kritiko potentea, ekimenez eta irudimenez betea. Kalea gurea da, joder.

        —Eñaut, zenbat denbora da zure ondoko errealitateari erreparatu ez diozuna?

        —Zer galdera klase da hori? Egunero irteten naiz kalera. Bale, konturatu naiz jendeak ez darabilela zapi palestinorik, baina aizu, arropa kontua beste gauza bat da, modaren apetak, beste barik.

        Nor bere lubakitik agurtu genuen elkar. Berriz eskatu zidan etxera itzultzeko, Mendik ez duela ezer ulertzen, ez dela ondo pasatzen ari. Zra ekarri nauena ez dela apeta hutsa erantzun nion, lehor. Agur, musu bat.

 

 

 

Alfabetoa irauli egiten da herri honetan, itzulipurdikatu. Zren auzo da A, baina Akoek beti aldarrikatuko dute Ak sortu zuela Z. Hala dago Zren sortze-agirietan, baina orain Zko parte da A, beste auzo bat. Akoek eurena herritzat badute ere, Z da udalburu; ondorioz, azkenarentzat sona. Zk, gainera, mugakide ditu Z kostaldean eta A barnealdean —A horrek beste A bat ere badu mugakide, baina hori beste historia bat da, ez diot berez konplikatua den letra-zopari ozpinik botako—. A eta Z, Z eta A, alfabetoko bi muturrak herri berean, eta muturka beti, Ak sortu zuela Z, Zk irentsi zuela A bestela mapetan ere ez litzatekeelako azalduko. Betiko kontuak, sokamutur sinbolikoaren hariak belaunez belaun hedatzen.

        Egia esan, Zk ez dauka batere erraza. Alfabetoko bokal eta kontsonanteen zerrendari begiratu azkar bat emanez gero, laster ohar zaitezke bere kontrako konspirazioaren mapa argia bezain astuna dela, etxe barnetik hasita. Zren barruan lau A daude, A, Ag, Ab eta beste A bat, edo AA, gauzak errazte aldera Ak deituko dioguna. A horietako bik batasun sinbolikoa osatzen dute, Goikoa eta Behekoa, eta berez Zk nekeza badu horiek gertutasunagatik erakartzea, are gehiago kostako litzaioke aaidetasunen saltsan barneratzea; hala eta guztiz ere, jakina da taktika kontuetan banaezin dirudiena banatzeak garaipenerako lehen atea zabaltzen duela. Baina ez du erraz Zk, Aaide Nagusi horien guztien aliatu naturalak baitira udalerriko B bakarra eta bi Eak, En eta Et. Jakina da, gainera, historikoki I letra Aren aldera lerratu ohi dela, izan gertutasunagatik, tradizioagatik, edota funtsean bederatzigarrenetik lehenengora hogeita zazpigarrenera baino tarte laburragoa dagoelako, eta sarritan komenigarriagoa da ibilitako bidea desibiltzea ibiltzeke duzunari ekitea baino, batik bat tentuz jokatzeko garaiak direnean, oinak lurrean izatekoak. Eta Zk bi I ditu, Ib eta Ir. L bat ere bai, eta alfabeto ordenatuaren logikak Zko L Atarrekin lerrokatzera eraman beharko luke, baina bizikidetza demokratikoaren izenean neutral jokatu izan du Lk, bizikidetza horren kultura errotuagatik zein auzo-herriko Aren eragin kultural nabariagatik. Laburbilduz, izena, pisua, bainuetxea, dirua eta udaletxea bere alde izanagatik, Zk aliatu bakarra du barne-hemisferioan, T, aliatu txiki bezain leiala guda alfabetikoetan.

Gainera, esan beharra dago geoestrategikoki akats nabarmenak egin izan dituela Zk, esaterako Palestinako herri guztien artean B letrarekin hasten den bat hautatzea senidetzeko, eta ez R, T, Q edo S. Hala eta guztiz ere, alfabeto gudan garaipen gogoangarriak ere baditu Zk, ezin baitezakegu ahantz Z C izan zela urte askoan; lehen begiratuan atzerapausoa irudi lezakeena zegokion tokira itzultzea baino ez da, Z ez baita alferrik euskararen arnasguneetako bat.

        Auzo herriekin ere ez du zorte hoberik izan. Zren herrigunea erdibitu eta alderik alde gurutzatzen duen errepide nagusiak lotzen ditu kostaldea eta barnealdea, beste Z eta A. Normala ere bada kamioiz, automobilez, txirrindulariz, furgonetez enpo doan errepide horrek Zrrak umoretxartzea. Nola ez dira ba haserretuko, errepide horrek egunero gogoratzen die-eta alfabeto gerra, Z eta A, A eta Z. Iparraldean, gainera, Z aaide eta aliatu naturalaz gain, A bat eta D ditu mugakide. Ekialdean beste A bat dute Zrrek, eta hegoaldetik E eta A maiuskula, AA dei dezakeguna, edo AAAAAAAAAAA, nahieran; etsai sinboliko argia, Zrrak A horren eraginak ez azpiratzeko eginahaletan dira mendeetan zehar, alfabetoko galiar eroak bailiran.

 

 

 

Azken bi asteetan ez dut ia lorik egin, gosea flakatu zait, tabakoak zapore txarra du. Ez da jakin nahi hutsa, premia fisiko bihurtu zait Pirisi zer gertatu zaion jakitea. Hil ala bizikoa zait inoiz sobera izan ez dudan lasaitasuna berreskuratzeko. Orain badakit bide onetik nabilela, hasierako bihozkadek bazutela egiatik, Pirisek ahotsa galdu duelako hori faltsua dela, bere ahotsa desagerrarazi dutela. Ezin zitekeen bestela izan, punkietan punkiena ez da isilduko. ezin da isildu. Argi utzi zuen 1999an Isiltasunari Stop abestian: “Ez utzi isiltzen, haiek partida irabazten / isilik gauden minutu oro kabroiak irabazten / Zentsura, morroi zikin hura / Zentsura morroi zikin hura / Zentsura, morroi zikin hura”.

        Sarak gaur aipatu didanez, Piris ez omen da ustez ahotsa galdu duen bakarra. Fermin Muguruza ere antzeko trantzean omen dago, zurrumurruz beteta dago twitter. Iturri guztiz fidagarria da laguna, euskarazko kulturgintza barrutik jarraitzen duen kultureta aktiboa. Mututze horren harira whatsapp talde ezkuturen bat ere sortu ei da apustutarako, hurrengo mutuak zeintzuk izango diren asmatuz gero 200 euroko botea patrikaratu daiteke.

        Normal azaldu nahi nuen lagunaren aurrean, baina beste zimiko bat eragin dit Ferminenak. Gaztetako idoloa bezain mutuezina iruditzen zait Muguruza zaharra; are gehiago, Piris baino koska bat gorago kokatuko nuke. Zer beste froga behar dute Anek eta Mendik ehn zerbait potoloa gertatzen ari dela sinesteko? Lagunak diost bost bertsolari ere mututu direla azken bost urteotan, urteko bat, baina horien mututzeak txiolarien ikerketapean daudela oraindik, ez omen dute arinki jokatu nahi. Mututasun horrek ba omen du bariante arraroren bat ere: idazle eta zutabegile batzuk ere mututu dira azken urteotan, ez da haien inongo arrastorik, ezta twitterren ere; azken hori susmagarria da oso.

        Zerbait arraroa gertatzen ari da euskalgintzan. Sasoi batez Euskal Etxeak utzi eta beste euskal etxe batzuetan barneratzeko tenorea da. Denbora kontua da artista famatuenen herriak mutu-ehiztariz betetzea, baina aitzindari izateak aparteko aho-zaporea uzten du.

 

 

 

Herrian hamalau hotel eta garaiko airbnb piloa izatetik gaur egun herriko kaskoan ostatu bakar bat ez egotera iragan da Z azken 50 urteotan. Bainuetxearen garai doratu idilikoak gainbehera hasi zirenean hotelek ere jo zuten erreka, ur termaletatik haratagoko hondoa zulatuz, gezatik gazira gozotik iraganda. Hotelak eroriz joan ziren pixkanaka, bata bestearen atzetik. Arima bikiek soilik diraute zutik, Arocena eta Artetxe gotorleku burumakurrak. Arrotzaren begietara Zren gainbehera isla dezaketen porlanezko panel informatibo erraldoiak baino ez dira eraikin berbalapiko horiek. Sargoripeko ordu mortuetan elkarrekin hitz egiten aditu ditut, garai joanen dirdira beste hizpiderik ez duten indiano edo puntista jubilatuen antzo. Handik kilometro erdira dagoen bainuetxe fantasmagorikoak ere ez du irudi hori ezabatzen laguntzen.

        Herrian dudan kontaktuak diost gainbehera itxura itsatsi zaiola Zko herriari. Ezin kendu gainetik, Chimbo xaboiz behin eta berriro igurtziz gero ere uherrak hor dirau igurzlearen begietara. Lehen begiradekin kontuz ibiltzeko esan dit Margak, topikoa dela Zren etsairik handiena. Herri bizia omen da, bai kaskoan, baita auzoetan ere, Z ez baita alferrik terrenoz probintziako herririk handienetarikoa. Horrek zailtzen omen du ikuspegi globala, Z kaskoa baino askoz gehiago delako, baina aldi berean kaskoa bera ere Zren topikoa baino puskaz aberatsagoa da. Berak erraztuko omen dit egonaldia. Hala deitu dio, egonaldia, eta piloa gustatu zait, zaila delako nire txoro-bidaia honi izena jartzea. Horregatik eta egonean egoteko asmoa dudalako, Piris jopuntuan izan arte behintzat.

        Margak badu nire asmoen berri, Sarak azaldu zion zertara natorren. Piris gutxi azaltzen omen da herrian, eta adeitsu jokatzen du kasu egiten diotenekin. Norbaitek musika kontuak aletzen badizkio, baina, gaiaz beste egin edota atoan egiten du alde, hori da lagunak denbora tarte laburrean bildu ahal izan duen informazio guztia. Ondoren isildu egin gara biok, Erdikaleko pintxo-pote giroan normalena nor bere baitara biltzea balitz bezala. Eskertu egin dut.

        Euskal Etxeen ikertzaile bat eta bainuetxeko historialari bat, orpoz orpo mututasuna praktikatzen. Paisaiarekin mimetizatzeko agindua eman zidan Jokinek, herritarrek egiten dutena egiteko eta ez agertzeko bilbotar gisa, haren esanetan hala bainaiz eguneko 23 ordutan. Lagunak curriculum zabala du herri txikien kontuetan. Haiek egiten dutena egin, haiek bezala hitz egin. Eta hitanoan ari badira, zer. Uiiiiiii, hori salbuespena da; kasu horretan ez sartu, baina beste guztian bat egin paisaiarekin.

        Modu mistoan agurtu dut laguna, hitz soilak eta isiltasuna tartekatuz. Ara igotzeko tenorea dut, apopilo nagoen landetxean afaltzeko asmoz. Hirugarren eguna dut eta Ak bailara zeharkatzen duen Ztik Arako bidea etxekotua dut dagoeneko: Ereio-Berria, Txotxapaindo, Ezenarro, Ezenarro Azpikoa,  Igartza… guztiak zaizkit ezagunak, paisaiarekin ondo mimetizatzearen seinale. Pirisek ere hurbil behar du, behin desagertzekotan naturara joko zuen kalekume horrek.

        Hala ere, ez dut espero Piris egun batetik bestera agertzea. Eta nahiago. Nola hitz egiten zaio mutu bati? Nola komunikatu naiteke mutu batekin harekin mututik mutura mimetizatuta eta aldi berean beharrezkoa zaidan informazioa jaso? Zaila da kontua, baina agian mututasunaren ertzak ezagutzea eta zorroztea da gakoa, soinulariok ahotsekin bezala. “Ah” serioa eta “ah” monotonoa berdinak ez diren bezala, mututasun iheskorra eta mututasun baikorra ezin dira gauza bera izan.

 

* * *

 

Zk denbora du bere alde. Zehatzago esateko, erlojuak. Gai honetan, baina, Z diodanean A, AB, AG, Ak, B, En, Et, Ib, Ir, L, T eta Z bera, guztiak lotzen ditut zaku berean, baita bainuetxeko Ba ere. Erlojuekiko aparteko zaletasuna dute herri honetan, debozioa ia.

        Herri bat ezagutzeko ez dago astegunetako goizak eta arratsaldeko lehen ordu mortuak habitatzea bezalakorik, orduan konturatzen baitzara herriaren dohain eta traumez. Niri erlojuez hitz egiten didate. Puntualtasunarekiko obsesioaren usaina hartu nion Santa Engraziako erlojua ikusi ote nuen galdetu zidan hirugarrenari; aurretiaz, Zko erloju mekanikoa ikusteko aholkatu zidaten lautan. Baina kontua hori baino larriagoa da. Herrian nagoenetik lau aldiz galdetu didate zer ordu zen, eta lauretan alde egin dute mugikorra poltsikotik ateratzen ikusi orduko, presaz nonbait. Erlojugile itxura hartu didate, kanpai-jole bakartiarena ez esatearren. Halatan, udaletxean sartzea beste aukerarik ez dut izan.

        —Ederra da, ezta? Elizako erlojua da. Orain dela lau urte-edo tximista batek suntsitu zuen kanpandorrea, eta orain erloju elektronikoa dago bertan.

        —Eta, zer egin zenuten bitartean?

        —Denborari joaten utzi, zer egingo genuen ba! Bi urtetik gora egon ginen kanpairik entzun gabe —denbora horren pisua nabari zaie ondoan dudan adin ertaineko gizonaren hitzei.

Hasieran ez diet aparteko garrantzirik eman igerilekutik etorri berria dirudien kafezalearen hitzei, baina pentsatzen jarrita gogorra behar du izan. Badago aldea herri osoan ordu erdiro dangak entzutera egotetik ordu erdiz behin ezer ez aditzera, batez ere isiltasuna nahi ez duenarentzat. Zentzu horretan, Zrrak isiltasunaren aurkako aliatu paregabeak izan daitezke.

        —Talibanen liderrak sarritan esan izan ziek yankiei: “Zuek dituzue erlojuak, baina guk dugu denbora”. Eta guk biak ditiagu, erlojuak eta denbora.

        Solaskidearen hitzok entzunda, erabat zorabiatuta jaitsi ditut udaletxeko eskailerak. Gurpil inperiala, aingura, pendulua, orratzak, bestelako engranajeak kaskarrean kolpeka ari zitzaizkidan. Are gehiago jipoitu naute azken maila jaistearekin batera hamabiak puntuan jotako kanpaikadek. Behin kalera irtenda, eskertu egin ditut Xabier Silveira dirudien tipo batek andaluz doinuz zuzendu dizkidan berbak.

 

 

 

Kotxea ostatuan utzi, eta galtzadatik jaitsi naiz Atik Zra. Miresgarria da A, dena du idilikotik: ederra, adeitsua, lasaia, menditsua. Topikoari men eginda, naturarekin bat sentitzen zaren toki horietakoa da. Egia esan, dena du topikotik: eliza handiaren itzal lausoa, etxe eta baserri gurako txaleten batek inguratutako plaza, umeen hotsak frontoirako joan-etorrietan, soziedadea, taberna, gurasoen hizketaldi patxadatsuak eta haurren barre alaiak zuhaitzen abaroan, soloan lanean ari den baserritarraren diosala, Santa Engraziarako bidean hurbil sentiarazten zaituzten baserriak, txakur zaunkari pelmegirik ez… eta oroz gain lasaitasuna, hizki larriz markatutako patxada, la sai ta su na. Topikoaren biribiltasunaren atzean Ak badu etxean sentiarazten nauen zerbait. Hori bai, kalekume honentzat ederregia, isilegia aukeran.

        Naturaren lasaitasun horrek urduritu egiten nau. Gainera, hemen daramatzadan egunotan ez dut lortu arrotzari zor zaion begiradatik askatzea. Begirasun horiek urduritu egiten naute, seguru nago badakitela Pirisen oinatzen atzetik nabilela. Haien bakea ez apurtzeko seinale isilak dira.

        Beraz, kotxea ostatuan utzi eta oinez jaitsi naiz Atik Zra. Oraingoz erdigunearekin mimetizatzera mugatuko naiz. Eraikin segida ez da handiegia, baina adore gehiago ematen dit. Lasaitasunaren kolorea usnatu nahian jaitsi dut galtzada. Ak-ra iritsi ahala, zakurrak normalagoak dira, zaunka egiten diote arrotzari. Zn barneratu aitzin, zigarro bat piztu dut bideko hirugarren baselizaren aurrean, 1970eko hamarkadan auzolanean konpondua omen. Hirian auzolana Jaurlaritzaren eslogan bat da, baina hemen Piris gordetzeko modua izan daiteke.

        San Joan pasatu eta eraikin hiztunak ezkerretara lagata, herrian barneratu ahala ahots naturalek hartu naute, horiez gozatu dut Gesalagan barna. Poztasun neurtuko “Aupa hi” parea, harridura tartekatu nahi zuen asperdurazko “eh” bat, egunerokotasunez betetako “aizan”-a. Ikerketarako behar dudan erregaia. Bero itzelari itsatsitako lasaitasun astunak hartua zuen kaskoa.  Berandu samar argitzen du Zn, bataz beste An baino bi ordu eta erdi geroago, eguzkiak Zn jartzeraino alfabeto osoa igaro beharko balu bezala. Egia esan badu lana Zko udalerri osoa argitzen, eta antza bukaerarako uzten du kaskoa. Auzoetako biztanleak pozik uzteko udalak hartutako erabakia izan daiteke, baina bozkei erreparatuta ez dirudi zentzuzko estrategia bozkatzaileen hiru laurdenak 10:00ak arte behe-lainopean izatea.

        Jendea erosketetan, farmaziarako sartu-irtenak, supermerkaturakoak, harategia, ile-apaindegia. Laranja ukituko lasaitasun berdexka. Portalen sartu eta berehala dago itxura batean informatika, argazki eta paper dendaren arteko hibridoa izan daitekeena. Ondo erreparatuz gero, bisitaria konturatuko daTurismo Bulegoaren aurrean dagoela. Ekainberriko interpretazio zentrorako sarrerak saltzen omen dituzte, baita Lili jauregiko bisita gidatu antzezturakoak ere. Arin eta ziplo esateko, euskal artistak mututzen dituen erakunde batentzako tapadera ezin hobea. Zeinek jarriko du zalantzan kulturaren alde ari den erakunde bat? Erakundetutako kulturak hamarnaka errezelo pizten ditu gurean, baina Historiaurretik zein Erdi Arotik datozen hotsak neutroak dira; ez dute kultur azpiegitura arranditsuen zalapartarik pizten, ondare biltegi hutsak dira, aproposak sator lanerako.

        —Bisita gidatu horiek ondo daude, baina eskaintzen al duzue bestelako zerbitzurik?

        —Udalerriko informazioa (mapak, ibilbideak, non lo egin, non jan), eskualdekoa, Euskal Kostaldeko Geoparkearen gainekoa…

        —Bai, bai, baina bestelakorik?

        —Barkatu, ez naiz lehenago konturatu, esperientziez ari zara. Ekain Abentura dugu. Historiaurreko ehiza zirkuitua eskaintzen dugu, oso baliagarria Sastarrain aldeko landaredia gertutik ezagutzeko.

        —Historiaurrean bezala margotzen ikasten da, baita sua egiten ere —lankidea babestera hurreratutako langilea ez da batere sinesgarria.

        —Ondo, ondo, baina nik zerbait sakonagoa nahi dut, beste esperientzia mota bat.

        —Barkatu jauna, baina herrian ez dugu horrelakorik. Lehen eskualdean bazen horrelakoren bat, baina…

        —Nola, ez duzuela herriko kultur sortzaileen tailer eta sormen-tokietarako bisita-gidaturik?

        —Ez, hori ere ez daukagu.

        —Nola “hori ere”?

        —Ezer ez, jauna.

        —Ez da batere ideia txarra, jauna. Uztapide bertsolariaren jaiotetxea egokitu dezakegu bertan bisita gidatuak egiteko. Bisita hasieran, atarian, megafoniatik bere bertso ezagunenak jarri eta… —egia azalerazteko oztopo zait bigarren langilea, une erabakiorretan azaltzen da.

        —Are gehiago, herriko bertsolariek girotu dezakete bisita. Udalari proposa diezaiokegu, bisita gidatuetan aitzindariak gara.

        —Barkatu, baina bertsolari horrek ere galdu al zuen ahotsa?

        —Ahotsa galdu? Guk dakigula ez, beharbada noizbait katarro handiren baten ondorioz.

        —Garai bateko bertsolariak beste klase batekoak ziren, mikrofonorik gabe eta ahots sendoz abesten zuten horietakoak —hitz batetik bestera sinesgarritasuna lurrera erori zaio bigarren langileari.

        Ekainberri eta Lilirako sarrerak eskuratuta alde egin dut bertatik. Galdeketak nire susmoak areagotu ditu. Onak dira asko hitz eginda ezer ez esaten. Ez diet apartekorik atera, baina agerian dago zerbait ezkutatzen dutela: galderak egiten dagoena erotzat hartzeko modu hori… Kontuari kiratsa dario.

        Bitartean, mutuen zerrenda loditzen ari da egunez egun. Sarak diost Berrian egunero zutabeak idazten dituzten bi kulturgile erori direla azken astean, zutabeak mutu eta publizitate moduluz mukuru. Txiolariek, baina, lasaitasunerako deia egin dute oraingoz, baieztatzeke dagoela mutuberriak diren ala ez, zutabegileen aldian aldiko aldaketa izan litekeela. Kontuari kiratsa dario.

 

 

 

Egunez egun normalagoak dira zuzentzen dizkidaten “kaixo” guztiak, pixkanaka beste herritar bat bilakatzen ari banintz bezala. Ikertzaile senak ez fidatzeko diost, segada bat izan daitekeela, baina ilusioa egiten dit “kaixo” horien gero eta tonu baikorragoak.

        Zrrak ez dira nekatzen, egun osoa ematen dute zerbait egiten: etxetik lanera, lanetik etxera, umearen bila, musika eskolara, kafea hartzera, paseatzera, mendira, parkera, bizikletan ibiltzera... Mugimendu etengabea da herria. Ondorioz, egun lasaia aurreikusten nuen, terrazaren batean edo bankuetan eseri eta jendearen harat-honatei adi egoteko modukoa. Akats bat litzateke Pirisen paraderoaz zuzenean galdezka hastea, jendea urduritzea baino ez nuke lortuko.

        Hasieratik begiz joa nuen herrian alderrai ibili ohi den adin ertaineko gizon bat, argala, txikia, ile urdinekoa: Jabitxo. Batetik bestera zelan mugitzen den ikusita, aliatu ona izan daiteke, ala susmagarri galanta. Herri osoa kontrolpean du, eta guzti-guztiek agurtzen dute. “Kaixo” alegreak botatzen ditu hirutik bi, eta pertsonaren izena jarraian, “Kaixo, Maria Jesus”, “Kaixo, Nekane”, “Kaixo, Peru”. Batzuetan uneren bat ere egoten da geldirik, inoiz ez berrogei segundotik gora.

        Egonean adi egoteko plana geroko utzita, jarraipen luzea egin diot herriko kaleetan barna. Foru Plazatik Okerra kalera, handik Laranjadi plazara Portaletik pasata, ondoren Foru Plazara berriz, Erdikalean behera Portale tabernara. Bertan hamabi minutu inguru eman ditugu, Jabitxo terrazan jendearekin hizketan, ni ate ondoan mostoa hartzen berari begirik kendu gabe. Aldi berean bezero-tabernari hizketaldietara bilduta nuen belarria, eta solasaldia opor pandemikoen gai interesgarrira lerratzen ari zenean konturatu naiz susmagarriak ihes egin didala.

        Atzeko terraza zeharkatu, ezkerretara egin, eta Gurutze kalean jo dut begiz haren itzal argala. Frontoi zaharrera jo du, hogeita hamazazpi segundo eman ditu eserita frontenisean ari ziren gaztetxo bi animatzen, “Aupa, Alaia” eta “Aupa, Ane”. Ondoren frontisaren atzeko kalexkatik egin du Manuel Uztapide plazara. Bertako jolas lekuan zeuden gurasoak eta umeren bat agurtu ditu plazari eman dizkion bizpahiru bueltetan. Halako batean Enekosauztegitik gora egin du, eta Arteaga karrikako espaloitik jo du Arocena pareraraino. Markesina ondoko eskailerak jaitsi, eta San Joanerako tunela hartu beharrean ezkerretara jo du Gesalagan barna, sastrakak jandako hotelaren hesia bukatzen den tokian Zubimusura jaisteko.

        Zren baitan lotarako herria dirudi Zubimusuk bere luze-zabalean, etxeak garajeak kotxeak isiltasuna ezker-eskuin. Une horretan konturatu naiz ez zuela inongo zentzurik egiten ari nintzenak, aspaldi konturatuko zen zelatan nenbilkiola, baina ez nuen segika jarraitu beste irtenbiderik. Ordu erdi luzez erridikulua egiten ari zarela konturatzen zarenean, ba al dago erridikulua egiten jarraitzea ez den beste aukera duinik, ala? Jabitxok ez du erritmoa aldatzeko zirkinik egin, eskuineko zangoa ia saltoka zeraman, umore onaren seinale. Kalea osorik zeharkatu eta ezkerraldean dagoen telefono kabina urdinkararen aurrean gelditu da. Ezin nuen sinetsi, kabinok aspaldi kendu zituztelakoan nengoen, hirian ez da horrelakorik dagoeneko; telefonoa eta guzti dauka, gainera. Hasierako harriduraren ostean, azkar erabaki dut aspaldi isildutako kabina mutututako sortzaile batekin hitz egiteko bide aproposena izan daitekeela. Txalo egiteko zorian izan naiz, baina azken unean pultsioa saihestu eta auto baten atzean gorde naiz handik bi metrora.

        Txanpon parea sartu eta telefono zenbaki bat sakatu du. Hotsekin trebea banaiz ere, oraindik ez naiz zenbaki-tekla bakoitzari dagokion soinua atzemateko gauza. Isiltasuna solaskide lukeen edozeinek berba egingo lukeen bezala mintzatu da, mutu eta labur: “Bai”, fufu, “bai, ulertuta”, fufufufu. Minutu bakarreko hizketaldia izan da, txanponak agortu zaizkion arte. Argi zegoen Jabitxok zerbait zuela esku artean.

        Ondoren beste hamaika kale eta bazter zapaldu ditugu, bera aurrean eta ni beti bospasei metroko segurtasun tartea utzita. Zurtz eginda nengoen, baina susmagarriaren pausoan ez zen nekerik ageri. Une batean errepidea gurutzatu eta kanposanturantz egin du, bertan zigarro bat erre eta erdigunera itzultzeko. Gero eta argiago neukan ni nekatzearren ari zela zentzubako zidorretan, ez da posible egunero noraeza iparrorratz duen halako ibilbiderik egitea. Pazientzia galtzen ari nintzen. Une batean Portaletik Toribio Altzagan behera egin dugu, eta zahar etxe aurreko parkean eseri da. Ez neukan aterabiderik, susmagarria galduko ez banuen bere aurretik pasatu behar nintzen derrigor.

Ondoan jesarri natzaio eta zigarro bat eskaini. Beste bat piztu dut niretzako.

        —Kaixo! —bigarren silaban asko goratu du ahotsa, “kaixo”, ni herrikoa zu kanpotarra esan nahiko balu bezala.

        —Bai, eguerdion. Zer moduz paseoa?

        —Ez zekiat, hik esango didak. Asko nekatu al haiz?

        —Bueno. Fisikoki nekatu baino gehiago dantzan dut burua. Ez nekien horrenbeste asfalto zegoenik herri honetan.

        —Hori eta gehiago.

        —Ez al zara nekatzen?

        —Zertarako nekatu? Euria ari duenean nekatzen nauk, baina orduan ere kalera.

        —Eta aspertu?

        —Ez nauk aspertzen, herriko bazter guztiak ezagutzen ditiat. Ezagutuko ez banitu beharbada bai, baina ezagututa ez nauk aspertzen. Gainera, gustuko diat haietatik ibili eta jendea agurtzea, egunero jende bera agurtzea, egunez egun nola aldatzen diren eta haien aurpegien bidez ni nola aldatzen naizen ikustea.

        —Eta Piris, aldatu al da Piris?

        —Musikaria? Fisikoki pixka bat, ez gehiegi. Ile zuriren bat akaso. Betiko urdea izaten jarraitzen dik.

        Zigarrokina lurraren kontra itzali, ukabil barruan gorde eta jaiki egin da. Bidean behera egin du, industrialdera, bankua niretzat bakar-bakarrik utzita. Besoak luze zabaldu eta ukondoak bermatu ditut bizkarraldean. Siku gelditu naiz.

        Sararen lau deiek esnatu naute, dei bakoitzak apur bat gehiago. Bosgarrenean hartu diot. “Mutuen bidea” izenburua duen oharra plazaratu dute sare sozialetan Fermin Muguruzak eta beste zortzi musikarik. Isiltasunaren aldeko hautua egin eta ehko beste sortzaileak ere desobedientzia kultural eta demokratikoaren bidea urratzera animatu dituzte.

 

 

 

Mutualdia gogor jotzen ari da. Sarak aipatutakoaren arabera, dagoeneko twitterren badira sortzaile gisa euren azken hitzak sinatu dituzten hogei lagunetik gora: idazleak, dantzariak, koreografoak, artista plastikoak, musikari andana, zinema zuzendariak. Guztiek euren sormen esparrua darabilte agur esateko. Bateria-jole batek, ezizenez Mutua, hiru orduko bideo bat grabatu du: bera azaltzen da bateriaren gibelean isil demonio, musikarik jo gabe, eta pixkanaka bere irudia lausotzen hasten da isiltasun abisalaren erdian, 87. minutuan osorik desagertzen den arte. Bateria kolpeek areagotutako hots klaustrofobikoek hartzen dute hurrengo ordu eta erdia. Mututze konpultsibo hori jasanezina bilakatzen zaio ikus-entzuleari, zeresana eta ezinegona sortu ditu sare sozialetan.

        Instagramen mutualdiaren aldeko bertso saio baten kartela iragarri dute. Ako frontoian izango da, eta bertsolarien aurpegiak ahoak estaltzen dizkien zinta beltzez ageri dira. Ahostar Isilpek egingo omen ditu gai-jartzaile lanak, eta ordubetean agortu dira sarrera guztiak. Bakarrizketa mutuak ere antolatu dituzte zenbait herritan.

        Manifestuak jokoz kanpo utzi du Kultura sailburua. Goizean gaiaren inguruko iritzia eskatu diote Heraclio Fournier museoaren eraberritze lanen osteko berrinaugurazio ekitaldian. Intxaurrandietaren ustez ez da kontua bere onetik ateratzeko unea, gaiak hausnarketa luze bezain sakona eskatzen du, baina aurreratu du bere esku dagoen guztia egingo duela sortzaile horiek ahotsa berreskura dezaten.

        Konspirazio moduko bat, Sistemak euskal kulturgintzaren ahotsak itotzeko jukutria antolatua, goitik beherako erasoa. Asteak daramatzat esaten Pirisen isilaldiaren atzean kontu potoloren bat dagoela, ezin izan duela bere kabuz mututzea erabaki, eta azkenean argitu da kontua. Edo behintzat argi printza batzuk azaleratu dira. “Garairik latzenetan ere inork ez gintuen isildu. Adierazpen askatasunaren kontrako hamaika erasoaldi gogor bizi izan ditugu, zentsura eta boikota pentsatzen eta sentitzen genuena esan eta sentitze hutsagatik. Oraingo hau, baina, latzagoa da, gure amesgaizto makurrenetan ere ez genuen horrelako zerbait espero. Mututzeko garaia da, lagunok”. Muguruza eta besteen adierazpenak ez du zalantzarako tarterik uzten. Piris aurkitu behar dut lehenbailehen.

 

 

 

Lanaldi oso bat eman dut Zko gaztetxea zaintzen. Mutualdiaren gaineko asanblada informatibo bat deitu dute arratsalderako. Seguru nengoen Piris bertaratuko zela, beti izan da asanblearioa.

        Mututasunak eztanda egin duenetik, kulturgileak ahotsa galtzera animatzen dituzten kartel mutuak areagotu dira bazterrotan. Urduri eman dut egun osoa, ez nekien zer esango nion euskal musikaren punkirik handienari, punkaren etiketari muzin egin baina aldi berean bizi-filosofia hori ehn bizirik mantendu duen bakarrari. Nola eman lehenengo pausoa, zer esan egin iradoki hasieratik erakargarri izateko, batik bat aurrean duzuna sortzaile profesionala bada. Kikildu egiten naiz pentsatze hutsarekin.

        Benetan kezkatzen ninduena ez zen Pirisen erantzuna, beti irudikatu dut mespretxu aurpegiz buelta eman eta bizkarra erakusten, baizik eta zenbatekoa izango zen gu bion arteko distantziaren arrakala. Sarak gomendatuta, Harkaitz Canoren ipuin bat irakurri dut. Narratzailea, kazetaria bera, idazteari utzi dion euskal idazle baten bila joan da irla batera. Behin idazlea aurkitu eta desagertzearen arrazoiez galdetuta, ezpalik gabeko erantzuna jasoko du trukean: “Nahikoa buru-argia izan beharra dago horretarako ere, aukeratzeko zein den norbere garaia eta bertan planto egiteko, edo bertara bidaiatzeko denboran atzera, ez baita beti gustukoa eta dagokiguna gu bizi garen sasoi bera izaten. Ez dugu zertan gure garaiko izan, ez heroi eta ez kaletar, ez gure garaiaren eta baloreen garaikide ere. Egon gaitezke atzeratuta edo aurreratuta, eta akats larria eta galera alferra litzateke gure sasoian bizitzen setatzea hori jakinik”. Pirisi antzeko ero-haizeak ematearen beldur naiz, ezingo genuke konektatu. Oraingoz ez dut dimentsio horretara iristeko gaitasunik.

        Zortzi ordu eman ditut beldur horietan murgilduta. Arratsaldeak luze joko zuela aurreikusita, laguntza eskatu diet Jabitxori eta Margari. Lehenak “juju” batekin erantzun du, “ez dut egiteko hoberik” esango lukeenak bezala. Marga ez zegoen eroso, zaharregi dagoela asanbladetarako eta ea zer egingo zuen berak hainbeste gazteren artean; historiagilea den neurrian berak ere zeresana baduela argudiatuta konbentzitu dut, onartezina litzatekeela Zko belaunaldi oso bat isiltzen uztea, galera historiografiko itzela. Baiezkoa eman du azkenean. Jabitxo plazan ibili da bueltaka, eta ni gaztetxe azpiko tabernan, jubilatuenean, paisaiarekin mimetizatzen, eztulka eta eztulka zahar plantak egiten, baina adi demonio. Arraroa bada ere, Zko gaztetxea jubilatuen taberna goian dago, eraikin transbertsal eta inklusiboa inondik ere. Piris ez da agertu, segada usainduko zuen.

 

* * *

 

Ni Zn izatea ez da kointzidentzia hutsa. Pirisek Z hautatu izana ez da zori kontua. Z Z izatea ez da dirudien apeta.

        Sarritan txoritan nabilela ematen du. Egonaldiaren zazpigarren egunean jakin dut Z herri musikaria dela. Herriaren tamainarako antzerki mugimendua ere ez da nolanahikoa, baina Zrrek batez ere musika doinuz hitz egiten diote munduari. Musika eskolan aritutakoak dira adin batetik beherako herritar gehienak, baina hortik aurrera askok eta askok eman duten pausoak bihurtzen du Z musikaren erdigune txiki. Musika taldeen eta musikari profesionalen zerrenda luzeak zein herriak musika bizitzeko duen modu bereziak isiltasunaren aurkako erresistentziaren maparen erdigunean kokatzen dute Z, edo hala beharko luke behintzat. Piris hemen bizitzea ez da kointzidentzia hutsa.

        Margak eta Jabitxok lagundu naute herriko hari musikala osatzen. Zk gaur egun ere puntako taldeak ditu musika eszena garaikidean, sonatuenak Grises, Ezpalak eta Rodeo. Haiengana zein Fundizio musika elkartekoengana hurreratu aurretik, baina, taldeok isiltasunarekiko duten jarrera aztertu nahi izan dut, xehe-xehe egin Isiltasun Handira daramaten isiltasun-hautu txikiak. Herrian isiltasun uholdearekin duten elkartasunezko jarrera kontuan hartuta, ez litzateke batere arraroa doinuen plaza hau ere egun batetik bestera isiltzea. Ahaleginak ahalegin, ez dut taxuzko ondoriorik atera. Rodeokoek nahastu naute gehien, sumertar jainko eta jainkosen izenak jartzen dizkiete kantei eta diskoei; horrela ez dago isiltasunarekiko duten harremana ulertuko duenik.

        Hala ere, argi dagoena da ez dela kointzidentzia hutsa Piris hemen erori izana. Zergatia jakitea falta zait. Bere garun makabro hori ezagututa, agian isiltasunetik abiatutako musikal bat sortu nahi du Zn, herriko txokoak eszenatoki eta herritar guztiak musikari jarriko dituen ikuskizuna. Aise irudikatzen dut Koioteko terraza danborra besapean duten bezeroz beteta, trumoi hotsa airean dar-dar, eta Laranjadi plazako terraza bakoitza musika tresna batek hartua, biolina saxofoia panderoa, gitarra teklatua harmonika txalaparta Erdikalean, eta Piris isiltasun betean guztia zuzentzen Arocenako kobazulotik, Toriletatik akaso.

 

 

 

“Esan non amaitzen den. Esan non amaitzen den. Esan non amaitzen den, zuen gezurren itzala” dio Ezpalaken letretako batek. Ikerketarako argigarria iruditzen zait, kulturgileen isiltasun sistematikoa gezurren itzal handi horren aurkako oihua besterik ez da eta. Hala ere, neure aldetik direnak eta ez direnak egingo ditut kulturarik gabeko egunerokotasuna saihesteko. Bide-orri zehatza prestatu dut.

Gaur herriko heavyak zelatatzen aritu naiz, haien talde-jarrera zein den jakin nahian. Heavyz beteta dago herria. Jabitxok diost guztiak ez direla heavyak, asko rockeroak direla, baina ez dut ezberdintasuna bereizten: beltzez jantzita doaz, askok tximak dituzte, musika taldeen kamisetak dituzte soinean gau eta egun; ondorioz heavyak dira, Bilbon heavyak lirateke. Ezetz dio Jabitxok, rockeroen lookak eta heavyenak antzekotasunik badute ere, musika taldeen elastiko beltzak eramateak ez ditu derrigorrez heavy bilakatzen. Entzuten duten musikan dagoela gakoa.

        —Ulertzen dut, ezberdintasuna da heavyek nikiez gain prakak ere beltz-beltzak daramatzatela, eta rockeroek praka beltzez gain jeansak edota kamuflajezko praka motzak ere eraman ditzaketela.

        —Ez, musika da kontua. Zkoak ez dira bereziki heavyak, batzuk-batzuk bai baina ez asko.

        Musika talde askoren izenak bota dizkit boteprontoan: Iron Maiden, Black Sabath, Judas Priest, Manowar… heavyak dira guztiak.

        —Talde horien elastikoarekin erraz identifikatuko duzu heavy bat, kamisetan fijatu. Baina kontuz, ehn Su Ta Gar, Berri Txarrak eta klasikoez gain, izen euskaldunik ez duten euskal talde heavyak ere badaude: Ankhar, Asgarth, Governors, ost.

        Urduritzen hasi naiz, ez nuen bat bera ere ezagutzen. Guztiak apuntatu ditut libretan.

        —Baina nola ezberdindu ditzaket heavy bat eta rockero bat biek bisera badaramate? Beltzez jantzitako gehienek bisera daramate herri honetan.

        —Elastikoen gauza bera, Eñaut. Musika taldeari erreparatu beharko diozu.

        Jabitxok ez nau batere lagundu, azalpen lausoegiak.

        —Hor duzu benetako heavy bat —terrazan jesarri berri zen morroiari so gelditu gara biok. Ondoren zutitu eta irribarre zabala eginez alde egin du lagunak.

        Jabitxo ozta-ozta agurtu eta heavyaren azterketari lotu natzaio. Inork ez zidan esan erraza izango zenik isiltasunaren aldeko fronte piristarraren ikerketa, baina ez nuen pentsatzen heavy-rockero ezberdintasunen ilunpean eroriko nintzenik. Ez zegoen dudarik, benetako heavya nuen aurrez aurre: Black Sabbathen kepisak gordetako tximak, Governorsen nikia, praka labur beltzak. Musika entzuteko zerabiltzan kaskoen artetik isiltasun metalizatua bereiz nezakeen, tabernako triki-doinuak isilarazteko adina burrundara. Heavyak ez du maite isiltasuna.

        Noizean behin begirada egunkaritik altxatu eta nire soarekin egin du topo. Ezikusiarena egin dut, neure zigarroaren kearen norabidea jarraitzen aritu naiz, edota goiko etxebizitzetan eskegitako arropetatik ihes egindako ur tanten abiadura neurtzen. Heavyak ez zuen oso irekia ematen, gero eta begirada bortitzagoak zuzendu dizkit. Laugarrenarekin batera azaldu da kamareroa zigarro erretzera; Rodeoren kamiseta soinean, rockeroen artean sailkatu dut mentalki.

        Ondoren beltzezko beste bi azaldu dira, Dunne eta Tatxersen kamisetekin; batak bisera, besteak tximak. Interneten egindako bilaketa azkarraren arabera, ez bata ez bestea ez dira talde heavyak; horrenbestez, heavy bakarra dut begi bistan, nahiz eta etorri berriek praka motz ilunak izan. Kamareroak jeans motzak ditu soinean, rockero hutsa. Isiltasunaren inguruan ari dira hizketa betean. Beste bat iritsi orduko estresatzen hasi naiz, Anestesiaren kamiseta eta Sexty Sexersen praka motz beltzak: rockeroa. Hemengo martxa ikusita, baliteke herrian horrenbeste heavy ez egotea, Jabitxok arrazoi.

        Handik gutxira, baina, Motorheaden kamiseta eta Manowarren bisera zeraman bat azaldu da. Ez zetorren bakarrik, Led Zeppelinen kamiseta zeraman kaskamotz bat zuen lagun. Bigarren hori errazago identifikatu dut rockeroen taldean, baina lehenak zalantza gehiago eragin dizkit, presazko irtenbidea hautatu eta mistoen artean sailkatu dut.

        Mahaia bete ahala nire hasierako anabasak handitzera jo du halabeharrez: heavy argi bat, lau rockero, erdi heavy erdi rockero mistoa eta kamarero rockeroa zeuden, guztiak ere gizonezkoak. Zerbeza iluna nagusi. Une batean beste bi rockero, heavy edo dena delako azaldu dira; ez dute luze iraun, eta eskerrak; batek ZZ Txotx zeraman kamisetan, batek daki zer den hori. Hurrena beste bat azaldu da mahaira, lasaitu egin nau, Ezpalaken kamiseta soinean. Nazkatuta eta buruak eztanda egiteko zorian, Zko gazteria musikazalearen artean rockeroak nagusi direla erabaki dut behin-behinean, eta jarraian haien konbertsazioari lotu natzaio. Lehentasunak finkatzea da gakoa.

        Heavyak irekiagoa zirudien, mahaiaren itxituraren erdian ahotsa goratzen.

        —Isiltasunarena ondo zegok, beste borroka mota bat duk, baina ez duk gure borroka. Gu zarata egitekoak gaituk.

        —Isil daitezela zaharrak, sar daitezela haiek borroka horretan, kulturetak eta. Orain guri zegokiguk ahotsa goratzea, behingoz entzun gaitzaten —Tatxersek.

        —Hau ez duk belaunaldi kontu bat, hau borroka bide estrategiko bat duk, eta guztiok batera isildu ezean ez dik zentzurik borroka planteatze hutsak. Ados, gure momentua duk, toki askotatik deitzen zigutek kontzertuetarako, baina horregatik bakarrik ez gaituk eskirolak izango —Dunnek.

        —Ikusten? Atxagaren kopia izan nahi duten kultureta horietako bat ematen dik eta!! Bai, hi hobe hago isilik —heavyak jendetasunez.

        —Eta zergatik ez dugu erdibideko bat egiten? Soilik instrumentalak jo, letrarik gabeko kontzertua, ezta gabon esan ere —Ezpalakek.

        —Ez duk ideia txarra, balio zezakek: ez diok musika jotzeari uzten, eta aldi berean salaketa egiten duk. Hori baino isiltasun handiagorik… —Motorhead-Manowar mistoak irmo.

        —Hori ez duk isiltasuna ez ezer, hori eskirola izatea duk. Eskirol kutrea gainera: ez zioat jotzeari utziko, baina hire borrokaren alde nagok —Dunnek.

        —Gutxiago duk ezer ez. Guk ez zekiagu musikarik gabe bizitzen —heavyak irribarretsu.

        —Ba aizak, sasoi batean zuzenekorik eta disko berririk ez egotea ez zaidak drama bat iruditzen. Pandemian ere ez al ginen horrela egon? —Anestesia-Sexty Sextersek haserre punttu batez.

        —Bai, baina orduan kultura ez zuan mututu, sortzaile guztiak aktibo aritu zituan etxeetatik. Horrek indarra ematen zian —Tatxersek.

        —Kultura ez duk mututuko, kultura kontsumitzen jarrai zezakeagu: musika entzun, irakurtzeke ditugun liburu guztiei ekin —Anestesia-Sexty Sextersek besoak zabalik, pazientzia galtzen ari denaren taxuan.

        —Hara beste pedantea. Irakurri dudan liburu bakarra ocbkoa duk eta —heavyak irudimentsu.

        —Mobida honetan guztian kultura kontsumitu daitekek, ala zer? Nik uste nian dena utzi beharra zegoela —Led Zeppelinek, kanutoak eragindako isiltasunaren barrenetik.

        —Entsegurik ere ez? —mistoak harriduraz.

        —Batek zekik, galdetu iezaiok Piris txoro horri. Edo Fermini, hobeto. Haiek jakingo ditek zeintzuk diren jokoaren arauak, eta gu, bitartean, martxarik gabe —Tatxersek.

        —Tristea duk gero biren artean ezartzea euskal musikaren bidea —heavyak kopetilun ziniko.

        —Piris ez zegok rollo honetan, nahiko deskonektatuta omen zegok. Horixe esan zidaan lehengo egunean, behintzat. Honetaz guztiaz zalantzak omen ditik —Ezpalakek.

        —Ez zekiat ba nik, entzun dudanaren arabera ez zebilek urrun, berak proposatu omen zioan kontua Fermini —mistoak erdi ezaxola.

        —Kontua ez duk hori, baizik eta zer bozkatuko dugun Gaztetxeko eta Fundizioko asanbladetan. Hutsegite larria iruditzen zaidak isiltasunaren aldekoei babesa ez ematea, berekoikeria hutsa. Kontua ondo doakigula eta, alde batera begiratu behar al dugu? —Dunnek haserre tinko.

        —Ni ez nauk taldekoa, baina isiltzea hutsegite larria iruditzen zaidak —heavyak maiestatikoki.

        —Ez ezak txorradarik esan. Ezin gaituk gure rollora joan. Bestela zer sinesgarritasun izango luke gure musikak? Eta gure letrek? Borroka horretan zirt edo zart egitea baino ez zegok. Ez zegok grisik —eztabaidara bueltatu den kamareroak.

        —Baina bai Grises —heavyak.

        —Kontua ez da hain erraza, Dunne jauna —ezin izan diot eutsi, katastrofea saihestu beharra zegoen—. Mututzen zareten momentuan bertan historia idazteari utziko diozue, borrokatu beharrik gabe irabaziko dute.

        Heavy-rockero-mistoen begirada guztiak lerratu ditut nigana. Isiltasuna eta lotsa, ez dakit zein zeinen aurretik eta ondoren. Neure burua irudikatu dut segundo erdiz aitzakia itxurako txorradak harilkatzen bata bestearen atzetik, eta hori nahikoa izan da modarekin bat egin eta mututzeko. Garagardoak bukatu eta alde egin dute. Isiltasunaren alde egoteko zarata handiegia ateratzen dutela esatekotan egon naiz.

        Neure burua madarikatzen ari nintzen une berean egin dut topo kamareroaren begiradarekin. “Guztioi gertatu izan zaizkigu halakoak” adierazi nahi zuen irribarre rockero bat luzatu dit, baina ezin izan diot begiradari eutsi. Terrazatik hiruzpalau metrora zapatila batzuk zeuden elkarri lotuta farola batetik zintzilik, ni isiltasunari bezala.

 

 

 

Isildutako kulturgileen manifestuak noraezean utzi nau. “Isiltasuna bide baketsu, demokratiko eta estrategiko gisa”. “Isiltasun-harrikadaka aurre egin kultura hegemoniko aniztasun-baztertzaileari”. “Kritikotasuna areagotzeko bidea da isiltasuna, isiltasunetik sortzen den ezinegona barreiatuz besteak autokritika egitera bultzatzea da asmoa”. “Orain arte urratutako bideak, salaketa ozenak, ez du aparteko fruiturik eman; beraz, isil gaitezen, mututze kolektibo militantearen bidez sala dezagun itotzen gaituen egoera”. “Jendarteak kultura behar du bizitzeko, azkar nabarituko dira isiltasunaren ondorioak, azkar eta ozen”. Laburbilduz: orain arte altu hitz eginda entzun ez bagaituzte isil gaitezen, entzungo gaituzte eta. Historialaria naizen aldetik, ez zait estrategiarik eraginkorrena iruditzen. Askoz errazagoa zen zapi palestinoak janzten zituen eh hura ulertzea.

        Nire isiltasun kontuetan ere galduta nago oso. Atzo Ztik Arako trenbide zaharraren ibilbideari ekin nion. Lehen bi tuneletan kondentsatutako isiltasuna neure egiten saiatu nintzen. Bertan inor ez zegoela aprobetxatuta alkandora ere kendu nuen prozesua bizkortzeko, baina ezer ez, gehienez ere dardarizoz zipriztindutako isiltasun zikina, irrati diala aldatzean sortzen den horietakoa. Edonola ere, uste dut isiltasunarekin harreman naturalagoa lortzen ari naizela, orain ez nau horrenbeste artegatzen. Lehen urduritasunez blaitzen ninduen, edonon edonorekin edozertaz aritzen nintzen isiltasuna ez entzutearren. Neure buruari agindu diot egunero egingo dudala tuneletako ariketa espirituala, Pirisen isiltasuna harrapatu ezean sikiera Oteizaren hustasuna larruazalean tatuatzeko.

 

 

 

Aspaldi zen ez nintzela beste inoren etxean itzartzen. Etxean esan nahi dut. Hiru basokada ur eta ajea biderkatu didan zigarroa behar izan ditut Enara eta Alexenean nengoela konturatzeko. Lasaiago, mugikorra piztu dut, isiltasuna itzali. Enararen mezua, biak joan direla lanera, hartzeko dutxa ederra —toalla bat utzi dit konketan— eta gosaltzeko nahi dudana, hiruretarako etxean izango dela, elkarrekin bazkaldu eta arratsaldean Jazz-Berrira joateko. Ostia!!! Zimikoak erasan nau berriro, atzo sekulako aurkikuntza egin eta ia-ia pikutara bidali du ajeak.

        Urteak ziren Enara ikusi gabe, hamabost gutxienez. Gazte garaiko lagunen lagun horietakoa da, koadrillako batekin Sarrikon enpresa edota Leioan kazetaritza, arte ederrak edo soziologia ikasten zuten horietakoa. Ondoko herrikoa da, Alex da Zkoa. Atzo Foru Plazan Jabitxok eta biok aurkitu genuenean ezin izan nion garai hartako Enara borroka-bakalutia ikusteari utzi, nire gogoak etengabe lotzen zuen sasoi batean uste baino hedatuago zegoen azpi-espezie autoktono harekin.

        Horrelakoetan ohi denez, elkarrekin zurito bat hartzen hasi eta errondak pilatzen hasi ginen; eta errondekin batera hitzak, bata bestearen atzetik zetozen berbak. Halatan jakin nuen sasoi batean oso famatua izan zen Jazz-Berri diskoteka Zn zegoela, gure Zn, ez ondoko Zn, beti uste izan dudan bezala. Batzuetan ez naiz neure baitakoa. Isiltasunak jandako musika elektronikoaren antro klasiko bat neukan eskura, eta konturatu ere ez.

        1990eko hamarkada bukaeran zonalde hau diskotekaz josita zegoen; puntakoak gainera, tartean Txitxarro mitikoa. Aspaldi desagertu zen bakalaoaren euskal ibilbidea, argiak itzali eta bafleak mututu, auskalo zertan ari diren garai hartako djak. Enarak aipatu zidanez, supermerkatuak edo auto-kontzesionarioak egin dituzte garito haiek zeuden orube gehienetan, zutik dauden apurrak sitsak janda omen, Jazz-Berri bezala. Ikerketa-lerro argia nuen muturren aurrean, jakina baitzen Piris eta garai hartako rockero asko usu ibiltzen zirela Txitxarrotik-eta, parranda gogoari men egin eta musika azken putz bihurtuta; lotura argia zegoen aldarrikapenezko doinuen eta dantzarako musika elektronikoaren artean, etak eztandarazi zuen arte.

        Ajerako sendagarri gertatu zaidan baina-purea eta xerra bazkaldu ostean, zuzenean egin dugu ABra. Ztik bezala, sarritan pasatu izan naiz Jazz-Berriren aurretik ere, baina ez naiz bertan gelditu. Ate nagusitik beharrean, sastrakaz eta grafitiz betetako atzeko atetik sartu gara isiltasunaren errainura. Sinesgaitza egiten da itoginek soilik urratzen duten isiltasunean bildutako zakarrontzi hau behiala musika elektronikoaren paradisu izan zela.

        Sartu bezain pronto damutu naiz, teilatua erortzear dago, tokiak ez dirudi batere segurua. Sekulako arrakalak teilatuan, itoginen tantek sortutako hotsak ondo emanen luke garai bateko techno psikodelikoaren jaialdietan. “Bump, bump, bump!”. Plastiko eta zakarra nonahi, lila eta horiz pintatutako hormek ez dute larritasun sentsazioa baretzen. Diskotekako areto txikian barna, urdinez eta horiz pintatutako horma gehiago. Jazz-Berriren logotipoari J falta. Barra gainean auskalo noizko coca-cola botila, jabeak edan zuen azkena garitoari agur esateko, ez zuen alkoholik aukeratu, despedidak hobe hotzean eta anestesikorik gabe, gizonei dagokien eran. Barra nahikoa egoera onean, botilei eusteko goiko apal eta guzti. djaren kabinatik ateratzean malko ttipika hurreratu zait laguna:

        —Zenbat arratsalde eder Stationen! Bixentek bazuen guztiok dantzan jartzeko dohain berezia —malkoez beste egin nahian dantzan hasi da sastar artean—. “Tukutuku-tukutuku”. Bumping musikaren tenplua zen hau. Ba al zenekien?

        —Horixe irakurri dut interneten, baina niretzat berdinak dira bariante guztiak. “Patun-patun, patun-patun” —dantza robotizatuari ekin diot, ez nintzen laguna baino gutxiago izango.

        —Mozolo, nola izango dira ba guztiak berdinak?

        Garagardo eta coca-cola kaxa hutsak lurrean. Izkina batean komun klaustrofobikoak ezker-eskuin pixontzi eta komun-ontzirik gabe, urak aspaldi egin zuen bere buruaz beste tokitxo hauetan, baita antroa martxan zegoenean ere. Botila txikiak lerrokatuta banku baten gainean, lauzpabost, techno marrazki klasikoen horma-irudiak koheteak hiria hortzak ovniak, edari kaxa gehiago lurrean. Sukalde bat barra atzean, sinestezina.

        —Ai amigo, topikoak erraz apurtzen ziren toki hauetan. Garai gogorrak izan ziren, baina ze ondo pasatzen genuen.

        Kable solteak sukaldeko hormatik zintzilik, segur aski hor entxufatuko zuten beren burua denbora gehiago irauteko zutik. Jakiak manipulatzeko mostradorearen gainean palangana bat eta barruan zarama-poltsen erroilua, norbaitek kakatza hau garbitu nahi izan duen froga argia, borondatea da garrantzitsuena, Gora Jazz-Berri. “Bump, bump, bump!”. Edari kaxa gehiago zoruan, biltegia, botila hutsez betetako hiru kaxa, kaxa gehiago, kaxa gehiago pasillo estu batean, bi pauso, beste hiru kaxa bata bestearen gainean eta beste bat azpikoaren ondoan, hiru pauso, beste kaxa bat, zeinek esan zuen bakalutiek ez zutela alkoholik edaten! Beste kaxa bat. “Patun-patun, patun-patun”. Topikoaren arabera ura baino ez zuten edaten, beste hiru kaxa Heineken, entxufe irtenak, hori bai, ederki entxufatzen ziren, kaxa batekin estropezu egin eta ia lurrera.

        —Ikusten al dituzu kaiola horiek? —dantzaleku zentrala behar duenaren begiratokian dago laguna, bertara hurreratu naiz—. Gogoak kaioletan izaten zituzten. Gaurtik begiratuta terriblea da, matxiruloa goitik behera, nazkagarria!

        Ikusmiran dugun kakatzak zigarro bat merezi du. Lagunari bat eskaini eta beste bat piztu dut.

        —Mendiko prakekin eta riñonerarekin ere etorriko zen bat baino gehiago…

        —Ajajajajajaja!!! Gutako asko. Ez genuen gehiegizko lanik hartzen apain joateko: elastiko zuri bat, marra urdin eta horiak zituen sudadera kantosoren bat eta aurrera. Betiko topikoa da errebaletako bakaletak soilik ibiltzen zirela horrelako antroetan, eta horrek amorrua ematen dit. Orduan asko eta asko ibiltzen ginen honelakoetan sartu eta sartu, ez bakarrik erdaldunak. Baserritar racingzaleekin makina bat barre egindakoa naiz, ederto pasatzen nuen haiekin aparkalekuetan edozer sartzen; umore berezia zuten, bizia. Gaupasa goizik politenak Ako Xoxoten egin ditut, baserri-antro haren aurrean barre eta barre horrelako elementuekin. Inoxen ondoko tabernetan ere barre galantak egindakoak gara, sekulako pasararekin solomo bokadilloa jaten saiatzen ziren piztia haiek. Hori bai, txarrenak txirrindulariak izaten ziren, lehen marrak sartzen hasi eta mundua haiena zela uste zutenak —gorroto biziaren punttua nabari zaio begietan.

        Baranda lilaren azpian dantzaleku nagusiko lurra hondoratuta, gu bertan gaudela teilatua erortzen ez bada pozik. Enara, ni ez naiz horra behera jaitsiko. Lasai mozolo, ez zaigu ezer gertatuko, ederki ezagutzen dut hau, ez nuen alferrik eman gaztaroa berton. Begira nola dagoen teilatua, ai ama, alde egitea ez da aukera bat, Eñaut. “Bump, bump, bump!”. Teilatutik dindilizka dauden kable irtenek estalaktita klaustrofobikoak dirudite. Hesiak lurrean, gogoen ziegak, estalaktita gehiago, bere garaian ustez anplifikadoreen kaxa izandako metal handi kakaztoak ez du isiltasuna hausteko beste watiorik, “tukutuku-tukutuku”. Zenbat arratsalde on Ivanjazz eta dj Grekekin. Edari kaxen hustasuna, kaxarik gabeko hustasuna, berriro diot: nork esan zuen pastilleroek ez zutela alkoholik edaten. “Tukutuku-tukutuku”. Gainalde horixka duen barra luze lila, hainbeste dantzaren dantzaz argaldutako kañeroen eskeletoak, teilak lurrean, zutabe flakatuak, ni banoa, “Bump, bump, bump!”.

        Kalera irten eta errepideko zaratak biziberritu nau, ezin nuen jasan techno doinu kadukatuen isiltasun kondentsatua.

 

 

 

Urte haietan Jarraiko hainbat militante erori ziren kale borrokako ekintzak leporatuta, eta sarekada potolo batzuek droga trapitxeoa zuten iturburu. Hortik tiraka eta hainbat amarru erabiliz, Guardia Zibilak gaztez hustu zituen herrialdeko eskualde batzuk. Hko jaiak, eta H gazterik gabe. Oko jaiak, eta O gazterik gabe. Garai latzak izan ziren ezker abertzaleko ezein erakundetan militatzen zuen jendearentzat, bereziki gazte mugimenduan ari zirenentzat. Nazio mailako estrategia atondu ostean, herrietako asanbladek militantzian droga kontsumoarentzat tarterik ez uztea erabaki zuten, eta ondorioz militante gazte askorentzat ohikoak ziren kontsumo ohiturak hesitu zituzten. Enarak zurrunbiloaren erdian aurkitu zuen bere burua.

        “Militantziako kide askorentzat bakaluti drogazalea bilakatu nintzen; errezeloak pizten nituen, ordura arteko gure lanak ezer balio izan ez balu bezala. Presio latzak izan nituen, gurasoak ere tartean sartu zituzten uneren batean. Batez ere zaharren kontuak zirela esaten nion neure buruari, egoera oso larria bazen ere askok zentzuz jokatu genuela ordura arte. Bagenekien alde militantea eta alde golfoa banatzen, nahikoa zen babes neurriak areagotzea. Baina arima bikoitzarenak ez zuela funtzionatzen zioten behin eta berriro, horixe bera pentsatu zuela batek baino gehiagok 1980ko hamarkadan eta guztiek bukatu zutela kanposantuan, ea ez al nintzen osaba Gorkaz gogoratzen. Badakizu? Lagun asko galdu nituen garai hartan, batekoak zein bestekoak. Ez ninduten begien aurrean ikusi nahi, eta halako herrarik ez nindutenei ezin nien aurpegira begiratu”.

        Txarrena, baina, iristeke zegoen. Droga trafikoari buruzko militanteen jokabidea landu zuen herri-asanblada monografikoan babes-neurriak adostu zituzten. Ondoren, herriko trapitxero eta drogazaleei nazio askapenerako mugimenduaren jarrera jakinaraziko zien lan-talde bat eratzea bozkatu zen; Enara eta beste militante “zalantzagarriak” hautatu zituzten zeregin horretarako.

        “Baina nor nintzen ni ordura arte lagun eta ezagun izan nituenengana joan eta gaztetxean zein taberna batzuetan droga kontsumoa debekatuta gelditzen zela esateko? Nik neuk kontsumitzen nuen eta! Zer sinesgarritasun nuen nik ordura arte drogak pasatzen zizkidatenen aurrean? Zein nintzen ni? Absurdoa zen goitik behera, ez dago zuk egiten duzun hori besteari debekatzea baino lerdokeria handiagorik. Gurpil zoro batean sartu nintzen: egun batean herriko kamelloengana joan asteburutik aurrera gaztetxean droga kontsumoa debekatuko zela abisatzeko, eta handik bi egunetara pertsona berarengana hurreratu astebururako materiala erostera. Eta are surrealistagoa: kamelloak aurpegi txarra jarri baina droga saldu! Horrek ematen zidan minik handiena, batzuek saldu egiten zidatela gainera, nik-ez-dakit-zer botere banu bezala. Kaka zaharra nintzen eta!!! Lagunei drogen kontrako mitinak eman eta aldi berean niretzat droga erosteko eskatzen nien. Kaka hutsa!”.

        Zuzenean edo zeharka, droga berarentzat zela jakitun materiala saltzeari uko egin ziotenak miresten zituen Enarak, kontraesanez jositako amaraunean nolabaiteko koherentziaz jokatzen zuten bakarrak. “Nik ere gauza bera egingo nuke ni bezalako hipokrita bat parean izanda”. Orduan hasi omen zen bere burua egurtzen eta gorrotatzen, baita jarrera hori muturrera eramaten ere. etak Txitxarro zartatu ostean, diskoteketan giroa ezin nahasiago zegoenean, antroz antro erdi-bakarrik ibiltzeari ekin zion, aspaldiko ezagun eta lagunen gorroto begiradak pilatu nahian. Diskotekara sartu behar zuela pentsatze hutsak dardara batean jartzen zion gorputza, baina ezetz esaten ez jakiteagatik ordaindu beharreko bidesaria zela iruditzen zitzaion. Betiko autopistan istripua izan zuen arte.

        “Sadiko portatu nintzen neure buruarekin, eta hori ordaindu egiten da. Oraindik ez dakit zer bilatzen nuen: jendeari pena ematea segur aski, gogorra nintzela erakustea, antzeko txorradaren bat. Kontua gogoratzen dudan aldiro Oko militanteak gogoratzen ditut. Haiek ez bezala, nik ez nuen ezetz esateko adorerik izan”.

        Lagunaren barren-hustea portuetako kontenedore pisutsuak bezala erori da ABko terraza honetara. Begiradarekin konplizitate eta elkartasun keinu bat saiatu dut, azkenean zigarro bat eskaini diot, arratsaldeko enegarrena.

        “Badakit zer ari zaren pentsatzen, orain mendizaletasunaren bidez drogatzen naizela. Eta hala da neurri batean, mendiarekiko obsesioak bizi nau orain. Baina behintzat sanoagoa da”.

        Belarriak buxatu zaizkit, ez dut ondotik pasatzen diren kotxeen burrunbarik aditzen, ezta elkarrizketak iraun bitartean frontoitik zetorren zalaparta ere. Metro gutxitara dagoen Jazz-Berri zaharreko “Bunba, bunba, bunba” baino ez dut aditzen barreneko isiltasunaren ezkerreko birikan, “tukutukutuku-tukutuku-tukutuku”.

 

 

 

Paisaiarekin mimetizatzen. Sastarrainen ibili naiz, Ekaingo jatorrizko haitzuloa aurkitu guran. Bailarako natura zoragarriaren erdian tokiz kanpo ematen duen erreplikaren eraikina eskuinetara utzi, eta bidean aurrera galdu egin naiz. Lehendabizi historiaurrekoa izateko modernoegia den hipodromo edota pikadero abandonatu batean agertu naiz, eta ondoren harrobi batean. Ez da harritzekoa, perretxikoak beste harrobi dago inguruotan. Pasieran zebilen emakume batek jarri nau kobaren arrastoan. Mendi magal batean, bi harkaitz handiren artean dago historiaurrerako sarbidea. Inguruan inongo seinalerik ez duen hesia zeharkatu, eta aldapa gora txirrist egin dut pare bat aldiz, ia hankaz gora erortzeraino. Helmuga hogeita hamar pauso eta harkaitzen arteko lau maniobratara banuen ere, kontua lasai hartu eta zigarro bat piztea erabaki dut.

        Koba atzez eta Sastarrain aurrez nuela norbaiten begirada sentitu dut lepo gainean. Atoan buelta eman eta harkaitzen aldera begiratu dut. Han zegoen. Bi segundoz gurutzatu dira gure begiradak, ez gehiago, konturatu orduko harkaitzen artetik gora egin du itzal pisutsuak. Istant batez harkaitzetako batekin estropezu egin eta birinbolaka erortzeko zorian egon da. Ez du kirolari estilorik, baina bai polizien aurrean korrika egiten zaildutakoarena. Bera zen, txima horiek eta kepis beltzak ez zuten zalantzarako tarte handirik uzten.

        Korrika ekin diot bere atzetik. Gauza horiek ez dira pentsatzen. Ez dut askorik iraun, lehen harkaitzera iristerako lurrera bota dut neure burua, erortzeko beldurrez. Hortik aurrerakoa narras egin dut. Hiruzpalau aldiz oihukatu dut bere izena, oihartzunak ris-ris-ris zekarkidan bueltan. Ihesaldian eroritako harri txikiren bat, bere agerpenaren froga bakar. Eta nire ahotsaren oihartzuna, ris-ris-ris.

        Arnasa bere onera etorri ostean beste zigarro bat piztu dut. Emozio gehiegi, egunero ez da desagertu mutu bat ikusten. Egunaren borobiltasuna neurtzen ari nintzenean gogoratu dut Ekain ikusteko hurbildu naizela bertara. Bi harkaitzen artetik kontu handiz igo eta harpearen sarrera agertu zait aurrez aurre, mendiaren kontra eta haitz biren artean. Tenplarioek Sastarrain utzi aurretik presaz egindako kartzela dirudi kobazuloaren atariak. Burdinazko barrotez egindako ateak bete ezin dituen tarteetan historiaurrerako leihoak daude, eta horiez gaindi isiltasunera daramaten eskailera herdoilgaitzak. Barrenak ez nau erasan, ez dut arbasoen hotsik entzun, baina ez da kasualitatea Desagertua haitzulo aurrean egon izana. Milurtetako isiltasuna hobeto aditzearren burua barroteen artetik sartzen saiatu naiz, baina ezin, nire kaskoak tenplarioenak baino diametro handixkoagoa du, nonbait. Etsi beharrean, beste zigarro bat piztu eta harpearen isiltasuna xurgatzen saiatu naiz.

 

 

 

Landetxeko ugazabaren neba mareatzen aritu naiz. Arkeologoa izaki, leizeen inguruko pilo bat galdera egin dizkiot, Pirisek historiaurreko isiltasunarekin duen harremana ikertze aldera. Zehazki, isiltasun horren ezaugarriengatik galdetu diot, isiltasun betea, betegina edo betearazlea den, berau entzuten duen oro isilarazteko gaitasuna duen, isiltasunarekiko adikzioa sorraraz dezakeen. Berehala despatxatu nau, arkeologiak hotsen gainean ezer gutxi argi dezakeela esanda, edo deus ez. Etnografiak gehiago, egon badagoela hotsak lantzen dituen korronteren bat. Jakin ez baneki bezala. Landetxean etxekotua naukate, aise egin ditzaket nahi beste eta nahi bezalako galderak. Hori abantaila nabarmena da.

        Anbuk eta Alaitzek diotenez, noizean behin etortzen omen da rockero hori Aranburura. Atzo bertan egon zen hemen, gu oraintxe gauden mahaian bertan eserita. Beti etortzen da bakarrik; liburu bat eskuan, irakurtzeko plantak egiten dituela esan du Nievesek, irakurri ezertxo ere ez. Konpultsiboki edaten omen du coca-cola, ordubetean hiru bai gutxienez, gero batek daki zenbat egingo duen lo pajaro horrek. Ez du oso gustuko, ez da garbia. Zein zentzutan? Kiratsa dariola, ez dela dutxatzen, que huele. Herri osoko baserrietara ura eramatea kosta zitzaigunarekin, hori ere ikusi behar. Ze baserritan bizi da ba? Hori, inon ez, roulotteren batean edo; ez al da hala, Miguel Angel? Hala entzun diat, bai, azken aldian Erbimutur eta maizter bizi ziren baserri zahar hartatik gertu omen du karabana.