Gauak zuri Usurbilen
Gauak zuri Usurbilen
Itxaro Borda

USURBIL
 

 

HIRUGARREN GAUA

 

Oren erdi baten aitzinarekin agertu nintzen Nadiarekiko hitzordura. Belar idor usain on bat nekarren larruari josia. Eguna pasatu nuen Lasazpi baserrian, soroak biltzeko esku ukaldi hiritar bat ematen. Hiritar diot, sarde ukaldi baino hitzaldi gehiago egin nuelako, lagunek, izerdi patsetan, intzirika, orgak karratuan kargatzen zituzten bitartean. Arrillaga II.aren modeloari jarraikiz, aizkolari izateko ametsez zebilen etxeko seme gazteak zuen traktorea gidatzen, bere kontaktuekin iritziak mugikorrez trukatzen zituela.

        Negurako mukuru utzi genuen selaurua. Lasazpiko etxekoandereak hurrupaldi batera gonbidatu gintuen eta hamar kide bildu ginen ezkaratzeko mahaiaren bueltan. Eskuak garbitu genituen aska zabalean, kopetan itsatsi hazi eta errauts puxikak ere kenduz. Irri, algara, garrasi eta animo bultzadak biderkatu ziren, poztasuna halaber, leku segurean zirelako belarrak, euritik salbu. Lasazpitik jaitsi nintzen, Urdaiagako San Esteban baselizaren eretzetik pasatu eta Santuenerako bide lauzatura zuzenduz.

        Lasazpiko sukaldean, Maiderren aitarekin egon nintzen solasean. Artzaina izana zen. Bedaioko alhagietara eramaten zituen ardiak udaberrian, kasik larrazkeneko lehen elurretaraino. Bedaio, Nafarroako mugetan zetzan makillez habitatu Tolosako auzoa zen, Balerdi mendiaren maldan. Artaldeak irudikatu nituen, orain txirrindulariek hartzen zituzten Urdaiagako lurrezko xendretatik, Asteasu eta Zizurkilen barna, Oria ibaiaren oheari jarraikiz, Bedaiora iristen, marrakaz eta joareak ozen. Gaur egun, kotxe gehiegi bazen, fabrika, lau lerrotako autobia, gasolindegi, supermerkatu eta etxebizitza sobera ibilbide horren ezpondetan. Ametsaren lana zen nire irudipena, adineko gizonaren ele zohardietan oinarrituz eraikia.

        Hirira heltzean, herritar batzuk gurutzatu nituen. Txirristra ostatuan sartzear zeuden.

        —Ze mouz zabiltza Usurbildik?

        —Ongi, biziki ongi, etxean bezala…

        Egiaz, ederki sentitzen nintzen Usurbilen, aspaldiko lagunekin kafea hartzen, lantxurdarekin ibilki edo jendeekin eleketa. Gainera, lehen aldia zen osoki euskaraz bizitzen ahal nintzela, bortxatu gabe, nahiz eta batzuetan ene gaztelera mendrea ere erabiltzea tokatzen zitzaidan. Askotan ez ordea. Buruhauste linguistikorik ez neukan, nahiz eta bakarrik bizi nintzen, ez nintzen hargatik sekula bakarrik sentitzen: herria, herritarren beharren arabera antolatua zen, txikienetik handienera, bakoitzak bere habia egin zezan, ahalmen ugarien matazak hiritartasun anitza bilbatzea baimenduz.

        Bazter orotara beha jarri nintzen. Gaua hor zen jadanik eta izarrak kliskari. Soa apaldu eta Nadia ere han zen, Mikel Laboaren omenezko lan artistiko haren aldamenean. Niri begira. Nire burutazioen norantzak asmatuko zituen jainko kurios eta mehatxuz hantu haien gisara. Bihotz-hautsien aldarean sakrifikatuko ninduen, aurki, airoski, garaipen oihuak libratuz. Anartean ihardukiko nuen, borrokatuko nintzen, Nadiaren alde, ene alde, lur minbera honen alde.

        Plazaren erdian, eta uste gabetarik, bata bestearen besoetara jalki ginen. Hain denbora laburrean, gorputzen berotasunaren falta nabaritzen ote genuen? Kilikak eta kilimak partekatu genituen, eskuen ibilera lizunak, ezpainen arroztasuna. Nadiaren ahotsak belarriak harrotu zizkidan:

        —Etorri zara?

        —Bai, hemen nago eta gaur, urezko gauaz gozatuko dugu, badakizu ura dela maitasunaren sinboloa, ura eta urdina dira erromantikoen ikurrak. Baina gu ez gara erromantikoak, ezta?

        —Ez, ez gara. Pragmatikoak baizik. Oinak lurrean ditugu eta buruak hodeietan. Baina zu, alderantziz, ameslari hutsa zara. Badakizu ene konkistatzeko xantzarik ez duzula…

        —Nork daki?

        —Arrazoia duzu, nork daki… zure temak pozten nau. Ez zara maitemindua baina maite nauzu, nola esplikatzen duzu hori?

        —Har ezazu argi hau eta goazen. Auzia uretan trenkatuko dugu, zaude lasai…

        “Zaude lasai” ironikoa harilkatu nuenean, Usurbilgo elizaren horman gizon zohar baten silueta agertu zen: Joxean Artzeren soslaia sumatu eta entzun nuen haren ahots sakona, metalikoa, “zai bazaude, zaude lasai” ahoskatzen zuen, “askatuko zaituela” eransten eta “kateak itsusiak baitira hilotzaren gorputzean” hitz kordelarekin bukatzen. Jauzikaratu nintzen. Izua eta murru beilegiko zuri-beltzezko holograma antzeko zera barreiatu zenean, ez nintzen batere lasai sentitu. Nadiaren eskua tinkatu nuen. Emakume ederretan ederrenak nire begitazio terriblea ez zuen ulertzen.

        —Zerbait huts egin dut?

        —Agerinde bat zen, deus ez.

        Egiategi zuberotarraren lexikoa erabiltzera bulkatzen ninduen beldur zozoak. Itxura immateriala ezabatu eta baketu nintzen. Beste egitekorik bageneukan. Alabaina, Usurbilgo udalak herritarren esku uzten zuen kotxe elektrikoa erreserbatu nuen gau baterako Aginaga aldera joan eta Mapil baserriaren gibelean aparkatzeko. Bezperan, ontzitxo urdin bat begiztatua nuen, zingira hegian eta marinel gazteen loriaz, hura baliatuko genuen Oriako ihiztoketan nabigatzeko.

        Gogoan nuen nola goiz batez, Opil Goxoa okindegian, alferren hamaiketakoa egiten nengoela, adineko bi hauteman nituen, espantuka:

        —Agińan, dirua eta indarra… dirua, eliza berritzeko loteria behin tokatu zelakoan, nahiz eta herriko baserri asko hipotekatu ziren horretarako. Ahantzi gabe, Kolonbiako lehorretan San Jose ontzia aurkitu zutela, hemen egina, urrez kargatua…

        —…badira gure herria itsasorik gabeko portu bat dela diotenak… aberastu gara… errioko altxorrak, alak, linternak, baiak, txitxardin askak eta polaina… eta tabakoa uretan, angulak akabatzeko…

        —Denborak joan dira, Aginagan zerbitzatzen direnak, dagoeneko kanpotik etortzen zaizkigu…

        Segur naiz berriketan segitu zutela. Angula-mangula. Euria ari zuen eta Usurbilgo  burdindegia dendan erosi artzain-aterkia irekitzeko giro zinez egokia zen. Gizonen elasturiek ibaitik paseatzeko gutizia sustatu zidaten eta Nadia agertzeak motibazioa mila bider indartzen zidan.

        Zingiran geunden. Alaren barnera jauzi egin genuen, zapatak bustiz. Motorra piztu nuen. Oria ibaira itzulikatu nuen ontzitxoaren txopa. Lurraren eta uraren misterioaren bihotzean sartzear geunden. Motorraren xuxurla xehearen gainetik, huntzak eta kahakak aditzen genituen, gau txori herabeen txioak, zakur zaunka urrunak eta gure hatsaren elkorra, ahotik biriketara eta alderantziz. Munduaren parte biologikoak ginen, poetek gizakiaren eta naturaren artean egiten zuten bereizketarik ez bailitzan. Arrakalak ginen, pitzadurak, orbain idorrak, ziztu bizian sortzen eta hiltzen ginen molekulak.

        Iragan mendeetan, Oriako ezpondetan astilleroak kausitzen ziren. Gabarrak, alak, txanelak moldatzen zituzten Andatza eta Aginaga bortuetako egurrekin. Bide komertzial guztien abiapuntua zen Mapil. Orain aldiz, erreka hegiak artoz, ilarrez, sagarrondoz eta baratzezainek oparo oparitzen zizkizuten kalabazinez emokatuak ziren. Marearen erritmoan bizi zen mundu oso bat hedatzen zen barta horietan. Ederrena, lagunek aitortzen zidatenez, larrazkenetan, eguna altxatzean, eki leinuruak ebakitzen zuen lainoaren argitasun uherra, errekaren azalean.

        Nadia erdiko oholean zetzan. Gorputza gerritik plegatuz atzera so egin zuen. Bazirudien gaueko ikusmena genuela.

        —Badakizu zer?

        Nadiaren botza zen. Astotik lastora:

        —Iragan eguerdi batez, Patri jatetxean, gusturik hoberenean mahaian jarria nintzen, azietan txipiroiak tinta beltzean eta txakolina basoan… horko zerbitzarien amodioz itoa... hoberik ezin… beltz handi bat hurbildu zitzaidan girgila merkeak saltzera. Moltsa etxean utzirik jaitsia nintzen, zorigaitzez, eta beste baterako izan beharko zuela jakinarazi nion. Zedrozko elefante txiki bat kokatu zidan ahurrean:

        —Suerte para ti… ˇun mal día para mi!

        Lagunak hunkitua zirudien. Beltzak, nik, Santueneko erriberetako baratzeetan, biperra biltzen ikusten nituela salatu nion. Edo topoan, Donostiarantz. Nadiak elefantetxoaren zizelkia erakutsi zidan. Solasa agortu zen. Lokatz hil eta landare urrin segikor bat zetorren Oriaren errai likidoetatik. Betetzen gintuen. Ibaiaren hezurdi isurkarian geunden oreka galtzear eta mendi aldetik, txalaparta soinu bat zetorren, oihar. Makilek, harrizko zaflak jotzen zituzten, bihotz-petrifikatuen taupadak biderkatuz. Handik gutxira, eskuz bulkatu alatxoa geneukan begi bistan, geldo, isil, ahul. Linterna baten argi zuhurrean, izaki trapuak baia maneiatzen zuen trebeki, eta noiztenka, har malatsen maneran bihurdikatzen ziren zilarki zurbilak jalgitzen zituen uretik. Angulak ziren, angula famatuak, Aginaga Angulinaga egiten zutenak.

        —Ez nauzue ikusi…

        —Ez diogu inori ezer erranen.

        —Hoi denk fundamentua!

        Korrontea azkarrena zen aldean zegoen ala umila. Kontrabandoan ari ote zen burua kaputxaz estalia zuen gizona? Txanelaren hondoan, fusil bat zeukan eta bakean utzi genuen, zer gerta ere. Konturatzen nintzen ur geldoak bere sabelera tirriatzen ninduela. Isuri harkorra zen, belar gorakoi eta zuhaitz zapalen magalean, egunean bietan itsasoko gatzak hazten zuena. Ahoa miresmenez zabalik zegoen Nadiari behatzen nion, urera jauzi egiteko jaidura zapalduz. Lur heze eta lokatz usainek zorabiatzen ninduten.

        Intziri ahula libratu Nadiak:

        —Argitasun baltikoak kitzikatzen duen San Petersburgon ere kanalak badira eta amarekin, amamarengana joan nintzen batez, Neva ibaian paseatu ginen hirurak… batelero kalakaria geneukan arraunlari eta gidari, udaberritan, hormazko geruza kraskaldi erraldoietan puskatzen zen garaian…

        —Aginagako ihitokiek ez dute deus ikustekorik Iparreko Veneziakoekin.

        —Ez pentsa, Pedro Handia tsarrak lan handiak eraman zituen, justuki, hango ordoki hezeak uraren atzamarretatik kentzeko. San Petersburgoren bihotz punparia urmael dardartia da.

        —Hiriak beraz kaosaren eta izan-premiaren arteko talkatik jaukitzen dira? Hori da frogatu nahi didazuna? Maitasuna ere hala liteke?

        —Gure artean ez dago maitasunik…

        Zer uste zuen Nadiak, nik ez nuela harenganako maitasunik? Hirugarren gaua zen elkarrekin pasatzen genuela, ez buru ez buztanik ez zuten mintzaldi sasi-filosofikoak irunez. Irria partekatzen genuen, haserrea, isiltasun behartua baina gauerditan, Mikel Laboa Plazan ginen, kidea noiz etorriko zen aiduru. Hori ez baldin bazen maitasuna…

        Txanelaren zolan lur mokorrak baziren. Motorra eho nuen, ubide hertsietatik eratortzeko. Gauak zigun norabidea finkatzen: anfibio ausarten eresiek eta txori izutuen auhenek oilo-larrua eragiten ziguten, adimenak ez ziren hegietatik aldentzen eta apo baten jauziak lokatz malgua ziliportatzen zuen. Mokozabal saldoak airea moztu zuen.

        —Aginaga auzo berezia da, beheko errio-zaleak beti pataskaz dabiltza goiko baserritar mendi-zaleekin. Aski duzu, etxe-saihetsean belar meta perfektua daukan Etzal baserriko ahizpekin mintzatzea eztabaida horien gaurkotasunaz jabetzeko… hala ere elkartzen dira, Etxebeste jaunaren diruz eraiki eliza zaharra auzolanean konpontzeko adibidez… Azkorri aldean sortzen den Oria ibaiak, bestalde, Aginaga zurkaizten du, Usurbil bera errekari bizkarrez emana bizi den artean. Ez luzerako ordea, ETBn entzun baitut, Gipuzkoako Uhin Artifizial eta ur-jokoen parke erraldoiak Orbeldi inguruetan eraiki behar dituztela, erraustegiaren maldan eta han-hor iragarria den mega-kartzelaren auzunean…

        —Ez al duzu zuk zientzia-fikzio katastrofista gehiegi leitzen? Nahiago dut Wikipedia bezala mintzo zarenean…

        —Horixe ba… Usurbileraino nabigagarria zen Oria, Santueneko eiherako presa altxatu zen arte… eta leraz zein urkuluz jaitsi errotarriak ontziz eramaten ziren Andatzatik Orioraino…

        Bigarren musua pausatu zidan ezpainetan, isil nendin menturaz. Ala arina abantzu uzkaili zen Nadia bankutik altxatu zenean. Oihu latz batek ebaki zuen gauaren mihise mamitsua: zer zen hori? Irasasiko oihanetan galdutako oreinaren harramantza ote? Beharbada (euskal) film sobera ikusten nuen eta ezer ez zen, ene buruko barne-zarata elkorra baino.

        —Marea bat zara, Nadia, eta nire sentsazioekin jostatzen zara potta ematen didazunean, ez dakit gehiago nongoa naizen. Lehen ere, marea goratzean, padurako lur busti hauek Oriokoak ziren, eta itsasoa apaltzean aldiz, Usurbilgoak.

        —Konparazio egokia. Ez dut ahantziko. Zure ondoan etzan naiteke?

        —Zatoz.

        Ibaiaren muinean ginen, uraren ispiluan. Kulunkatzetik gelditu zenean, alaren zola lakarrean geunden, bi gorputzak bat, begiak norabide berdinera zuzenduak. Hezetasun hotza larruko poroetatik sartzen zitzaigun: mamuak baziren, ziur, borrokan, garrasi zintzurkoiek natura geldoa zulatzen zutelako. Errekatik ikusten ez zen Orio eta Aginaga arteko errepidean auto bat iragan zen ziztuan.

        Mundutik at geunden.

        Tiro bat. Sasiko hegazti eta ugaztun guztiak hegaldatu ziren, fra-fra-fra. Lanjera  sentitzen zuten. Beste tiro bat. Ehiztari bat bazen, erbi edo oilagor bila. Abere ezindu orroak urratu zuen ilunpea. Handik laster, Oriaren ezker ezpondatik zebilen itzal bat zehaztu genuen, eskopeta eskuetan eta zaku astuna sorbaldan. Zanpa-zanpa zihoan, legez kanpo zebilelako agian. Txanelaren gerizpean gorde ginen, kontrabandoan genbiltzalako gu ere.

        Ekialdetik sugartu zen ortzia. Mapileko portu abegikorrera itzultzeko tenorea genuen. Bi arraun ukaldi eta lur fermuan geunden. Sosegatuak. Baketuak. Ura zen gogoetak bideratzeko modurik hoberena: aldi berean, geldotasuna irudikatzen zuen, eta mugimendu etengabea, bizitzaren alfa eta omega, den-dena jatorrira bideratzen gintuen isuri uhargia zelako. Askotan ukatzen genuen errealitatearen funtsa eguneroko itxurakeriez harago aurkitzen zela frogatzen zuten ur, euri, uholde eta iturriek.

        Laino mihiek troxatzen zuten Aginaga. Jendeak oraino ohean ziren. Laster batean Elizalden aurkitu ginen udaletxepean autoa uzteko. Han bereizten baitziren gure bideak.

        —Bihar ere bai?

        —Ez dakit.