Gauak zuri Usurbilen
Gauak zuri Usurbilen
Itxaro Borda

USURBIL
 

 

LEHEN GAUA

 

Ibon rg-ren kontzertuaren ondotik hasi zen guztia. Artista bilbotarrak atera berri zuen Artzeren idazkiekiko album berezia aurkezteko zuzeneko emanaldiak eskaintzen zituen, Enrike Hurtado musikari lagunarekin. Zumetak hornitu Elizaldeko frontoiaren gibeleko harrizko tauladan plantatu ziren, beren hari, tresna eta azantza egiteko material izugarriekin. Ibonen marrumek oihar egiten zuten gauaren atarian eta Enrikeren txalaparta soinu elektro-akustikoak suge lumadunen infra-mundutik zetozela bazirudien. Maite nuen musika mota hori, maite nituen Ibonen ahots jokoak eta Enrikeren egur kolpeen erritmoak egurraren gainean, maite nituen azkenik Isturitzetik Tolosan barru poema bildumako olerkiak, salbuespenik gabe.

        Gogoan neukan non erosi nuen liburua. Katakonben garaietara eramaten ninduen oroitzapenak. Pannecau karrikako Zabal liburutegian zen, ziur nago horretaz, garai haietan besterik ez zegoelako Baionan. Euskarazko liburuak eskuratzeko Otsabidetik autoz etorri behar nuen, ordubeteko bidea, pentsa, eta Baiona Ttipiko giro tepuan urtu, beldurgarria zena orduan. Hor biltzen ziren Hegoaldeko errefuxiatuak eta Iparraldean beraien buruak euskaldun zeuzkatenak: euskaldun izatea erabaki politiko baten ondorioa baitzen, konbertsio ideologiko batena, jatorriko familiaren eta herriaren alde bizitza emateko prest zegoen jende-multzo deliberatu baten arteko haustura ezinbestekoa.

        Txalapartaren kolpe bakoitzak nire iraganaren horma porroskatzen zuen, adreiluz adreilu, urtez urte, irudiz irudi. Buru barneko pantailan, Ibonen urruma elkorrek iratzarrarazi hitzak eta mehatxuak gorpuzten ikusten nituen: auzo hura zikina zen, pixa eta garagardo urrina zerion, izaki bitxiak bazebiltzan gaua jaitsi orduko, norberaren frakasoa zedarrituz. Ez-mundu horretan kokatzen zen Zabal liburutegia eta euskaraz ilustratu nahi zuenak hor zuen eskaintza aberatsa. Barnean, Maite Idirin aurkitzen genuen, edo Jokin Apalategi, aholkuak emateko beti gertu. Ez dakit nondik neukan dirua, baina Artzeren bilduma karioa niretu nuen, Otsabideko selauruko nire logela hotzean, lore zitala bailitzan, elerik ele hostokatzeko.

        Izerdi zebilen Enrike, mugimendu barnekoi batean kulunka, mistizismoaren mugetan. Mikel Laboa Plaza sakralizatzea lortzen zuen Ibonen boz sakonak. Negargura sudurkoia neukan. Musikak eta ahotsak isuri organikoa osatzen zuten, zainak emokatzen zituzten, emozio ezberdinak elikatzen, eta azkenean zaurgarri uzten ninduten. Zeru beltzera so egin nuen, salbatuko ninduen izar kliskalariaren bila. Debaldetan. Ortzia beltz-beltza zen, esperantzarik ez alde horretatik. Haize arin batek freskatu zituen bazterrak. Urdin koloreko laino pisuak metatzen ziren itsaso aldetik.

        Artistak agurtu ondoren Tangerrera itzuliko nintzela erabaki nuen. Herritar batzuek hala izendatzen zuten Santuenea, bertan ohatzen ziren gaztelar, galiziar eta magrebtar langile ohien omenez. Edo burlaz. Nork zekien. Udako ordu luzeetan, hango jargietan kasik etzanak ikusten nituen erretiratu saldoak, zigarroak edo garagardoak eskuetan, solasean, goraki, mende ahituetako izerdi perla distiratsuak gatibatzen saiatzen. Behargin akituak. Higatuak.

         “Hola!” murmuratuz agurtzen ninduten, beraien arteko atzerritar bat gehiago banintz bezala. Nintzena. Ez nintzena. Apartamentuan pasatu nuen lehen arratsaldean, Eroskira joateko atea ireki nuen momentuan, aurreko bizilagunaren burua ilki zitzaidan borta artetik:

        — ¿Eres la nueva vecina?

        —Si… soy yo…

        —Bienvenida!

        —… eskerrik asko… gracias.

        — Bien, muy bien, nos veremos.

 

 

 

Amatxi gisako anderearen barrea neukan buruan, eta orduan nuen ikusi. Begiak borobil ireki nituen. Neska hura! Neska hura… Zertan zebilen ilunean malkotan? Zelako penak larranzten zion bihotz aldea? Nola posible zen hain triste izatea artista bizkaitarrek eman ziguten kontzertu bikainaren ondotik? Hurbilduko nintzaion? Zertara zetorren ene baitako humanitate sufrituarekiko abegikortasun bitxi hau? Normalean, jendetasunak hazten ahal zituen arriskurik gabeko bakartasuna nahiago nuen… emozionatu eta gero etxera, etbko Nahieran atalean, pilota partida bat edo Goenkale zaharren errepikak irensteko. Zein indar ezkutuk eraman ninduen hipaka lehertzen zihoan izaki harengana? Ez dut oraino ere ulertzen.

        Pentsamendu hutsalen ildoa abandonatu nuen. Hiriko argi iturri baten azpian zegoen. Begi-xirripak idortzen zituen, astiro, mokanes zuriaz. Emakume xarmanta zen, begitartea zorrotz eta larrua zuri, ile beltz-beltzak sorbaldan behera barreiatzen zitzaizkion, bularralde oparoa zuen, sabelalde laua, miresgarria, azpiak aldiz gogor eta ipurdi mazelak borobil. Ene irudimenak abiadura handian, urrunean zehazten zuen kide xifrituaren irudi desiragarria oparitzen zidan.

        Sentitu nuen ametsaren zurrunbiloan metatu itxindiak berriz pizten zihoazkidala. Neskarengana behar nuen, derrigor, absolutuki. Ez zen imajinazioaren joko soila, egia zen, benetako itxura, argi zirrista, ur eta su, ausartu nintzen, aldamenean plantatu nintzaion:

        —Zer duzu negarrez? Mundua ez da gaur eroriko… Zerbait egin dezaket zure min handi horren jabaltzeko?

        —Mirakulugilea zara ala?

        —Ez, baina laguntza adiskidekorra proposatzen dizut.

        Hozki begiratu zidan. Nondik nentorkion igartzen entseatzen ari zen. Ona ala txarra nintzen erabaki gogo zuen, hitza nirekin trukatzen jarraitu aitzin. Zumetaren zeramikaren maldan, musikariak materialak biltzen segitzen nituen eta aldi berean neskaren bekokia miratzen nuen. Isiltasun dorpeak gatibatu gintuen. Urruntzeko jaidurari uko egin nion. Neskarena misterioa zen, zulatzea merezi zuena. Atrebituko al nintzen?

        —Nahi baduzu norabait joan gaitezke eta zure dolorearen funtsa kontatuko didazu…

        —Gogorik ez dut ostatu zoko batean ehorzteko... Eta ez dut deus errateko, bereziki ezezagun bati.

        Desengainuaren tua irentsi nuen. Baina tematu eta bide puska bat egin genezakeela xuxurlatu nion. “Bale” arruntaz ihardetsi zidan. Urratsak nire urratsetan finkatu zituen, isilik. Elizaldea eta Kalezar arteko baratze publikora eramatea pentsatu nuen, han lasaiago egongo ginelako. Udako gau epela zen, argizagia zeruan gora, eta ninikak ilunari ohitu arau, ni aurrean eta neska dohakabea gibelean aitzinatzen ginen. Huntz baten ulua hautematen nuen, zakur zaunka dolorosoa eta eskaileretatik jaistean, hiriaren burrunba elkorra: nehork ez zuen etxeratzeko gogorik.

        Aranerrekaren freskurak harrapatu ninduen. Leku hertsi hartako bizidun bakarrak ginen. Zelatari egon ginen bulta batez. Mutu. Emakumearen edertasunak zoratzen ninduen, egiazki. Beldurraren eta miresmenaren artean nenbilen, hauta ezin. Errekastoaren hegietatik abiatu ginen arraposki, ni gidari. Neska nigan fidatzen zitekeen. Besoak gurutzean zeramatzan, gorputza desorekatuz oin bat bestearen aurrean jartzen zuen aldi oroz. Behako ezkelez obserbatzen nuen: misterioa are lodiagoa bihurtzen ari zitzaidan.

        Zaratak xendra gaineko sasian… bikote bat bazen, laztan eta musuka. Intziri sutsuak hegaldatzen ziren. Bero-bero zebiltzalako. Lau zango atera zitzaizkigun laparren artetik. Ausart eta ahalkerik gabe. Harritu ziren gure presentziaz ohartu zirenean. Trakets jantzi eta lasterrari eman zitzaizkienean haatik, laido nasaiak libratu zituzten.

        —Burutik gaizki dagoen jendea bada! Urde zikinak! Ez duzue beste egitekorik?

        —Suge gorri madarikatuak!

        Alde egin zuten. Nirekin zebilen emazteak irri karkara bat askatu zuen. Lehen aldia zen algaraz aditzen nuela. Erraiak uhertu zitzaizkidan ezpainak mugitu zituenean:

        —Hitz emadazu ez zarela nitaz inoiz maiteminduko…

        —Horrelakorik?

        —Bestela hemen bertan elkar utzi beharko dugu...

        —Galdera bitxia da baina bai, zin degizut.

        Puntapaxera heldu ginen. Zanpa-zanpa zihoan emaztea. Kalezar auzoko bidea trabesatu zuen, zubiaren azpitik zihoan uraren uherraz axolatu gabe. Gauaren argitasunean, eskuinetara, etxebizitza handiak eraikitzen zituzten. Grua gorakoien maldako baserri erraldoiaren azken egunak ote ziren? Hiru solairukoa zen, balkoi eta zureria gorriekiko murru sendoekin, leihoak marmol pikatuz inguratuak zituen, teilatu eta hegatsak lehertzear, bere egunak, segur aski, kontatuak zirela. Usurbildar batek erran zidan, ahotsa apalduz, haran horretan hara herrestari emendatzen ari zela sei mila biztanleko hiria:

        —Hemendik bi urtera bisitaz etorriko zarenean, zeharo urbanizatuak kausituko dituzu bazter hauek oro.

        —Baia?

        Nekazari lurren destinoa zen alaina. Patrirenean bazkaldu nintzen batez, A8 autopista zulatzeko Donostia eta Usurbil arteko hainbat baserri suntsitu zituztela azaldu zidan lagun hark berak. Udarregi bertsolariaren Artikulu Txikia adibidez. Bai eta udaleko webgunean argazkitan ageri zen Benta Zikin izeneko ostatu-jatetxe famatua: toki alaia zen, jendetsua eta batzuek  oraindik bertako alabak gogoratzen zituzten. Hor ziren gorpuztuak, angula, tabako eta Andoainetik Lasarten gaindi Oriora ardo kontrabandoa egiten zuten itzalkiak, beren balentriak kontatzen, Pello Errota, Olloki eta Udarregi bera euskara klaruan eta desapiyo biziyan bertsotan, langile ibiltariak, etxea galtzea arriskatzen zuten apustugileak eta neska gazteen maitaleak. Igandeetan, elizatik urrun, trikitixa soinuek sasien arteko bekatorosak animatzen zituzten, bekatua ere batzuetan plazera izan zitekeelako gain haietan…

        —Zer dira istorio horiek? Uste duzu geografia kurtsoak hartzeko naizela?

        —Uste nuen interesatuko zintuela.

        —Ba, ez.

        Ene gida-zurubitik jaitsi nintzen, gaitzitua. Iharduki behar nuen. Ez nintzen kikilduko. Banuen hainbat eta hainbat behaztopa jasanik bizitzan zehar eta beti lortu nuen ateka gaitzak gainditzea. Ez ninduen emazte horren joera mindulinak izutuko:

        —Konta iezadazu zergatik ari zinen negarrez kontzertutik landa…

        —Istorio luzea da, abar anitzetakoa. Min egiten duena. Min egiten didana. Bihotzean, sabelean, gorputz osoan.

        —Aski duzu hastea, entzuteko nago.

        Barre zilarrak begitartea marratu zion, tristuraren sakonetik jazarririko alaitasun uhin batek soa argitzen ziola. Baketu nintzen. Aranerrekako bidean ginen. Bazterren berdetasuna indartzen zuen ilargiaren distirak. Ibai xumearen xuxurla zetorkigun, kahaka baten hegaldiaren firi-fararekin batera. Erbi sotilak lautada lasaia alegeratu zuen eta asto mantso bat hurbildu zitzaigun. Bere kuriositatea ase genuen, muturra alderik alde higitzen zuen bitartean. Aski zekiela deliberatu zuenean, urrundu zen larrean behera, belarriak zut-zutak eta buztana ezker-eskuin balantzaka.

        —Astoa bezain abilik ez dago.

        —Hara! Bestea!

        —Hortxe, jargia bat, eseri gaitezen eta erradazu zer pasatzen zaizun.

        Emaztearen matelen zurbilak gauaren beltzarekin kontrastatzen zuen. Ileak atzera eraman zituen, sabel hondoan desioaren zirrara eragin zidan keinu batez. Ez nuen hitzik trenkatu. Hats hartze elkorra ozendu zen.

        —Ez naiz uste duzuna. Egia da poz pixka bat ekarri didazula. On egin dit erreka horren hegitik isilik ibiltzeak. Eskertu beharko zaitut. Nadia naiz…

        —Nadia… beraz.

        —Amamak eman zidan izen hori. Baina amama hil zitzaigun herenegun. Pena hori daramat bihotzean. San Petersburgotik ukan dut berria. Errauts eta hauts utzi nau. Eta ez naiz Errusiara joaten ahal, gure familia han ez delako ongi ikusia. Badakizu, afera politikoak…

        —Politikak egoerak beti uhertzen ditu…

        —Amama bera, Stalinen denborako garbiketa soziokulturaletatik onik atera zen, sendi osoak kontzentrazio zelaietan gosez eta lanez lehertua bukatzen zuen artean. Judutarrak ziren... Salatuak izan omen zirenak. Parisera errefuxiatzera etorri zen amak kontatu zidan. Eta babuxka han gelditu zen bakarrik, elurretan altxatu urkia taulazko isba batean, baratzea lantzen eta poesiak idazten, publikatua izateko esperantzarik gabe. Azken hatsa eman zuen arte…

        —Ze istorio tristea. Ulertzen ditut zure malkoak.

        —Zer ulertzen duzu zuk?

        Bihurtu zitzaidan, lepoa tiratuz arraiki ausikiko ninduen kobra zainart baten antzera. Urrats bat egin nuen atzera, ene burua gerizatzeko. Ez nuen nahi bertan utz nindezan gauaren hesteetan itotzen. Ibaiaren murmurioa baizik ez zen orduan aditzen.

        —Barkatu. Ez nuen zakarra izan nahi. Uste dut lortu dudala.

        —Segi ezazu… segur naiz zure istorioak atal franko dituela eta zure amama idazleaz zerbait gehiago azalduko didazula.

        —Arrazoi duzu.

        Negar uholde berri batean galdu zen Nadia. Ahurra sorbaldan pausatu nion. Sakelan nuen zapiarekin matelan behera zerizkion malkoak idortu nizkion. Esku lerdenaz urrundu zuen nirea. Etsipenaren holtzak hautsi ziren. Ez nekien zer egin.

        —Ez nuen amama ezagutu. Niretzat mito bat izan da. Amaren ahotik entzun ditut hainbat istorio… Kuraiosa zen, isilik egoten ohitua, bere gauzak idazten zituen gero San Petersburgo aldeko elurrak setiatzen zuen bere etxetxoan… biderik ere ez zegoen hara joateko, urkien artetik behar zen asmatu…

        —Tarkovskiren filmetan bezala?

        —Bai, pixka bat. Baina gure amamaren bizitzak ez zuen fikzioarekin lotura izpirik. Egunerokotasun larria zebilen airean, izua eta hitza harilkatzearen plazer txiki horiek.

        —Barkatu… ez zintudan moztu nahi. Segi ezazu…

        —Lasai… eta zuk ez didazu ezer kontatuko?

        Isiltasunaren zamak lehertu ninduen. Ez nuen askorik errateko. Amona biak gogoratzen nituen baiki, beltzez bezti, mantelet eta kapelet ikusgarriekin, hauste goizetan ezko-argiak pizten eta gure haur kopetetan labetik atera hautsarekin gurutzeak marrazten, “Memento, homo, quid pulvis es, et in pulverem reverteris” marmarikatuz, sukalde zokoetako latinkia erabiliz.

        —Amaren ama gozoa zela oroitzen naiz. Euskal bixkotxa egiten laguntzen nuen mahaiaren gainean jarririk, bizpahiru udaberri nituzkeela. Handik gutxira hil zen. Aitaren amaz aldiz beldur nintzen. Begitarte latza zuen, goratik hartzen gintuen, agerikoa zen bere seme kuttunaren emaztearen haurrak ez zituela begiko. Goxotasunik eta musurik ez sekula: izurriak joak ginena? Bere alabaren baten etxera joan zen eta bisita egiten genionean, lotsak kateatzen gintuen anaia eta biok, ez genuen haren ondora hurbildu nahi! Ene haur ikara...

        Hormatu nintzen. Nadia, harritua, so zegokidan. Haize karroinduak bideko arroiletan metatu hostoak inarrosi zituen. Amona larderiatsu haren izpiritua al zen?

        —Hil zenean gurera ekarri zuten, ezkaratz aldeko logelan etzan eta anaiarekin haren ahur malgortuak irekitzen jostatzen ginen… konderak bihikatzen genizkion… ez genekien heriotza zer zen… umemokoak ginen, lau urte genituen beharbada… punpa, jauzi eta dena kikizai, gurasoak erasiaz etorri arte.

        Berriz ere mututasun zirrista bat jasan nuen. Holtzaren hegian kausitu nintzen, erortzear. Haurrek badakite, hitzik gabe, maitatuak ez direla. Banekien.

        —Eta horrekin harilkatu dut ene bizia. Maitasun inkondizionalaren ukamen horren sentsazioarekin, bakarti eta ameslari. Hortik zaitut entzuten, hortik dut konprenitzen zure amama galtzearen pena.

        —Bada besterik ere…

        —Zuk erran…

        Aire freskoz hantu zituen birikak. Zertaz hitz egingo zidan oraino? Gaua astuna zen, pisua, hezea. Ezezagunak ginen arren, inoiz inori aitortu gabeko sekretuak trukatzen genituen.

        —Aitorrek utzi nau.

        —Nor da Aitor?

        —Nire mutil-laguna. Atzo abandonatu ninduen Hendaiako geltokian. Dolore bikoitzak narama desio ez ditudan bideetatik…

        Malkotza berri bat nabaritu nion. Esku biak tinkatu nizkion, indar emateko, ustezko ahalmen taumaturgoak banituelako. Ez nuen deus egiten ahal, solasgaia aldatuz bere zauriaren sentsazioa desbideratzeaz aparte. Adibidez, ezti-eztikien ekialdea erakutsiz:

        —Goazen, Nadia.

        —Bai.

        —Egunsentia hor dugu jadanik.

        —So egizu… Usurbil itxeska eta jaikitzear dago.

        Elizako dorrearen geldotasuna begiztatu genuen eta argi-zirrinta sutu zenean herriko oilarrak kantuari eman ziren, batera, auzo batetik bestera, desafioan. Itsaso aldetik laino piltzar zurbila zetorren, padurak, Oria ibaiko urak eta Aginagako pentokak troxatuz. Argiaren hedapena miresgarri zitzaigun. Frontoira heldu ginenean, ondoko egunean, gizon zainartek mugitu beharko zuten harria haztatu genuen, eta haren albotik pasatzean, megalitoa ferekatzeari ekin genion. Ez genuen harria balakatzen, munduaren gorputz unatua baino.

        Ttakun hots bakuna gailendu zen. Bi joaldi eta isiltasun milimetrala. Egurraren gaineko egur kolpe pare bat gehiago ozendu zen gero, bizitzaren perkusio erritmikoa imitatuz, bihotz taupadak, zaldi lauhazkak, aditz trinkoen harilkak. Halako batean, errealitatearen zirrikitu immaterialetatik jazarri Jesus Artzeren begirada zoharrak gatibatu gintuen, baina frontoiaren izkina batean zabaldu itxura ezabatu zen berehala. Usurbilen, huntzez emokatu orainaren arteketatik lerratzen zitzaigun iragana: fantasmak ziren, fantasmak ginen, ele gabetuak izateko zorian:

        —Bihar gauerditan, Laboa Plazan?

        —Ageriko.