Eszenatokia
Eszenatokia
Maialen Akizu

LODOSA-SARTAGUDA-MENDABIA-ANDOSILLA
aurkibidea

Aurkibidea

azala

Aurkibidea

azala

 

 

Bere burua hirugarren pertsona batetik irudikatzen zuen. Pasatzen zitzaion batzuetan, gogoan gelditzen zitzaizkion momentuetan batik bat: terraza batean eguzkiaren argitan garagardo bat iragarkietako lepo-angelu berdinarekin edaten ari dela edo pasa den asteartean Ainararekin gurutzatzera zihoala etxe-tarte batera pasa eta telefonoz hizketan ariko balitz bezala disimuluan ezkutatu zenenen. Kuriosoa da bere burua zelatatzeko zuen joera. Eta gaur, ekainaren 26a, han zihoan errepideak paisaia gurutzatzen zuten lurretan kotxeko leihoa zabalik, musikaren bolumena ohi baino altuago. Bai, benga, igo pixka bat gehiago.

 

                Hoooy, hoy he vuelto, Hoy he vuelto a soñar, A soñar con ellaaaaa.

                Eeeees mi fiel compañera, La que me da y me quita, Alegrías y penas.

 

Kantu legendarioak ere moldatzeko gai sentitzen da.

 

                Qué, (ke, ke, ke, keeee) qué culpa tengo yo,

                De haberme enamorado, De una botella.

 

        Hankak ezin mugituta aspaldi zen gorputzari halako eferbeszentziaz mugitzen utzi ez diola. Yiiija bat ere atera zaio, behar ez zuen sostenitua eta guzti, eta uitxx bat, eta barre, eta gora bizitza. Lizarragako portura iristean estaldura joan zaio eta Spotifyko abestiak gelditu egin dira. Eta haizea bihurtu da lehorte. Kotxetik sumatzen ditu sastrakaz betetako lurrak, idorrak edo emankorrak ziren jakiten zailak zirenak —sastraken lurra emankorra nola ba—. Gidatzearen ederra bolantearen mugimendura mugatu da: orain, ezkerrera, orain eskuinera, ezkerrera, eskuinera… Atzeko aulkietan balego honez gero mareatuta legokeela pentsatu du, baina gaur berea da iparrorratza, boterea, mundua.

        Spotifya martxan jarri da berriz ere eta bideko kartelei erreparatu die ezerezaren zabalean herri bat non eraikitzen den asmatu ezinda.

        Azcona… Idazleren baten abizena ez al zen Azcona? Azkona. Zergatik bihurtuko ziren abizen batzuk herri eta beste batzuk ez? Ba diruagatik, neska, txin-txin. Lizarazu izeneko herririk ez dago, ezta? Azcona, asko eta ona, vascona, bastona, chestona…

        Iruñela… Anderaz…Abarzuza… Aiba, zer dago hor, toldo granate horren atzean, harategi bat? Harategi bat errepidea sarrera duena? Amatxo maitea. Eta barre egin du saltxitxak poltsan hartuta errepidea pasatzen hasi eta poltsa apurtu eta kotxeak geldiarazi eta saltxitxak errepidean bueltaka imajinatuta. Ez dauka graziarik. Ez, horrek ez du literatura egiteko balio.

        Lizarra / Estella… Lizarra izarra… Estrella estella. Euskarazko hitzari gehitutako “r”a gaztelaniari lapurtua dela bururatu zaio. Kendu diegun gauza apurretako bat. Kuriosoa. Ez zen izango jardunean Vitoria-Gasteizen itzultzaile bera.

        Bidean aurrera eskuinetara Iratxe ageri da. Mikel eta familia han izango direla gogoratu da. Uda osoa pasatzen zuten Iratxeko kanpinean eta bera ere izan zela ahaztuta zuen oroitu den arte. Pasatako kontuak, pasatako lekuak. Jurramendiko tontorra, Zapapuzeko monasterioa, Aberin…

 

                Dogodogodogodogodogodogodo piperrak

                Dogodogodogodogodogodogodo de la Ribera

 

        Gasolinaren argitxoak klik. Inora iritsi aurretik eta inora iristeko depositua beteta izatea komeni. Ateratzeko konturatu da ez zuela nahikoa izango iristeko, baina han botatzea pentsatu du, bi aste haietan egindako bideak bertako energiaz beteak izan zitezen, metafora zoro horiek, eta, batik bat, han dena merketxoagoa zela uste zuelako. Beherago dago. Gasolindegirako agindua eman dio gpsari.

 

                Dogodogodogodogodogodogodo piperrak

 

                Dogodogodog… después de un kilometro tome a la derecha, Carretera NA-122, Morentín piperrak en el siguiente cruce tomé a la derecha

                nos meamos en las esquinas, catorce litros de cali tomé a la derecha

 

        Inorenak ez diren ahotsek azalpen gehiegi ematen dituzte. Ez da Repsol, ez gap edo Petronor. Ezagutzen ez duen gasolina marka bat da Morentinekoa eta orduantxe sentitu da etxetik urrunen. Autoa amatatu du eta denbora bera ere gelditu dela iruditu zaio. Zeruaren urdinean kieto dagoen laino parea eta gari moztu berria. Ez du halakorik sekula egin baina begiak itxi ditu Berlingoari jaten ematen ari den bitartean. Arnasa hartu du sudurretik; arnasa bota du ahotik. Arnasa hartu; eta bota. Hartu… bota… Tarteka sinisten du mindfulness, yoga eta halakoetan. Presente egon nahi du bizitzan gutxitan bezala. Egon. Hemen eta orain. Arnasa hartu. Pentsatzeari utzi nahi dio. Begiak zabaldu ditu. Zeruaren urdina, laino parea. Bota. Hartuuu… Gari moztu berria. Moztutako garia baina, garia al da? Edo noiz bihurtzen da lasto?

 

* * *

 

Obario bat falta zaizu. Ogia erostean txanpon eta txanpon 10 zentimo falta zaizkizula abisatzen dizuten tonu berdinean bota dio. Ginekologoak Aroaren baginaren barrunbeak erakusten dituen pantailari begira jarraitzen du, ez du burua biratu ere egin, baina dirudienez sumatu du atea uzkurtuta dagoen gorputzari arnasa hoztu zaiola. Bueno, obario bakarra duzu. Gauza bera da. Faltatik baino daukaguna baloratzea profesionalagoa dela oroitu da ginekologoa. Baina profesiotik aparte badaki izatea eta faltan izatea ez direla berdinak.

        Zakila baino txakurrek jolaserako erabiltzen duten plastikozko hezurraren antzeko zera hori atera dio hanka tartetik tabernetan komuneko papera bilduta egoten den kutxatik nola, eta erizainari eman dio preserbatiboa kendu eta garbitu dezan. Ekografia bat egingo dugu hala ere. Jantzi, neska.

        Neska. 27 urte bete ditu baina nerabetu egiten du oraindik ere ginekologoaren bisitak. Harreman sexualak ohikotasunez dituen galdetzen dio gaur ere kontsulta hasi orduko eta matrailetan aknea eta kopetan aurpegi erdia estaltzen duen flekilloa aterako balitz bezala izan da. E, bai, bueno, segun. Ia bospasei aldiz egingo zuen harako buelta, bazekien zer galdetuko zion baina hala ere nerabe. Bai, ez dakit, nahiko sarritan esango edo. Esaldia bukatzerako egin dit bigarren galdera. Antisorgailuekin? Bai, bueno, segun bikote egonkorra eta hori. Antisorgailuak ezinbestekoak direla eta uztailerako ekografia egin ondoren berriz elkartuko direla esan dio informea erizainari pasa eta irribarrea deitzea tristea litzatekeen keinu batekin.

        Uztailaren 5a, astelehena, goizeko 10:30etan. Ondo? Gorputzaldi zoli hark ezeri kontra egiteko gogorik ez zion ematen, baina oroitu da oraindik lanean izango zela uztailean eta etxeetako bisitak goizetan izaten zirela normalki opor usaineko hilabete horietan. Arratsaldean beharko zuen. Arratsaldeetan ez omen dute lanik egiten, eta uztailean ere beste datarik ez omen dute libre, beraz, hor apuntatuko duela eta beste tarterik libratuz gero deituko diotela esan diote Aroari. Hau da, bere nagusiarekin hitz egiteko eta moldatzeko moduren batera.

        Pantailako eszena beltza buruan duela atera da Lizarrako ospitaletik. Gorputzeko paretak itzal eta arnasa olatu bihurtzen den irudi horretan ikusi edo gogoratu nahian dabil obarioa izan daitekeen zeraren bat. Hor egon behar du, iluntasun horren atzean. Kotxean sartu da, tristura arraro bat sabelean eta etxerako bidea hartu du. Bidaiaren denbora deiak egiteko aprobetxatu du: fisioak biharko eman dio txanda, Jonek ez dio hartu. Nola ez du izango obario bat? Berak beti izan du hilerokoa normaltasunez, 32 egunen batez bestekoa zuen mugikorreko aplikazioaren arabera urtarrilera arte. Urtarrilean hasi zen atzerapenarekin baina bueno, ba pisu pixka bat galdu zuen, kezka batzuk bazituen, lan kontuak, alokairua… Horrekin lotzen zuen atzerapena eta ez obario baten galerarekin. Nola galtzen da obario bat?

        Etxera iristean Joneri idatzi dio whatsappez. Jone! Kafe bat? Laguna ez dago online eta halakoetan azken konexioaren ordua ikusteko aukera berraktibatzeko gogoa sartzen zaio. Halakoetan eta parrandatik bueltan zein ordutan etorri zen oroitzen ez denean. Jonek ez du erantzuten. Eta erantzuten ez badu mugikorra eskura ez duelako da. Erantzun, Jone, joe. Ez du dramatika jarri nahi baina hau utzidenaetaetorriniregana horietako bat da. Piiii, piiii, piii, piiii, piii… Ha llamado a. Jone ez dago. Eta Internet beti dago. Ez du egon beharrik. Internet da. Etxera iritsi denetik eutsi dio sarean bilatzeko tentaziori, baina kito. “Obario bakarra”. Googlek lehen orrian eskaini dizkion erantzunetatik harago joateko beste militantzia ez daukat gaur. “Un ovario”. Obario politistikoak, kisteak, eta obarioen kitatze kirurgikoa. Zer den eta kausak. Tratamenduak eta dietak. Estresa, ugalkortasuna eta haurdunaldia. Jone deika. Ordu laurden barru Las Vegasen, ondo? “Bai” esan diola iruditu zaio. Ez zen galdera eta ginekologoaren hitzorduari ordain egiteko erabili du lagunaren konfiantza. Ordenagailua hala moduz itzali, sandaliak jantzi eta tabernara. Ez du zerbezarik hartuko, ez, alkohola fuera, tea edo kafesnea. Tea hobeto.

        19:00etan geldituta zeuden piszinetan bisitariari harrera egiteko, baina ez zuen konpromisorik hartu eta bihar geldituta zegoen gainera berarekin. Konpromisoei neurri hartzen hasi beharko zen. Gorputzak zerbait esan nahi zion, edo esan dio jada edo aspaldi esan zion, ez zuen entzun eta orain ia ez dago isiltasunik ere.

 

* * *

 

Normalean asteazkenetan gelditzen dira. Asteazkenetan, 19:00etan, igerilekuan. Baina bisitaria gaur datorrela eta harrera egitera joatekotan zirenez bilera astelehenera pasa dute. Astelehenean, 17:00etan, igerilekuan. Hirugarren bilera da hau; herri bakoitzetik ordezkari bat egotea deliberatu zuten, beti kide berdina, eta eurak dira talde-motorra teorian eta Tarantinaz whatsappean. Lideren ideia izan zen, hasieran Agnès Vardari egin nahi zion keinua baina Mariani Vardaz ezizena ez zitzaion gustatzen whatsappeko taldean izateko ere.

        —Aurreko bileran erabakitzeko gelditu zen lekua eta nik uste presa gehien duen erabakia hori dela —Marianek denborari aurre hartu nahi izaten dio—. Eta zein garaitan gauden ikusita, nire iritziz, eszenatoki bakarrean egin beharko genuke obra guztia —gauzak ondo egin nahi ditu Marianek, ondo baino hobeto, baina badaki ondo egiteko egitea datorrela ondo-ren aurretik.

        —Marian, tia, zuk siestarik ez duzu egiten? —Lidek kafesnearen katilua hartu eta hiru izotz karratu dituen basora irauli du. Ozeano barea marroia mahai gainean. Uitx batez basoan behera zihoazen kafesne tantanak mihiaz harrapatzen ahalegindu da eta ondoko mahaikoei eskatu dizkie serbilletak artelana xurgatzeko. Anak barre egin du eta zigarroa pizteko aprobetxatu. Marianek hasperen—. Kito, barkatu, ez zaituztet zikindu, ezta? Ez dakit jendeak nola iraultzen duen katilua arrastorik utzi gabe. Behin Youtuben ere ikusi nuen tutorial bat trukoa ikasteko, eta esaten zuen 45 graduko angelu batetik zup pentsatu gabe irauli behar zela, baina ez ba, hurrengoan.

        —Pentsatu gabe ezer ez egitea hobe da. Esperientziagatik diotsut —Marianek inguruko mahai arrastoak ere serbilletaz pasa ditu—. Bueno, esaten ari nintzen bezala, ni obra osoa leku bakarrean egitearen alde. Zuek zer pentsatu duzue?

        —Ez dakit, niri kosta egiten zait irudikatzen txikiteoko taberna eta fusilatze-zelaia metro karratu berdinetan. Eszenografia ere guk egin behar dugu, edo? Daukagun materialarekin nire ustez errazagoa da kalean zehar eszena ezberdinak egitea; bat parkean, bestea taberna barruan, hurrengoa elizan… —Lidek noraezari begiratzen dio antzerkia ia ikusiko balu bezala—. Gainera polita da mugitzen ari garela biziberritzea historia. Buah. Ez esan metafora polita ez denik.

        —Hankak lurrean, Lorelei. Gogoratu, ahaztea posible egiten bazaizu, xomorro bat dabilela inguruan, COVID-19 izenekoa, eta euskaraz eta antzerkia egiten ari den talde batek bere burutazio iraultzailean eskualdeko kutsatze-agerraldirik handiena eragingo balu eta segurtasun neurriak bete gabe… —Mariani ere ez zaio irudimena falta. Esaldia airean utzi du inork bukatuko zain—. Ba batzuentzako nahikoa motibo dela euskaltegiak, euskara eta eus- daraman guztia ixteko.

        —Eustakioak ere orduan fuera —zaharrenei ere grazia egin die Lideren txisteak eta barrearen formako ufada atera zaie—. Ados, bai, benga, hau kontu serioa da, eta arrazoi duzu, Marian, edukierarena eta distantziena kontrolatu egin beharko da. Ya, ufa, ze mobida hori —Lideren ufadak ufada ziren—. Beno, ba ez dago aukera handirik, ezta? Eszenatoki bakarra eta kito.

        Bilerako gazteenak suharki defendatzen zituen bere ideiak baina ez zuen arazorik iritziz aldatzeko ere. Ez zuen hainbeste bererik eskua askatzeko. Adinak baina ondasunak ematen ditu, kapitala, eta hori zen beti izaten zuten arazoa: kapitala.

        —Bai, kontua da non egin behar dugun. Lau herri gara eta lau aldiz egitea, printzipioz, ez dut uste bideragarria denik —Marianek teari zurrupada bat egin dio esaldia kikarak buka dezan. Bazekien hiru (mili)segundo gehiago egon izan balitz bere herriaren aldeko defentsan hasiko zela; ez zen bertakoa zelako, gurasoak, aita behinik behin bizkaitarra zen, Markinakoa pentsa, baina, benetan, objektiboki, faktore denak kontuan hartuta, iruditzen zitzaion Lodosa zela ekitaldi hartarako lekurik aproposena. Teari bigarren zurrupada egin dio arrapaladan. Gehiegi hitz egiteko joerak askotan kentzen zion arrazoia.

        —Nik uste dut praktikoena Lodosan egitea dela —Anak hitza hartu du. Ordura arte isil samar zegoen—, baina lau herriok batera egiten ditugun kontu guztietan pasatzen da antzekoa, eta azkenean, dena bertan egiten bukatzen dugu. Agian, hau izan daiteke hori aldatzeko ekitaldi aproposa.

        —Apirileko Kutxabirako bazkaria Mendabian egin genuen, eta hurrengo Euskaraldiaren amaierako ekitaldia ere bateratuta egitea pentsatzen genuen. Udalaren diru-laguntza ere kontuan hartu behar dela uste dut —berriz egin dio tragoa Marianek teari.

        —Eta ez badugu leku batean egitean? Esan nahi dut, herri batean baino, agian, inon ez dagoen leku batean egin dezakegu. Zelai batean, melokotoiak atzean edo mendi magalean…

        —Lorelei, arte ederretako titulua karrera hasterako eman dizute zuri, edo? Oholtza bat beharko dugu, argiak, elektrizitatea, material dezente… —Marianek begirada Anarengana zuzendu du—. Niri Andosillan egitea ez zait gaizki iruditzen baina azpiegiturak eta kontaktuak zuek bideratu beharko dituzue orduan.

        Anak, barru-barrutik bazekien Lodosa zela buruan zuten ekitaldi, antzerki edo dena-delako hura egiteko lekurik aproposena. Marian bertakoa ez balitz akaso ez, orduan herri handiago batek izan ditzakeen abantailak izango lituzke baina Marianek ardurak hartu eta bideratzeko gaitasun handia zuen eta udalarekin hitz egiten ere beste inor baino hobeto moldatzen zen.

        —Aroak Memoriaren Parkean egitea ere aipatu zuen aurreko batean. Egokia izan daiteke —Anak oraindik pixka bat kontra egin nahi zion eskualdeko kapitalari.

        —Aii nik Memoriaren Parkean ez nuke egingo. Uste dut gainera lehenengo bileran baztertu genuela aukera hori. Leku horrek badu bere funtzioa, bere mistika eta guay, baina honekin historia pixka bat performatu egin nahi genuen. Eta horretarako, nire iritziz, lekua aldatzea garrantzitsua da. —Lidek bi kide zaharragoei begiratu die. Garbi du bere iritzia, baina nerabea dela behin eta berriz sentitzen du eta tonu ironikoaren atzean babesten da halakoetan—. Ikusitakoak ikusita, eta nire antzerki ibiltariaren super ideiaren parekorik egongo ez dela jakin arren —tanborrak noiz joko zain gelditu da—, uste dut Lodosa dela lekurik aproposena antzerki hau egiteko. Eta gero, behin estreinua eginda ba egingo dugu gure herrietako bira, eta gero agian Euskal Herriko beste herriren batetik ere deitu diezagukete, Donostiatik, Berlinetik…

        —Hau, hau, hau… —Marianek bere lau hamarkadako zaku-betearekin kotxeko karneta atera berriari begiratzen dio mespretxuzko keinu xaloz inbidia dariola.

        Anak ere zigarroari beste zupada bat eginda baietz esan du. Lodosan izango da, beraz, ekitaldia. Zerrendatik puntu bat ezabatuta. Data udalarekin adostekotan gelditu da Marian, baina urriko lehenengo edo bigarren asteburuan egingo dute. Larunbat arratsaldez izatea erabaki da, arratsaldeko 18:30an. Poteo hasierako antsiak euliak ere hurreratzen ditu debaldeko bazkara.

        —Lanak banatuta orduan: nik musikaren ardura hartuko dut, abestiak bilatu eta musikari zein abesbatzarekin hitz egin. Zuk Marian udaletxekoekin hitz egin eta eszena zein eszenografia nola egin dezakegun pentsatu; zuk Lide, janaria eta edaria orduan? —Anak behin borroka bat galduta botereari heldu nahi dio berriz ere—. Nahi baduzu Kutxabirako bazkaria nola egin genuen eta neurriak eta pasatuko dizkizut. Gordeta daukat.

        —Lasai, menu erraza egingo dugu eta erosketak eta sukalde lanetarako Euskara taldekoak prest agertu ziren. Nagore, Lucia, Javi, Karlos… Motibatuta zeuden antzerkiaren kontuarekin. Gainera, ikasturte bukaera, selektibitatea eta pandemia… Aspaldi ez gara askorik elkartu, ahaztu zaigu ergatiboa eta gure aitonek euren batallitak kontatzeko ere pilatuta izango dituzte, beraz, lasai.

        Marianek oso ondo batekin erantzun dio eta hurrengo bilera noiz egingo duten galdetu. Asteazkenetan, arratsaldeko 19:00etan biltzea erabaki zuten Andosillan. Andosillan, ez Lodosan. Marianek ez dio datu hori leporatu Anari, bazekielako galtzeko dezente zuela. Aste honetako asteazkenari salto egin eta datorren astean geldituko dira.

        —Aroak posible izango al du? —Anak txaketa jantzi eta mugikorrari begiratu dio. Aitorren lehengusua zoriontzeko aprobetxatu du eguna bukatu aurretik.

        —Oraintxe ari naiz whatsappeko taldean idazten —Marian beti aurreratzen da halako gauzetan—. Gaur mediku kontsulta zuela ulertu nion, baina aste honetako kontua zela bakarrik.

        Mahai gaineko kikara eta basoak jaso, musukoa jantzi eta kotxe banatan abiatu dira Sartagudara. Igerilekuan gelditu dira. Ez dut askorik hitz egin horretaz, bisitariaz, gidoia edo dena delakoa egitekoa denaz. Hirurek idatzi dute bere izena Googlen eta bakoitzak egin dio tira irudimenari.

 

* * *

 

“Hauxe da Irati, gure artista”. Halaxe aurkeztu du Lukasek igerilekuko tabernan eta Iratik ohh bezala entzun duen ahh batez agurtu dute parekoek. Ez daki zerk lotsatu duen gehiago artista dela esateak edo gure horrek. Berak ondo zekien ez zela artista, mesedez, artista, kurtsibekin ere ez zion apaltzen hitzari kursirik. Eta “gure” horrek aitaz gogorarazi dio. Inoiz “nire etxerik” entzunez gero herentziarik ez zuela jasoko agintzen zigun, eta umetatik fijazioa izan du gurearekiko. Hasieratik euren “gurean” sartzean konfiantza gehiegikoa iruditu zaio eta pentsatu du, agian, hemengoak beroagoak direla, klima eta nortasunaren arteko lotura zientifiko publizistek izango dutela egiatik apurren bat, eguzkia energia dela eta kontu horiek. Ni Elisa, Mendabiako kotorra. Bi muxu eferbeszente eman dizkit andre ilehoriak eta kamioi motorraren soinuko barre lehorrez hartu du berriz bere lekua: erretzailea da edo benetako kotorra. Beste inork ez dizkio bi muxu eman, borobilean esan dituzte izenak banan-banan begirada zuzen batekin eta klimaren hipotesiak bertan behera utzi ditu oraingoz.

        Barratik gertuen zegoen adineko gizonak kartera eskuan ea zer nahi duen galdetu dio eta atzamar txikia luzean justu kabituko zen basoa seinalatuz beste bat eskatu du. Ahalegin kontzientea egin behar izan du baso-erdiko zuritoa trago bakarrean ez edateko. Bero egiten du. Bero-bero. Eta hemen ere ezezagunekin elkarrizketak eguraldia aipatuz hasten dira. Aurreko astean ez omen zuen halakorik egin; ostegunerako omen dago txarra emanda, hau da, beroa baina bero-bero-beroa. Pentsatze hutsarekin eskuak izerditu zaizkio Iratiri eta beste trago bat egiterako bukatu duela konturatu da. Txankleten soinuak salatu duen neskato bat doa bainujantzi urdin batekin ilea busti-busti eginda eskuak hankartean korrika komunera. Txizaguraren larriagatik ez balitz inbidia ematen zion azal beltzaran hark zerion freskurak.

        Bidaiaz eta aste hauetako planningaz hitz egin dugu. Taldeko gizon zaharrenak bakarrik galdetu dio ea zerbait pentsatuta baduen jadanik. Bere ustez lortu du zepotik ateratzea eta bueno, esperientziatik sortu nahi duela eta errealitatea dela fikziorik ederrena bezalako kursiladak esan dizkio. Gizona ere ez du uste konbentzitu duenik. Ahh bat esan eta ahh bat entzun du. Baina artista onenen moduan hirugarren tragorako utzi du poteo-jira, bidaia luzea izan dela —Lizarragan ozeano bat balego sikiera—, beroarekin, maletekin nekatuta zegoela —gaur egungo gazteak— eta hotelera joatea gustatuko litzaiokeela —esan egin nahi zuen hotelarena. Autoa igerilekua atarian zuen eta laguntzak ukatuta hotelera etorri da gauari luzatzeko aukerarik utzi gabe.

 

 

 

Hotela senar-emazte batzuek daramate. Oraindik ez dakigu euren izena baina bai senar-emazteak direla. Emazteak ile urdindu dirdiratsua motots batean bilduta darama. Gaztea da ile urdindua izateko, denboraren tinteak baino tinteetan denborak sumatzen zaizkio, baina ondo geratzen zaio. Betaurreko zabalak, behatz finak eta sudur luzea. Erakusmahaiaren atzean ordenagailuari begira zegoen atzo arratsaldean Irati giltzak hartzera eta maletak uztera etorri zenean eta gaur goizean goiz ere hala dago. Buruari buelta laurden eman eta Hola labur bat atera zaio apenas mugitu dituen ezpainetatik. Beste era bateko ipuin bat egin beharko balu bera litzateke gaiztoa. Senarrak aurpegi luzanga du, ile beltza, gogor eta lodi itxurakoa, eta begi itzaliak. Hitz egitean bizitzen du bere figura grisa. Bazkalordua 13:30etik aurrera dela esan du eta Kobraz gogoratu da Irati, liburutegian isiltzeko eskatuz shhh eta shhh ibiltzen zen andre hartaz, muchas gracias erantzutean.

        Maison de la Badina izeneko taberna batean hartu du Lodosako lehen kafea. Grazia egin dio tildea jarri nahi eta n batek eskapo egin ziela konturatuta. Akats ortografikoek dirauten leku bat dirudi egia esan: egurrezko mahaiak, bi txanponjale, pintxoak, patata-paketeak, serbilleteroak… Ahal beste dago ikusgai. Minimalismo gutxi dago hemen. Gutxi erakusteko eduki egin behar da.

        Goizeko hamarrak ez dira oraindik eta plazari terrazen arrastoak kentzeko ahaleginetan ari dira garbitzaileak. Kiosko handi batek betetzen du erdigunea eta izkinetako batean dagoen goxoki denda salbu, gainerako lokal guztiak tabernak dira: eskailera batzuk igota sartzen den Casino taberna, jubilatuen leku ez dirudien Zulo, eta loteriaren kartela duen Bar Molina. Maison de la Badina da ordu hauetarako terraza jarrita duen bakarra. Soberan daude mahaiak baina “Tejero” eta “demokrazia” hitzen oihartzuna entzun du hiru gizon handikoteren elkarrizketatik. Irati, Irati Lizarazu, marmar horietatik urrun eseriko litzateke Beasaingo plazan halakorik entzungo balu —normal—, baina gustatzen hasi ez zaio ba artistaren kontu hori eta pertsonaien ondoan egon behar dela uste izanda hortxe jarrita da bere kafe eta liburu.

        —Hau ez dela demokrazia, hau ez dela demokrazia… Demokrazia ez bada, zer da, diktadura? —alkandora urdinduna ari da hizketan, eta beste biek kafeari zurrut egiteko geldialdiak betetzen dituzte “bai, bai” edo “hori egia da” bezalako esaldiekin—. Demokrazia ez bada, diktadura da, eta hara, esan dezatela, esan dezatela hau diktadura bat dela. Horretan ez dira atrebitzen, mundua konpondu nahi dute baina zer garen esaten ere ez dira ausartzen. A por ahí.

        Zer ez garen esatea errazagoa da zer garen esatea baino. Arrazoi du horretan. Alkandora urdindunak eskuak indartsu baina natural mugitzen ditu bi lagunen buru-mugimendu konstantearekin koreografian. Patetiko, lotsabako, besteen kontura bizi diren batzuez ari zen eta nortzuk ziren jakin nahi genuen guk ere. “Ordezkari berri hori ikusi al duzue? Atzo aurkeztu zuten. Ministro bezala sartu da eta, ematen du atzo jaitsi zitzaiola hilerokoa. Kanguruaren ipurdia baino itsusiagoa”. Kanguruaren ipurdia. Kanguruaren ipurdia. Bai, kanguruaren ipurdia esan du. Nolakoa da kanguruaren ipurdia?

        Hiru gizonek hizketan jarraitu dute. “Politikilloa” ezkonbidaian Karibera joan omen zen, Kubara tartean eta horregatik omen daki ondo zertaz ari den diktadura esatean, han ezin zelako ezer egin. “Bai, beste Amerikako idazle haren etxean ere egon ginen… nola zen? Ezaguna oso, hilda dago ia, ai…”. Baibai bandokoak lagundu dio. Hemingway. Eta politikilloak baietz, Hemingwayren etxean egon zirela eta ezkonbidaia egin zutela eta diktadura bat zela hura. Kafesneak kafe-truk ekarritako lazotxoa busti du, bi hozketan krax-krax irentsi eta martxa egin du andrearekin ezdakitzer egin behar duela esanda.

        Irati Sartagudan dago geratuta Lukas eta Aroarekin 12:00etan. Hasieran 11:00etarako zeuden geratuta baina Aroak fisioa zuela ordu horretan eta 12:00etan gelditu dira herria erakutsi, merkatua ikusi eta ezdakitzer gehiago egiteko.

 

 

 

Fisioak begiak itxita zanpatzen zion aldaka. Alde batera mugitzen zion azala eta berriz ere zanpatu ahal beste. Aroak ganglioak aspaldian hazita zituela iruditzen zitzaion: borobil-borobil eta nabarmen-nabarmen ukitu zitzakeen, ilar aleen moduko. Eskuak sabelaldean ibili ditu fisioak, buelta eta buelta, bularraldean ondoren eta lepatzean atzamarrak sartuta eutsi dio Aroaren buruari ordubeteko saioa. Ea ondo dagoen galdetu dio eta bai lehor bat erantzun jasota, poliki zutitzeko eta arropak janzteko eskatu dio. Mahaiaren bi aldeetan eseri dira. Aroak buruko mina eta logura batera sentitzen ditu eta 11:45 direla konturatu denean zabaldu zaizkio begiak.

 

 

 

Obarioaren energia nik neuk sentitzen dut, esango nuke hor dagoela. Energia ez, obarioa topatzea nahi zuen Aroak, bere gorri eta bere obulu. Hirugarren saioa zuen fisio horrekin; oso ona omen zela esan zioten eta probatu egin behar. Lehenengotik gustura atera zen; hilabetean hartu beharreko bitamina batzuk gomendatu zizkion, glutena kentzeko aholkatu eta bere buruan sinisteko eta batzuetan zerbait balio duten esaldi merke horiek bota. Bigarren saioan ea zer lantzea nahi zuen galdetu zion. Aroak tripak izaten zituen minbera, bizkarra ere beti kra-kra-kra eta halaxe tratatu zizkion bi zonak suabe-suabe, begiak itxita, minik egin gabe apenas. Marmarrean atera zen orduan; zauriak ez bezala min fisikoa sendatzeko mina zela sendagai konbentzitu zuen bere burua. Obarioarena jakin zuenean ordea segituan deitu zion Diegori eta hasieratik esan zion zer zen egun hartan tratatzea nahi zuena.

        Ez dago aktibo, hori egia da, baina iruditzen zait ez dela desagertu, saio batzuekin eta zona horretako tentsioak askatuta berriz ere martxan jarri daitekeela. Xantaia komertzialaren usaina hartu dio Aroak eta Diegok nabaritu egin dio. Ginekologoak esan al dizu nondik etor daitekeen hau edo ba al dakizu noiztik falta zaizun obario bat? Aroak masajearen zorabioarekin jarraitzen zuen, ezin zuen nahi bezala pentsatu, baina ez, ez zekien noiztik falta zitzaion obario bat. Atzoko gaua buruari bueltaka pasa zuen, iraganeko eszenak gogoratu nahian, jertse bat falta zuela konturatu eta azkeneko aldiz noiz-norekin-zertan erabili zuen akordura ekarri nahian. Amari ere galdetzea pentsatu zuen. Galdetzea edo kontatzea obarioarena. Amak dena aurkitzen zion, behar ez zen tokietan zeuden gauzak ere bai, eta agian, halaxe topatuko zion alabari ere obarioa, ezkerreko besape azpian edo behatzetako azkazal lodiko zikinetan. Non egon daiteke obario bat?

        Egia da obario bakarra izatea ez dela ohikoa baina agian izan dezake arrazoiren bat. Ba al dakizu zure amak, zu izan aurretik aborturik izan ote zuen? Aroak begiak kliskatu zituen hainbat bider begiak hidratatzeak esandakoa hobeto entzuteko balioko balu bezala. Amak abortua. Ez. Ez du uste. Ez daki. Normala da horrelako gauzak ez jakitea, ezta? Agian ez da zure amarenetik datorren zerbait. Amonarena izan daiteke. Bai, eta Ama Birjinaren erditzearekin ere bai, no te jode.

        Hori ez du ahoz gora esan. Omega-3 hartzeko eta hurrengo txandan gehiago landu dezaketela proposatu dio Diegok. Laneko egutegia zehazteko daukala eta deituko diola esan dio Aroak. Ez du egingo. Obarioaren falta ez baina 50 euroak nondik etorri diren ondo daki eta hitz eman dio bere buruari ez dela berriro sekula gizonezko fisio batengana joango. 11:55 da. Azeleratu egin beharko du hitzordura heltzeko.

 

* * *

 

“Historia kendu eta memoria duen herria da Sartaguda”. Las Vegaseko terrazan hankak luze eserita zegoen Juanito. Iratik sekula aurrez ikusi ez arren iruditu zaio ohiko postura hori duela. Artista dela esan dio Lukasek, herriari buruzko zerbait egitekoa dela eta Juanitok halaxe bota du. “Historia kendu eta memoria duen herria da Sartaguda”. Entzundakoa ulertzen ez duenetan ahoa zabalik gelditzen zaio. Aroak eta Lukasek aurrera jarraitu dute.

        Udaletxea eta kultur-etxe berrituak erakutsi dizkiote, zementuzko balkoitik ikus daitekeen paisaia berdea, eta 1986an Sartagudako lehen ikastolaren toki izandako etxea. Deikaztelun zegoen ikastola ume faltagatik ixtekoak ziren eta egitura juridiko administratiboa gal ez zedin, uztailetik abuztura bitarte paperak aldatu eta irailean martxan jarri zen 6 ikaslerekin. Bakoitza maila batekoa eta irakasle bakarra. Gu ere hala ibiltzen ginen. Aroa 1997an hasi zen ikastolan eta gogoan zuen andereño Idoia. Bat diktaketan jartzen zuen, bestea irakurtzen, hurrengoa margotzen… Eta ez gara hain gaizki atera, aizu. Asteartea da eta Sartagudako frontoiko merkatuan ohi baino postu gutxiago daude. Musulmanek arkumearen festa omen zuten. Zapata eta urrezko bitxi saltzailearengana hurreratzen dira, hala ere, pasadizoan dabiltzanak, eta Joxerra Garziaren esaldi hartaz gogoratu da: oro ez da urre.

        Atzo komentatu nizun zalantzan zegoela hemen izango zen edo ez, baina azkenean bai, azkenean Jose etorriko da gaur 13:00etan. Lukasi ezer esan gabe zertaz ari zen ez zekiela adierazten zuen keinu bat egin dio artistak. Bai, Jose, Andresen egunkariarena. Galdu da. Barkatzeko, baina izen asko izan direla eta ez dela gogoratzen zein ziren Andres eta Jose esan dio Iratik. Lukasek gerra eta fusilatuak eta kontuak aipatzerako kalean goitik behera dator eskuan karpeta bat dakarrela. Begira, hortxe dator Jose. Eta konturatzerako esku artean nuen historia eta memoriak bat egiten zuten “Andresen egunkaria”.

        Letra ulergaitz dotore batekin idatzita zegoen esku ahurraren zabalera zuen koadernoa. Apenas zegoen zuriunerik orrietan, zirriborro eta tatxoirik ere ez. Andres Moreno Sola, lau anai-arrebetan gazteena: Daniel, Alejandrino, Lucia eta Andres. Lucia zen Joseren ama eta izeba baten etxean azaldu omen zen erlikia hura orain zortzi urte. Txiripaz ez zen zaborretara joan. Halako zenbat altxor galdu diren imajinatze hutsak gaixo jartzen nau. Joseri nabari zitzaion osaba zenak existentziaren froga egindako ahaleginarekiko lilura. Plastiko doratua edo paper ajatua bihur daiteke oro.

        Egunerokoak esaldi berean kontatzen ditu pataten landatzea eta bizilagunaren atxiloketa. Garai hartan ez zegoen ezer alferrik gastatzeko esan du Josek. “Andresen egunkaria irakurtzen hasi da Irati. “1936ko urtarrilak 5: Varieté funtzio handia. 1º pelikula Todos acaban casándose. 2º Zaragozako izar kantariak kantatutako koplak, Lizarrako musikarekin; 1936ko apirilak 5: Gaur arratsaldean faxisten ezkutuko bilera bat geratu dute, dokumentuak hartu eta herriko hainbat pertsona atxilotu dituzte; 1936ko maiatzak 4: Gaur goizean herria manifestazioan atera da, bart gaueko tiroen eta ordena eta bakea eten dituzten maniobra faxisten aurka protesta egiteko, herriak Luis Bastero jaunari eta Cecilio maisuari errua leporatu die.

 

 

 

Egunerokoak ez du bukaerarik. Andresen ama, Andresa, oso katolikoa omen zen, herrian bataiatu gabe zeuden haurren etxeetara sartu eta berak bustitzen omen zituen ur bedeinkatuarekin. Bere seme Daniel eta Alejandrino fusilatu zituztenean, edonor fusila zezaketela konturatu ziren.

        Iratik ez du bere burua mesfidatitzat. Iruditzen zaio sortzaileek berezko dutela harridura lagun izatea, galderak egitea, jakin-mina baina oro har gutxi fidatzen da gizakiaz. “Zergatik ez zuten Andres fusilatu?”. Ez zen gerrara joan begi bat falta zuelako. “Eta nola galdu zuen ba begia?”. Soroan lanean ari zela makinaren bat lehertuta. “Garai hartan askok ez zuten idazten jakingo, edo?”. Andresen aita, Joseren birbirraitona, kultura handiko gizona omen zen eta hark erakutsi zien etxekoei idazten. “Kuriosoa egiten zait frankisten nondik norakoak horren zehatz jakitea…”.

        Iratiri, entzundakoak entzunda, Andresi traidore traza hartzen zion. Josek kontatu du herrian bazekitela zer pasatzen zen, basamortuetan lur-azpiko ur emariak nola, isiltasunaren azpietan etengabe zegoela informazio joan-etorria eta horrela bakarrik azaldu daitekeela eraildako ia gorpu guztiak aurkitu eta identifikatzea. Bakarra dago izena jarri ezinda. Predejonen aurkitu zuten bat. Beste denen izen-abizenak Memoriaren Parkean daude idatzita. Iratik emakumeez galdetu du, ohi bezala. Sartagudan ez zuten emakumezkorik erail. Ilea soildu zieten kontra egiten ausartu ziren apurrei, errizino olioa edanarazi eta herritarrak behartu zituzten emakume haiei puta! deitzera. Valentina, Serafina, Felicidad, Abelina, Pilar, Celestina, Primitiva, Paca, Maria. Bortxaketa, izenik gabeko mamu bat zen. Eta gero alarguntze masiboa eta horrek zekarren guztia. Gerrako urteetan, gutxi gorabehera 25 eta 34 urte bitarteko gizonezkoen % 45a akabatu zuten. Garai hartan gizona zen etxetik kanpo lan egiten zuen bakarra, dirua eta jatekoa ekartzen zuena… Ba pentsa. Aroari pasa zion egunerokoa Iratik. Gure amona-eta hiru ahizpa ziren eta hirurak gelditu ziren alargun. Gero beste biak ezkondu egin ziren baina gure amona hiru seme-alabarekin gelditu zen 31 urterako. Garai hura nola pasa zuen galdetu izan diodanetan beti esaten du berdina: “con mucha hambre y poca queja”.

        Aroari abizenaz galdetu dio Josek eta segituan atera dio zuhaitz genealogikoa; zure izeba ile-apaintzailea izango da orduan, eta jo, zure amaren osaba zenarekin, bueno, edo osaba-ordearekin, amonaren ahizpa ezkondu zen bigarren senarrarekin asko egoten zen gure aita, gizon txistosoa zen hura, eta zure ama ere gure arrebarekin ikasitakoa da. Ez da erraza jakiten orainaldia iraganaren biharamun bihurtzen duten horiek zein garaitan bizi diren.

 

* * *

 

Amak bakarrik galdetu dio fisioaz Aroari. Ondo bat erantzun, mahai gaineko sagar berde bat hartu eta gelara sartu da aste honetan entregatu beharreko laneko memoriaren lehen zirriborroa egitera. Baina ordenagailu aurrean eseriz gero Instagrameko leihoa ekidinezina iruditzen zaion moduan, kosta egiten zaio oraindik esan nahi ez duen horri eustea: buruan bueltaka ibilitakoak saiatzen zen sabelera eramaten bertan gorde eta bere kasa digestioa egiteko, baina esofagotik pasatzean ahosabaia miran, mingaina jolasti eta braust, hitzak kanpora. Ama, zuk aborturik izan al duzu sekula? Kalabazinak txikitzeari utzi dio amak eta 27 urteko alabari begira gelditu da. “Zer?” bat atera zaio, galdera ikurra jartzerako desegin dena baina Aroak erantzutea zegokiola sentitu du, ezinezkoa zaion enpatiaren faltaz konturatuta. Ginekologoak ez dit obario bat topatu, ez omen daukat, eta fisioak esan dit aurretik egondako aborturen batekin egon daitekeela lotuta. Purrusta egiteko indarrik gabe dago ama, baina “ez dela posible” esaten du, ez duela sekula halakorik entzun, abortua eskubide bat dela, legeetan idatzia eta ez dnan, eta berak ezin zuela garai hartan umerik hezi, umemoko batek umerik ezin dezakeelako hezi, eta eskerrak egin zuen eta ez kontatzeko inori, mesedez. Besarkada bat eman diote elkarri eta lasai egoteko esan dio Aroak kalabazina mozteari utzi eta umemoko baten moduan negarrez ari den amari.

        Kleenexak eskaini eta esertzeko gonbita egin dio alabak. Beste galdera bat bazuen ordea. “Gaur amona Clara zer dago, izeba Pilirekin?”. Baietz erantzun dio amak. 17:30 dela eta jubilatuen tabernan egongo zirela segur aski. Ez zaio momentu txarra iruditu izebari arratsaldeko deskantsua eman eta amonari paseoa proposatzeko.

        Jubilatuen tabernako barruko mahaietako batean zeuden izeba Pili eta amona Clara. Telebistako arratsaldeko lehiaketa horietako bati begira-begira zeuden eta Aroari zer behar duen galdetu dio izebak. Ez duela ezer nahi, amona bakarrik, berarekin paseoa eman nahi lukeela eta izeba zuzenean bidali gabe joateko gonbita egin dio Aroak. Hasieran ezetz esan badio ere bi enkargu badituela egiteko eta zerbait behar badute deitzeko esanda ziztuan joan da izeba Pili. Amona Clarari bi muxu eman dizkio bere matrail hezurtsu zimurdunetan, gurpildun aulkiko frenoa kendu eta kartetan ari ziren Luisari eta Faustinari agur esanda atera dira tabernatik.

        Nora joan nahi zuen galdetu dio amonari. Zuk nahi duzuna. Erabakiak hartzeari utzi zion aspaldi amonak. Paseoan joan dira eta Las Vegaseko terrazako Manolok nik ere horrelako neska guapek paseoan eramatea nahi dut esan dio amonari. Miradoreko aulkian jesarri da Aroa amona Clara ondoan duela. Radako Dorrea konpontzen ari dira. Lehen Sartagudarena omen zen, baina mus partida batean jokatu eta lodosarrena da orain. Aroa saiatu da amonari hitzak ateratzen, badakizkien gauzak galdetzen. Tren geltokira oinez joaten zineten zuek, ezta, amona? Eta nola zen Castellongo markes hura, negua pasatzera hona etortzen zena? Amonari entzuna zuen markes dotore bat etorri zela hiru neguz herrira. Clara neskatila gaztea eta lagunak markesaren etxe ingurura joaten omen ziren igandetako arropak jantzita, beste zerbaiten aitzakian, mantzanilla edo masustak jasotzera, markesarekin topo egiteko desioan. Esaten zen markesari begietara bost segundo baino gehiagoz begiratzen bazitzaion, itsuki maiteminduko zela emakume hartaz. Hirugarren neguan emakume batekin etorri zen markesa, ezkontzekotan omen ziren udaberrian. Oso elegantea omen zen, jatorra gainera, eta ordutik aurrera ingurukoekin moldatu behar.

        Gaur ez dago amona Clara hizketarako animoz. Baina Aroaren burutik sabelerako bidea estutzen ari da, esofagotik behera egiteko listua irentsi du baina urak ez du dena eramaten. Amona, zu aitona Ricardo fusilatu zutenean, haurdun al zeunden? Aroak paisaiatik begiak apartatu eta amonari begiratu dio. Baina amonak ez du bururik biratu, ez zaizkio bekainak altxa ez eta zimurrik mugitu ere. Bat, bi, hiru, lau, bost. Eta Aroak jakin du Sartagudan bizi bada ere Alargunen Herrikoa dela bera.

 

* * *

 

Maiatzeko azken astea da. Asteazkena eta arratsaldeko 19:00ak ia jota ditu Andosillako erlojuak.

        —Azken bileran ez nintzen etorri eta gaur nire kontu. —Aroa kartera eskuan eta musukoa jantzita barrara joateko prest da—. Zuk, Marian te gorria... Ana, ebakia, eta zuk, Lide, zer nahi duzu?

        Nik zuritotxo bat. Gaur merezi dugu eta!

        Marianek koadernoa eta boligrafoa atera ditu poltsatik. Anak mugikorreko azken mezuak irakurtzeko aprobetxatu du.

        —Ze Ana, zer moduz bukatu zenuten Euskararen Eguna? Ze balorazio? Bua, Zetak oso guapo, eta Ojos Violeta super-marabilla. Guk Gazte Egunerako lotuko ditugu —Lide Mendabiako Gazte Taldean dabil, eta talde feministan eta Euskara Taldean ere bai. Batzuetan agobiatu egiten da.

        —Bai, egia esan lan dezente izan genuen Covidaren neurriekin, udala eta finantziaketa eta beste, baina bai, oso ondo atera zen dena —Anak mugikorra poltsan sartu du eta bide batez zigarro paketea ateratzeko aprobetxatu—. Bat baino gehiago etorri zitzaidan egunaren bukaeran solaskide taldean hasi nahi zutela esanez, eta hori zen helburua, edo bueno, hori ere bai behintzat.

        —Ze ondo! Nik azkenean ezin izan nuen joan baina bideoak ikusi ditut Facebooken eta jende dezente zegoela zirudien —Mariani kafesnea zerbitzatu dio Aroak; Anari ebakia eta Lideri zuritoa.

        —Bai, berrehun bat lagun edo. Ehun eta berrogeita hamar gonbidapen zeuden banatuta eta azken momentuko agregatuekin ba espektatibak beteta. Zetak-ek jendea mugitzen du baina pandemiaren kontu hauekin ezin zen jakin…

        —Jo, baietz. —Lidek lehen tragoa eman dio zuritoari—. Ez da bukatzen kontu hau… Antzerki hau musukoekin ez dugu egin beharko, ezta? Mesedez. Behin jendea begira izango eta aurpegi polit hau ez dut ezkutatu nahi.

        —Gure lotsak eta erridikulua estaltzeko, agian mesede —Aroak motxilatik atera du akta—. Azken asteko akta irakurri dut baina galdu samar nabil. Iratirekin ze inpresio? Lukas eta nirekin atzo egon zen eta ulertu nion bihar Andosillara joango zela eta Lodosa eta Mendabia datorren astean bisitatuko dituela, edo horrelako zerbait.

        —Bai, bihar etorriko da Andosillara eta bazkaria egingo dugu Oilategian.

        —Nirekin datorren astelehenean geldituko da segur aski, baina Lodosan dago lotan eta gaur eguerdian adibidez merkatuaren aitzakian kafe bat hartu dugu. Jatorrika da baina ez dakit askorik enteratu den zer egin behar duen. Artista —Marianek lehen tragoa egin dio teari—. Baina bueno, gu gurera, badugu-eta lana. udalekoekin hitz egin dut eta egonaldia gehi antzerkiaren kontua ahalik eta zehaztuen bidaltzea eskatu didate. Ekitaldiarenak pixka bat itxaron dezake baina artistarena ixtea komeni: bidaiaren noiztik norakoa, kostuak, zer den egingo duena… Google Driveko dokumentuak gaurkotu ditut, Iratirekin ere hitz egingo dut eta datorren asterako bidaliko diet beranduenez. Eszenatokia eta muntaia lotuta eta teknikoekin ere hitz egin dut.

        —Aupa, presi! —Lidek txokala bat luzatu dio Mariani, eta honek eman—. Mendabiatik dozena bat prest aktore lanetarako. Eta besteren bat behar bada paisaiako kaktusaren edo zaldiarena egiteko, gure kuadrillakoak prest. Euskaraz ez dakite baina tope alde daude.

        —Beno, hortik hasten da. Gazteek parte hartzea beti da positiboa —Anak azukre sobre erdia bota dio ebakiari—. Nik ere musikariekin hitz egin dut. Txistulariek pieza batzuk joko dituzte, Tomasen semeak gitarra eta nik abesti batzuk aukeratu ditut jada —Anak ere fundamentua egin du—. Eta ondo iruditzen bazaizue antzerkirako berariaz kantu bat sortzea pentsatu dut. Ideia bat badut, eta estribillo erraz batekin polita geratu daiteke bukaeran denok batera kantatzeko.

        Taldekideek aho batez onartu dute Anaren proposamena. Laurek zekiten zein ondo kantatzen zuen Anak, bazuen tonu berezi bezain gozo bat, sinplea eta garbia, eta andosillarrei musika zerien joaten ziren tokira joaten zirela. Aroak Covidaren protokoloak begiratu eta neurriak, distantziak eta beste kontrolatzeko ardura hartu du. Ordubeteko bilera izan da, baina bilera eraginkorra. Bigarren errondan laurek hartu dute zurito bana.

 

* * *

 

Musikako graduondokoa egin zuen Anak. Ez zuen oso garbi zer bide hartu nahi zuen baina musikako irakasle izateak konbentzitzen zuen. Gustatzen zitzaion musika, Patti Smith zale amorratua zen eta oroitzapenen akordua duenetik kantatu izan dute etxean. Bera ez zen kantari bikaina, kantari bikaina osaba Javier zen, ahots sendoko gizona. Anak bazekien duoak egiten, Mendian gora haritza 3/4ko konpasekoa dela eta Ikusi mendizaleak 6/8koa, baina ez du musikaren pultsu postmodernoa jarraitzen. Aurreko astean alabak Ariana Grande delako bat aipatu zion oso ona zela eta musikako klaseetan hori ematen bazuen ikasleekin arrakasta ziurtatuko zuela. Jarri zuen YouTuben Grande hura, eta ez zion asmatu tonu minorrean edo maiorrean zegoen ere.

        Orain akaso ez hainbeste, baina lehen, parranda egiten zuten garai haietan eta ezezagunekin trukatzen diren zozokerietan, musika irakaslea dela esan eta zerbait kantatzeko eskatzen zioten. Bai, kantatu “El Jardin prohibido” edo “Yolanda”. Haserretu egiten zen Ana. Arotzari armairua egiteko eskatzea bezala da hori, momentuaren leku eta denborari jaramonik ez egitea, eta armairuak egiten ez dituzten arotzak ere ahaztea, bide batez.

        Berak ez zituen armairuak egiten. Armairuen barruetan begiratzea gustatzen zitzaion arotza zen metafora erabiliaren erabiliaz gastatzearren. Memoriaren antzerkirako musikaren ardura onartu zuenetik, ordea, bere zorroan lozorroan urte luzez egondako gitarra akustikoa hartu eta probatu eta probatu ari zen. Melodiak ia eginda zuen bere marrazkia, gitarraren akordeek arpegio sinple batzuekin laguntzen zuten kanta, tra-trakatraka tra, trakatraka tra, eta ahotsari, hitzari, eman nahi zien pisurik gehien. Hitzak ere bereak dira. Sekula ez du kantarik idatzi. “Letra edo musika” eztabaida betiereko horietako batean letrek esanahitik haratago esaten zutela bota zuen berea ez zirudien konbentzimendu batean. Ez zuen parekoa konbentzitu, baina bai bere burua.

        Horregatik antzerkiko parte-hartzaile guztiak nolabait bildu zitzakeen letra bat izan behar zuela bazekin, uhhhh dezente behar zituela eta estribilloa arin bat, memoria, historia eta iragana bezalako monolitikoekin.

 

                Izan ginen hura antzezten duguna da, antzezten duguna da, una daaaa...

 

        Poetiko samarra. Javierrek eta Margak ere kantatzeko moduko letra izan behar du.

 

                Memoria, historia eta kantuan txoria

                Memoria, historia miseria ta gloria

 

        Puag.

 

                Hemen, hemen, hemen, hemen,

 

        Izan daiteke. “Hemen” hitzaren barruan sartzen da memoria, egiten dio keinu eraman zutenari, ordukoari, bizitzari berari. Eta estribilloan gutxienez aktore eta euskaldun amateurrak ez zirenen paperari ezkutuan begira aritu beharko. Hemen.

        Anak behin eta berriz kantatu du “hemen”-a. Zubittoa gorago jarri du, sokak tenkatu ditu, gorago behar du, hemen, hemen, ez, ez da hor. Sudurretik kantatu du, ahosabaiaren atzealdetik, arkatzari hozka eginda probatu.

        Aita, zu gogoratzen zara amona Rosaren ahotsaz? Aita bere egongelako besaulkian dago egunkaria irakurtzen, eta galdera entzutean begirada noraezera apartatu du pentsatzen edo gogoratzen ari ote den ezin antzemanda. Pixka batean isilik egon dira. Alabak ez dio beste ezer esan eta laurogei urteko aitak ere ez dio galderaren atzea-aldea erakusteko eskatu. Ez. Ez zen “ez” itxi bat izan; ez zuen oroitu ezinaren damurik iradoki, baina “ez” horren bigarren letra, “z”, luzatu egin du hiru puntu suspentsibo jarri eta ezinean geratu nahi ez balu bezala.

        Anak ez dio berriz galdetu. Erantzunak ez dira galderen proportzio berdinean hazten. Eta aitaren etxean dagoen argazkiari begiratu dio: zuri beltzeko argazkia da, Andosillako Villan ateratakoa. Gaur Egun kultur-etxea dagoen plazako aulki batean daude eserita. Orkatilak ere estaltzen dizkion soinekoa darama amona Rosak, dozena botoi dituen alkandora eta ilea atzean bilduta. Aurpegi serioz begiratzen dio kamerari bi urteko haurrak ez bezala. Aitak kontatzen du argazkiak oso noizbehinka egiten zirela orduan eta kamera zuenak objektibora begiratzeko bakarrik eskatzen zuela, ez barre egiteko. Amona bere argazki guztietan ateratzen da serio, serio edo irribarrerik egin gabe, begira-begira.

        Ana txikiari berriz, bi hortzak nabaritzen zaizkio eta eroso dago kameraren aurrean, amonaren magalean. Kuttuna du Anak 1967ko erretratu hura eta nerabea zela argazki harekin berriketan aritzen zen arrazoia behar zuenean batik bat: ahizparekin haserretzen bazen edo gustuko beste pertsonaren batekin bazebilen behar zuen entzun, bera ederrena zela, zintzoena, azkarrena, eta amonak horixe esaten zion begira-begira; sarritan entzute hutsa zelako erantzuna.

        Begiak itxi ditu. Hor behar du, hor behar du ahotsak. Hauts fin eta hautsi bat zen amona Rosarena, berarena baino agudoagoa.

 

                Hemen… Hemen… Hemen.

 

* * *

 

Irati sartzerako txistulariak euren lekuetan daude. Partiturei heltzen diete batzuek eta danbolina daramanak bi kolpe eman ditu abestia hasteko. Mi, mi, sol, mi, mi, sol, fa, mi, sol, fa, mi, re, re; mi, mi, sol, mi, mi, re, mi, fa, mi, re, mi. Andosilla dago kilometroz Lodosatik urrunen eta kuriosoa egin zaio herriaren egitura: sarreran etxe andana, piszina, udaletxea eta beste. Hiru pisutik gorako eraikinik ez ia. Bertigo gutxi izango dute hemengoek. Herriaren barrura sartu ahala, ordea, harkaitzei forma emandako etxeak ikusten dira, aldaparen aldapan eraikitako hormak eta, puntaren puntan, zerutik gertuen, eliza.

        Bazkaria “oilategian” izango zela esan zioten eta goizeko laino apurrek doble motibo eman diote Iratiri sandalien partez zapatillak janzteko. Damutu da eguerdiko 13:30ean kotxean 40 gradu markatu dituenean eta “oilategi” delakoak lumatik eta zirinetik ezertxo ere ez zuela ikusita. Txistulariek “Udaberriko lore politena” kanta jotzen zuten bitartean sarrerari erreparatu dio. Izenak jartzen ez dakien arbolaz beteta dago sarrera, itxura basatia du, naturala, baina garbi dago lur haietan halakoak zaindu gabe ezin direla etorri.

        Mahai gainean buruko lau plater baziren gutxienez. Entsalada eta meloia urdaiazpikoarekin hasteko, parrilan egindako txuletillak eta txistorra, bizkotxoa, pastak, izozkia, kafea eta ondorenekoak. Inork xaxatu gabe gitarra atera du Leirek, Interneten bilatu ditu partiturak eta Josuneri paso eman dio kantuan hasteko.

 

                Erribera, Erribera, zure landen zabalera.

                Ortzi muga den hartan, mugatzen da.

 

                Zure lur emankorretan

                isurtzen diren asmoak

                gogotsu hartuko ahal ditu

                lur gozoak.

 

        Ahots bikaina du Josunek eta kuadrillak oh-oooooh-oh-oh-oh-ooooh, oh-oh-oh-ooooh zatian sartu da bakoitza bere estiloan. Anak ere hala egin du salto. Begiak itxita, bost zentzumenak piztuta, taldearen bero hartan amona Rosaren ahotsak atera nahiko zuela konbentzituta. Ooh desafinatu bat atera zaio, desafinatu-desafinatua. “Uitx” bat esan eta ahots kordekin eztul egin du eztarria garbitu nahian bezala inguruko inor konturatzerako. Ez dago ba hor gaur ere.

 

 

 

Udako oporrak dira, egonean egoteko garaia, buruari ez eragitekoa eta hori dena, baina Anak ezin du lasai egon. Lasai, lasai ez dagoena ez dago “gaizki” de facto, Ana jolasean ari da, inori kontatu ez dion obsesio txiki horretan. Amonaren ahotsez saiatzen da Hilariori ogia eskatzen, gutxi egindako bi baget; amonaren arropa apurrak jantziz ibili zen aurreko larunbatean, eta praktika ona izan zitekeela iritzita inoizko marrurik marruenekin jo du Aitorrekin larrua. Suak jan dio haragia harremanaren fideltasunari bihurrikeria hura eginda.

        Eta aste betean bildu zituen ahotsaren inguruko artikulu interesgarriak eta baten bat irakurri, telebistako aurkezle eta aktoreak, jendea oro har, ahotsaren eskalan baloratu zuen, eta bere buruarekin geroz eta gehiago hitz egiten zuela konturatu zen. Hori batez ere. Aguakatea edo gailetak? Gaur gailetak, aguakatea gogor samarra dago oraindik. Hain eguraldi ona al zegoen emanda? Santa Gurutzeko ermitara joango naiz paseoan. Joanari idatziko diot ea animatzen den galdetzeko. Ez, uff, alabaren ezkontza pasatzen zaionean egingo diot kasu, ze amatxo Maitia, antzerki batek horrela obsesionatzea ez dut ulertzen. Bueno, nik ere gure antzerkiari ordu dezente eskaintzen ari naiz baina ezberdina da; gurea kolektibo baten kontakizuna da, herri baten historia, kultura, hizkuntza. Ezkontza batek ez dauka zentzurik. Gure garaian ere ez zuen, baina zentzurik gabeko gauzak momentu batzuetan paisaiaren parte dira eta beste batzuetan pertsonek egiten dituzte zentzurik gabeko gauzak. Niri kosta egiten zait zentzurik gabeko gauzak egitea. Ba, ez esan gezurrik. 57 urte eta gaileta dinosauroei burua jaten diezu lehendabizi erasotze arriskua kentzeagatik badaezpada. Egia da. Lentejak uretan jarri behar ditut gerorako. Ordubeteko paseoa ere bere buruarekin hizketan pasa zuen, bizitzaz, aldaketako minaz eta gurutzatzen zituenen errepaso biografikoa xehe-xehe eginez.

        Ekaineko azken astea zen eta ekainaren 28an mintzalaguneko ikasturte amaierako jaia izan zuten. Tortilla, urdaiazpiko eta zerbezen ostean Josetxok kafe-likorea atera zuen eta handik aurrera “hika” hitz egin behar zela okurritu. Eta halaxe hik tortila osoa jan duzuk eta ni abuztuaren 9an… aire-aire. 29an komeriak eta 30ean laneko azken eguna eta zuzendariak bilerara deitu zituen “iraila” delako batez hitz egiteko. Costa Bravan edo Pirinioetan ez bazegoen, ez zuten hara joan nahi. Ondoren bazkaria, irakasleen bazkaria, aurten inoiz baino kide gutxiago eta etxera buelta egindakoak “arriskua saihesteagatik” egiten zituztela esan. Hezkuntza komunitatea. Uztaileko lehen ostegunean, 1ean sendabelarren ikastaroa izan zuten Emakumeen Elkartean eta ostiralean Unaxek bere neska-lagun berria, Olaia, ekarri zuen etxera bazkaltzera. Ana ez da bere semearen bikoteak alabatzat hartzen dituen horietakoa, ez du zentzurik horrek, baina ez da errezeloz eta lehen bisitatik benenoa nola bota pentsatzen jarduten dutenetakoa ere. Olaia, jatorrika, makarrilla, Iruñekoa. Euskaraz bazekien eta ez zuen ezkontzea desio zuten horietakoen itxurarik, ondo.

        Larunbatean, gainera, aita baratzean ari zela erori eta Lizarrako ospitalera eraman behar izan zuen, han plakak atera eta erradioa hautsita, ezkerreko besoa igeltsuz estalita egin zuten buelta. Ea besoarekin batera ezkerra ere sendatzen den esaten zuen aitak umorez, lasai egoteko, moldatuko zela baina astebetean jatorduak Anaren etxean egin zituen. Astebetean ahaztu zen amona Rosaz. Hau, hori eta hura, bere buruarekin jarraitzen zuen hizketan. Garabiltzan ahotsak ez du tonurik.

 

* * *

 

Irati ez zen piszina zalea, eguzkia hartzea gustatzen zitzaion baina piszina ez. Nerabezaroarekin lotzen du piszina, distantzia hartu nahi duen garai batekin. Gogoratzen da Beasaingo piszinetara nola etortzen ziren Idiazabalgo mutilak, nerabezaroan ustez inoiz ikusi gabekoari izaten zaion liluratik begiratzen zieten banan-banan: Markel gustatzen zitzaien kuadrillako denei, Saioari ere bai, eta beraz, Saioarentzako zen Markel. Nereak Beñatekin nahi zuen, Alaitzi Ikerren kiribil marroiak gustatzen zitzaizkion eta Iratik Andonirekin pegatzen zuela zioten. Iratiri ez zitzaizkion bikini xs batean kabitzen bularrak eta hanketako ileak horitu egiten zituen depilatu nahi ez-eta. Urteak dira herriko piszinetara joan ez dela. Nahiago zuen mendialdera joan eta larre batean etzanda hartu eguzkia uraren bueltan egiten zen erritual satanikoan parte hartu baino.

        Erriberan ordea ez dago aukerarik, are komunera joateko maletaren gainetik pasa behar zen hoteleko gela batean egonda. Klaustrofobia itxitasunarekin baino beroarekin lotuta zegoela uste zuen Iratik.

        Lodosako piszinak errekari kontra-bidean segi eta futbol-zelaiaren atzean zeuden. Lehen egunean inpresioa egin zion errekaren zabalak eta ur-ertzeko berdetasunak Iratiri eta ea zein erreka zen galdetu zuen. Zein izango da ba? Ebro. Lotsatu egin zen bere ezjakintasuna ez zetorrelako artistasunarekin bat, baina uraren emariari begira-begira gelditu zen. Hau da muga. Horko alde hori Errioxa da. Azaldu zioten erreka ezinbestekoa zela bertako nekazarientzat, eta ubide andana zegoela bertako urak baratze eta soroetara bideratzeko. Ez zuen aurrez pentsatu baina harrigarria zen zenbat jende bizi zen nekazaritzatik, esparrago-sailak eta melokotoiak nola ernaltzen ziren lur hori haietan.

        Bazkalostean joaten zen piszinara Irati, eta umeen merienda-orduko zalaparta entzuten hasten zenean buelta. Hamabost urte izango zituen Roxyko bikini koloretsu ajatu batekin joaten zenean, irakurri eta siesta, bainutxoa eta egon, irakurri eta entzun. Bere bizitzako momentu hartan eternitatean biziko litzatekeela pentsatu zuen momentu batzuetan.

        Ondoan jubilatzeko oraindik gazteak baina hegazkina hartzeko ia zaharrak ziren andreak esertzen zitzaizkion. Lehen egunean estrien kontrako erremedio natural bat azaldu zuen kokotsa sudurra baino aurreratuago zuen andreetako batek. Bi kutxarada oliba olio bota bol batera, oliba olio normala, Eroskikoa, virgen extra ere ez zuen izan behar —berak virgen extra erabiltzen zuela aipatu zuen etxean bestea ez zutelako izaten baina igualtsu zela—. Oliba olioari arrautza zuringo irabiatua gehitu, gorringoa ez, zuringoa bakarrik —kokots luzangak gomendatu zuen arrautza gorringoa frigorifikoan gordetzeko eta oso ona zela ilerako—. Berak hilabetean behin-edo egiten zuela, gorringoa aurpegiko maskarari nahastu, 30 minutu-edo itxaron eta ondoren urarekin garbitu. Aizue, brillante. Baina estriekin ari ginen. Oliba olioari zuringo irabiatua bota, gero azukre pixka bat —zuriak edo beltzak ez zuen axola— eta nahasketa hozkailuan izan pare bat orduz. Ondoren masajea eman, behetik gora beti, eta listo. Kokots luzangak bere izter barruak erakutsi zizkien begiak itxita entzuten zituzten lagunei, eta hauek baietz, ia estriak ikusi ere ez zirela egiten eta probatuko zutela.

        Bizitza ez, baina beroaldia salbatu zion erremedio hura entzunda ondorengo egunetan ere lekua berdinean etzatea erabaki zuen Iratik. Bera etzan egiten zen; andreek euren aulkiak ekartzen zituzten. Aulkiena ez zen bizkar eta aldakentzako soilik mesede; piszinaren luze-zabalak kontrolatzeko beharrezko lanabesa zen aulkia, eta, batez ere, familia zoriontsuei goitik behera begiratzeko aukera ematen zien leku hark.

        Iratiren laugarren egunean hitz egin zuten familia zoriontsuez. Ez zuten orokorrean hitz egin, nahiz eta Iratiri iruditu gorroto zuten espezie bati buruz ari zirela, eta Diana eta bere senarra, Carmiren bigarren semea, euren ondorio zientifikoak baieztatzeko beste adibide bat bakarrik zirela. Haurretako bigarrenak arazo asko omen zituen. Ze motatako arazoak? Gaiaren kaxoia zabaldu duen bainujantzi loredunekoak sorbaldak jaso ditu gora eta eskuekin “ez dakit, eta ni erruduna naiz” bezalako keinu bat egin du misterioari bide emanez. Begietan antifaza izaten duenak salbatu du esanez berak ere entzun duela zerbait. Bainujantzi loredunekoak istorioarekin jarraitu zezakeela sentitu du orduan, eta eskolan oso atzeratuta dabilela, 7 urte eta oraindik ia ez dakiela hitz egiten, gehitu du. Kokots luzangak egia dela, berak ez duela ume hori hizketan sekula entzun eta tarteka liburu bat irakurtzen duen andreak gaur egungo umeak geroz eta tontoagoak direla bota du. Horixe zen amaiera puntua, denak daude ados, eurak ez ziren izango hain guraso listoak, ingeniariak eta medikuak eta horrelakoak, baina ondorengoak behar zen bezala hezi zituzten, ez gaur egungo pedagogia libre eta maitakorrekin. Bobadas.

        Iratiri iruditzen zitzaion ez zegozkion elkarrizketak entzuten zituela Lodosan eta batzuetan musika jartzen zuen haiek entzuteko eskubiderik ez balu bezala, baina andreren bat aulkian zuen postura betierekoa aldatzen sumatzen bazuen gelditu egiten zuen musika bazekielako rock and rolla zetorrela.

        Zortzigarren eguna zen. Iratik buelta egingo zuen Erriberatik eta hilabetearen buruan bueltatuko zen berriz ere lur hartara. Txorizo panplonako binbo eta banillazko batidoen bila etortzeko dei egin zien gurasoek piszinan zebiltzan haurrei, eta Irati toalla eta liburuak jasotzen hasi zen. “Agur” bat atera zitzaion andre haien paretik pasatzean, despeditzen ari zela bazekien, ez zituela berriz ikusiko astebetez bazkalosteko konpainia egin eta izenik jarri ez zien señora haiek. “Adios” esan zuen baten batek, Iratik aurrera egin zuen buelta eman gabe; bazekien atea gurutzatzerako bera izango zutela elkarrizketa bazka.

        Larunbata zen, azken gaua Erriberako lur haietan etxera joan, jasotakoari forma eman eta irailean buelta gidoi eta eszena itxiak besapean. Udalak kultur ekitaldi denetarikoak antolatu ditu udako festez ahaztu gabe festarik ez ospatzeko eta bart gauean Puro Relajo musika taldeak jo zuen Lodosako plazan. Zahar eta gazte, harrigarria zen tronpetaren lehen soinutik amaierara egon zen euforia. Irati gustura hoteleratu zen azken asteetan izandako pausajean. Baina gaur larunbata zen, arratsaldeko 07:00ak eta Zulon eskatutako kaña dozena erdi tragotan irentsi zuen. Bigarren bat eskatu zuen plaza jendez betetzen ari zen bitartean.

        Fitoscopia taldeak jotzen zuen arratsaldeko 20:00etan. Bai, Fitoren bertsioak egiten zituen taldea zen. Abeslariak ondo kantatzen zuen, Fitoren antza zuen, Andoni Egañak batzuetan eta Fitok ia beti daraman txapel horietakoa zeraman. Iratik zekizkien letra apurrak kantatu zituen eta ingurukoek, izozkailuan galtzerdiak nola begiratzen zioten plazan liburu bat irakurtzen ari zen neskari. Hirugarren kañarekin pareko soineko fuksiako emakumeari zigarro bat eskatzea pentsatu zuen. Ez, hobe puru bat. Lacosteko polodun gizon horri eskatuko diot. Harrigarria iruditu zitzaion territorio hartako bero demasarekin zenbat jendek eta zenbat erretzen zuten. Purua eskatu, eta gero metxeroa, eta tú no eres de aquí eta qué haces leyendo. Uff, pereza.

        Hoteletik pasa gabe zegoen oraindik. Merkadilloan erositako telazko soinekoa, Roxyko bikinia eta kloroak uzten duen ile heze pisutsua. Baina bere zarpailtasunak baino nagi handiagoa ematen zion hango dotoreziak, pozik eta alai egon beharrak, inporta ez zuten gaiez hitz egiteak, boterea elkarri ureztatzeko moduak, ez zutenek bazutenari beti; nagia ematen zion antzerkiak, literaturak, arteak edo sormenak. Pandemia baten erdian gaude, gaizki pasa dugu, batzuek beste batzuek baino gehiago, oraindik gaizki ari gara pasatzen eta nola hasi “bazen behinka”. Mesedez. Zer esan aktoreei ezpada bazkari bat egiteko, mozkortzeko, mozkortzeko bazkari bat egiteko, eta ez galtzeko denbora Memoria eta Historia eta ostia hauetan. Mesedez. Fartsa bat zen dena eta ez antzerki bat.

 

* * *

 

        @Kaixo Irati. Lide naiz, Mendabiakoa, taldeko gazteena (ez da zaila, jeje). Azkenean gaur egingo duzu buelta? Espero dut bi aste hauetan gustura egon izana eta hurrengo bisitarako bonba honi forma emanda izatea. Eskatu zenidanez hemen bidaltzen dizkizut herriko argazki batzuk eta parte hartuko dugunon talde argazkia ere bai. Aurpegiak jarrita agian errazagoa da pertsonaiak asmatzea. Eta mezuaren ostean bidaliko dizut audio bat, eskatu zenidan bezala nire ahizparekin dudan harremana edo egunerokotasuna kontatzen. Paseoan noa eta okurritutakoa bidaliko dizut eta gero ba bueno, pentsatzen dut gauza pertsonalak ez dituzula jarriko, ezta? Esan zenidan ondoren pasako zenidala idatzitakoa eta konfiantza dut zugan. Beraz, a lo loko kontatuko dizut, ados?

        Besterik beharko bazenu idatzi edo deitu lasai eta bestela ba animo, seguru super gidoi ona idatziko duzula. Muxuuuu.

 

 

Audioa, 6:18

 

        Paseoan noa eta ea haizearekin ahotsa entzuten zaidan. Eske begira, etxean oraintxe bertan izan dugu iskanbila. Musika kaskorik gabe ezin zela entzun jarri genuen arau bezala, ze bestela beti zen bolumena zeinek jarri tope, zein iritsi lehenago salara eta jasanezina zen, eta gaur sukaldean nengoen, ustez ni bakarrik, kaskoak logelan nituen eta nagia eman dit igotzeak. Ba Tatxersen Goizean oskorri nuen jarrita; badakizu zein den? “Erreferentea izan zinen. Eta orain zer zara?” hori eta Edith sartu da, “quita la música” esan dit, eta aber jaten ari nintzen pechuga de pavoa ez dakit pechuga de pavo nola esaten den euskaraz bueno ba ea azken lontxa zen. Galdetu egin du baina bazekien eta nazka keinu batez alde egin du “siempre igual” esanda.

        Horretan arrazoia dauka, beti da berdina, berdinak garelako betirako, edo bueno, berdinak berez. Ze hori, komentatu nizun bezala bikiak gara Edith eta ni, bikiak baina “gemeloak”, ez “mellizoak”, hau da, berdin-berdinak, ez egun berekoak. Ez gara egun berekoak gainera, edo hori esaten da Mendabian. Gogoratzen naiz behin Josune etorri zitzaidala galdetuz ea bietan nor zen zaharrena, esaten zelako bikietako batek...

 

 

 

Etxean kaskorik gabe musikarik ezin zela entzun jarri zuten araua. Sukaldean bakarrik zegoen Lide eta nagia eman zion gelaraino joateak kaskoen bila.

 

                Erreferentea izan zinen. Eta orain zer zara?

                Inork ez dezala esan saiatu ez zinela.

                Askoz gehiago mereziz berriz abiapuntuan. Abiapuntuan.

 

        —Quita la música.

        — Barkatuuu —segituan eman dio pauseri Lidek.

        —¿No hay mas pechuga de pavo? ¿Esa es la última loncha?

        Lide merienda ari zen prestatzen eta bai, tostada batean gazta freskoa eta indioilarra jartzea okurritu zitzaion. Ahizpari baietz esan zion nahiz eta galdera erretorikoa izan zela jakin. Siempre igual bat esanda sukaldetik atera zen Edith. Beti zen berdina, bai; berdinak zirelako beti, edo betirako, edo berez. Bikiak ziren bai. Bikiak baina gemeloak, ez mellizoak, hau da, berdin-berdinak, ez egun berekoak. Ez zirelako egun berekoak gainera edo hori esaten zen Mendabian.

        Esaten zen bikietako batek gaueko 23:30ean atera zuela burua amaren hankartetik. Besteak bost ordu beranduago, hau da, hurrengo egunean. Baina hurrengo eguna jarri omen zioten lehenari ere urtemuga bezala.

        Mendabian gauza asko esaten da. Esaten da Ebro ibaian Xana bizi dela, izugarri ondo kantatzen duen sirena. Haren kantuak liluratuta asko omen ziren Ebroren ertzera hurreratu eta ur-zurrunbilo batean bizitza galdu zutenak; esaten da elizaren ezkerraldeko aldapatik beherakoa “sorgin auzoa” dela. Gauetan dena zela katu-marru auzo hartan eta Zugarramurdiko akelarrea izan aurretik Mendabiako haurretako bat desagertzen zela urtero. Mendabiako plazan ere dragoi batek babesten duen altxorra dagoela esaten da, eta noizean behingo lurrikarek berritzen zuten istorioa.

        Bikiek ere entzunda zuten bietako bat zela zaharragoa eta haurrak zirela behin eta berriz galdetzen zioten amari zein zen zaharrena, haurra zarenean zaharrena izateak boterea ematen dizu, zebra-bidea lehenago gurutzatzeko eskubidea eta telebistako mandoa erabiltzekoa, besteak beste. Iskanbilarik egon ez zedin bi errealitatea paralelotan bizitzen erakutsi zien gurasoek: arropa dena berdin-berdina erosi zitzaien 12 urtera arte, elikadura berdina ematen zitzaien, dosi eta ontzi berdinetan, azukrerik gabeko yogurrak, haragia eta arraina astean hirutan, eta afaria 21:00ak baina beranduago sekula ez. Biak apuntatu zituzten ingelesera eta zeharkako txirulara amari iruditzen zitzaiolako duo perfektua egingo zutela arnasa bereko bi alabek (eta bide batez, ospetsu bihurtuko zirela, Vienako orfeoiak kontratatuko zituela gutxienez, dirua, dirua belarrietatik ateratzeraino, eta bi neskatila miraritsuak sortu zituen ama gurtuko zela gerora urtetan Legardako Ama Birjinaren pare).

        Baina Lide eta Edithen errealitate paraleloek etengabe izaten zituzten ihesak, zulotxo bat egin eta batak bestearen burbuiletan sartu nahi izaten zuen.

        —Begira nola begiratzen didan.

        —Ez niri bezala. Etorri nire gelara eta ikusiko duzu.

        Zac Efronen poster bera zuten euren geletan eta High School Musicaleko protagonistaren arreta nork bereganatuko hasten zuten xextra. Ni Vanessa eta zu Sharpay esaten zuen halako batean bietako batek eta besteak ezetz eta lehenengoak Zac Efroni keinu eta bigarrena hantxe zen bestearen ileetan zintzilik, garrasi eta hozka, harramazka eta txiribuelta. Ni naiz Vanessa eta zu Sharpay. Ama etortzen zen orduan eta bien artean sartzen zen nolabait ez su-etenaren arrastorik jaso gabe eta zotin errezoka: Jauna, nik zer egin dut hau merezi izateko, zer egin dut, zer.

        Amak ia ez zien zigorrik jartzen, ez eta umetan ematen zizkien solasaldi pedagogiko horietan tematzen ere. Hamar urte pasa ziren, ez ziren Vienako orkestrako parte izango, ez neskatila sentibera, jator eta katoliko. Bere gorputza bien artean sartzera mugatzen zen eta kito.

 

 

 

Hamahiru urte bete zituzten eguna izan zen mugarria. Bikiek urtebetetzeetako giroarekin bat ez datorren eszena batekin egin zuten topo goizean goiz: larunbata zen eta gurasoak egongelan zeuden sofaren gainean. Esertzeko esan zieten. Aurten ez zutela oparirik eurentzat, sobre bana baizik. 60€ zeuden sobre bakoitzean eta bakoitzak nahi zuenean gastatu zezaketela esan zieten. Ez zegoen puzzle berdinik, baloi edo liburu berdinik. Simil desorekatua hautsi eta bakoitza bereari tira egitea zen euren opari.

        Ordutik pasa dira sei urte eta Edith eta Lidek abizenean ere justu-justu dute antza. Edith enpresen kudeaketak eta administrazioaren graduondoa hasi da ikasten Iruñean eta egunero egiten du joan-etorria ez zeukalako gogorik txamizo eta Yurgirengandik aste osoa urrun egoteko. Azkazalak zaintzea gustatzen zaio baina ez da pija bat, soy una chula, no una pija esaten du halakorik inork botatzen badio, eta fatxen kontra dagoela eta klase harrotasuna duela, soy obrera con mucha borrachera.

        Lideren pasioa eskubaloia zen. 12 urterekin hasi zen Mendabiako taldean, gero 16rekin Lizarran eta orain Helvetia Anaitasunak kontratu txiki bat egin dio lau urtetarako. Pozarren hartu zuen Iruñean Arte Ederrak ikasten hastera zihoalako orduantxe eta pisua ordaintzeko lain iristen zitzaiolako horrekin. Ezker alboan jokatzen zuen eta ezkerrarekin ondo moldatzen zen. Umetan amak eskuinarekin idazteko joerari gogor egin zion eta idatzi eskuinarekin egiten du normalean baina Lidek uste du, nahiz eta berezkotasuna eta biologiatik datorren guztia zalantzan jarri mugimendu feministan dabilenetik, bera “berez” ezkerra dela. Mugimendu feministan dabil, Gazte Taldean eta Euskara Taldean orain dela hiru urtetatik. Euskaltegira joaten hasiko zela esan zien gurasoei urduri; hauek hasieran egin zioten purrustaren bat eta gogoan du telebistari begira zegoen aitak nola esan zion ea ezer hoberik egiteko ez ote zuen hildako hizkuntza bat ikasi baino. Hala ere ez zioten alabari kontra askorik egin. Aspaldi eman zuten amore biki fantastikoen heziketan.

 

Audioa, 1:30

 

        Beste zerbait jakitea nahi baduzu galdetu. Ez dakit, ez dugu pelikuletako istoriorik… Nik ez dut jakiten zer pentsatzen duen “ni por el forro”, eta gaizki pasa duenean ez zait hasi bihotza azkartzen edo horrelako kontuak; nabaritu izan diot batzuetan eta beste batzuetan ez, beste guztiei bezala. Sentitzen dut zerbait guaya ezin kontatzea. Hala ere Edith antzerki egunean ezagutuko duzu. Afaria doan izatearen truk zerbitzatzen lagunduko digu. Jefa bat da.

 

* * *

 

Urriaren 16a da. Arratsaldeko 18:30 izateko ordulariari azken arnasaldia falta zaio. Aulki huts batzuk badira oraindik baina oholtza aurrean lekua bilatu egin behar da dagoeneko. Jo dute kanpaiek eta Ana igo da gitarra eskuan. Soineko luze zuri bat du jantzita, paparrean lepokoa zintzilik eta ilea ohi baino bilduago. Oholtzaren izkinan zegoen lasto-fardo baten gainean eseri da. Ondoren Irati igo da oholtzara. Eszenatokiaren erdian jarri da tinko, publikoari begiratu dio irribarre txiki batez eta eskuan zeraman orri sorta hartu eta su eman dio.

        1936ko uztailaren 18an Lodosan geldiunea egin zuen Anastasini zirku italiarreko kideak tropa faxistengandik bortizki erailak izan ziren. Haiek egin ez zuten ikuskizunari begira egon da publikoa lastoa gari bihurtu arte.